1999ko urtarrilak 17, Igandea | Nabigatzen |
Telefonicarekin denak arazotan
Duela gutxi arte Espainiako telekomunikazioen monopolioa zuen enpresa denen ahotan da egunotan, gauza batetik ez bada, besteren bategatik. Infovia Plusekin konektatzeko dauden arazoak batetik, faktura izugarri garestien kontra tarifa laua lortzeko dauden ekimenak eta greba deialdiak bestetik eta enpresako langileen protestak eta ostiraleko greba. Denak haserre dira Telefonicarekin.
Burtsan enpresa ondo ei doa, baina hori ez da ikusten hortik landa. Datorren 22an ezagutuko dira Fomento eta Telefonicaren artean adostutako tarifa berriak. Internauten artean prezioak berdin antzera jarraituko duten ala merketuko diren espekulazioak eta posturak egiten dira sarean.
Momentuz, filtratu diren tarifek ez dute inor pozik utzi. Horregatik, frantziar eta espainiar estatuetako internauta guztiak daude deituta hilaren 31an izanen den grebara. Izan ere, France Telecom konpainiaren antzeko jokabidea salatu nahi du L'adim elkarteak. "Pribatizazioaren ondoren sarea erabiltzaileok ordaindu dugula ahaztu nahi du orain FTk, bezeroak nahi ditu eta ez erabiltzaileak", diote.
Greba deialdi honi gehitu zaio iragan ostegunean Telefonicaren langileek eginiko hamaikagarren greba. Guztira 10.000 langile kaleratuko dira pribatizazioaren ondorioz eta horien ordez ABLEak sartuko dira konpainian, grebaren deitzaileen esanetan.
Infovia non plus ultra
Gaur da egun handia. Gaurtik aurrera Infovia amaitu eta, ezinbestez, Infovia Plus indarrean sartzen da. Baina gaurko egunez oraindik gauzak ez daude batere argi zerbitzu berriari dagokionez. Bila ibili arren ez da inondik argi azaltzen, ezta Telefonicaren beraren guneetan, zeintzuk izango diren aldaketaren abantailak. Erabiltzaileen eta zerbitzarien artean Infovia egoteak zekarren abiaduraren moteltzeak jarraituko duela badirudi. Desabantailak ugari dira ordea, garrantzitsuenak konexioan arazoak dira. Gainera, fakturan, 055 zenbakia ez bezala, tokian tokiko zenbaki berriak ez dira berezituta agertuko eta horela, ezin izango da, epe laburrean behintzat Interneteko gastua kontrolatu. Telefonoa bizilagunekin konpartitzen duten internautek ezin izango dute momentuz gastu hori kontrolatu. Halaber, zerbitzuaren hutsengatik porrot egindako deiak erabiltzaileok ohartu barik kobratuko direla salatu berri du OCU kontsumitzaileen elkarteak.
Horren ondoan beste enpresa batzuk hasi dira horrelako zerbitzuak eskainiz: Euskaltel, British Telecom eta beste batzuk. Telefonicaren bezeroak haserre dira erabat, eta horren froga da, Infoviarena bezala, bezeroari arretarako telefonoen saturazioa egunotan.
Infovia plus
http://www.telefonica.es/infoviaplus/
Zerbitzu berriari buruz
http://www.argo.es/%7Ejcea/artic/iplus01.htm
Timofonica
http://www.timofonica.com
La Huelga plataforma
http://www.laref.com/la_huelga/
ADIM
http://adim.citeweb.net/
Infovia Plus eta mac-ak
Telefonicaren Infovia Plusera sartzeko arazo itzelak dituzte egunotan hainbat mac-zalek. Lehengo konfigurazioan telefono zenbaki berria jarri ostean ordenagailuak deitu eta handik segundu batzutara telefonoa beti eskegi egiten da, sistematikoki. Zerbitzu berriaren informazio zenbakira hainbat dei egin ondoren, eta egundoko presioa eginez lortu dugu horren arrazoia jakitea. PPP izeneko protokoloan script berezi bat sortu eta gehitu behar da. Hala ere hau ez omen da beharrezkoa konexiorako Free PPP izeneko panela erabiltzen dutenentzat. Aitzitik, Config PPP eta 8.5. sistemaren Acceso Remoto panelak erabiliz gero geuk sortu behar dugu scripta.
Hori egiteko Acceso Remoto panelan gaudela, "opciones" sakatu behar da. Ondoren, "protocolos" aukeran "conectar con linea de comandos" aktibatu eta horren barruan "usar ventana de terminal", OK sakatu.
Orain, "conectar" sakatu ostean terminalen leihoa ageriko da. Bertan, gure erabiltzaile izena eta pasahitza sartuta, Enter tekla sakatu beharrean "ajustes" aukeratu eta ondoren script-a gordetzeko aukeratu. Horrekin, orain sortzen ari garen script hori gordeko dugu hurrengorako. Gorde ostean konektatuko gara.
Internetera konektatzen garen hurrengo aldian, panelaren "opciones" berriro aukeratuta, gorde dugun script hori aukeratzeko esango diogu panelari eta aurrerantzean hala egingo du. Horren guztiaren arrazoia zera omen da, 900 505 055 telefonoan esan digutenez, "zerbitzu berriak segurtasun arrazoiengatik identifikazioa bi aldiz eskatzen duela".
LABURRAK
Jardunaldi internazionalistak
Egunotan Lasarten ospatzen ari diren jardunaldi internazionalistek badute beren egitaraua Interneten. Hainbat herri eta auzotan egin ohi diren jardunaldien egitarauak sarean jar daitezke, lasartear hauek egin duten bezala, edonork ikus ditzan. Hilaren 11an hasi ziren eta 23an amaituko dira jardunaldiok, eta bertara joateko Lasarte-Oriako webgunearekin konektatzeko aukera ematen du.
Egitaraua
http://mipagina.euskaltel.es/j.m.poncela/Jardunaldiak.html
Webguneak
Ostadar Mendi Taldea
Urretxu eta Zumarragako Ostadar Mendi Taldeak badu bere txokoa sarean. Oso itxura txukuna du diseinu aldetik eta taldearen gaineko jakingarriak eskaintzen ditu, hala egindako irteerak eta ohiko ibilbide nagusiak nola ospakizun-ibilaldi bereziak. Era berean, mendizaleentzat baliagarriak diren zerbitzuak eskaintzen ditu: eguraldiaren iragarpena, sorospen zerbitzuak, aterpeen informazioa eta mendizaleentzako dekalogoa. Jonmikel Insausti internauta euskaldunaren lanaren ondorioz mendiaz goza dezakegu etxetik mugitu barik.
Ostadar Mendi Taldea
http://www.geocities.com/Yosemite/Trails/7802
Euskaldun satanikoak
Espainiako Disidencias izeneko aldizkari elektroniko berezitua-ren gaiak hauek omen dira: "disidentzia, masoneria, terrorismo, antropologia, esoterismo, sektak, sinbolismo, kritika eta bitxikeriak". Euskaldunon arazoaren funtsa aurkitzen omen du "Terrorismo vasco, matriarcado y sacrificios humanos" izeneko erreportaian. Denetarik ikusi behar.
Disidencias
http://www.arrakis.es/~emila