2002ko irailak 5, Osteguna | Irristatzen |

Sindromeak jota

Opor osteko sindromea ibiliko da egunotan batzuen eta besteen ahotan. Eguraldiari dagokionez uda hau historiako txarrena izanagatik, askori balio izan zaigu deskonektatzeko. Besteak beste, Internetetik deskonektatzeko aroa izan da abuztua, internautentzat zein sarean informazioa jartzen dutenentzat.

Bueltatu ostean nabari da abuztuan sarean mugimendu askorik ez dela izan. Webgune askotan informazio berririk ez da ageri baina irailarekin batera pentsatzekoa da berpizkundea izango dela, jende gehiena lantokitik edo eta ikastegitik konektatzen baita, ez udako bizilekutik.

Bada, hala ere, udan geldirik izan ez en webgunerik. ETBko Ikusgela saioak ikasleei arraingela eskaini die, norberak arrain birtual bat zaintzeko gela birtuala. Nork bere arrain pertsonala edukita, haren bidez beste internauta batzurekin eragiteko aukera damaigu Pausoka Networks-ek garatu duen tresnak.

Ikusgela.com-en hainbat albiste interesgarri irakur ditzakegu, sareko lotura anitzekin. Bertan irakurri dugu, esaterako, Fermin Muguruzak bere hurrengo diskoa grabatu duela eta irailaren bukaeran agertuko dela. In-komunikazioa izeneko diskoa prezio berezian jaso nahi duenak muguruzafm.com bisitatzea besterik ez du eta berau kaleratuko den egunerako etxean izango du. Diskoak izango duen azala eta bideoklip bat ikusteko aukera ere badago Muguruzaren domeinu berrian.

Bertan ere jakin dugu Euskal Herriko Surf Federazioak webgunea jarri duela sarean, surf munduaren informazio zabala eskaintzeko: albisteak, denda, argazkiak eta abar ikus ditzakegu Euskal Herria nazioarteko mailan lehiatzeko lanean ari den federazioaren webgune ofizialean. Hori bai, Cervantesen hizkuntzan baino ez dugu aurkituko informazio hori guztia, euskaraz ez baitago ezer.

Bestalde, uda honetan amaitu da Konekta Zaitez mailegua, pertsona fisikoei ordenagailu berria erosteko 270 euroko dirulaguntza ematen ziena. Enpresa txikientzat balio duten dirulaguntzak atera dira, ordea, Konekta Zaitez Mikroenpresak izenburupean. Informazio gehiago aurkituko dugu Eusko Jaurlaritzaren eeuskadi.net webgunean.

Bertoko Skalariak musika taldea ere albiste izan da, skalariak.com domeinua berreskuratu duelako. Duela urtebete galdu zuen domeinua ez baizuen garaiz berritu haren jabetza. Ordutik skalariak.org domeinuan aurkitu ahal izan dugu, izan ere, webgune pornografiko batek hartu zuen skalariak.com. Taldeak WIPO erakundearen babesa eskatu zuen eta honek haien aldeko erabakia hartu du, domeinua musikari nafarrei bueltatuz.

Amaitzeko, azken egunotan, Batasuna.org domeinuaren inguruko albisteak agertu dira komunikabideetan. Webgune bat zentsuratu nahi duenak Interneten ezagutza maila txikia erakusten du inondik inora, ahalegina egiteak ere zentsorea erridikuluan jartzea lortzen baitu soilik. Domeinua desaktibatzea oso zaila dirudi epaileen ebazpen bat lortu ezean. Espainian lortuko balu ere, Garzonek oso zaila izango luke hori nazioartean aplikatzeko eta, hura lortuz gero ere, beti egongo litzateke webguneak beste domeinu batzuetan ispilu askoren bidez ugaltzea, oraino izan diren zentsura saioek ekarri duten kontrako efektua.

Fermin Muguruza
www.muguruzafm.com
EHSF
www.euskalsurf.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner