2003ko otsailak 8, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Musikarenak egin du?

Aurtengoa urte erabakiorra izango da musikaren industriarentzat

Alde askotatik erasoak jasaten ari da industria hau. Alde batetik Internetetik erabiltzaileek musika elkarbanatzen dute. Bestetik, musika saltzen duten nazioarteko erraldoien beste atal batzuek pirateatutako musika entzuteko aparailuak saltzen dituzte. Musikari batzuek ere industria erraldoi eta kontzentratua jaun eta jabe den merkatuari erantzuten diote zuzenean entzuleekin tratuak eginez. Gero eta diru gutxiago irabazten du, orohar, industria honek. Zenbat iraungo du egoeraa honek? Askoren aburuz kolapsoa hurbil dago eta aurtengoa izan daiteke musika industriak, orain arte ezagutu dugun bezala, bizirik iraungo duen azken urtea.

CDen salmentak %11 jausi ziren iaz, 2001.ean bakarrik %3 jaitsi eta gero. Duela hamar urte, disketxeak negozio arrakastatsuak ziren, Hollywood-eko industria baino errentagarriagoak. Egun, berriz, dirua galtzen ez dutenek ez dute ia ezer irabazten eta alarma gorria piztuta dago. Negozioak egiteko modua berrasmatu beharko dute laster, goitik behera berrasmatu ere.

Musikaren atzean dagoen industriak kontzentrazio prozesu izugarria bizi izan du azken hamar urteotan. Duela hogei urte, zigilu gehienak enpresario ekintzaile berezituen eskuetan zeuden, musikaren munduan osoki sartutako jendea zen. Ordutik hona, zigilu handi bakoitza xurgatua izan da bost talde handien barrutietan amaitzeko: Universal, Warner, Sony, BMG eta EMI. Elkarren artean munduan saltzen diren diskoen %750 kontrolatzen dute, baina inperio multimediatikoak dira hauek, ez osoki musikara dedikatuak. Beste lehentasun batzuk ere badituzte, sarri musikaren salmentarekin inkonpatibleak.

Iaz, bost erraldoi horien artean 20.000 milioi euro saldu zuten disketan. Urte berean, Sony-k berak bakarrik bi bider gehiago egin zuen gailu elektronikoak eta ordenagailuak saltzen. Zer nolako boterea izango du Sony Music-ek enpresa barruan protestatzeko, enpresa berak MP3ak entzuteko gai diren gailuak saltzen dirutza ederra egiteko asmo sendoa duenean?

Era berean, AOL Time Warner-ek Internet konexio azkarrak saltzeko asmoa du. ADSL eta antzekoen erabilera nagusietako bat musika pirata truke sareetatik jaistea denean, industriaren arerio nagusia berau. Bertelsmann, BMG Music-en jabe erraldoiak dirua inbertitu zuen Napster famatuan, musika arlokoen haserrerako. Ondorioa zera da, enpresa handi horiek gero eta balio gutxiagokotzat jotzen dituzte euren musika atalak. Diru gutxiago sartzen da, diru gutxiago promoziorako, olio gutxiago makinarentzat eta azkenean, baliteke motorrak gripatzea.

Noiz gertatuko den eta zein izango den proposatuko duten erremedioa. Horixe da kezka nagusia orain, baina beste fenomeno batzuk ere kontutan hartu beharko dira. Betidanik aposturik seguruena gazte jendearengan izan dute disketxeek. Baina azken urteotan badirudi indar gehiegi egin dutela apostu seguru horietan (Backstreet Boys-etik David Bisbal-era), ibilbide luzea izan duten artistak ahaztuz. Ondorioz, 30 urtetik gorako publikoa nolabait baztertua sentitzen da egun, musikarekin kontaktoa galduta.

Kolapsoa gertatuz gero, agian onuragarria suertatuko zaio musikagintzari, trantsizio aro edo krisialdi mingarri baten ostean. Aditu batzuek diotenez, jendea oraindik musikaren truke ordaintzeko prest egongo da. Zuzeneko musikak jarraituko du musikarientzako diru iturri nagusia izaten eta musika salmenta zuzenean egingo dute musikariek, bitartekariak kenduta. Prince, Phish eta Wonderlick, kasu, jada ari dira sarea erabiltzen zuzenean saltzeko.

Eta disketxeak? Auskalo zer gertatuko den, baina momentuz ari dira arma batzuk erabiltzen. Esaterako, enpresa batzuen bitartez musika trukatzeko erabiltzen diren P2P sareak kontrolatzen hasi dira. Gerra legala eginez, kalte handia egiten duten internautak salatuz, zein gerra zikina eginez, abestien ordez sare horietan kopia kaxkarrak edo faltsuak sartuz. Publizitatea eta merchandising arloak eraldatu dituzte, diskoa erosiz gero saretik jaitsi daitezkeen bonus kantak eskainiz. Kopiaren aurkako sistemak ere sartzen hasi dira batzuk, baina oraindik ez da erabateko babesa duen sistemarik sortu.

Azkenik, zer gertatuko da? Kezka hori izan da berriki Cannes hirian Midem, musika industriaren topaguneak izan duen gai nagusia. Krisia gero eta jasangaitzagoa izanik, bost handi horien eztandak bere ingurukoak harrapatuko ditu, baina eztandaren ostean? Urte amaierarako gehiago jakingo dugu.

www.sony.com
www.midem.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner