2002ko maiatzak 11, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Museo agiritegi digitala

Sarearen historia laburrean badira balio historiko eta dokumental handia hartu duten webgune batzuk. Urte gutxiren buruan webguneen kopurua izugarri emandatu da baina hasieran zeuden batzuk desagertu dira, aipatutako balio hori eta erreferentzialtasuna hartu duten arren. Urte hauetan, mundu errealeko dokumentuekin gerta daitekeen bezala, batzuk abandonaturik geratu dira, luzaroan berriztu gabe. Beste batzuk zeuden zerbitzaritik desagertu dira, dela diru faltagatik edo egilea beste zeregin batzuetan sartzen delako.

Sareak osatzen duen liburutegi erraldoi horretako alerik zaharrenak gal ez daitezen, rescue.media.org kontserbazio digitaleko ahalegina sortu da, online egon beharko luketen guneak berreskuratuz eta berriz ere eskuragarri jarriz. Think globally, act locally, conserve digitally da euren leloa. «Bitartekoa EZ da mezua» lelo itxuraldatua ere erakusten dute euren webgunean. Mezua informazioz betetako bit horiek dira eta haiek galduz gero ez dago mezurik.

Interneterako bakarrik eginiko hainbat testu eta irudi gordetzeko xedea hartuta, euren aburuz garrantzitsuenak diren dokumentuekin hasi dira. «Egun sarearekin lotzen dugun informazioaren izaera iragankorra kontutan hartuta, kontraesana eman dezake kontserbazio digitalaz mintzatzeak», diote media.org-ekoek. Baina kalitatezko edukiak izan dira sarean hasieratik: zientzia, politika, merkataritza eta arlo askotako edukiak, irudiak, testuak zein audio artxiboak. Azken hauetako batzuk berreskuratu dituzte, Geek of the week irratsaioarenak hain zuzen. Sarean banatu zen lehenengo irratsaioaren artxiboak entzun ditzakegu, 1993an ftp eta e-posta bidez banatzen hasi ziren haiek.

Antzeko lana egiten du, eskala handiagoan archive.org datu biltegi erraldoiak. Webguneak ezezik film digitalizatuak, FTP lekuak, Useneteko berri taldeak eta Interneten aurrekari Arpanet-en gaineko informazioa. Aberats baten ekimena izanik, informazio Terabyte hauek guztiak gordetzeko gai diren makinak dituen agiritegi honek Alexandriako liburutegia du gogoan, haren bertsio modernoa izan nahi du.

Internet atalean, atalik deigarriena Wayback Machine delakoa dugu, artxiboan gordetako webguneak bilatzeko tresna. Gogoko genuen webgune haren bila abiatuta, zortea edukiz gero agian Alexa robotak sailkatu eta gorde zuen eta duela urte batzuk zegoen moduan ikuskatzeko aukera izango dugu.

Sarri bilatutako webgune batzuen bildumak ere badituzte, irailaren 11ko erasoekin lotutakoena kasu. Web Pioneers atalean webgune historiko batzuk duela urte batzuk ziren moduan ikusteko aukera izango dugu. Azalpenean dioenez, «Sarearen hasierako urteak orduko Interneten aniztasuna eta inozotasuna islatzen duen testamendua dira. Bilduma honek hasiera hartan rol garrantzitsua izan zuten webgune sortatxoa erakusten du». Esaterako, Yahoo-ren interfacea 1996an zen moduan ikus dezakegu.

Denboraren makina horretan beste bisita interesgarri bat dugu kafe makinarena, sareko lehenengo webcam-a kafe makina bati begira zegoen. ATMko Ingeniari batzuek jarri zuten 1991n, eskilarak alferrik ez igotzearren, euren pantailatik sukaldeko kafe pitxarra beterik zegoen ikusteko.

Beste webgune interesgarri bat Internet Movie Database-rena da. Egun milaka bisita jasotzen ditu egunero imdb.com webguneak baina 1993an askoz gutxiago ziren eta itxura xaloagoa zuen hasierako orrialdeak, 1989an sortutako datu basearen sarerako moldaketa zen, bilaketa tresna sinplea gehituta. Gauza bera esan daiteke 1995eko amazon.com webguneari buruz, soilik milioi bat izenburu zituenean. Noski, orduan Jeff Bezosen dendak liburuak besterik ez zituen saltzen. Beste webgune batzuk ere aurkituko ditugu: Feed aldizkaria, Webcrawler bilaketa robota, Etxe Zuria... Sareko nostalgikoentzat oso interesgarria eta batzuetan irrigarria.

museum.media.org
museum.media.org/radio/
www.archive.org
web.archive.org

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner