2002ko martxoak 21, Osteguna | Irristatzen |

Sarearen indarra

Hautsak harrotu ditu egunotan 36 urteko andre bati ezarri dioten sententzia. Safiya Tudu harrikatuta hiltzera kondenatua izan da, ezkonduta egon barik ume bat edukitzeagatik. Amnesty International-ek eta beste elkarte batzuek informazio kanpainiak eta sinadura bilketak jarri dituzte abian. Arrakastatsuena sarean ari da egiten Espainiako AI, amnistiaporsafiya.org webgunea eta e-posta bidezko ahoz-aho uhina baliatuz.

Hegoaldeko internauten artean bereziki zabaldu da mezua. Askok hiru-lau bidetatik jaso dute deialdia, mezuak izan duen hedapenaren seinale. Emaitza hor dago: ia milioi erdi sinadura telematiko bildu dituzte jada AIkoek. Presioak ere izan du ondoriorik, harrikatze sententziaren inguruko erabakia astebetez atzeratu baitu Gwadabawan-en Sharia legea aplikatzen duen epaitegiak. Astebete gehiago, beraz, internauten sinadura gehiago jasotzeko.

Sarearen indarra eta komunikazio boterea islatzen duen beste adibide bat izan dugu Bartzelonako gailurraren inguruko Indymedian. Bertan, ohiko komunikabideetan agertu ez diren irudiak ikusi ahal izan ditugu: poliziak manifestarien artean sator lanean istiluak eragiten erakusten dituen bideoa edo euskal presoen alde eginiko ekintzetako bideoak.

Izan ere, sarea telebistaren alternatiba moduan ikusten dute batzuek, telebista saioak ikuskatzeko. Iragan urtean itxiarazi zuten Kanadako iCraveTV.com, AEBko ordainduzko telebistetako saioak doan eskaintzen zituen, baina salaketen eta presioen aurrean etsi zuen. Orain berriz agertu da iCraveTV.biz domeinuan eta antzeko zerbitzua eskainiko du maiatzetik aurrera, doako edukiak eta pay per view ereduak tartekatuz.

Banda zabaleko konexioak hedatzen ari diren neurrian gero eta eduki astunagoak eskaini ahal izango dira etxeko erabiltzaileontzako. Telefonica-k Espainian 500.000 ADSL jarri ditu jada eta kablea, satelitea zein mikrouhinak ari dira modem-ak ordezkatzen.

Baina teknologiek ere aurrera egiten dute eta artxibo handiak garraiatzeko konpresioa hobetzea da gakoa. Berriki, MP3 formatoaren bertsio berria osatu dute, soinu artxiboak garraiatzeko konpresio maila handiagoak eta kalitate handiagoa ahalbidetzen duena. Entervision sistema erabiliko du iCraveTV.com-ek. Bere webgunean dioenez, Entervision sistemak bideo seinalea garraiatzeko sistema berria du, seinalearen frame bakoitza jpeg irudi moduan gordez, 30 irudi segunduko. Seinalea jasotzeko ez da beharrezkoa izango programa berezirik edo nabigatzailean gehigarririk instalatzea.

Antzeko sistema erabiltzen du publizitate formato berri batek, betiko bannerra ordezkatzeko aukera handia duena. Bideo iragarkiak ikusiko ditugu gure pantailan Eyewonder teknologiaren bidez. Euren eyewonder.com webgunean ikus dezakegu publizitate modu harrigarri honen adibide bat. Argi dago, sareak indarra du eta indar gehiago hartzeko ahalmena ere bai.

Online sinatzeko
www.amnistiaporsafiya.org
Réseau pour Safiya
www.annuaire-au-feminin.tm.fr
www.iCraveTV.biz
www.eyewonder.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner