Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » 2008 » Martxoa

Martxoa, 2008 hilabeteko artxiboa

Mandela, Gatza, Etxegarai

MandelaSabotaiak antolatzeaz akusatuta 1962ko abuztuaren 5ean atxilotu zutenetik 27 egun, sei hilabete eta sei egun eman zituen Nelson Mandelak espetxean. 1985ean Pieter Botha presidenteak askatasun pertsonala eskaini zion borroka armatuaren eskubideari publikoki uko egitearen truke. Ez zuen amore eman berak eta gartzelan jarraitu zuen beste bost urtez. 1990ko otsailaren 11an askatu zuen azkenik Hego Afrikako afrikaner gobernuak, terroristekin sekula negoziatuko ez zuela esan zuen gobernu berak. Gogoan dut 80etako albistegietan Mandelari buruzko albisteren bat ematen zuten aldiro aspaldiko zuri-beltzezko argazkia erakusten zutela.

GatzaZornotzako Gatza presoak urtarrilaren 14an berdindu zuen Nelson Mandelaren marka eta oraindik barruan dago. Ez dakit zehazki hala den baina honez gero egun Europan gartzelan urte gehien eman dituen presoa dela entzun dut. Bera epaitzeko erabili zuten kode penal zaharraren arabera aspaldi etxean behar zuen, baina Parot doktrina aplikatu ziotenez gero, 30 emateko bidean da eta hemen ez da ezer gertatzen. Bere zuri-beltzezko argazki aldatu gabeak Mandelarena gogoratzen zidan, harik eta berriki modernoagoa den batengatik aldatu duten arte. Alde ederra dago, barruan ere denbora pasatzen den seinale.

pinkiSabotaiak egiteaz akusatuta Plentziako Fernando Etxegarai, Pinki, 1987ko apirilean atxilotu zuten eta aurtengo urtarrilaren 4an askatu, barruan 20 urte eta 8 hilabete eman ostean, gehienak. Doktrina famatua aplikatu zioten beldur zen baina ez zen hori gertatu eta kalera irten ahal izan zuen. Bi hilabetez Bilboko kaleak zapaldu, lagun zaharrak ikusi-ikutu eta gure gizartean izan diren hainbat aldaketa bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu. Bere burua egoera berrian kokatu orduko jaso du zaplastekoa: Madrildik etorri da ostera barrura sartzeko agindua, doktrina famatua ezarrita. Oso gazte nintzela eraman zuten eta ez nuen bera kalean ezagutzeko aukerarik izan, urte batzuk geroago lokutorio bateko kristalaren bidez baino. Azkenik, duela aste batzuk kalean ikusi nuenean artean ez genekien zer etorri behar zitzaion. Duela urte batzuk baino zaharrago ikusi nuen, halabeharrez, baina begirada gaztea nabarmendu nion estrainekoz ikusten zituen hainbat gauzari so egitean, aspaldiko argazkikoa bezain gaztea. Orain, askatasunaren eztiak frogatuta, berriro beste bost bat urtez nahi diote zigorra luzatu, barrura edo sasi artera bultzatu, urte hauen guztien ondoren atsedena ondo merezia zuen amari bakea kendu.

Lehengoan Txillardegik salatzen zuenez, bidegabekeria onartezina da presoekin gertatzen ari dena, baina ez dirudi aurki presoen panorama aldatuko denik. EAJ eta PSOEren arteko negoziazioetan bidegabekeria honen inguruko kexurik ez da azalduko, euskal presoek ez dute atzean nazioarteko presiorik, presoen aldeko manifestazioak sekula baino makalagoak ikusten ditut, Espainian batzuen zein besteen gobernuek nor baino nor gogorrago arituko dira presoekin, gurean ez alderdi abertzaleek ez ETAk ez dirudi presoen egoera hobetzeko ezer egingo dutenik…

Testu hau argitaratzeko nintzela ikusi dut GARAn elkarrizketa egin diotela Pinkiri, bideoa ere badago Youtuben bere adierazpenekin:

Iruzkin 1 Martxoak 30, 2008

Aste Santuan ez da giro

Aste santua Bilbon, berriro ere, katarroarekin eta atertu barik euria bota eta bota, sekulako plana. Aurrekoetan bezalaxe, baina ilunago eta turista gutxiagorekin aurtengoan hala ere. Berriz jasan behar izan ditugu bertoko jatortzat aurkezten dizkiguten nazarenoen prozesioak. Batez ere Palankatik igaro eta ustezko puta zahar batek saetak kantatzen dituenekoa saldu nahi digute erakarpen jatortzat. Ez dut telebistan-eta horren jatortasunari buruzko eztabaidarik entzun, xenofobia hitzari beldurragatik akaso, ezta prozesio hauek frankismoak ezarri zituela aipatzen duenik ere ikusi. Seguraski gerra aurretik zerbait egiten zen, bai, baina Bilbon diren segizio eta kofradia gehienak frankismoarekin hasi ziren, hori egia da.

Kofradiak 40ko urteetan sortu ziren eta, Joseba Zulaika antropologoak Bilbao acabado (PDF) saioko bere artikuluan dioenez, 50etan ahalegin berezia egin zuen elizak ardi galduak berriz kontrolatzeko. Frankismo betean, “misiolarien eremua” bihurtu zen Bilbo ordena erlijiosoen pasio misiolariarentzat. “Misioa” predikariak eliztarren pekatari kontzientziak astintzen zituzten garizuma ostean, astebeteko saio espiritual dramatiko batzuen bidez. Sermoi amaitezin eta deprimenteak botaz eta derrigorrezko aitorpen saioetan bekatuak aitorraraziz, zirenak eta ez zirenak. Zulaikak garai beretsuan “Sevillatik ekarrita Bilbon ezarri ziren segizio barrokoak” aipatzen ditu. Hala kontatu dit 84 urteko izeko batek, Bilbon jasangaitza egiten zen giroa egunotan: taberna gehienak itxita, zine guztiak ere, dekretu bidez. Ondo pasatzeko aukerarik gabe, mezak eta errosarioak biderkatu egiten ziren… Ariketa izpiritualak izeneko jarduera ere bazen, pekatu guztiak aitortu eta lelo atzerakoiak errepikatu behar ziren jardunaldi beldurgarriak… Beste garai batean bizi gara, gaitzerdi. Baina eskerrak bazkoa heldu den.

Iruzkina gehitu Martxoak 26, 2008

Zu non bizi zaren? Ondotxo dakite alderdiek

Zu, non bizi zara?Lehengoan etxera etorri zitzaidan EAJk bidalitako propaganda gutun hau. Edo hobeto publizitatea esan beharko dugu? Ez dakit. Egia esan, aspertuta nengoen publizitate banatzaileek tinbrea jo eta erantzutean “propaganda” zela entzuteaz, gero postontzia zabaltzean Lourdeserako txangoen, MediaMarkten edo audifonoen publizitatea aurkitzeko. Baina akaso hauteskundeetako propagandak gehiago du publizitate komertzialetik… Tira, ez da hori gaur hemen plazaratu nahi dudan gaia. “Zu, non bizi zara?” galdetzen du gutunak, galdera tontoa inondik inora. Izan ere gutunean bertan datorren datua baita, nire izen-abizenak eta helbidea. Datu berberak datozĀ  (aurkeztu ahal izan diren) gainontzeko alderdien gutunetan. Eta horrek zer pentsatua eman dit.

Nondik ateratzen dute alderdiek guri buruzko informazioa? Erroldatik ematen zaie, badakit, baina gero zer erabilera ematen diete informazio horri. Propaganda gutun horietan ez dago datuen babeserako legeari buruzko inolako aipamenik, zilegi da hori? Eta nola funtzionatzen du mekanismoak? Alderdiek zuzenean jasotzen dute errolda euren bidalketak egiteko ala bestelako sistema bat dago? Errolda guztiak jasotzen dituzte ala soilik interbentoreak izango dituzten mahaietakoak? Argi dago datu horiek informatikoki prozesatzen dituztela, baina horretarako baimenduta daude? Aurkezten diren alderdi guztiek jasotzen dituzte datu pertsonal horiek, baita Familia y Vida edo Democracia Nacional bezalakoek ere? Norbaitek hau hobeto ezagutzen badu, galdera hauek hemen erantzuteko eskatzen diot.

3 iruzkin Martxoak 3, 2008


sarean.com

Calendar

Martxoa 2008
A A A O O L I
« Ots   Api »
 12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930
31  

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak