2002ko urtarrilak 24, Osteguna | Irristatzen |

Hamaika ikusteko

EGArako laguntza Atariko 1.1 programarekin

Hamaika Ikusteko webguneak EGA ateratzeko azterketaren aurretik egin beharreko atariko proba gainditzeko laguntza emango digun softwarea aurkeztu du. Bere izena Atariko 1.1 da eta berau erabiliz orain arte argitaratu diren atariko probak zure ordenadorera jaitsi eta etxean egin ahal izango dituzu lasai-lasai. Programak zure erantzunak zuzenak ala okerrak diren esango dizu, eta ulertzen ez dituzun galderak gorde eta zure irakaslearekin komentatzeko aukera ere ematen dizu. Webguneak dioenez, «funtzio hauek guztiak oso era sinplean daude garatuta bertsio honetan, baina denborarekin, eta erabiltzaileen iradokizunak kontuan hartuta, pixkanaka-pixkanaka garatuko ditugu».

Joxe Rojasek eginiko webgune honetan, software atalean beste programa batzuk aurki ditzakegu, berak sortuak edo euskaratuak baina denak gure hizkuntzan. Esaterako, sarera telefono hariaren bidez konektatzeko dauden tarifa ezberdinekin nahastuta bagaude, dei-K 0.5 programak lagunduko digu unean uneko egokiena aukeratzen. Beste batek EuroLagun 1.1.3 du izena eta euroen, pezeten eta liberen arteko bihurketa egingo digu. Hori bai, Windowserako bertsioa ere baduten Eurolagun eta Atariko kenduta, beste programak soilik Macintosh sistemarako balio dute. Plataforma horretan oso erabilia den SimpleText programa ere eskura dezakegu euskaratuta.

Baina Hamaika Ikusteko webgunean, softwarea ezezik, bada ikusteko beste hamaika gauza bitxi. Ikusgarrienak, hain zuzen, 11 ikusteko atalean aurkituko ditugu. Bertan, Ehuskal erRian ehuzkaras izenburupean biltzen da ustez euskara zelakoan idatzitako astokeri handienen aukera bitxia. Publizitate kanpainia ofizialetan agertutako akats ugari daude, hala Espainiako haustekunde orokorrak iragartzen zituen iragarkia nola Telefonica-ren telefono publik-ak, sustatzekoa. Beste batzuek, Univertsidateko eleksioiak, atsedenik ez drogarik gabe, Zure jokabidea eskerrik da, Ehuskadiko Kutzasainak eta horrelako izenburuak dituzte, bakoitza irudiz eta azalpenez hornitua. Irribarrea eta haserre biziaren arteko sentsazioa eragiten duten hauek lagin gutxi dira baina askoz gehiago daude jaso barik. Berriena PSOEk berriki ateratako Orain socializtak leloak ekarri du, baina Carlos Iturgaiz-en adierazpen ulergaitz batzuk dakartzan bideoa ere kontutan hartzekoa da.

Webgune honetan dauden beste atal batean informatika arloko albisteak daude, Linux, Mac OS eta Windows-en gainean. Prentsa atalean euskararen aurka hainbat komunikabidetan idatzitakoen eta esandakoen bilduma dago, bideoak eta guzti. Webgune ikusgarria eta argigarria inondik inora.

Atariko
http://go.to/atariko
Hamaika Ikusteko
http://go.to/hamaika

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner