Aste biko oporraldiaren buelta gogorra izan dut Kafe Antzokian, Josetxo Anitua lankidearen derrepenteko galerak harritu eta hunkitu gintuen denok asteazken goizean. Zaila egiten zait ezer idaztea, dagoeneko gauza asko idatzi direnean, baina Josetxo Anitua ikusi nuen azken aldiarekin geratuko naiz. Siniestro Totalen kontzertuko eguna izan zen, Errioxatik lagun batzuk etorri ziren eta, hain zuzen, kontzertu ostean disko jartzailea zelako musika aukera aproposa jartzen ari zen aipatu zidaten. Aurretik beste zenbaiti bezala, harrotasunez erantzun nien Josetxo Anitua zela, Cancer Moon taldeko kantaria izandakoa eta musikaz asko dakien tipo mitikoa zela nabarmendu nuen. Gure Josetxo miresten nuen -miresten dut- eta eragiten zuen miresmen horren zati handia bere izaera bitxiari zor zion.
Atzo funeralean bere harreman sare handi eta anitzaren isla bat ikusi ahal izan zen, eta jendearen ahoetan komentario berdinak: nolakoa zen Josetxo, holakoa, halakoa… Konklusioa: inork ez zuela guztiz ezagutzen Josetxo. Azken finean bera irekia eta era berean erreserbatua zen. Tipo ausarta zela azpimarratuko nuke nik, oso xumea eta lotsatia izanik aurre egiten ziolako lotsa horri eszenatoki gainean katarsi baten bidez bere burua transformatzeko. Sortzailea zen horretan ere Josetxo.
Bart gauean, gauaren erdian Bilbora heltzean, botxoa ikusten zen Egirleta gainetik eta, zeruan, hirira begira zegoen ilargiak ohi baino tamaina handiagoa zuela iruditu zitzaigun…
Apirilak 25, 2008
Blogei buruzko erreportaia atera dute aste honetan ETB1eko Sautrela saioan. Blogen fenomenoa literaturarekiko dituen harremanetatik aztertzen saiatu dira Xabier Gantzarain eta Jon Benito, azalpenekin hiru blogariren adierazpenak tartekatuz. Juan Luis Zabalarenak, Patxi Traperorenak eta neureak sartu dituzte, beste hainbatenak sar zitzaketen bezala. Ohi duten eran, txukun prestatu dute bideoa, baina hitz egindako kontu asko kanpoan geratu dira, telebistan askotan gertatzen den moduan. Hona hemen bideoa:
Apirilak 22, 2008
Soldata igoera lortuta greba amaitu dute Vietnamen fabrika bateko langileek. Bai, orain arte hilean irabazten zituzten 59 dolarrak baino sei dolar gehiago irabaziko dute aurrerantzean Nike markarentzat kirol oinetakoak egiten dituen enpresa horretako langileek. Eurek lau txakur txikiren truke egin eta Nikek mundu osoan saldu, marka ipinita. Orohar, Txinan baino %30 gutxiago kobratzen dute langileek Vietnamen, horregatik azkenaldion hainbat enpresek bertan ezarri dituzte fabrikak. Ez komunismoa, ezta demokrazia burgesa ere: marken produkzio eta kontsumo sistema dugu mundu osoan hedatzea lortu duen botere sistema globala.
Bitartean irakurtzen dugu Nike-ri lekua kendu diola Applek kontsumitzaileen markarik maitatuenen sailkapenean. Ezberdin pentsatzeko eskatzen zigun marka alternatiboa benetan ez pentsatzeko eta kontsumitzeko agindu nahi digun ipotx saltzaile arrunt moduan ageri zaigu orain. Duela urte batzuk marken boterea salatu zuen Naomi Klein kazetariak No Logo liburu bikainean, nola anti, underground eta alternatibo mozorrotzea sistema bera saltzeko amarrua baino ez den… Ea orain egiten duten enpresa gorrotatuenen ranking bat, seguru horko izen asko zerrenda bietan ikusiko baititugu.
Apirilak 10, 2008