Oleguer eta zapatagileen erretorika ustela
Futbola, ditxosozko futbola… Gizarte honetako opioarekiko distantzia mantendu nahi izan arren, noizean behin heltzen zaizu baloikadaren bat aurpegira, gutxien espero duzunean gainera. Gero eta irmoagoa da ene baitan hura debekatu eta kirolen zerrendatik kendu beharko luketen sinismena. Lehia zikina, deportibitate eza, vedettismoa, oroz gainetik irabazi beharra… Eta guztiaren atzean dirua, dirua eta dirua, kopuru iraingarri eta lotsagabeetan dirua. Kirolik ustelena kendu eta haren ordez rugbya jarri beharko luketela errege, horixe diot nik, gero eta ozenago. Horregatik benetan harritzen nau futbolari bat ganorazko gauzak esaten eta idazten ikusteak.
Ez nuen Oleguer Presas futbolaria ezagutzen, lehengoan Berrian Fede ona izeneko haren artikulua irakurri nuen arte. Iñaki De Juana askatzearen alde mintzo zen bertan, argudioak eman zituen hura gartzelan atxikitzea bidegabekeria dela azaltzeko. Albistegien kirol tartean betiko adierazpen hutsalak entzuten ohituta egonik, futbolari batengan ezohikoa den erretorika ordenatua agertzen zuen idatziz… Orduan gogoratu nuen Fermin Muguruzak argazkia atera zuela berriki Ronaldinho eta beste futbolari batekin… Bai, bera zen. Wikipediak datu gehiago eman dizkigu ezohiko futbolari honen gainean: katalanista, globalizazioaren aurkakoa, irakurlea, inteligentea (gurean ordea Yeste estilokoak dira nagusi: argudiorik inteligenteena galtzontziloak erakustea)…
Gerora, Bartzelonako euskal etxearen blogean irakurri dut Kelme enpresak harekin zuen kontratua bertan behera utzi duela artikulu harengatik. Kirol oinetakoak saltzen dituen enpresak berak esan du adierazpen horiek eragin dutela Kelmek kontratua haustea eta, ondoren, prentsa oharrean zera diote, hitzez hitz:
“Los responsables de la empresa deportiva abogan por la defensa de los derechos de libertad de expresión y libre pensamiento. Sin embargo, la vinculación de Kelme con el jugador se basaba en criterios única y exclusivamente deportivos, por lo que se tomó la decisión de rescindir la relación contractual unilateralmente”.
Logika guztia apurtzen duen falazia dugu hau: Beraz, harremana soilik kirol arloan egonik eta, gainera, enpresak iritzi eta adierazpen askatasuna errespetatzen duela adierazita, kontratua hausten dute kirol arloarekin zerikusirik ez duten adierazpen batzuengatik. Norbaitek ulertzen du? Silogismoa ez, baina esan nahi dutena bai, ezta? Ez, ez gara idiotak, erdaraz ere badakigu. Eta espainiako zapatagileen erretorika ustela dela aspaldi ikasia dugu.
Buzzin’ in my head: Santa Maradona (Mano Negra)
3 iruzkin Otsailak 24, 2007
Katixak pasatu dit meme edo
Bost urtean behin klima aldaketaren zantzuak bilduz egiten duten


