2002ko apirilak 27, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Telebista barik bizi

Astebeteko kanpainia mundu osoan

Bihar amaituko da mundu mailan izan den Astebete telebistarik gabe kanpainia. Beharbada irakurleotako askok ez dute horren berri izan, telebistan ez baitute apenas aipatu. Baina Interneten badira honen gainean informazioa ematen duten hainbat webgune.

Kanpainia hau 1994an abiatu zen AEBetan, eta denboraren porazuz beste herrialde batzuetara zabaldu da. Telebistarik gabeko astearen helburua jendeak komunikabide honek bere bizitzan duen rola zein den mamurtzea da: denborapasa, indar komertziala, indar ideologikoa, haur zaintzailea, anbienteko zarata, entitate manipulatzailea eta beste rol asko egiten ditu aparailu horrek.

Bataz beste, hiru-lau ordu ematen ditugu telebista aurrean egunero eta denbora hori murrizteak bizitza osasungarriagoa eta aktiboagoa ekarriko liguke telebistaren aurkakoen arabera. Diotenez, «denbora izango dugu txangoak egiteko, pentsatzeko, irakurtzeko, idazteko, jolasteko eta kantatzeko». Oso polita, baina badira kontrakoa diotenak ere, telebista egoteak gatazka asko ekiditzen dituela familian, entretenigarri hori eduki ezik elkarri mokoka arituko ginela gehiago.

Telebistaren aurkako argudioak, hala ere, asko dira eta sarean irakur daitezke hainbat webgunetan. Ecologistas en Accion taldeak bat egin du kanpainiarekin eta, beste argudio batzuren artean telebista adiktiboa dela diote. Coloradoko Watson Institute aipatuz, droga adiktibo bezala sailkatzen dute ezaugarri hauek betetzen baititu: lasaigarri moduan erabiltzea, neurri gabeko erabilera, kontrola galtzearen sentsazioa ikusten ari garela, norberak bere buruarekin haserretzea gehiegizko kontsumoa dela eta, begiratzeari uzteko ezintasuna eta, aurrean ez gaudela, ezeroso eta makal sentitzea.

Kanpainiaren erdiguneetako batek White dot izena du –telebista amatatzean pantailan geratzen den puntu zuriagatik– eta bertan hainbat ikerketa artikulu interesgarri aurki ditzakegu. Batez ere, arreta berezia jartzen diote etortzear dagoen telebista interaktiboari. Neurri batean jada badago gure artean, Gran Hermano-ko lagunak kanporatzea erabaki baitezakegu telefono dei baten bidez. Baina interaktibitatearen aukerak askoz gehiago izango dira epe laburrera. Esaterako, Baywatch ikusi bitartean, seriean ageri diren produktuak –Pamela Andersonek une jakin batean daraman bainujantzia kasu– erosteko sistema prestatzen ari da Microsoft. Guk zeozer eragiten ariko garen sentsazioa izango dugu baina funtsean erosketa bideratuak izango dira. Aldiz, gure interbentzioa, askotan, hariaz bestaldeko ordenagailuari profilak prozesatzeko datuak ematea izango da, enpresei salduta, datuoi erabilera komertzial egokia eman diezaien.

Kill your television webgunean datorkigun telebista interaktiboaz ezezik, egungo telebistaren atzean dagoenaz jarduten dute. Atzean dauden korporazioen presentzia, izaera eta rola azaltzen dizkigute, baita publizitateak duena aztertu ere. Baloreen gainean telebistak duen eragina, umeengan nola eragiten duen, ikasketen gaineko eragina, jende guapoaren sindromea eta beste gai batzuk jorratzen diren artikuluez gain, gaiari buruzko liburuak, loturak, mp3 iragarki antikomertzialak eta telebistak txikituko ditugun bideojokoak aurkituko ditugu.

Aktibismoaren antipublizitatea sortzen adituak diren Adbusters ospetsuak arduratu dira kanpainia horren propagandaz. Euren webgunean eskura dezakegun afitxaz gain, bertan ikus ditzakegu Frantziako telebistetan eta CNN katean atera dituzten ordaindutako iragarkiak. Aurten apirilaren 22tik 28ra dugu telebistarik gabeko astea. Beraz, irakurle, oraino amatatu ez baduzu, asteburua duzu aparailutik aldentzeko. Errezegia baderitzozu, bada, saia zaitez datorren aste osoan.

www.tvturnoff.org
www.turnoffyourtv.com
www.whitedot.org
www.adbusters.org

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner