1999ko uztailak 25, Igandea | Nabigatzen |
Euskal diaspora telematikoa
Euskaldunak munduan eta Interneten
Gaur dugu Aste Nagusiaren azken eguna. Ez, ez gara Donostiako edo Bilboko jaiez mintzo, egunotan EEBBetako Reno hirian izan den euskal kultur asteari buruz baino. Ekitaldiz betetako egitarau potoloaren bidez, azken urteotan herrialde hartako euskal diasporak izan duen bilerarik garrantzitsuena egitea zen NABO (North American Basque Organizations) elkartearen asmoa. Euskal elkarteak biltzen dituen federazio hau, hainbat elkarte legez eta euskal jatorriko estatubatuar gehienen antzera, Interneten dago euskalduntasunaren berri emanez.
Topatzaile batean basque hitza jarrita, euskal idatzita baino erreferentzia gehiago aurkituko ditugu ziurrenik, izan ere, ingelesa eta EEBBak nagusi diren ziberespazioan ingelesez idatzitako euskal webgune asko daude Atlantikoz bestaldeko euskaldunek egindakoak. Sarean agertu ziren lehendabiziko euskal erreferentzietarik bat Blas Pedro Uberuaga, Buber-ek eginikoa izan zen. Duela hiru urte, Seattle hirian fisika ikasten ari zela, unibertsitateko ordenagailuan ipini zuen webgunea laster izugarri hazi zen, euskal gaiei buruzko Interneteko direktorio edo aurkibiderik handiena osatuz. Denbora gutxian Buber instituzioa bilakatu zen euskal internauten artean eta baita euskal jatorrikoen artean ere. Egun, bere webguneak informazio multzo ikaragarria eskaintzen dio EEBBetako euskaldunen arrastoa jarraitu nahi duenari eta bere euskal jatorria aurkitu nahi duen internauta amerikarrari.
Azken honen adibide bat azaldu zen behin Nabigatzen orrialdean. Bere sustraien bila abiatu zen Kanadatik sortzez filipinarra zen Louie Orbeta, bere abizena euskalduna zela jakin barik. Buberren laguntza bitarte, zoriak Louie lerrook sinatzen dituenarekin kontaktuan jarri zuen, bere pantailatik 200 metrora Orbetatarren sortetxea baitzuen, Gorlizen. Orduandanik, Linux sistemaren jarraitzaile sutsuak bere euskal jatorria harro-harro eraman du sarean batera eta bestera. Azkenik, hemengo familiarekin kontaktua ezarri eta arbasoen lotura aurkitzea lortu zuten hemengo eta filipinetako Orbetatarrek. Egun, abizenari buruzko webgune dotorea badute, zuhaitz genealogikoa, Gorlizko baserriko argazkiak eta guzti.
Adibide bitxi honen antzera, Euskal Herriarekin kontaktua erabat galduta zuten diasporaren ondorengo batzuek lortu dute familiarekiko lotura aurkitzea, Buberren euskal abizenen bilaketa zerbitzuaren bidez. Baina bada euskal herrira beste interes batzurengatik hurbiltzen den jendea, euskaldunen oinarrizko ezagutza baten bila. Horregatik, NABOren webgunean euskaldunak zer diren azaltzen zaio bisitariari. Batzurentzat ezagunagoa den pilotaren eta euskaldunen arteko lotura laster egingo du jai alai players-en bila hara iritsitakoak.
EEBBetan soilik badira makina bat euskal elkarte eta haietarik askok badituzte webguneak: Renon, Elkon, Utahen, New Yorken, Seattlen... Batzuek badute domeinu propioa, San Franciscokoa kasu. Euskaldunen gainean informatzen duten museoak eta unibertsitateak ere badira EEBBetan, ikuspuntu etnografiko edo historikotik. Beste hainbat webgune topa ditzakegu Kanada, Australia, Argentina, Venezuela edo Mexikotik, baina EEBBetan Interneten garapena kontutan hartuta, normala da bertan hainbeste egotea.
Ikuspuntu akademikotik euskaldunak ikertu eta ezagutarazten ditu sarean, Reno hiritik Nevadako Unibertsitateko Basque Studies Program-en webguneak. Sarean argitaratzen du bere berripapera eta ikerketa nagusien berri ematen du. Esan bezala, Aste Nagusia hiri horretantxe ari da ospatzen, NABOren biltzarrarekin batera, eta webgune batean asteko egitarauaren berri ematen dute bertako Zazpiak Bat euskal elkartekoek.
Aste Nagusi honen gaineko informazioaren bilduma EGUNKARIAren webgunean duzue, Gorane Agirre berri emale bereziak bertatik bidalitako informazioek propio sortu den atal berezi batean bilduta baitaude, sarearen bidez egunero ozeanoaren bestaldeko euskaldunek ospakizun honen informazioa izanik, euskal prentsara hurbil daitezen baita eguneroko honen xedea. Horretarako ere, ostegunean, gure webgunearen aurkezpena izan zen Renon, Iņaki Uria Kontseilari Ordezkariaren eskutik.
Buber
http://students.washington.edu/buber/
Renoko Basque Studies Program
http://www.scs.unr.edu/~bstudies/
Renoko Aste Nagusia
http://www.scsr.nevada.edu/~cmp/
Aste Nagusia Egunkarian
http://www.egunkaria.com/orriak/reno.html
NABO
http://www.naboinc.com
LABURRAK
Euskal irrati bi sarean
Hala Bedi eta Herri Irratia, domeinu propioa hartuta ziberespaziora salto egin duten euskal irrati bi ditugu. Gasteizko Hala Bedi irrati libreak domeinua estreinatu berri du, lehenago webgunea Eusnet zerbitzarian zuen eta. Bertan, euskaraz eta erdaraz eskaintzen ditu emisoraren gaineko oinarrizko jakingarriak: Hala Bedi zer den, irrati askeak zer diren, programazioa, saio batzuren azalpena eta beste askorik ez. Bazkide egiteko aukera ere ematen du Hala Bedik. Donostiako Herri Irratiak, bestalde, programazioa eta saioen azalpena ere ematen du, baita publizitatearen salneurriak eta irrati honen zenbait datu, aurkezpen modura. Irratia zuzenean RealAudion entzuteko aukera agertzen da baina ez dabil.
Hala Bedi
http://www.halabedi.org/
Herri Irratia
http://www.herri-irratia.com/
Jarrairen webgune faltsua
Jarrai gazte erakundearen ustezko webgune bat agertu da. Bertan, militanteak nola jantzi behar diren, zer esan behar den, zer irakurri behar duen eta bestelakoak azaltzen dira tonu ironiko batean, eskuliburu bat bailitzan. Lehenago ere, doako zerbitzari berean, EAJrekin, Sabino Arana fundazioarekin eta euskal presoen gaiarekin antzeko parodiak eginiko esku bera dagoela ikusten da honen atzean. Hauetarik batzuk Ring internacional de paginas en espaņol izeneko webring-ean daude.
Jarrairen gune faltsua
members.xoom.com/gora_jarrai/
Lehenago aipatutakoak
http://members.xoom.com/sabino_arana/
http://members.xoom.com/eaj_pnv
http://members.xoom.com/arzalluz/
http://members.xoom.com/mcawen/
http://members.xoom.com/presos/