1999ko abuztuak 8, Igandea | Nabigatzen |

Euskal Linux-en etorrera

Sistema eragile librearen hedapena Euskal Herrian

Linux sistemaren hazkundea geldiezina da. Duela zazpi urte sortutako sistema eragile librea izugarri hazi eta hedatu egin da, sareak lagunduta, milioika ordenagailutara. Itxura grafiko eta ulergarria hartzen hasi da, zerbitzarietan gailendu eta etxeko PCetara zabaltzen ari da. Azken aldion euskaraz ere mintzatzen hasi da Microsoften inperioa kolokan jartzen ari den pinguinotxoa.

Beste inoiz aipatu dugunez, ez gara gehiegi luzatuko sistema eragile honen historia kontatzen. Linus Torvalds ikasleak sortu zuen sistema librearen doaia irekia dela da eta horregatik, eta Interneti esker, mundu osoko programatzaileen ekarpenak jaso ditu eta egun sistema indartsua da Linux. Sistema eragile eraginkorra da, zerbitzari handi zein PC arruntetan instala daitekeena. Informatikarien artean oso zabaldua dago, bere konplexutasunaren ordainean izugarrizko indarra duelako. Unibertsitateetan, Egunkarietan (Euskaldunon EGUNKARIA barne), bankuetan eta bestelako enpresetan barne sareak haren gainean eraiki eta erabilpen zehatzetara egokitzen dira.

Baina Linux ez dator leihoen pantaila erakargarri eta intuitibo batekin, ez du interface grafiko eta erabilterrazik. DOS sistema baino askoz konplexuagoak diren agindu sorta baten bidez maneiatzen da, berauek komando linean idatzita. Horregatik, Macintoshen eta Windowsen itxura emateko software berezia garatzen ari dira hainbat programatzaile arrakasta handiz. Martxoan aipatu genuen Gnome da horietako bat. Euskal jatorria duen Miguel Icaza mexikarrak bere 26 urterekin zuzentzen duen lantaldea mundu osoan ari da lanean, Linux bera bezala irekia izango den aplikazio sorta baten bidez Linux itxuraldatzeko, karpeta eta ikonoz osatutako pantaila grafikoa osatzeko. Beste interface grafikoa KDE (Desktop Environment) dugu, Linux eta UNIX sistemei Windowsen itxura ematen diena. Bestela ere, Linux banatzen duen enpresek sistemari itxura grafikoa ematen dioten programak dakartzate, baina ez daude Gnome edo KDE bezain garatuak.

Itxura grafiko eta erabilterreza hartzeak kontsumitzaile arruntentzat gero eta eskuragarriago egiten dute Linux. Horrek, eta Linuxen hazkundeak orohar, alarma piztu du erraldoiaren etxean. Oraintsu arte Microsoftek ez du seriotan hartu pinguino batek irudikatzen duen sistema librearen mehatxua, baina kezkatzeko arrazoi franko badu honek erabiltzaile arrunten merkatua ukitzen badu. Bill Gatesen enpresak jada galduta dauka Linuxen aurkako gatazka zerbitzarien eremuan, baina oraingoan leihoen gatazka ere gal dezake etxeko PCen arloan ere. Horri, jarduera monopolistikoengatik epaitegietan duen gatazka gehietzen badiogu, Gatesen erresuma kinka larrian dela ondorioztatuko dugu. Gainera, beti makal antzean ibilitako Apple lehiakide txikia izugarri hazi eta harrotu da iMac-a atera zuenetik eta gogor jotzen ari da atera berri duen iBook eramangarriarekin.

Linuxerako gero eta programa gehiago egiten dira: Netscape, Oracle, Adobe eta beste asko ari dira programak sistema horretarako egiten, Wordperfect, Corel eta beste batzuk bezala. Orohar, Microsoften etsai direnen bilgune bihurtzen ari da Linux. Hardwarearen arlotik ere, haren aldeko apustua egina dute IBM, Intel eta beste batzuek.

Euskal bertsioan
Egokitzeko erraztasunaren ondorioz, lokalizazioak –hizkuntza eta herrialde ezberdinetarako egokitzapenak– gero eta gehiago dira, haien arten euskararena. Momentuz, Linux beraren eta KDE interface grafikoaren egokitzapenak sarean aurki daitezke. KDEuskaraz webgunean, KDE euskaraz ager dadin beharrezkoak diren artxiboak aurki eta atzeman daitezke. Linuxen lokalizazioekin lanean ari den internauta bat Pablo Saratxaga dugu. Abizen euskalduna duen txiletar honek, besteak beste, euskararen bertsioa osatzeko artxiboak eskaintzen ditu bere webgunean. Txiripaz bada ere, bitxia da euskaldunen ondorengoek Linuxekin duten lotura, Saratxaga eta Icazaren kasuetan.

Baina Euskal Herrian bertan ari da sistema hau hedatzen. Horren erakusgarria da Euskal Linux domeinu sortu berria. Euskal internauta linuxzaleen bilgunea izan nahi duen honetan oinarrizko informazioa eta laguntza eskaintzen da Linuxen munduan sartu nahi direnentzat: «Azken finean denok gara hasiberriak gai honetan», diote.

Bizkaiko Linux Erabiltzaileen Taldearen webgunean ere sistema honen gaineko jakingarriak eskaintzen dira, zerk ezberdintzen duen Linux eta DOS eta beste hainbat informazio. Araban ere badago elkarte bat, Bizkaikoa bezala sarean dagoena, eta webgunean kideen helbideak eta beste informazio batzuk ere badira. Momentuz ez dago gauza handirik azken honetan, baina Euskal Linuxen webgunean diotenez, sistema bera bezala «etengabeko bilakaeran» izango dira webguneok ere.


Euskal Linux
http://www.euskal-linux.org/
Bizkaiko Linux erabiltzaileen taldea
http://web.jet.es/jillona/index.html
Arabako Linux erabiltzaileen taldea (GULA)
http://gula.jet.es/
KDEuskaraz proiektua
http://personal5.iddeo.es/marcosgoi/
Pablo Saratxaga
http://www.ping.be/linux/


LABURRAK

Euskal Hackerrak
Euskal hackerren webgunea aurkitu dugu sarean. Gauza gutxi du momentuz Eustxack izeneko txoko honek: besteak beste, euskal hiztegi hackerra ari dira eraikitzen Linuxen zaleak diren egileak. Hack, Phreak eta Crack kontzeptuen azalpena eta e-posta zerrenda batean emateko aukera ere agertzen da bertan. #Eustxack izena duen IRC kanalean ere aritzen dira euskal hacker hauek.

Euskal Hackerrak
http://mipagina.euskaltel.es/plarranaga/euskaltxackerrak.htm


Nazi-Zapatistak?
Sarean gero eta ohikoagoa da norbaiten kontra egiteko haren webgune faltsuak egitea. Iraintzeko, ironiaz haren karikatura egiteko edo trufa baino itxura serioagoarekin intoxikazioa egiteko sortzen dira webgune faltsuak. Aipatu ditugu hemen hainbat euskal webgune faltsuren kasuak, baina oraingoan EZLNko buruzagi Marcos azpikomandanteari egokitu zaio webgunearen protagonista izatea. Hitler eta Marcosen figurak eta pentsamenduak alderatzen dituzte bertan haren ustezko jarraitzaileek, Hitlerren lana jarraitzen duela esanez. Ia inori ez zaio gustatzen Hitlerrekin konparatzea eta, ziurrenik indigenen alde oihanean dabilen buruzagiari are gutxiago. Beraz, mintzeko xedea argi dago kasu honetan ere.

Hitler-Marcos
http://www.nazap.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner