2003ko urtarrilak 2, Osteguna | Irristatzen |

Negozio onak.com

Eredu arrakastatsurik ere bada sarean

Duela hiru urteko puntucom sukarraren erdian lilura zen nagusi. Merkatariak eta enpresa munduko ekintzaileak oro sarearen bidez aberastuko ziren panorama oniriko, surrealista eta azken finean irrealak utzitako biharamunean negozio eredu hutsalak desagertu dira eta, 2000ko martxotik hona, soilik indartsuenek edo estrategia egokia aukeratu zutenek lortu dute aurrera egitea.

Orduz gero Interneten hazkundea ez da gelditu baina moteldu da. Jada 500 milioi inguru erabiltzaile daude munduan, kopuru polita edonola ere sarean negozio arrakastatsurik aurkitu ahal izateko.

Esaterako, hasieratik dabiltzan batzuk aipatu behar dira eta amazon.com da haietako bat. Liburuak saltzen hasi zen, geroago musika, bideoak eta jokoak saltzera pasatu zen eta, azkenik, merkatua menperatzea lortu du, oraindik dirua irabaztea lortu ez badu ere. Enkanteak kudeatzen dituen eBay.com webguneak dirua egiten du munduko gauzarik arruntenak eta bitxienak saldu eta erosi nahi dutenen artean bitartekari lana egiten.

Ekonomia tradizionala inposatu da ostera ere, baina sarerako propio sortutako eredu batzuek lortu dute arrakasta. Berriki Britainia Handiko webgune txiki bat 150 milioi eurotan erosi dute. Bikotekidea topatzeko udate.com zerbitzuaren hazkundeak gero eta lagun gehiagok sarea jendea ezagutzeko erabiltzen duela adierazten du. Beste zerbitzu arrakastatsu bat Paypal dugu. Interneten bidez kreditu txartela arrunt bat edukiz gero ordainketak egiteko eta dirua jasotzeko sistema eskaintzen digu paypal.com-ek.

Baina kasurik ezagunena eta zaharrenetakoa Yahoo! bilatzailea dugu. Loturen direktorio moduan hasi zen eta, funtsean hori izan da azken urteotan. Oso ezaguna eta erabilia izanik, puntucom sukarrarekin burtsan sekulako balioa erdietsi zuen. Baina krisiaren eragina gehien jaso zutenetakoa izanik, azkenik lortu du bere emaitzak arteztea, hainbat zerbitzu gehituz eta publizitatea ere emendatuz.

Yahooren nagusitasunaren galtzearen erruduna Google bilatzailea izan da, topatzaile moduan gero eta lagun gehiagok erabiltzen baitute. Stanford-eko Sergey Brin eta Larry Page ikasleen proiektu moduan sortua, negozio bihurtu zuten eta egun 150 milioi bilaketa egiten ditu egunero. Yahooren antzeko kopurua dugu hau baina kontutan hartu behar dugu azken honek bilaketa asko Googleren bidez bideratzen dituela. Bere arrakastaren gakoa bilaketetan gailentasun irizpidea erabiltzean datza, emaitzak erakustean gehienetan guk aurkitu nahi genuena erakusten digula.

Azken aldian Googlek gehitutako zerbitzuak irudien bilaketa edo albisten bilaketa kasu, nahiko onak dira eta azkarrak. Horregatik pentsatzekoa da hazten jarraituko duela. Jada euskaraz ikuskatu daitekeen legez, beste 80 hizkuntzatan dago eta bere nagusitasun teknologikoari esker zerbitzuak eskaintzen dizkie Yahoo! zein AOL lehiakeideei. Alde handia du honek, baina, puntucom handiekiko: oraindik burtsan ez dagoela.

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner