1997ko abuztuak 3, Igandea | Nabigatzen |
Eztabaida: adierazpen askatasuna (eta II)
Erasoen ostean iritzi eta komunikatuen gerra
Iragan asteotan izandako erasoen ondoren, adierazpen askatasunaren inguruan sortu da eztabaida oraingoan. Euskal Herria Journal kenduarazi zuen bonbardaketa elektronikoaren ostean horren kontrako zein aldeko erreakzioak gurutzatzen ari dira sarean gora eta behera.
Egunkarietan ere, era ezberdinetan islatu da erasoen gaia, Euskal Herria Journal kentzea eragin duen bonbardaketa batik bat. Hasiera batean erasoen bultzatzailea izan zen El Paisek "Milaka mezuk ETAren gunea internetetik kenduarazi" dutela azpimarratzen zuen uztailaren 29an. El Correok berriz uztailaren 28ko edizioan antzeko mezua zabaldu zuen, "Internautak ETAren aurka" titularrarekin. Bertan, IGC zerbitzariak jasan duen erasoari "euskal internauton kanpainia" irizten zion J. A. Del Moral sinatzaileak, EHJ "ETAri leku bat uzten zion HBren gunea" zela esanez. Euskal Herriaren gaineko news guneetan Berrinet ezizenaz ezaguna da Del Moral jauna bere eskuin muturreko ideiengatik eta, nonbait, harridura sortu du zenbait euskal internautaren artean bera benetan El Correoko kazetaria dela jakiteak.
Espainiako beste egunkari batek, El Mundok aldiz, erasoa gaitzetsi zuen El Navegante atalean ipinitako editorial baten bitartez. "EHJ sarean jarri behar da berriro. Orduan, adierazpen askatasunaren alde gaudenok aukeratu ahal izango dugu libreki bere helbidera ez jotzea", zioen. Bestalde, iragan ostegunetik gaiari buruzko iritzia eman dezake irakurleak El Naveganten eta baita galdera bati baiezkoa edo ezezko botua eman ere. Galdera hauxe da: Uste al duzu HBren inguruko webguneak jasotzen dituzten zerbitzarien aurka neurriak hartu behar direla?
Iworld, interneti buruzko aldizkariaren edizio elektronikoa ere gai honi buruzko jarraipena egiten ari da eta horretarako gune bat sortu du. Bertan, "ETAren aurka" sortu diren guneen berri ematen du, tartean Egin eta HBren aurka nola ekin eta "terroristen guneen aurka" mail bombing egiteko programak nola eskuratu informatzen duten guneak. Adierazpen askatasunaren aldeko iritzi batzuk ere agertzen dira bertan, gutxienak izan arren. Izan ere, Iworld-ek jasotzen duenez, "ETAren aurkakoon artean hiru jarrera daude". Miguel Angel Blanco Ermuko PPko heriotzaren ondorengo egunetan ezker abertzaleko guneak erasotzearen alde zeuden batzuk neurri horien komenigarritasuna zalantzan jartzen dute orain, beste batzuk argiro zentsuraren aurka azaltzen diren bitartean. Horrela, Fronteras Electronicas fundazioaren iritziz, "zentzuz jokatu behar da ETAren aurka, adierazpen askatasuna errespetatuz". Beste multzo bat "gune ETAzaleak" kentzeko eskatzearen alde daude "era baketsuan". Hirugarrena zerbitzariak erasotzearen alde daudenek osatzen dute. Horren adibide, erasotzaileek ustez "hackeatu" (sarbidea lortuta edukia aldatu) ahal izan duten helbide bat ematen dute Iworlden.
Hainbat mezu jaso ostean, Amnesty Internationalek eta Vilaweb kataluniar aldizkari elektronikoak agiriak plazaratu dituzte ezker abertzalearekiko zerikusirik ez dutela adieraziz. Lehengoak gezurtatu egin du HBren aldeko agiria sinatu zuenik eta bigarrenak publikoki ukatu behar izan du Terra Lliurerekiko harremanik duenik. Kontrako aldean, badira IGCrekin eta EHJrekin elkartasuna adierazi duten beste agiri batzuk. Eraso eta kontraerasoen artean gero eta iritzi gehiagok diote egunotako giro nahasia lasaitu behar dela, ez dela giro adierazpen askatasunarentzat. Oriangoz, ordea, ez dirudi gauzak beren lekura bueltatuko direnik.
Jabi Zabala.