1999ko otsailak 7, Igandea | Nabigatzen |

Bankuak etxera sartu zaizkigu

Banka zerbitzu telematikoak

Oso denbora gutxian Euskal Herriko banku eta aurrezki kutxa gehienek Internetera salto egin dute. Presentzia hutsarekin hasi ziren eta azkenaldion gehienak banka telematikoko zerbitzuak eskaintzera pasa dira, bezeroei etxetik euren kontuak kudeatu eta eragiketak egiteko aukera ematera.

Nork bere kontuaren mugimenduak ikusi, transferentziak egin, inbertsio fondoak kontratatu, akzioak nola doazen ikusi eta berauek saldu edo erosi... Horiek dira jadanik euskal banku eta kutxekin gure ordenagailutik egin ditzakegun eragiketa nagusiak.

Duela bi aste galdetegi bat bidali genien Interneten eragiketak egiteko zerbitzua eskaintzen duten euskal banku eta kutxa guztiei, zerbitzuaren gaineko datu batzuk eskatuta. Bakarrik hiruk erantzun digute: Gipuzkoa eta Donostiako Kutxak, Bilbao Bizkaia Kutxak eta Euskadiko Kutxak. Eman dizkiguten datuen arabera, hiruren artean 20.000 bezerok erabiltzen dute telebanka zerbitzua eta kopurua etengabe hazten doa.

Gipuzkoako Kutxak bi zerbitzu ezberdin ditu, Kutxatel enpresentzat eta Kutxanet bezero arruntentzat. Bertako zerbitzu telematikoko Jose mari Beņaranek azaldu digunez, 7.500 bezero inguru ditu zerbitzuak eta iaz 900.000 eragiketa egin ziren bere bidez. Euskadiko Kutxa izan da zerbitzu hau ezartzen azkenekoa, irailean, eta momentuz 3.000 bezero ditu. Hala ere, 1.182 milioi pezeta mugitu zituen iazko ekitaldian sistema honen bidez.

Zerbitzuaren alderik onena eragiketak edozein ordutan eta edozein tokitik egin daitezkeela da. Kutxen bulegoak zabalik izaten diren ordutegiak erabili ezin dituzten bezero asko baliatzen dira honetaz, eta baita atzerrian ikasten dabiltzan gazteak, BBKko Diana Plazak komentatu digunez. "Eragiketa gehienak transferentziak dira eta atzerritik, Erasmus programan dabiltzan askok dirua handik hartzen dute". Plazaren arabera, zerbitzu hau 1995tik dago martxan eta guztira ia 10.000 bezero ditu.

Akats tipikoak
Webgune horien akatsik ohikoena da irudia saltzeko eginak direla eta ondorioz diseinu astuna dutela. Gainera, banka telematikoan eragiteko Navigator edo Explorer programen 4.0 bertsiotik gorakoa eduki behar da. Euskaldunoi ematen zaigun tratua ere txarra izaten da: Nafar kutxen guneetan eta Vital kutxan ez dago euskara aukeratzerik, besteetan bigarren mailakoa aukera da. Bankoa eta Euskadiko Kutxan euskara espreski aukeratu behar da adibidez. Erdararekiko berdintasunean Kutxaren eta BBKren webguneetan agertzen zaigu soilik.

Denek bat datoz zerbitzu honek erakundearentzak gastuen murrizketa bat dakarrela onartzean, lehiatilan lan gutxiago egin behar dela bezeroak etxean geratuta. Baina horrek bezeroarentzako onura ekonomiko berezirik ez dakar. Ez diogu saldoan interes gehiago eman behar dutenik, ez, zerbitzuei buruz ari gara. Beste banku zenbait ez bezala, euskal banka erakundeek ez dute Internetera sarbiderik edo posta elektronikorik ematen.

Info: Kriptografia banka telematikoan

Eragiketen konfidentzialtasuna

Interneten bidezko banka telematiko zerbitzu hauetan HTTPS protokoloak erabiltzen dira. Horrek esan nahi du kutxa edo bankuaren ordenagailutik gurera zein kontrako norabidean datuak kodifikaturik garraiatzen direla. Gainera, ziurtagiri elektronikoen sistema erabiltzen da. Horren bidez bankuak bidaltzen digun ziurtagiri-gako zifratua onartzen du gure nabigatzaileak, konektaturik gauden ordenagailua benetan erakunde horrena dela egiaztatzen duena.

Zifraketa metodo horiek RSA erakundeak sortuak dira eta haien enkriptazio –eta beraz konfidentzialtasun– maila bit-etan neurtzen da. Halabaina, EEBBetako legeek ez dute uzten RSAk bere mugaz gaindi 56 bit baino gehiagoko enkriptazio sistemak baimendu ditzan. Beraz, gure banku eta kutxek 40 bit-eko enkriptazio maila ertainak erabil ditzakete eta hala egiten dute Euskadiko Kutxak eta Gipuzkoako Kutxak. Hala ere, frogatu dugunez, BBKk eta Vital Kutxak, biek 128 bit-eko enkriptazio sistemak erabiltzen dituzte, militar mailako konfidentzialtasuna eskaintzen dutenak.

Duela egun batzuk RSAk berak bere enkriptazioa hausteko lehiaketa deitu zuen hacker berezituen talde bat deituta. Ehunka konputagailu batera lanean jarri eta 22 orduren buruan enkriptazioa haustea lortu zuten. "Erroman ikusiko gara" zioen izkutuko mezuak. EFF fundazioake eta RSAk berak antolatu zuten ekitaldia EEBBetako gobernua enkripazio maila altuagoak esportatzea baimendu dezan konbentzitzeko.

Kutxa
http://www.kutxa.es/
BBK
http://www.bbk.es
Euskadiko Kutxa
http://www.cajalaboral.es/
Caja Vital
http://www.cajavital.es/
Bankoa
http://www.bankoa.es/

EAJren gune faltsuak
Sarean agertu diren webgune faltsu bi salatu zituen EAJk astelehenean prentsa ohar baten bidez. Webgune biek antzeko testua dute eta bata bestearekiko lotura dute, antza denez egile berak eginikoak direlako. Alderdiaren eta Sabino Arana Fundazioaren zigiluen azpian, gazteleraz, tonu ironiko batean dioenez, "EAJ alderdi abertzale demokrata, integratzaile eta progresista da". Ondoren, Sabino Aranaren idatzi batzuk agertzen dira.

Gune faltsuak
http://members.xoom.com/sabino_arana/
http://members.xoom.com/eaj_pnv

EAJren prentsa oharra
http://www.eaj-pnv.com/99006.htm

Grebaren arrakasta
Iragan igandean deitutako boikotak arrakasta handia lortu zuen, deitu zutenen arabera. Asociacion de Internautasek. Hainbat webgunetan ohiko bisiten kopurua %60 jaitsi zen bataz beste eta Espainiar berri taldeetan mezuen kopurua %70 inguru gutxiago izan zen. Telefonicak aldiz grebaren eraginez jaitsiera %4,94 izan zen. Frantzian, ADIMen arabera, jaitsieraren bataz bestekoa %33 izan zen webguneetan eta %50 berri taldeetan.


Gara egunkaria sarean
Aste honetan zabaldu denez Gara egunkariak webgune bat abian jarri du bere edizio digitalarekin. Oraindik gunea guztiz osatu gabe dagoen arren eta, hortaz beraiek iragarri ez duten arren jadanik agertu da iragarrita Baietz fundazioarenean. Atalik garrantzitsuenak biltzen dira eta albisteen aukeraketa zabal bat.

Gara
http://www.gara.net
Baietz Fundazioa
http://www.baietz.org

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner