2002ko apirilak 4, Osteguna | Irristatzen |

Palestina zauritua

Egunotako hizpide nagusia dugu sarean israeldarrak Palestinan egiten ari direna, gerraren gurpil zoroa gelditzeko amerikarrek eta europarrek ezer egiten ez duten bitartean. Hemen ere, informazioa azkar eta zentsurarik gabe eskuratzeko modua dugu Internet eta berriro Indymedia izena datorkigu, jerusalem.indymedia.org helbidean Palestinatik bertatik bidaltzen duten informazioa dator, Ramalako inbasioaren lekuko zuzenak diren kazetari-aktibista palestinarrek eurek egina. Azken egunotan unean-uneko informazioa lortzeko biderik artezena bilakatu da Indymediakoa.

Noski, hau ez zaie gustatzen israeldar batzuei, Sharonen politikarekin bat egiten duten israeldar piloaren artean lehen mailako hacker batzuk daude. Gauza jakina da Israel teknologia arloan oso garatua dagoela eta puntako softwarea zein hardwarea ekoizten duela. Kontua da, Indymediaren webgune horren garrantziaz jakitun, hacker israeldar batzuek harako trafikoa «Arafaten basakeriak» salatzen zituen beste webgune batera desbideratu zutela hainbat orduz.

Bertatik koordinatu dute hainbat atzerritarren presentzia Witnesses on the ground, sarraskien lekuko izan daitezen eta gehiegikeriak saiheste aldera, baina webgunea egiten dutenen segurtasuna ez dago bermatuta, israeldarrek telebista eta irratia suntsitu dituzten bezala, berau suntsitu beharreko helburutzat hartu dutenez gero.

Hala ere, ahots kritikoak ez datoz lurralde okupatuetatik bakarrik, israeldar gehienak Sharonekin bat datozen arren, bada salbuespenik. Akademiko, abokatu, kazetari eta diputatu talde batek 1989an sortua, B'Tselem taldeak «lurralde okupatuetan Israelgo armadak egindako giza eskubideen urraketak salatzen ditu eta israeldarren artean hedatua dagoen ezikusiaren fenomenoari aurre egiten dio, giza eskubideen kultura eraikitzeko xedez», euren webgunean diotenez.

Birzeit-eko palestinar unibertsitatearen webgunean herri honen gaineko lotura interesgarrien bilduma osatu dute. Besteak beste, kultur elkarte, komunikabide, gizarte mugimendu eta GKE ugariren helbide elektronikoak biltzen dituzte. Iragan astean eskolak bertan behera utzi behar izan zituen 1924an zabaldutako unibertsitate honek, israeldarrek bertako hainbat instalazio hartu ostean.

Mundu arabiarreko prentsa da informaziorik gaurkotuena duena, baina oso gutxi dira arabiera ez den hizkuntza batean mintzo direnak. Qatarko Al Jazeera kateak ospe handia hartu du Afganistango bonbardaketak eta Bin Ladenen bideoak emititu zituenez geroztik. Interneten ere badu webgunea eta, arabieraz jakin ezik ulertuko ez dugun arren, bertako bideo batzuk ikus ditzakegu Windows Media formatoan. Arabierazko beste helbide garrantzitsu batzuk dira Jerusalemgo Al Quods egunkaria, Ramalako Al Hayat, Aden-eko Al-ayyam. Ingelesa dakienak hobe du Palestine Daily-ra jotzea.

jerusalem.indymedia.org
www.btselem.org
www.birzeit.edu/links
www.aljazeera.net
www.palestinedaily.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner