1999ko maiatzak 23, Igandea | Nabigatzen |

Sareko 'belauntziak'

Explorer eta Netscape programen alternatibak

Internauta gehienentzat badirudi mundua Netscape Navigator edo Microsoft-en Explorer programen artean banatuta dagoela eta ez dagoela beste alternatibarik. Ahalegin txiki bat egiten badugu, ordea, alternatibarik badela ikusiko dugu.

Internautok Interneten nabigatzeko programa ezezagunak ere badira, era askotakoak gainera. Funtsean, HTML dokumentuak irakurri eta presentatzeko gai den programa bat da nabigatzailea edo arakatzailea. Zenbat eta ahalmen gehiago eduki, indartsuagoa izango da programa. Indartsuenek nabigazioan gero eta hedatuagoak dauden Java, Javascript, frame-ak eta denetariko plug-in programatxoak onartuko dituzte, euren ahalmenak zabalduz, baina ezaugarririk funtsezkoena web nabigaziorako erabiltzen diren programa guztiek HTTP protokoloa erabiltzen dutela da.

Duela ia hamar urte, 1989 aldean, Tim Berners Lee-k sortu zuen HTTP protokoloa, standard baten bidez unibertsitateetako ikerleen arteko harreman telematikoak errazteko. Ondoren, lehendabiziko nabigatzailea agertu zen, Mosaic izenekoa. Programa honek HTML dokumentuak begien aurrean modu sinple batez aurkezten zituen, testuen artean loturak eginez eta, gainera, irudietarako loturak eginez. Oraindik programak egin zezakeen guztia hori baino ez bazen ere, ez zen gauza makala, ordurarte Internet Unix sistemako adituentzat erreserbatuta baitzegoen. Beraiek ziren ordenagailu bat beste batekin konektatzeko eman behar ziren agindu konplexuak menperatzen zituzten bakarrak.

Orduko programak txikiak ziren eta ahalmen urrikoak egungoekin konparatzen baditugu. Egun, Explorer edo Navigator-Communicator instalatzeak espazio handia hartuko digu disko gogorretik, berauek erabiltzeko behar diren prozesadore izugarri azkarrak aitatu gabe. HTML kodea bera garatu, handitu eta hobetu da denbora igaro ahala. Ahalmen gehiago dituzte programa bi hauek, elkarren arteko lehian erabiltzaileen onerako gero eta ahalmentsuagoak egin nahi baitituzte Microsoftek eta Netscapek. Baina erabiltzaileen benetako beharrizanak asetzea da helburua, ala batak bestea gailentzea? Erabiltzaile guztien ordenagailuak ez dira berdintsuak, denak ez baitra azken-azken modelokoak, ezta guztien beharrizanak ere.

Erabiltzaile askok nabigatzaile txiki eta azkar bat behar dute web orrialdeak irakurtzeko. Lynx da eurentzako aukerarik aproposena. Orrialdeak ziztuan kargatzen ditu eta Windowsen 3.11 bertsiotik aurrera duen PC zahar batean ongi ibiliko da. Ez ditu irudiak kargatzen, Arachne bezala. Arachne erabiltzeko nahikoa da DOS duen edozein PC. Bakarrik 640Kb zituen 386 edo 286 hura ganbaratik berreskura dezakegu Arachne instalatzeko. Ganbarako Mac-a sareran jartzeko ere bakarrik 298 Kb okupatzen dituen MacWeb ipini diezaiokegu eta HTML orrialderik gehienak ongi ikusiko ditugu, duela gutxi hemen aipatu genuen Wanna-Be programa izugarri azkarrarekin bezala.

Mosaic oraindik bizirik dago eta sarean eskuragarri, baina bizirik dagoen dinosaurio baten antza aurkituko diogu. Egungo arakatzaile nagusien arbasoa den ezaugarria mantentzen du, goian, eskumaldeko ikurtxo mugikorrak nabigatzen ari garen ala ez adieraziko digu. Bakarrik Windowserako bertsioa du, ondoren aipatuko ditugun beste guztiek bezala.

Izen euskalduneko programa
Amaya, izen euskalduneko nabigatzaile bakarra, ez da hemengo inork egina. Interneteko standard guztiak onartzeko ardura duen W3 edo Web Consortium izeneko erakundeak egin du HTML kode amankomunaren ezaugarriak probatzeko. Nabigatzaile handiek irakur ditzaketeen kodeen eta berauek aurkezteko moduen artean badago diferentziarik, horregatik batean ikusten diren hainbat gauza ez dira bestean ikusten. Amaya, programatzaileek erabateko HTML 4 standard-a ikus dezaten pentsatuta dago. Alternatiben artean osatuena, onena, Opera da. Java izan ezik, bi handiek dituzten ezaugarriak baditu: besteak beste irudiak ikus daitezke eta e-mezuak bidali.

Azkenik, nabigatzaileari beste itxura erakargarriago bat emateko erabiltzen diren bi programa aipatuko ditugu: Neoplanet eta Kidsafe Explorer. Hauek erabiltzeko beharrezkoa da aurretik Explorer programa instalatuta edukitzea, haren funtzio batzuk erabiltzen baitituzte. Neoplanet-ek nahi dugunean alda ditzakegun itxura futuristako nabigatzaileak aurkeztuko dizkigu baina, hori kenduta, ez da oso baliagarria. Kidsafe Explorer aldiz haurrentzako pentsatuta dago, nabigazio erakargarria eta intuitiboa izateaz gain, helduei haurrek bisitatu ahal izango dituzten domeinuen zerrenda kontrolatzea ahalbidetzen die.

Lynx
http://lynx.cc.ukans.edu
MacLynx
www.lirmm.fr/~gutkneco/maclynx/
Arachne
www.naf.cz/arachne/
Wanna-Be
http://pluto.njcc.com/~dtp/wb2/wannabe.html
Mosaic
www.ncsa.uiuc.edu/SDG/Software/Mosaic
Amaya
www.w3.org/
Opera
www.operasoftware.com
Kidsafe Explorer
www.arlington.com.au
Neoplanet
www.neoplanet.com/

Laburrak:

Txalaparta online

Hilabete batzuk offline eman ostean berriro sarean dago Txalaparta argitaletxea. Duela pare bat hilabetetik, gorabehera batzuk tartean, sarean dago itxura berrituaz jantzia eta bere domeinu izen propioarekin. Informazioa eta katalogo osoa aurki dezakegu, liburu bakoitzaren erreseņa txiki batekin. Liburuak bildumen arabera ordenatuta ageri dira eta harpidetza egiteko zein erosketak online egiteko aukera ematen du.

Txalaparta
http://www.txalaparta.com

Kanporaketen aurka

Sarean dago jada Senideak elkartearen webgunea. Momentuz, eduki gutxi baina zehatz batzurekin jarri eta iragarri dute webgune berria. Horretarako arrazoia zera zen: maiatzaren 21an, beraien zigorra beteta, Frantzian espetxeratutako zenbait euskal preso espainaratzeko arriskuan zirela. Horregatik, kanporaketen eta torturen gaineko informazioa dakar webgune berriak, baita mezuen bidezko protesta kanpaina bat ere.

Senideak
http://www.senideak.org

Ibilaldia 99

Canal 21ren eskutik datorkigu Bizakaiko ikastolen aldeko Ibilaldiaren aurtengo edizioak sarean ipini duen webgune ofiziala. Portal berriaren itxuraz kutsatuta, goikaldean harekin lotzen duen bannerra du. Oso diseinu landua eta ikusgarria du webguneak: loreak eta koloreak nonahi. Edukietan ez da labur geratzen, bertan jaia ospatuko den Elorrio herriari buruzko informazioa dakar, antolaketaren nondik norakoak eta kultur ekitaldien agenda bat. Azpimarragarria da denda bat jarri dutela online, eta jai honen kantua dakarren bideoklipa ilkus dezakegula RealVideon

Ibilaldia
http://www.ibilaldia.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner