1999ko apirilak 18, Igandea | Nabigatzen |

Kosovoko gerra telematikoa

Interneten garrantzia Kosovoko gatazkan

Egunotan itzelezko gerra abian jarri da mundu osoko internauton pantailetan. Gerra telematiko honetan balak eta misilak barik, bit-ak jaurtitzen dituzte, kainoien ordez modem-ak erabilita. Hala ere, ezin daiteke esan gerra birtuala denik, errealitatearekin lotura estua duelako.

Interneten aroko lehendabiziko gerra da, aurretik hainbat gatazka eta guduxka izan badira ere. Gerra telematiko honetan informazioa da gai, arma eta xede nagusia: Nork bere egia zabaltzea eta, ahal bada, besteena galaraztea benetako gerraren parte garrantzitsuak dira. Gatazka lekua ez dago Kosovon edo Serbian bakarrik, mundu osoa hartzen duen sarean baizik. Belgradeko irrati debekatua aterbetu duen Holandako xs4all zerbitzarian igerriko da edo eta EEBBetako hainbat webgunetan.

Kosovoko gaia informazio guneetan gai nagusia dugu, hango sarraskiaren berri eman eta laguntzeko moduak eskaintzen dira komunikabideetan eta GKEen guneetan. Baina zuzenki inplikaturiko aldeek ere sareak komunikazio tresna moduan duen balioa aurkitu dute. Horrela, alde bateko zein besteko hainbat domeinu eta webgune sortu berri dira. Kosovotarren aldean nabaria da amerikarrek hartu duten jarrera. Aitzitik, ez dago ia serbiarren aldeko webgunerik EEBBetan.

Kosovo Crisis Center helbidean laguntza militarra, soldadu bolondresak eta dirua eskatzen da Kosovoko UCKrentzat eta bertan ikus daitezke haren alde borrokatzera joatekoak diren amerikar bolondresak New Yorken instrukzioa egiten. Erasotutako errefuxiatu taldearen kasuan serbiarrei leporatzen diete erasoa, NATOk jada bere ardura onartu duen arren. Informazioak gerra propagandaren forma hartzen du afera honetan. Gerra agiriak edo parte-ak medio berri honen bidez zabaltzen dira gerra honetan eta, horrela, NATOren webgunean erakunde honek zabaltzen dituen agiri ofizialak agertzen dira, UCKrenak beste batean irakur daitezkeen bezala.

Serbiarren aldeko guneak gaitzagoak dira aurkitzeko, mendebaldeko komunikabideen loturetan ez baitira asko aipatzen. Haietako bat, hala ere, Yugoslaviako gobernuaren gunea da. Bertan, herria zatitu duten nazionalismoen aurrean Yugoslaviaren pluralitatea eta nazioaniztasuna azpimarratzen dira, ez baitute beraien burua nazionalistatzat aitortzen.

Serbian, NATOren erasoak gobernuarekiko kritikoak ziren asko Milosevic-en aldera bildu baditu ere, gobernua ez dago disidentziarik txikiena onartzeko prest eta horregatik isildu zuen B92 irratiaren emisioa. Hala ere, iragan astean aipatu genuenez, irratiak sarearen bidez bere mezua hedatzen jarraitu zuen Realaudio sistema erabiliz. Horretaz oharturik, gobernuak beste urrats bat eman du apirilaren 2an estudioak itxita. Egunotan, irratiak bere emisioak hasi ditu berriro, baina gobernuak ezarritako zuzendari berri baten gidaritzapean.

Irrati honen itxierak, ANEMena eta prentsa independiente guztiaren ezabaketak kontrasterako aukerak murriztu ditu publiko serbiarrarentzat. Horregatik serbiar askok Interneten dute aukera bakarra gobernuaren bertsioa ez den beste bat jasotzeko. Baina sarearen egitura oso ahula da Yugoslavian, alde batetik bonbardaketen eraginez eta bestetik gobernua sarbidea murrizten ari delako.

Baina krisiaren gainean informatzeko gune informatibo eta neutralak ere sortu dira. Steven Clift-ek sorturiko Kosovo Reports gunean gerraren aurkako mezuak jasotzen dira alde batetik zein bestetik. Haietako batzuk Sava Janjic Kosovoko apaiz serbiar ortodoxoak bidaliak. NATOren aurka eta Serbiaren defentsan gogor egiten du, bakearen alde dagoela gogoratuz. Beste ekintzaile telematiko bat 16 urteko neska albaniar-kosovotar bat da, Adona. Gatazka paralelo honetako protagonista gehienak izengabeak edo ia ezezagunak dira, telebistako izen ospetsuen ondoan.

Informazioa, ustez neutrala:
Kosovo Reports
http://www.egroups.com/list/kosovo-reports/
B92 irratia
http://www.b92.net/


Serbiarren alde:
http://www.gov.yu/kosovo_facts/index.html
Media Centar Pristina
http://mediacentar.org/

Kosovarren alde:
www.kosovo.org
UCKren agiriak
http://www.zik.com/
Kosova Crisis Center
http://www.alb-net.com

NATO
http://www.nato.int/


LABURRAK

Hackerrak erabiltzen
Internet gerra honetako hirugarren frontea deitu dute. Informazio gerra ezezik bestelako eraso mingarriagoak ere egiten dira sareko gerra honetan, mail bombing-a eta hacking-a esaterako. Duela egun batzuk zabaldu zen NATO serbiarren sistema informatikoak erasotu nahian zebilela. Ez da ahaztu behar sarea asmakizun eta kontzeptu militarra izan zela jatorriz eta, egun, herrialde gehienetako armadek horrelako egiturak erabiltzen dituztela euren antolaketan. Buelta etorri zitzaion NATOri ustez serbiarrak ziren hackerrek haren webguneari eginiko erasoan. Mail bombing ikaragarria egiteaz gain, ping eraso arrakastatsu baten bidez sistema blokatu eta gainera macro birus bat sartzea lortu zuten iragan Aste Santuan, NATOk berak aitortu zuenez.


Elkartasunerako aukerak
Gaurko gai monografiko honekin bukatzeko, elkartasuna bideratzeko sarean dauden aukerak aipatu behar ditugu. Giza eskubideen aldeko erakundeetan sarraskien gaineko informazioa nagusi bada ere. Caritas erakunde eliztarra laguntza bideratzeko mugitzen ari da, eta webgunerik ez duen arren, haren ekimenen berri aurki dezakegu La Brujula aldizkarian gai honi eskainitako atal berezian. Beste erakunde batzuek presentzia dute sarean, errefuxiatuen sustengurako Gurutze Gorriaren atalak esaterako. Katalunian, antolatuko den konboirako beharrezkoak diren gaien zerrenda ageri da. Mueve un dedo por Kosovo laguntza kanpainia ere abian jarri du Internautas Por La Pazek.

Gurutze Gorria
http://www.icrc.org
Catalunya per Kosovo
http://www.gencat.es/kosovo
Mueve un dedo por Kosovo
http://fractal.es/kosovo/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner