Lehengoan elkarrizketa egin genion irratia.com-en Ana Courier avatar-ari, bere bigarren bizitzako ibileren inguruan. Bada, igandean bertan beti interesgarria izaten den Mundo.hoy saioan Second Life izan zuten hizpide. Nik USB bidezko TDT deskodetzaile erosi berriak nola grabatzen duen probatu eta gero, esperimentua egin dut flash videora pasatzeko eta hemen duzue emaitza.
Gigabyte bateko bideoa Riva FLV Encoder programatik pasatu dut, 360 Kbps-era kodifikatuz. Emaitza 156 MBeko artxiboa da, astuna baina FTP bidez igotzeko modukoa. Ondoren, Wordpressen, nire hostingak automatikoki instalatu didan WP-FLV plugina erabiliz txertatu dut hemen 400×300 neurrian. Ikusteko banda zabala ezinbestekoa da, baina akaso 160 Kbps-era jarrita ere ondo ikusiko litzateke, probak egitea izango da kontua…
Ekainak 19, 2007
Harrituta utzi nau. Aspalditik mac erabiltzaileak garenok (eta aspaldi mac-eroak ginenok), Steve Jobs-en figura ezagutzen dugu, Macintosh-en Think different pentsamoldearen bultzagilea. Urte askoan Gates Goliath-aren aurka borrokatu den David interesgarriagoa, alternatiboagoa, inteligenteagoa, cool-agoa… Berak sortutako Apple konpainiatik bota zuten eta handik urte batzutara berriro bueltatu zen (ikus duela 10 urteko erreportaia), iMac-a besapean, sorkuntzaz eta imaginazioaz ezer ez zekiten exekutiboek galbidean jarritako enpresa salbatzera. Bitartean Pixar estudioak sortuak zituen eta gerora, iPod-iTunes arrakastatsuaz gain hainbat mugimendu eraginkor eta itun bitxi egin ditu, Apple egonkortasunera eramanez. Sortzaile eta kudeatzaile arrakastatsua dela erakutsi du.
Baina Stanford-eko ikasleen aurrean egindako berbaldi honetan Jobs-ek bere bizitzako hainbat xehetasun kontatzen ditu. Amak abandonatu zuen jaio berritan, sekula ez zituen ikasketak burutu… Pertsona ezagutuko dugu eta nola bere bizitzan egindako hainbat hautuk eragina izan duten gerora…
Bigarren zatia gero…
Ekainak 15, 2007
Aipatu nuen hemen Luistxok salatutakoa, Word-en “zuzentzaileak” Donostia zuzendu eta donosita bihurtzen duela, gaztelaniaren corpusean dagoen hitz donosoa bilakatzen du… Baina, Word-en eraginez ez bada, zer demontre pintatzen du Bilboa izeneko hiri batek hain sarri Googlen?
Ekainak 13, 2007
Astearte goizaz gero ez da beste gairik albistegietan. Jendearen arteko elkarrizketetan, ordea, gaurko bentilatuta somatu dut su-etenaren etenaren gaia. Denok aurreikusi dugu hemen, ETAk hainbat abisu emanak baizituen, Barajasekoa tartean. Otegik ere lehengo larunbatean bukatutzat eman zuen prozesua, ezker abertzalea bakarrik mahaian eserita aspaldi, Godoten esperoan… Esanguratsua da, bai, Zaldieroaren tira hau etenaren iragarpenaren egun berean atera izana. Orain elkarri erruak leporatzearen erretorika egozentriko guztia jasan behar dugu telebistan-eta, baina inor ez da hau bideratzearen inguruan mintzatzen une honetan.
Bitartean, jendartean gure asuntuarekiko gero eta oskol gogorragoa hazten doa. Euskaldunen artean ere sentipen ezberdinak sumatu ditut aurreko su-eten eta elkarrizketa prozesuekiko. 1998an poza eta esperantza, apurketan atsekabea. Iazko martxoan ustegabeko edozein albiste on hartzen den moduan hartu genuen su-etena, aparteko algararik gabe. Oraingo apurketarekin etsipena da inguruko jendearengan (eta neure buruarengan) somatu dudan sentsazio, resignazio katoliko modukoa.
Azken finean ETAk erabakia zuen borroka armatua uztea, hori duintasunez egiteko bidea eskatzen zuen soilik eta, bidea ukatu diotenez, behartu dute bere diskurtsoarekin koherentea izanik armak berriro hartzera. Bai, errua Zapaterorena da, bere kalkulu politikoen arabera ezin baitu ezer negoziatu Espainiako gobernua galdu nahi ez badu… Baina erantzukizuna ez da bakarrik Zapaterorena, eta erantzukizunez jokatzea denoi zegokigun. Alderdi politikoek euren interesak eta kalkuluak jarri dituzte aurretik, ANV alderdi txiki eta historikoa ezezik, asko arriskatuz esku bat bota nahi izan baitio prozesuari eta Batasunari, aintzina egin zuen moduan alderdiaren aurretik herria jarriz.
Zer gertatuko da honen ondorioz? Bada, hau ez da Bill Murrayren filmeko marmotaren zikloa bezalakoa eta, igarlearena egiten, hainbat ondorio handi eta txiki izango ditu, ez baita berriro hasierako laukira bueltatze hutsa. Ondorioak era askotakoak izan daitezke, norbaitek Sustatun apuntatu dituenak eta gehiago: Nafarroan eskumako gobernua berriro ezartzea, Bizkaiko hainbat herritako udaletan beste lau edo zortzi urtez ezkerreko oposiziorik gabe hirigintza arloko gehiekikeriak jarraitzea, Araban espainolistak boterean jarraitzea, Espainiako gobernuan berriro PPk agintea eskuratzea… Eta ondorioak euskalgintzaren aurkako operazioak, komunikabideak ixtea, politikariak gartzelaratzea, presoak gartzelan beste hainbat urtez itxaropenik gabe geratzea…
Ekintza armatuak berriro hasiko direla eta, bistan da, horrek ez dituela izutzen espainiako segurtasun indarrak. Youtubeko bideo batean itxura militaristako gazte batzuek egiten duten arma erakustaldia kezkagarriagoa da niretzat edo Alec Reid-entzat (ikus Argiako elkarrizketa), baina ez PPko bihar-etziko gobernuarentzat. Borroka armatua tresna moduan erabiltzearen garaia igaro da. Egun ETAren esistentzia bera ezer ez egiteko aitzakia baizik ez da Espainiako gobernuentzat, eta ETAren ekintza baldarrak PPren propaganda bulegorik onena. Hiruzpalau komando prestatuta gauza handiak egingo dituen espejismoa berehala atxiloketak eta preso gehiago bihurtuko dira, frogatuta baitago operatibitate militarra oso murritza duela horrelako hiri gerrilla batek gaur eta hemen. Espainiarentzat noizean behin odol apur bat botatzen duen ultzera txikia da ETA; euskaldunekin ezer ez negoziatzeko aitzakia handia ere, bestalde.
Eta non geratzen dira, testuinguru honetan, Milakabilaka bezalako ekimenak? Imanol Muruak idatzi duen moduan, elkarrizketa, bakea eta errespetua eskatu dugunok, ANVri prozesuaren alde eskatutako botoa eman dugunok ez ote dugu agindutakoa merezi? ANVk berak ez zuen datorkion marroia baizik beste ostertz bat merezi? Non geratzen gara herritarrok? Gogoa gure asuntua baztertu eta beste hainbat gauzetara dedikatzeko ematen du. Etsipena eta indiferentzia, datozen hauteskundeetan alderdirik bozkatuenak izango direla dirudi. Nork bueltatuko digu orain itxaropena?
Buzzin in my head: Desperado (Amparanoia).
Ekainak 7, 2007