1999ko ekainak 6, Igandea | Nabigatzen |
Hauteskundeak sarean
Ekainaren 13ko hauteskundeak
Kanpainaren erdialdea pasatu dugula eta, heldu den igandeko hauteskundeek sarean izaten ari diren islada ikertu nahi izan dugu. Instituzioen artean denetarik dago: badira informazio ugari eta ondo aurkeztuta ematen dutenak zein webgunean ezertxo ere ipini ez dutenak. Antzera banatzen dira gurean aurkezten diren alderdiak. Orokorrean, iazko urrian baino eduki gutxiago dago oraingoan euren webguneetan.
Instituzioen informazioari dagokionez, sakabanaketa da ezaugarri nagusia. Baliteke hori hauteskundeen izaera beragatik izatea, udalak eta herrialdeak aukeratzean informazio guztia webgune batean biltzea zaila delako. Hala ere, EAEko hiru diputazioen guneek hauteskunde gauean informazioa emango dutela iragarri dute. Momentuz, sarean zerbait ipini duen bakarra Bizkaiko Foru Aldundia izan da. Bertako webgunean, Batzar Nagusien, udalen eta Europako Parlamenturako hauteskundeen gaineko datu eguneratuak eskainiko dituela agintzen du.
Hain zuzen, Gipuzkoako Diputazioak oraindik sarean ipini ez duen webgunean egundoko bilketa lana egingo duela iragarri du. Telefono mugikorrak erabiliz, 600 laguntzailek datuak bilketa zentrura bidaliko dituzte ekainaren 13ko gauean. Arabako Foru Aldundiaren gunean, berriz, lerro hauek idazterako momentuan artean ez zegoen hauteskundeen inolako aipamenik. Gauza bera gertatzen da Nafarroako Gobernuaren erdal webgunean.
Eusko Jaurlaritzak, aldiz, hauteskundeen gaineko informazio ugari ematen du Barne Sailaren eskutik. Hauteskundeak.net helbidera joz gero, segituan jaurlaritzaren euskadi.net zerbitzarira desbideratuko gaitu nabigatzaileak, ingeles hutsean dagoen orrialde batera. Bertan ikurriña sakatuta hauteskundeen gaineko menu nagusira helduko gara. Lau atal nagusi aurkituko ditugu bertan: emaitzen artxiboa, boto elektronikoa, hauteskundeei buruzko araudia eta ekainaren 13ko hauteskundeak.
Emaitzen artxiboan 1977az geroztik Euskadin egin diren hauteskunde guztien emaitzak ikus daitezke. Hala ere, azken hauteskundeen emaitzak herriaren arabera bilatu nahi baditugu, hobe izango dugu Eustat erakundearen gunera jotzea. Boto elektronikoaren atalean arlo honetan egin diren saioen berri ematen da. Sistema honek dituen abantailak eta segurtasuna aipatzen dira soilik, haren kontra agertutako iritziak baztertuta, eta XIX. mendean erabiliko den sistema dela ziurtatzen du Barne Sailak. Hauteskundeei buruzko araudia biltzen duen atalean 1983az geroztik Eusko Legebiltzarrak hauteskundeei buruz onartu dituen lege guztiak
daude bilduta.
Ekainaren 13 izeneko atalean igandeko hauteskundeei buruzko informazio orokorra dago bilduta: aukeratu beharreko zinegotzi eta batzarkideen kopuruak, udalerri bakoitzeko biztanle kopurua, argitaratutako inkestak, hauteskunde egutegia,daturik eta helbiderik garrantzitsuenak, aurkeztutako hautagai zerrendak, hauteskundeei buruzko legeak eta erakundeekin dauden loturak. Botoen arabera alderdi bakoitzari zinegotzi kopuru bat esleitzeko erabili behar den D'Hondt-en legea aplikatuz simulazioak egiteko programa bat badu Eusko Jaurlaritzaren guneak. Sarean online dagoen aplikazio hau erabiliz nork bere herrirako edo eta alegiazko proiekzioak egin ditzake. Simulazioa nola erabiltzen den jakiteko laguntza orrialdea dago.
Alderdiak motel
Salbuespenak salbuespen, oraingoan alderdien webguneek ez dute iazko urrian izan zuten mugimendua sarean. EAJk eta EAk ez dute beraien guneetan eduki berezirik ipini hauteskunde hauetarako eta elkarrekin osatu duten Candidatos 99 izenekoan ipini baitute arretarik eta lanik gehiena. Bertan, alderdiaren telebistarako eta irratirako iragarkiak jaits daitezke, mpeg eta MP3 formatoetan hurrenez hurren. Bideoak oso astunak dira baina irratiko iragarkiak oso ondo entzuten dira jaitsi eta gero. Lotura batzuk hilik daude, zuzeneko ekitaldiena kasu, baina koalizioaren agenda eta hautagaien zerrendarik garrantzitsuenak ikus daitezke.
EHk arreta handiz zaindu eta bete du webgunea. EHri eta hauteskunde hauetako hautagaitzei buruzko azalpenak ezezik, dokumentu asko audio eta bideo formatoetan ditu. Atzoko mitin nagusia zuzenean sarean emititzeko asmoa zuen EHk. Bertako arduradun Zuriñe De la Cuevak adierazi digunez, «RealVideo sistemaz gain, RealAudio erabiliko da seinaleak igortzeko, ordenagailu indartsuegia ez dutenek entzun ahal izan dezaten». PPk eta PSOEk ez dute alderdiaren bertako gunerik eta IU-EBren webguneak nabigatzailea alderdiaren Espainiako zerbitzarira desbideratzen du, ez ordea Nafarroako IU-EBrena, edukiz beteago baitago. UPNren antzera, CDNk ez du hauteskundeen gaineko informazio berezirik ezarri bere webgunean. Nafar alderdi honen oinarri politikoak eta bestelako dokumentuak irakur ditzakegu oso antolaketa serioa duten orrialdeetan. Unidad Alavesak iragan hauteskundeetako webgune bera aurkezten du.
www.hauteskundeak.net/
http://elecciones.bizkaia.net
http://elecciones.gipuzkoa.net/
Eustat
www.eustat.es/
Alderdiak
www.ea-euskadi.com/
www.eaj-pnv.com/
www.euskal-herritarrok.org
www.candidatos99.com
www.iu-eb-berdeak.com/
http://www.iu-eb.org/
www.psoe.es
www.pp.es
www.upn.org/
www.convergencianavarra.com
www.unidadalavesa.es
Laburrak:
Euskara Nafarroan
Nafarroako Gobernuak duen webgune erdaldunean atal berri bat agertu da El euskera en Navarra izenburupean. Bertan klik eginez gero, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak jarri duen webgunea aurkituko dugu. Euskaraz gainera, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez bere lanaren gaineko informazioa ematen du. Sarrera baten ostean, euskararen egungo egoera Nafarroan, euskararen gaineko araudia eta Euskararen Kontseilua atalal daude, besteak beste.
Euskara Nafarroan
http://www.cfnavarra.es/EUSKERA/
EIRE sarean
Ez, ez da Irlandaren gaineko webgune bat, Euskal Irakasleen Elkartea baizik. Sortze prozesuan dagoen elkarte honek sarean ipini du informazio webgune bat, egitasmoaren beraren berri emateko. Euskal unibertsitate guztietako irakasleak biltzen dira bultzagile taldean eta bertan ageri dira zerrenda batean. Elkartearen sorreran eztabaidatzeko txostenak, orain arte emandako urratsen kronologia eta ekarpenak biltzeko aukerak daude bertan.
Eire webgunea
http://www.eire.lg.ehu.es/
Ardi Beltza
Sarean badu islarik 'Egin' egunkariko ikerketa taldea osatzen zutenek abian jarri duten Ardi beltza aldizkariaren proiektuak. Nodo 50 zerbitzarian ipini duten webguneak momentuz udazkena aldera argitaratuko den aldizkariaren gaineko informazioa eskaintzen du eta harpidetza online egiteko aukera ematen du. Bertatik jakinarazi digutenez, eduki gehiago sarean jartzeko asmoa ere badute baina momentuz harpidedunak biltzea garrantsitsuena dela diote. E-posta helbide bat ere badu proiektuak.
Ardi Beltza
http://www.nodo50.org/ardibeltza