2002ko uztailak 18, Osteguna | Irristatzen |

Kontraste bila

Kazeten zentsura gainditzen du sareak

Teknikaren aurrerapenak ahalbidetzen digu egun gure egunkaria edukitzea Interneten. Norberak edo lagun taldeak eginiko albistegi txikiak modan daude, weblog edo blog izenekoak. Sistema automatizatuak dira: editatzeko albistearen titularra, sarrera eta testu nagusia koadro banatan idatzi eta maketatuta ageriko zaigu, loturak eta guzti.

Sistema libreak izaten dira hau egiteko erabiltzen direnak. Webgunea daukagun zerbitzarian instalatzen ditugun programak dira, Imbecil.com-en oinarrian dagoen php-nuke script kode multzoea edo, sustatu.com-ek duen bezala, zope oinarri teknologikoa, esaterako. Beste batzuetan, ordea, kanpoan ezarritako programak dira, beste zerbitzari batzuetan. Datuak sartuta, programak automatikoki diseinatzen du orrialdea eta, ftp sarbidea eman badiogu, programak berak igoko du html orrialdea gure webgunera. Hau da blogger programaren kasua. Lehen multzoaren adibide simplea dugu Movable Type arrakastatsua.

Baina molde berrietan ezezik, Interneten balio nagusia askea izatean datza. Kazetaritza tradizionalari adierazpide berria ematen dio, alternatiboa. Batez ere baliagarria zentsura eta jazarpen kasuetan. FARC-eko gerrillari ahotsa ematen dion Agencia de Noticias Nueva Colombia dugu informazio iturri nagusia Colombiako hedabideen mezu bateratuari kontrastea bilatu nahi izanez gero.

ZNet aldizkariak ere, «gizartearen aldaketara bideratutako aldizkaria» moduan definitzen du bere burua, «salaketak ezezik, aldaketarako proposamenak aurkeztea eta gizarte mugimenduen borroken berri ematea» xede duena.

Europaren baitan ere izaten dira adibideak, Alemaniako Radikal aldizkariarena kasu. Gobernuak debekatu arren sarean argitaratzen jarraitu zuten Holandatik, Egin egunkariarekin antzera gertatu zen. Egunotan bete dira lau urte hemen paperezko egunkaria itxi eta contrast.org zerbitzarian ostatu emanda Euskadi Informacion euskarri elektronikoan argitaratzen hasi zenetik.
Egun haietako kronika eta lekuko aldatu gabea dira, oraindik orain, lehen zenbaki digital horiek, erbestean babestuak.

Pentsamendu bakarrak dakarren mezu bakarrari kontrastea jartzeko xedez egin dute Katalunian contrastant.net webgunea. Komunikabideen irakurketa eginez, haien atzean dagoen diskurtsoa azalera ateratzen saiatzen dira. Adibideak aztertuz, alde batetik ohiko komunikabideek errealitate jakin batzuen aurrean duten jokabidea erakusten dute, euskal gatazka kasu. Bestetik, komunikabide hauek «espainiar nazionalismo banala» izenez bataiatu dutenaren alde, naturaltasunez eta egunero nola egiten duten azaltzen digute. Azkenik, hizkuntzaren arloan katalanaren nagusitasuna ikusi ere ezin dutela frogatzen digute, gaztelaniarekin tratua oso bestelakoa den bitartean.

Batzutan kontraste hori norberak jar dezake, hedabideetan esaten direnak entzute hutsarekin. Horretarako nahikoa da Cocidito Madrileńo entzutea, Radio Euskadiko Javier Vizcainok astero egiten duen espainiar tertulietako gordinkerien soinu aukera, Euskal Herria hizpide dutela, noski.


www.blogger.com
www.movabletype.org
www.anncol.com
www.contrast.org/egin
www.zmag.org
www.monde-diplomatique.fr
www.eitb.com/cocidito

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner