Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » 2007 » Urria » 10

Archive for Urria 10th, 2007

Panda antibirusa? Ez, eskerrik asko

Edo zergatik ordaindu programa txar bategatik (doako) aukera hobeak egonda?

Ordenagailu berria erostean asko erreparatzen diogu abiadurari: zenbat Megahertz, RAM, bira minutuko… Alde handia dago prezioan plaka xumea jarrita AMD Sempron (edo Intel Celeron) xumea dakarren makinaren eta azken prozesagailua dakarren pepinoaren artean (ez ordea hainbeste erabiltzaile gehienok egingo dugun erabilera emanda). Gauza bera plakarekin eta txartel grafikoarekin, ezta? PC City edo MediaMarkt-eko saltzaile maltzurrak abiadurari buruzko datuak ematen dizkigu eta, honetaz gehiegi ez dakigunez, dendatik 1.200 euro gastatuta aterako gara, Pixar estudioetan erabiltzeko moduko makina daukagula.

Saltzailearen abilidadeaz gain, hemen sarritan oharkabean pasatzen den faktore erabakigarria dago jokoan: erosten dugun makina erosten dugula, gerora ezarriko diogun antibirus softwareak erabakiko du noraino mugatu eta motelduko dugun makina horren ahalmena. Sistema eragileak ere baldintzatzen du (esaterako Windows Vistak makinaren memoria eta lan ahalmena XPk baino askoz gehiago jaten du), baina oraingoan antibirusari erreparatuko diogu.

Aukerarik txarrena irudikatzen jarrita, horrelako misil bati Panda Software ezartzea Ferrari bat erosi eta Seat 600 baten gurpilak ipintzea bezalakoa da nire iritziz. Hainbat antibirus probatuta nago eta hori da egiaztatu ahal izan dudana. Virus.gr webguneak egindako sailkapenean Panda 25. lekuan ageri zen, beste batzuk (tartean doako antibirusen bat) askoz hobeto ageri ziren bitartean.

Orduan zergatik erosten du Panda jendeak? Ezjakintasunagatik eta hemengoa delako, punto. Hemengoa izate horrekin nazkatu xamar nago, Euskaltelek bezala hemengo enpresa horiek eskatu bai, atxekimendua eskatzen digute, bandera (ez dakigu zein) harrotzen digute, baina abantailak ez dira inondik ere ikusten… Azkenean gure dual core indartsua kafetera bihurtzen da Panda atzealdean lanean ari delako, arazoak sortzen dira sareetara konektatzeko, hainbat programa erabiltzeko… Ez aipatzeagatik uneoro ageriko zaizkigun ohar intrusibo bezain alferrekoak.

…Eta gainera ederki kobratu egiten digute, bai, hemengoontzat abantaila handirik ez, beraz. Alternatibak badaude ere, ezagunenetako batzuk Panda bezain txarrak dira gutxienez: McAfee, Norton… Fuera! Azterketa gehienetan Kaspersky goian ageri da eta bere erabiltzaileak orokorrean oso pozik daude berarekin. Ez da asko nabaritzen, detekzio mailarik onenak ditu… Dudarik gabe dendetan daudenen artean onena da Kaspersky eta ordainduzkoen artean bera eta Nod32 omen dira onenak.

Doako aukerak hobeto
Baina doako alternatibak ere badaude. Esaterako, gezurra badirudi ere, oraintsu arte AOLk Kasperskyren doako bertsio bat banatzen zuen Active Virus Shield goiburupean. Hori da nik instalatuta daukadana eta, benetan, telebistako konpresa eta tanpoi miragarri horiek bezalakoa da: ez zara instalatuta daukazula konturatzen. Alabaina, Kasperskyrekiko tratua abuztuan hautsi eta McAfee bihurtu da orain AOLk ematen duena. Nahi duenak hor dauka McAfee ordaindu barik eskuratzea, firewall eta guzti.

Baina nik erregalatuta ere ez nuke McAfee erabiliko, beste alternatiba batzuk ere badirelako. Batzuek Antivir darabilte eta AVG beste hainbatek eta, orohar, iritzi onak irakurri ditut hauen gainean, doakoak direla kontutan hartuta. Hala ere, doako antibirusen artean nire aukera une honetan Avast! antibirusa da. Gaztelaniaz edo frantsesez instalatu dezakegu eta ez du makina gehiegi moteltzen. Aurrekoek bezala, eskatzen diguten bakarra e-posta helbide bat da (erregistroko gakoa bidaltzeko) eta, erabilera ez komertziala egingo dugula ziurtatzen badiegu, urtebeteko doako harpidetza izango dugu, eguneraketak-eta arazorik gabe eskuratuz.

Beraz, doako beste zenbait antibirus ere badiren arren (BitDefender ez zitzaidan batere gustatu), nik azken hiru aukera hauek hartuko nituzke kontutan (hirurak probatu ditut, baita aurretik aipatu ditudan guztiak ere). Hala ere, besteen esperientziak ere kontutan hartzekoak direnez, bakoitzak konta dezala berea. (Ohar bedi irakurlea Windows sistemaz ari garela, birusak garatzen diren ur zikinen inguruneaz alegia).รง

Buzzin in my head: Dancing in the moonlight (King Harvest)

11 iruzkin Urriak 10, 2007


sarean.com

Calendar

Urria 2007
A A A O O L I
« Ira   Aza »
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
293031  

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak