2002ko apirilak 18, Osteguna | Irristatzen |

SGAE eta CDak

Interneteko ziberaktibismoak, bere historia laburrean, ez du egun bezainbat fronte zabalik ukan aldi berean. LSSI legearen aurkako mugimendua sarean zabaldu den bitartean, irailaren 11z geroko zentsura eta kontrol saiakeren aurkako protestak ere hedatu dira. Era berean, SGAEk ez du egun bezainbeste etsai ukan, internauten artean batik bat.

Espainiako musikari batzuren egile eskubideak kudeatzen dituen elkarte ia monopolistikoak sekulako boterea du eta egundoko dirutza jasotzen du kontzeptu horrengatik, handik eta hemendik kobratuz. Tabernetan musika aparailua edo telebista aparailua edukitze hutsagatik kobratzen die tabernariei, batzuek ordaintzeari uko egiten dioten arren.

Baina sarean polemika sortu duena CD grabagarrien gainean SGAEk ezarri nahi duen canon-a izan da. Ordenagailuan edozer grabatzeko erabiltzen diren CD bat erosteagatik apur bat gehiago ordaindu beharko dugu aurrerantzean eta diru hori SGAEren patrikara joango da, jada bideo zinta edo musika zintak erabiltzeagatik ordaintzen ari garen moduan. Epaitegi batek berretsi duenez, tasa hori CD grabagarri guztien gainen ezarriko da, begiratu gabe grabatutakoa musika edo datuak diren eta, musika izanez gero, SGAEren barruan dauden artisten musika den begiratu gabe. Edukia barik bidea da zergaz kargatzen dena eta horrek erabiltzaileen haserrea piztu du. Kritiko batzuek ironiaz iruzkindu dute paper zuria ere kargatu beharko dutela aldez aurretik, bertan idazle baten lana kopia daitekeelako.

SGAEk, ordea, iruzkina seriotan hartu du eta hasi da proposatzen ADSL konexioa, modema edo ordenagailua edukitzeagatik ordaindu beharko dugula kontzeptu honetan. Saretik debalde kantak jaitsiko ditugula eta kanta horiek CD batean gordeko ditugula gehiegi suposatzea dela uste dute, ordea, internauta askok, kopia pribatua edo banatzekoa izango den eztabaidan sartu gabe. Batez ere software librearen inguruan dagoen komunitateak bat egin du

Besteak beste, Makypress, Kriptopolis.com, mienten.com eta Asociacion de Internautas batu dira Espainian SGAE boteretsuari aurre egiteko. Software librearen funtsa inork eskubiderik edo salneurririk ordaindu beharrik ez izatea da eta berau grabatzeko CD bat erostean beste kontzeptu bategatik ordaintzeko prest ez daude. Ez da beharrezkoa Linuxeroa izatea hori horrela ulertzeko baina sentsibilitate berezia erakutsi dute Hispalinux-ekoek.

Hain aldrebesa dirudi zergaren aldeko argudioa ezen egile batzuk ere –gutxi ausartu dira– beronen aurka azaldu dira, betiko moduan SGAEren inguruan dabiltzan egileak soilik onuratuko direla esanez. CD egileak elkartzen dituen Asimelec elkarteak CD bakoitza %50 garestituko dela esan du eta, funtsean, SGAE bera da zergaren alde dagoen bakarra.
www.putasgae.com
www.kriptopolis.com
www.mienten.com
sincanon.hispalinux.es

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner