XIV. edizioa jada, sinistu behar gero! Lehengo larunbatean Sopelan izan nintzen, urtero bertako Nikola euskaltegiak antolatzen duen esaera zaharren lehiaketan. Aurretik hiru aldiz egonda nengoen, baina urte batzuk joan barik eman ostean, aurten bueltatzea erabaki nuen… Ez nintzen damutu. Giroa benetan aparta izan zen egun osoan, bai goizeko poteo-kanporaketan, baita bazkalosteko finalean ere.
Ezagutzen ez duenarentzat lehiaketaren dinamika azaldu behar da. Parte hartzaileek lau laguneko taldeetan aurkezten dira. Aldez aurretik taldeak lehiaketan sartuko diren 100 esaera zaharren zerrenda buruz ikasi behar dute irabazi nahi baldin badute behintzat. Goizeko kanporaketan hainbat talderen artean ibilbide jakin bat egiten dute Sopelako tabernetatik, bertsolari bat gidari dutela. Aurten 25 talde izan dira, bosna taldeko bost ibilbidetan banaturik.
Taberna bakoitzera heldutakoan, bertsolariak bertsoa (jarria) kantatzen du eta, txandaka, taldeek aukera izango dute bertsoak gogora ekarri nahi duen esaera zein den asmatzeko, baita besteek huts egindako txanden erreboteak asmatzeko ere. Tira, askoz hobeto azaltzen du kontua Bilbo Hiria irratiko Mieltxo Monfortek egindako erreportajeak. Nik argazki batzuk eskegi ditut Flickr-en. Pare bat bideo ere ekarri ditut…
…Lehenengoa lehiaketaren dinamika nolakoa den ikusteko:
Gero ikastolan, bazkalostean, bertsolariak aritu ziren. Hona hemen Xabi Paya mundiala eta bere ateraldietako bat:
Bistan denez, oso giro ona izan zen egun osoan, beti bezala, eta ideia hedatuz joan da. Dagoeneko Mungian eta beste hainbat lekutan honen antzeko lehiaketak antolatzen dituzte. Badakizue, datorren urterako plan polita izan daiteke Sopelakoa, pixkat ikasi ostean.
Martxoak 23, 2007
Ederra, gozagarria iruditu zitzaidan barikuan Bilbon Ruper Ordorikak eskainitako emanaldia. Memoriaren mapan diskoaren zuzeneko emanaldiak formato xume eta akustikoan, mugalariekin baino, Jon Piris kontrabaxu jotzailearen laguntza hutsarekin egiten ari da oñatiarra. Duela pare bat urte egin zuen formato honen aurrerapen modukoa Bilboko Kafe Antzokian bertan, entzule gutxi batzurentzat, baina ostiralean areto handian eta 250 bat lagunen aurrean egin zuen. Kontzertuaren argazki pare bat eskegi ditut Flickr-en eta nire Lumix berriarekin ateratako Hondartza galduan kantaren bideo zati hau ere Youtubera ere igo dut, baina desfase bat sortu du Youtubek irudien eta soinuen artean. Hemengo flash player-arekin, berriz, soinua irudiekin batera doa arazorik gabe.
Martxoak 18, 2007
Sareari esker jakin dut martxoaren 8aren ustezko abiapuntu historikoa ez dela benetakoa. Fabrika batean baldintza txarretan zeuden emakume asko hil ziren New Yorken, baina beste data batean izan zen eta lehenagotik aldarrikatzen zuten emakume sozialistek emakumearen egun bat AEBetan. Martxoaren 8a 1914an aukeratu zen estrainekoz, gerraren aurka protesta egiteko. Dena dela, emakume askorentzat ezezaguna eta garrantzirik gabea da egunaren jatorriaren auzia, baita haren edukiaren gehiena, egun euren erara ospatzen baitute. “Enpresariek putetxeak betetzen dituzte maiatzaren lehenean” zioen Morauk, “Marujek jatetxeak betetzen dituzte martxoaren 8an” diot nik, askorentzat horretara mugatzen baita aldarrikapen eguna. Asko dago oraindik aldatzeko, emakume askoren buruetan bai, baita beste hainbat arlotan ere. Esaterako euskarazko esaera zaharren bilduman emakumearen inguruko euskaldunon pentsaera atabikoaren erakusgarri eder batzuk aurkituko ditugu.
Egunero Gotzon Garatek bildutako refranero ospetsuan murgiltzen naiz lanean, egunean-egunean esaera bat aukeratu behar baitugu, menuaren apaingarri moduan. Egun seinalatuetan ahalegintzen gara egun horri dagokion esaeraren bat bilatzen. Eta lehengoan emakumeen aldeko esaera baten bila abiatu nintzelarik konturatu nintzen zein misoginoa den euskaldunon esaera bilduma tradizionala. Asko dira emakume edo andreak aipatzen dituzten esaerak, ez pentsa. Baina ia denek gizonezko matxisten ikuspuntua islatzen dute. Ordu erdiz emakumeen aldeko esaera bakar bat ere aurkitu ezinik, amore eman eta bestelako gai baten gainekoa aukeratu nuen. Hala ere, ikus dezazuen nolakoa den, gure esaeren bildumako erakusgarri ttxiki-ttxiki bat ekarriko dut lerrootara. Bere benetako dimentsioa ikusteko, bildumara jo eta andre edo emakume hitzak bilatu… Susmoa dut behinolako matriarkadoarena ere gure buruak (edo arbasoenak) zuritzeko asmatutako ipuina ez ote den.
Astoa eta emakumea ez zaizkio iñori uzten.
Apaindurik, emakume itsusirik ez.
Ardoaren eta emakumeen mende dagoena gaizki.
Ahuntza, astoa ta emakumea ez ditu iñork teman autsiko.
Aza berriz berotua eta emakumea berriz ezkondua, berdintsu.
Emakume bat etxerako gutxitxo ta bi geitxo.
Emakume edarra, etxe galgarri.
Akatsik gabe ez mandorik ez emakumerik.
Emakumea eta gezurra egun berean jaio ziren.
Emakumea eta zartagia sukaldean.
Emakumeak gobernatzen duan etxia ta oilluak gobernatzen duan baratza berdiñak.
Emakumeak illia sobran ta garunak faltan.
Emakumearen negarra ta arratoi-txakurraren errena berdin.
Emakumeari esandako sekretua ez da sekretua.
Emakumeari eta lapurrari okasiorik ez ipini.
Emakumeekin orga bat pazentzia behar da.
Gerritik be(he)ra ez da emakume zaharrik.
Lumak pisurik ez, emakumeak zentzurik ez.
Kontuz mandoarekin atzetik, zakurrarekin aurretik eta emakumearekin alde guztietatik.
Andrearen indarra, titiak eta negarra.
Andrea ta astoa temosoak.
Andrea soloi, hurdea basoi.
Andre itsusia, urreak edertu.
Andre ederra, etxean gerra.
Andre bi eskatz (eskaratz, sukalde) baten txarto.
Andre barritsuek, sarri baztarrak loi.
(…)
Buzzin in my head: Redemption Song (Bob Marley) Johnny Cash eta Joe Strummer-ek kantatua.
Martxoak 10, 2007