1999ko urtarrilak 3, Igandea | Nabigatzen |
Egunkaria ziberespaziora jalgi da
Iragan igandean abiatu zen ofizialki Egunkariaren edizio elektronikoa. Berri pozgarria gure egunerokoak egin duen urratsa, euskal internauton aspalditxoko gogoa betetzen delako agerpen honekin. Fisikoki Jalgi zerbitzariaren baitan egon arren bere domeinu propioa du gure webguneak.
Egunean egunean berritzen den Egunkaria digital honek albisterik garrantzitsuenen aukeraketa bat dakar eta baita agenda eta zerbitzu baliagarriak online kontsultatzeko. Gure helbidera abiatuz gero, azala aurkituko dugu lehendabizi. Esan behar da atal guztiak egunero berritzen direla, baina berauek ikusteko modua pixkat diferentea da. Politika, Gizartea, Ekonomia, Europa, Mundua, Kirola eta Kulturako albisteak zeintzuk diren ikusteko aurkibide batera jo behar dugu eta bertan ikusiko ditugu egun horretarako egin den albisteen aukeraketa, titularrak alegia. Guztira 10-12 albiste izaten dira, egunerokoaren garrantzitsuena. Ondoren, titular bakoitzean sakatuz albistea osorik ikustera pasatuko gara.
Baina badira beste atal batzuk, aurkibide horretatik igaro barik ikusten direnak: Agenda, Zerbitzuak eta Umorea. Agendaren baitan eguneko agenda dago, paperean Egunkariak iragartzen dituen ekitaldiak eta batzutan gehiago, paperean sartu ez den bat edo beste. Euskal zinematokien karteldegia eskaintzen duen lehendabiziko euskal egunkaria dugu gurea, estreinaldien eta kritikaren orrialdeek lagunduta. Zerbitzuetan, eguraldiaren iragarpena dakar bere maparekin, goardiako farmazien zerrenda eta burtsaren egoera. Umoreak bere lekua du gunean, egunero Mattin eta Olariagaren lanak ikusgai daude.
Beste orrialde batean mesedez gune berri honen gainean gure iritzia emateko eskatzen zaigu, feedback-a oso garrantzitsua baita gunea hobetzeko. Hurrengo etapa batean gehigarriak ere eskaintzeko asmoa dago, Kazeta hau tartean. Oraingoz webguneak aje bat du, eguneko edizioa besterik ematen ez duela. Ez ditu edizioak artxibo batean gordetzen gero bilaketak egiteko.
Egunero bi orduko lana
Kepa Sarasola arduratu da edizio elektroniko honen diseinuaz eta prestatze lanetaz, eta berak egiten du egunero edukien berriztapena. Sarasolak komentatu digunagatik, artisau lana da neurri handi batean edizio elektroniko hau momentuz, gauza batzuk automatizatuta dauden arren, eskuz egiten baita egokitze prozesu gehiena. Maketazio programatik aukeratutako artikuluen testuak HTML formatoan gordetzen dira eta ondoren, beste programa baten bidez edizio digitalaren estiloak ematen zaizkio. Webgune osatua eta diseinu aldetik txukuna da. Indarrean diren tendentziak jarraikiz, diseinu sinplea egin du Kepak. "Irudi gutxi dago, orrialdeak arin kargatzeari eman baitiot lehentasuna", esan digu.
Edizioa itxi ostean pare bat ordu ematen ditu Sarasolak pantaila aurrean edizioa prestatzen eta, frogatu dugunez, eguneko edizioa plazaratzen lehendabiziko euskal egunkaria da, besteek hurrengo goizaldean egiten baitute.
Euskaldunon Egunkaria
http://www.egunkaria.com
Konexioa: Infovia Plus-ekin zalantzak eta kezkak
Aste bi barru Espainiar estatuan indarrean ezarriko den Infovia Plus zerbitzuarekiko mesfidantzak jarraitzen du internauton artean. Telefonicaren bidez Internetera konektatzen diren erabiltzaile gehienek oraindik Infoviaren 055 zenbakia erabiltzen jarraitzen dute. Horren arrazoia zerbitzu berrian gertatzen diren konexio etenak, abiadura motela eta bestelako arazoak dira. Infovia plus martxan dago jada, baina horra konektatzen saiatu diren asko berriro bueltatu dira 055 zenbakira.
Hala baina, 055 telefonoa hilaren 17an bukatuko da eta derrigorrez Infovia Plusen zenbaki berriak markatu beharko dira orduandanik. Ordurako arazoak artean konpondu barik egongo diren beldurra nabaritzen da erabiltzaile zein konexio zerbitzarien artean. Hainbat arazo konpontze bidean omen dira baina zerbitzu berriak 17tik aurrera izanen den migrazio masiboa jasango duen kezka adierazi dute askok.
Zerbitzu berriak ez du telefono zenbaki bakarra izango, tokian tokiko zenbakiak baizik. Nork bere herrialde edo eskualdeko zenbakia markatu beharko du deiaren kostua herri barrukoa izango bada. Araban 945196000, Bizkaian 946358050 eta Gipuzkoan 943269000. Nafarroan bi zenbaki daude: Iruñerrian 948367000 eta Tuteran 948817900.
Edonola ere, Jalgi zerbitzarian zerbitzu baliagarri bat ezarri dute norberari dagokion zenbaki zehatza jakiteko. Gure zenbakia jarrita, makinak erantzungo digu zein zenbaki dagokigun.
Informazio gehiago
900 505 055 telefonoan
Berri taldeetan
es.charla.conexión.tarifa-plana
Telefonica
http://www.telefonica.es
Jalgiren zerbitzua
http://www.jalgi.com/infoviaplus.htm
Euskaltel eta tarifa laua
Iragan astelehenean zoriona eta poza zabaldu ziren sarean. Informatica Vasca aldizkariak primizian iragarri zuen Euskaltelek tarifa laua eskainiko zuela urtarrilaren 1etik aurrera. British Telecom-ekin eginiko tratu bati esker, hilero 2.000 pezetaren orde, Interneten zenbatgura denbora ibiltzeko modua izango genuela zioen berriak. Nonbait, baten bat ez zen konturatu abenduak 28 zituela eta amua barruraino irentsi zuen. Berri onegia zen egia izateko, baina internauton arreta erakarri zuen. Ivascatik adierazi digutenez, aldizkariaren webguneak egun horretan 5.000 bisitari baino gehiago izan zituen, sarean dagoen kezkaren adierazgarri.
Informatica Vasca
http://www.ivasca.com
Gartzeletako Oihartzuna
Asteartean prentsaren aurrean aurkeztu zen "Euskal presoen Euskal Herriratzearen aldeko komunikabideetako langileen ekimena", Oihartzuna aldizkaria. "Offline" aurkeztearekin batera, "online" edizioa ere agertu da. Webgunea paperean argitaratzen den aldizkariaren edizio elektronikoa da printzipioz, baina gauza gehiago eransteko asmoa dute egileek, audio eta bideo artxiboak, presoen idatziak, argazkiak eta paperean agertzen ez diren hainbat edukin. Orain arte hedapen mugatua izan du paperezkoak, soilik kazetarien eta presoen artean. Orain ordea mundu osora hel daiteke oihartzun hau.
Oihartzuna
http://www.oihartzuna.net