1999ko urtarrilak 31, Igandea | Nabigatzen |
Internauten greba
Modem-ak amatatzeko deialdia gaurko
Gaurko deituta dago lehendabiziko Europa mailako internauten greba. Interneterako konexioen garestia salatzeko eta "sarbidearen unibertsalizazioa" galdatzeko deitu dute mobilizazio hau hainbat erabiltzaile elkartek. Espainiar estatuan, gainera, askok interneten aste beltza bataiatu dutenaren ondoren etorri da mobilizazioa.
Hobeto esan desmobilizazioa izanen da gaurkoa, jakina denez, Interneten greba egitea modem-a deskonektaturik izatea baita. Greba hau, lehendabiziko aldiz Euskal Herri osoan deitua dago, Frantziako zein Espainiako erabiltzaile elkarteek deitu baitute gaurkoa. Italian, Portugalen, Suitzan, Grezian, Polonian Belgikan eta Alemanian ere izan da gaurko grebarako deirik.
Unibertsalizazioa tarifa lauan zehazten da eta europar internautek EEBBetako prezioak ordaintzea amesten dute. Han, telefono konpainia nagusiak zerbitzari dira aldi berean eta euren arteko lehia tarifa lauetan islatzen da. Espainian, Asociacion de Internautas (AI) elkarteak deitzen du greba, besteak beste. Gobernuko ordezkariekin eginiko bileraren ondoren, Fomento ministerioak aurki lege baten bidez Telefonica behartu eta ADSL teknologiarako tarifa laua ezarriko dela iragarri zuen.
Baina ADSL teknologiak modem berriak eskatzen ditu, ekipamendu berri eta garestiak ezarri behar dira etxeetan, modem bereziak erosi eta zerbitzariak horretarako prestatu behar dira konexio azkarragoen bidez. Ondoren, erabiltzaileek tarifa laua izango lukete 6.000 pezetatik hasita. Gainera, tarifa laua ezartzeko denbora behar du Telefonicak eta estatu osoari zerbitzua emateko hiru urteko muga izango du. AIk ordea oraingo baldintza teknikoetan eskatzen du tarifa laua, hilean 3.000 pezetaren truke. Horregatik negoziazio mahaiatik altxatu eta deialdia egin dute La Huelga plataformakoekin batera.
Frantzian Association Des Internautes Mécontents (ADIM) elkarteak deitu du boikota. Ez dute greba hitza erabiltzen hori langileentzat egokiago ikusten dutelako. France Telecom eta hainbat zerbitzarirekin bilerak egin dituzte eta ez dute emaitza onik izan. Tarifa laua eskatzeaz gain, France Telecom-ena den Wanadoo zerbitzariak dituen funtzionamendu akatsak, moteltasuna eta etenak salatzen dituzte erabiltzaileek. Espainian oso antzeko kasua gertatzen da Telefonicarekin. Bere zerbitzaria, Teleline, gorroto eta txantxen zentroan ipini dute internautek, publizitaterako erabiltzen dituen tximinoen zuzura.
ADIM
http://altern.org/adim
Asociacion de Internautas
http://www.internautas.org
Grupo Tarifa Plana
www.laref.com/gtp/
Konexioa: Infovia Plusen ezarpena
Interneten aste beltza
Aste honetan errepikatu da kontua, baina iragan astea batik bat izan zen gogoratzekoa. Iragarri genuenez, hegoaldean Infovia Plusen ezarpena katastrofikoa izan zen. Nerbioak, desesperazioa eta haserre bizia izan ziren interneten aste beltza-ren ezaugarriak. Denetariko arazoak izan dira zerbitzu berriarekin: linearen saturazioa, identifikazio akatsak, etenak, moteltasuna... Are haserreago jarri ditu erabiltzaile asko Telefonicak dena normaltasunez dabilela esateak, bezeroentzako arreta telefonoak ere saturatuta zeudenean.
Etxe honetan bertan ere izan zen miloika neurona akabatu zituenik Iruñeako delegaziotik argazki batzuk posta elektronikoz bidali ezinik. Arazo bereziak izan zituzten sartzeko Macintosh eta Windows 3.1 sistemen erabiltzaileek. Enpresa eta erakunde askok pazientzia eta diru mordoa galdu dute, dudarik gabe, egunotan. Baina zerbitzariak, sarearen eta erabiltzaileen arteko bitartekariak, horiek ere kalteak jasan dituzte errurik izan gabe. Telefonicaren sistemaren erorketak jasateaz gain, erabiltzaileen dei askotxo hartu behar izan dituzte azalpenak emateko eta gainera zenbait bezero desesperatuk baja eman dute zerbitzarietan.
Hala ere, badirudi arazoetatik batzuk konpontzen ari –edo hasi– direla. Orohar, sare berriak gainezka egin duela eta bere benetako neurrirako ari dira prestatzen. Beste gatazka puntu bat router-ak edo tunel-en zerbitzari berriak izan dira, Telefonicak zerbitzariei bere IP sarerako sarbidea ematen duten aparailu berriak, lehenagokoak baino sarriago erortzen direlako.
Laburrak
Webguneak
Txistularien domeinua
Txistulari Elkarteak bere domeinua eta webgunea martxan ditu, Felix Vigor internauta euskaldunaren eskutik. Elkarteak argitaratzen duen Txistulari aldizkaritik hainbat berri eta partitura moldatu ditu egileak, itxura txukuneko webgunean. Halaber, teknikak, artikuluak, loturak eta agenda ezarri ditu gunea osatzeko. Vigorrek adierazi digunez, hau gehienbat txistularientzat eginiko webgunea da, lehenagokoa den TXISTUAZ izenekoaren ondorengoa. Berau iazko maiatzean sortu zuen egile berak txistuaren berri mundu osoari emateko eta 5.000 bisita jaso ditu orduandanik.
Txistulari.com
http://www.txistulari.com
Txistuaz
http://txistuaz.hypermart.net
Demokratak eta biolentoak
Iragan astean euskarazko liburu elektroniko baten berri ematen genuen eta gaur ingelesezko euskal liburu batena. The Democrats and the Violent du izena Joxe Azurmendi filosofia irakaslearen liburuaren itzulpenak eta bakarrik sarean aurki daiteke. Txoko webgunea Surreyko unibertsitatetik egiten dute euskaldun batzuek ingelesez. Haren barruan Forum for Basque Critical Studies saioen eztabaidagunea dago, eta haren barruan ezarri dute Azurmendiren testua.
The Democrats and the Violent
http://txoko.econ.surrey.ac.uk/dvindex.htm
info:
Expolangues 99
Gaur amaituko da aurtengo Expolangues azoka. Parisko La Viletten 27an hasi zen edizio honek frankofoniari eskaintzen zion arreta berezia. Gehienbat hizkuntzen irakaskuntzaren sektoreari begiratzen dion azokan euskarak izan du lekurik Nafar Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik.
Expolangues
http://expolangues.reed-oip.fr/