ASUS Eee eta eramangarri nano merkeen etorrera
Izugarri merketu dira ordenagailu eramangarriak azken urteotan, mahaigainekoak bezala, eta Wi-Fi sareen hedapenarekin batera. Ikusgarria da egun aireportuetako itxarongeletan, tabernetan, liburutegietan edo parkeetako jesarlekuetan zenbat lagun ibiltzen diren ordenagailuekin lanean, nabigatzen edo chat berriketan.
Oinarrizko ordenagailu eramangarria 500 euroren truke edo are merkeago eskura dezakegu egun eta, hortik gora, ahalmenaz gain pisua ordaintzen da: zenbat eta arinagoa eta txikiagoa -eramangarriagoa- gehiago ordaintzen da. Horrela, ordenagailu merkeek 3 Kilo inguruko pisua dute eta 1,8 Kilokoa izateagatik askoz gehiago ordaindu behar da. Egia da asko bidaiatzen den langileak eskertzen duela arintasuna baina geltoki, hotel eta aireportuetan ordenagailuarekin dabiltzan gehienak idazten eta posta irakurtzen ibiltzen dira, lanean ezta?
Bada, Varsavskyren blogean irakurri dudanez, horientzako aproposa den jostailua atera berri du ASUSek, subnotebook-en kategoriako azken bitxia. Eee du izena eta ezaugarri erakargarriak ditu ordenagailua lanerako erabiltzen dutenentzat. Sistema eragile moduan Xandros Linux distribuzioa darabil baina Windows XPren bertsio berezi bat ere onartuko omen du aurki. Aurkezpen honetan azaltzen dute momentuz zer egiteko gai den 250 euro inguru kostatzen den ipotxa.
Hemen oraindik salgai ez dagoen Eee honek ilarak eragin ditu AEBetako dendetan, 250 euro horien truke 7 hazbeteko pantaila, 4Gko flash diskoa, 512 MBko RAM, SD txartelentzako konexioa, hiru USB, Ethernet eta Wi-Fi konexioak, webcam-a, audio sarrera-irteerak, bozgorailuak… eta 900 gramoko pisua.
Uste dut beste asko etorriko direla bide honetatik (ez dezagun ahaztu hirugarren mundurako OLPC proiektuaren XO eramangarri merkea) eta laster arlo horretan ere lehia eta prezioen jaitsiera ikusiko dugula, gurean beranduxeago. Bitartean, zerbait oparitu nahi didanak badaki (2008 gabonetarako akaso)…
6 iruzkin Azaroak 25, 2007


