Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » 2008 » Uztaila

Uztaila, 2008 hilabeteko artxiboa

Ulan Batorrerako bidean

Muxutruk taldea BeogradenHor joan dira Borja Portuondo eta Unai Jauregibeitia, Seat Marbella zaharberrituan, Mongoliarako bidean. Muxutruk taldea osatu dute bizkaitarrek eta Mongol Rally ospetsuan parte hartzen ari dira, bilbo-mongolia da euren bloga. Larunbatean abiatu ziren Madrildik, Ulan Bator dute jomuga eta dagoeneko Turkian daude. Arazo mekanikoren bat izan dute Marbella zaharrarekin eta Istanbulen bi egun eman dituzte geldituta, online jarraipena egiteko instalatuta duten gailuak salatzen duenez.

Sinestezina, Bilbotik Mongoliarako bideanMongol Rally hau ez da Dakar pijoaren moduan auto indartsu eta modernoen lasterketa, esango nuke lehenengoa heltzea ere ez dela garrantzitsuena, erronka, bidea eta bidaia bera baino. Rally xaloa da, helburu benefikoekin sortua, auto zahar eta bitxiekin egiten dena. Arau nagusia 1.000 cc baino gehiagoko kotxea ez izatea da eta, hortaz, auto gehienak zaharrak dira: 2CV, Seat, Renault zaharrak… Auto bitxiak ere badira bidean, aurten gainean Londresko telefono kabina daramana kasu… Aquellos chalados en sus locos cacharros gogoratzen dit honek guztiak.

Lehengusua dut Unai eta badakit zer nolako ilusioa jarri duen proiektu honetan: autoa aurkitu, prestatu, babesle batzuk lortu… Argazkiak bidaltzen ari da egunotan, ahal dutenean, ziber bat topatzen dutenean… Aurretik Iran, Turkmenistan, Uzbekistan, Kazakhstan eta Errusia iragango dituzte, Mongoliara iritsi orduko. Borja zeinUnai, biak telebista kamaralariak dira eta pentsatzen dut erreportaiaren bat osatuko dutela bidean ikusitakoekin, ikusiko ahal dugu!

A, Muxutruk taldea eta beste batzuk nondik dabiltzan jakin nahi izanez gero, helbide honetan sar zaitezkete, erabiltzailea mongolrally08 eta gakoa Mongol08 sartuta.

Iruzkina gehitu Uztailak 26, 2008

10 urte EGIN genuela

Eta bat-batean bera gabe gelditu ginen. Hamar urte igaro dira egun hartatik eta egunotan EGIN zein Egin Irratiaren itxieraren inguruko hainbat aipamen irakurri ahal izan ditut (gehienbat bertoko) komunikabide zenbaitetan. Hala ere, aferak sarean izan zuen oihartzunaz eta sareak emandako erantzunaz ezer gutxi idatzi da orain arte atera diren EGINen itxieraren gaineko kontakizunetan.

Hamar urte dira berriak gosaria mingostu zigun egun hartatik. Bagenbiltzan batzuk Interneten bazterrak nahasten, orain gauden euskaldun koadrilla koxkorra baino, danborrik gabeko lau katu baginen ere. Telefonoak jo zuen etxean, Xabier laguna Andoaindik: “hemen dauzkagu Eginekoak aterpetuta, beste egunkari bat atera nahi dute eta ea Interneten zerbait egin daitekeen”.

Aurrekaririk ez zegoen gurean, baina gogoratu nuen Holandako lagun batzuk zentsuratutako argitalpenei babesa ematen zien contrast.org izeneko zerbitzarian zebiltzala. Arratsalderako ostatua lortua zegoen, baina testuak ez ziren biharamun goizerarte iritsi. Ostegun arratsalderako oinarrizko edizio bat eginda zegoen: aurkibide txiki bat azaleko argazkiarekin eta testuak banaka zerbitzarira igota: “Egin egingo dugu”. Sarean berehala hasi zen hedatzen contrast.org/egin helbidea, baita euskalherria.net-en ezarritako ispilua ere. Hurrengo egunetan milaka bisita jaso zituzten bi helbideok, jendea informazio gose zen, ahotsik gabekoen ahotsa entzun nahi zuten berriro.

Mac Performa motel hartan, HTML orrialdeak banaka Netscape 3.0 gold haren editore xinplearekin editatzen, Quark-etik copy-paste egiten, testuak txukuntzen, modem-a sutan… Hainbat egun joan ziren horrela. Hurrengo astean elkartasun telematikoa hobeto antolatu zen eta Eusneteko lagun batzuek hartu zuten edizioaren lekukoa, euren trebezia informatikoari esker hainbat gauza hobetuz.

Ordura arte Eginek ez zuen webgunerik ukan, hurrik eman ere ez. Are, sarearekiko EGINekoen jarrera ikusita, barre galantak egin zituen hainbatek Salutregi jauna “ETArekin Internet bidez komunikatzen zela” irakurtzean. Baina orduantxe konturatu zen hainbat lagun sarearen garrantziaz, gure territorio libre bakarra… Enpin. Hainbat herritan agerkariaren fotokopiak egin ziren moduan, munduko hainbat bazterretan Euskadi Información webgunekoak inprimatu, fotokopiatu eta banatu egin zituzten. EGIN ez bezala, Alemaniatik, Argentinatik edo Jaenetik irakurri ahal izan zuten interes handiz hainbat lagunek eta hori islatu zen e-posta mezuetan zein sareko newsgroups eztabaidaguneetan. Sarean saltsa polita sortu zela gogoan dut, banaketa faltagatik edo beldurragatik sekula EGIN bat esku artean eduki gabeko lagun askok estreinakoz beste bertsioa eskuratu baizuten etxeko edo lantokiko pantailan.

P.D. Hala ere, Interneten entzundako lehenengo euskal irratia Egin Irratia bera izan zen, itxiera baino lehen Euskal Herria Journal-en (EHJ) webgunean egunero albistegiko titularrak eskegitzen baiziren realaudio formatoan.

2 iruzkin Uztailak 16, 2008


sarean.com

Calendar

Uztaila 2008
A A A O O L I
« Eka   Abu »
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031  

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak