Urtarrila, 2007 hilabeteko artxiboa
Lehengoan Gotzon Uribe lagunak elkarrizketa egin zidan Deiako Ortzadar gehigarriarentzako, irratia.com dela eta. Irratiak, blogak, sarea eta nire ohiko aldarrikapenak izan genituen hizpide. Argiaren Harian agertu zen aipamena baina Interneteko edizio irekian agertu ez zenez, hona dakartzat galdera-erantzunok. Interesa bai baina Deia irakurtzerik izan ez zuenarentzat, nik botatakoen gainean iruzkinik egin nahi duenarentzat… A, eta bai, nik “Internet” behar bezala idatzi nuen, letra larria hasieran (norbaitek zuzenduko zuen gerora).
Jabi Zabala: “Internautak eragilea izan behar du”
irratia.com euskaraz eginiko lehen irrati digitala sortu zuen orain dela zazpi urte Patxi Gaztelumendirekin batera
Testua: Gotzon Uribe
2000ko domusantu egunez abiatu zen irratia.com proiektua. Nagusiki musika kanalak entzuteko aukera ematen zuen webgunea zen. 2001ean Sareko Argia lortu zuten, ekarpen berritzailea egiten zuen euskarria zelako. Teknologia berrien arloan euskararen egoera tamalgarriari buelta emateko eta irratigintza digitalizatzeko bultzada emateko asmoz eratutako proiektua da. Zazpi urte bete ditu.
Zuena irrati digitala da. Norbaitek benetan entzuten al ditu Internet bidezko irratiak?
Noski, jendeak Interneten bidezko irratiak entzuten ditu baina, uhinen bidezko irratietan bezala, badira entzule gehiago edo gutxiago dituztenak. Gure helburua ahalik eta entzule gehien izatea balitz ez genuke euskaraz egingo. Gure komunitate txikian eragitea da gure asmoa, euskal sarean ekarpen teknofiloa egitea.
Euskeraz eginiko lehen irrati digitala izan zela zuena. Nola ikusten duzue zuen bilakaera?
Bai, 2000ko azaroan hasi ginen zuzeneko irratsaio bat egiten, zazpi musika kanalekin eta hainbat ekitaldi zuzenean emitituz. Irrati birtuala zen gurea, ez Interneten bidezkoa zelako, benetako egoitza fisikorik ez geneukalako baizik. Gainerakoan benetakoa zen guztiz. Duela bi urte kontzeptua erabat aldatu genuen: Musika kanalak desagertu ziren, webgunea blog sistema bihurtu eta irratsaioa bihurtu zen irratia.com, asteartero Bilbo Hiria irratian emititzen dena. Sarean agertuz joan diren baliabide berriak berehala bereganatu ditugu gure lana hobeto eta errazago egiteko. Unean uneko baliabide merkeak eta eskuragarriak erabili ditugu beti, euskal irratiak eta beste internautak animatzeko, gauza asko egin daitezkeela erakutsi nahian.
Gaur egun teknología berriei esker edozeinek egin dezake irratsaio bat bere etxetik. Hau kazetaritza digitalaren hoberako edo txarrerako al da? Agian nolabaiteko galbaheak jarri beharko dira entzulegoa ez despistatzeko…
Onerako, dudarik gabe. Argitalpenen demokratizazioa gertatu da Internet, blogak, i-rratiak eta sareko telebistak agertzearekin batera. Gaur egun edonork egin dezake irratsaio bat bere logelatik, baina hori tresnen demokratizazioa da. Kalitatearena honekin nahastea eta baheak eskatzea eztabaida faltsua sortzea da. Eztabaida hau planteatu da berdin blogen kasuan eta beti ohiko hedabideetatik atera dira karnetak edo baimenak ezartzearen aldeko iritziak. Astakeria galanta da adierazpide tradizionalak aldarrikatuta besteak mugatu nahi izatea. Beti bezala, tresnak eta edukiak nahastetik dator hori: badira kazetaritza blog bikainak baita antikazetaritza egiten dutenak ere, konfidentzialak-eta. Bestaldean, errotatibak eta paperak ez dute bermatzen edukia kazetaritza denik.
Edukietan, idazketan eta gaien tratamenduan dago kazetaritza. Hainbat agerkari eta telebista ospetsutan kazetaritza barik zaborra egin ohi dute egun baina kazetaritzat jotzen dute euren burua, telebista batean egoteagatik-edo. Aitzitik, sarean bere kabuz idazten ospea lortu duen kazetariak berak bakarrik irabazi du ospe hori, editore baten babesik gabe.
Blogosferan ere bazabiltzate aspaldidanik. Euskal blogosfera delakoa benetakoa al da? Orain urtebete martxan zeuden blog ugari gaur egun eguneratu gabe daude…
Bai, euskarazko blogosfera sortu eta ikaragarri hazi da azken urteotan. Blogariak iritzi eta albiste iturri dira, batzuetan interesgarriagoak eta kualifikatuak, besteetan ez hainbeste. Baina bizitasuna eta komunikatzeko grina duen multzoa gara, gure arteko saretxoak ditugu eta harremanetarako tresnak: Zabaldu, Sustatu, Aurki… Komunikazio, pentsamendu eta arrazoitze gaitasuna duen indar handia biltzen ari da euskal blogosferan. Kopuruz ere, Euskal Herriko talde editorialik handienetakoa izango da euskal blogosfera. Gero, normala denez, batzuk desagertu edo gelditzen dira, baina halako hiru sortzen dira gero.
Irratia.com. Teknologia berriak eta musika. Zer bilatzen duzue?
Bada entzun barik gure saioa ordenagailuei buruzkoa dela uste duenik, baina entzundakoan iritziz aldatzen dute: gizarte gaiak jorratzen ditugu eta oso musika ona ipintzen dute Ibon Burgoa eta Ekaitz Hernandez gure teknikariek, oso zeregin garrantzitsua dute irratia.com-en. Edukietan zentratzen gara, euskarazko edukietan batik bat.
Ordenagailuak ez, baina Internet bai izaten dugu hizpide, bertan eztabaidatzen direnak eta baliabide berriak ere. Batez ere 2.0 aro honetako baliabide berri eta interesgarrien alde mintzatzen gara (Flickr, zabaldu.com, Google, Youtube). Eragiteko balio duten aukerak azpimarratzen ditugu beti, Internautak irakurle pasiboa edo erabiltzaile hutsa baino, eragile izan behar duelako. Edukiei buruz, berriz, saiatzen gara entzuleentzat erreferentzia interesgarriak biltzen, blogek egiten duten bahe lanaren antzekoa egiten.
Egun Bilbo Hiria Irratiaren programazioaren barruan emititzen duzue astearte arratsaldetan 6etatik 7etara.
Zuzenean egiten dugu ordu horretan eta Bilbo inguruan FMko 96.0an entzun daiteke, baita sarean ere, bilbohiria.com-en zuzeneko seinalean. Baina zuzenean entzuterik ez duenak badaki beste edozein momentutan irratsaioak entzun edo eskuratzeko aukera duela irratia.com irrati-blogean.
Eskuragarritasun hori podcast delakoaren bidez egiten duzue. Zertan datza?
Podcast egiten dugu, beraz, oso erraza da irratia.com saioak jaitsi eta gero metroan edo kalean entzutea… Nork ez dauka gaur MP3 jogailu horietako bat? Duela bi urte kontzeptua aldatu geneuenean pentsatu genuen irratsaio bakoitzeko testu bat sortzea blogean eta bertan saio horretako MP3 artxiborako lotura jartzea. Artean ez genekien horri “podcast” esaten zitzaionik. Funtsean hori da podcast, baina prozesua automatizatu egiten dute iTunes moduko programek: gure irratsaioa automatikoki iPod-era edo ordenagailura jaitsi daiteke, geroago entzuteko.
Zuretzat, honekin lotuta, zein izan beharko luke Internet eta euskal munduari loturiko hurrengo bilakaera?
Bilakaera kualitatiboa izango da nagusiki, asko baitago oraindik aldatzeko. Euskal sektore jatorzale teknofoboak gero eta indar gutxiago du baina galga asko daude gure artean: korporatibismoak, subentzionitisak, hedabide tradizionalak… Interneten garapenaren kontra. Aldeko indarrak, berriz, internautak eurak ari dira ipintzen: Sustatu, zabaldu.com, blogari.net , blogak.com
Azken audientza neurtzaileek diote Euskal Herrian irratia gero eta jende gutxiagok entzuten duela. Zergatik izan daitekela uste duzue?
Ez dakit. Sareko irratiak lehen baino lagun gehiagok entzuten dituzte behintzat.
Nola ikusten duzue gaur egungo Euskal Herriko irratien osasuna?
Euskal irratiak, irrati komunitarioak, irrati txikiak dira gehienbat. Denetariko egoerak daude, baina badira elkarlan adibide esanguratsuak, Iparraldeko euskal irratiena kasu (Irulegiko Irratia, Gure Irratia, Xiberoko Botza).
Musika aipatu dugu. Gauza jakina da jendeak bere gustoko gauzak entzun nahi dituela. Espezializazioa al da bidea?
Ez dut uste derrigorrez musika irratietan bide egokia espezializazioa izango denik. Denetariko musika ona jartzea akaso ere ez, jende gehienak ez baitu musika ona bilatzen, radioformulak duen arrakasta ikusita… Baina zuk uste duzu hori bilatu behar duela euskal irrati batek? Azkenean arrakastatsuena ez da izango masentzako irrati bat, norbere neurrira egindakoa baizik. Internetek aurki aukera emango digu gure gustoen araberako musika emango digun aukera edo musika kanala osatzeko.
Internet bidez hizkuntza eta leku ezberdinetako irratiak entzuteko aukera dago; baina kopuruz, gure artean jendeak entzuten al ditu?
Momentuz jende gutxik entzuten ditu Internet bidezko irratiak, jendeak ez baitu ordenagailua irrati moduan erabiltzeko ohiturarik. Baina apurka-apurka egin beharreko kontua da.
Urtarrilak 20, 2007
¿Porque luchamos? goiburua du gaztelaniara itzulita La2-ek iaz eman zuen erreportaia interesgarriak. Google bideoetan aurkitu dut Why we fight dokumental hau. AEBek euren inperio globalaren indarra armadaren bidez bermatuta, zapalkuntzan oinarritzen duten bitartean, bertako jendeak barrutik euren inperialismoaz duten ikuspegi murritza eta erabat itxuraldatuaz jarduten du lan honek.
Amerikar gerra makinaren azterketa bikaina egiten du eta azken 50 urteotan yankien interbentzio militarren bilana. Finean azaltzen den galdera zera da: zergatik jendeak jendearentzako sortutako nazio berri eta demokratikoa zena bilakatu den munduko jendarmea, bere biziraupena etengabeko gerra egoera baten menpe ezarri duen sistema ekonomikoa eratuta.
Chomskyren Hegemony or Survival liburua gogorarazi dit erreportaiak, bai, Hugo Chavezek NBEren asanbladaren aurrean gomendatutako liburua (izugarrizko gorakada izan du geroztik salmentetan). Bertan AEBen kanpo politika aztertzen da, II. Mundu Gerratik inbasio osteko Irak-eraino, inperioaren benetako zio politiko, militar eta ekonomikoak azaleratuz; euren jarduna teorian AEBek defendatzen duen demokrazia, bake prozesua, merkataritza librea eta giza eskubideen aldeko diskurtsoarekin kontrajarriz.
Baina hainbeste aholkulariren artean zehaztutako estrategia militarista horrek erdietsi nahi duenaren kontrako eragina izan du askotan: lehenago Vietnamen edo Kuban, berriki Somalian edo Iraken frogatu izan den moduan, estrategia inperialista zapaltzaile horrekin aurkariak baizik ez ditu irabazi Osaba Sam-ek, Rebelion-en argitaratutako azterketa honek erakusten duenez.
Bideo erreportaia zein liburua interesgarriak dira oso, baina hemen behintzat erreportaia ikus dezakegu osorik. Banda zabala eta denbora behar da berau ikusteko baina merezi du. On egin (handiago ikusi).
Buzzin’ in my head: Hamburger fields (Mano Negra).
Urtarrilak 15, 2007
Euskaltel-Orange gatazka azken txanpan sartzen ari da egunotan. Hainbat lekutan aipatu da afera eta nik ez dut hemen berriro azalduko. Nire kasua azalduko dut, zergatik moskeatu naizen Euskaltelekin eta azkenean Orange zergatik aukeratu dudan. Ez, nik ez dut Laisekaren moduan negarrik egingo, berak bai, arrazoiak ditu negarrerako Euskaltel uzteagatik. Aitzitik, ni pozik nago Orangekoek oparitu didaten telefonoarekin.
Kokoteraino nago Euskaltelekoak hemengoak diren argudio hutsalarekin, baina hala ere, Laisekak bezala, nik ere Euskaltelekin geratu nahi nuen printzipioz, hainbat urtez euren bezeroa izanda. Hala, Euskaltelen dendara joan nintzen gabonetan (birritan) eta benetan atsekabetuta geratu nintzen, hurrengo 18 hilabeteotarako sinatzearen truke inolako eskaintzarik egiten ez zidatela entzunda. Are, erdi hilda neukan mugikorra beste bategatik ordezkatzeko 140 euro ordaindu behar nituela esan zidaten. Gainera, norberak SIM txartela aldatzearen molestia hartu behar duenean, horrek dakarren arriskuarekin. Etxeko finkoa eurekin edukitzearekin lotzen dituzte abantailak eta hori estrategia okerra dela uste dut, beste konpainiek ez baitizute eskatzen finkoa eurekin edukitzea.
Orangek eskaintza ausartak egin dizkigu Euskalteleko bezerooi: Euskaltelen geneuzkan kontratu eta tarifak mantenduta, azken belaunaldiko 3G mugikor bat doan eta hitz egindako minutuen fakturazioan %50ko deskontua Euskalteletik Orangera igaroz gero. Ahalegin handia egiten duela nabarmendu behar da, deskontuarena inon idatziz ageri ez bada ere.
Euskaltelek, bestalde, bere erasoa publizitate bidezkoa izatea erabaki du, ez eskaintzen bidezkoa. Eta horrela bonbardaketa jarri du abian telebistan eta prentsan: Amama batek 3G bat eman diotela (nola lortuko zuen?) edo aspaldiko lagun batek tximeletak gustatzen zaizikola… Julio Ibarra, Argiñano sukaldaria, Olaizola pilotaria, mendizaleak… Basko guzti hauek diote zalantzarik gabe Euskaltelekin sinatzeko. Abantailei buruz inork ez du hitz egiten… Akaso eurei bost axola zaie prezioak lehiakideenak baino garestiagoak izatea. Niri ez.
Altura honetan esango didate hemengoa izateko Euskaltelekoa behar dudala izan… Gainera nik ez du hemengoa izan nahi, nik euskalduna nahi dut izan. Eta Euskaltelek baskotasuna besterik ez du saltzen. Fibra baskoa ikutu nahiaren adibide gorena dugu mutil batek zera esaten duen iragarkia: “yo antes no era de Euskaltel, pero he visto la que se ha montao y he dicho: pues ahora me hago de Euskaltel (…) Boga boooogaaa, mariñelaaaa”. Lotsagarria eta topikoz betetako kanpainia.
Euzkeldun zintzo, zindo ta garbijan moduan Euskaltelen lotu gaitezen nahi duten horiek, txakur txiki bat ere ez dute gastatu azken urteotan euskal prentsan eta euskalgintzako ekimenak babesten. Orain bai, ezohiko egoera honetan kanpainia egiteko orrialde beteko iragarki batzuk ikusi dira egunotan Berrian-eta. Gaitzerdi. Gainerakoan eta, egoera normalera bueltatuta, ikusiko dugu.
Ez dut espero Orangerekiko harremanetan euskara erabiltzeko aukerarik izatea, ez, baina Euskaltelena fatxada hutsa da, call center-eko fulanita naiz, en que puedo ayudarle-tik askoz haratago ez doana. Kontu teknikoren bat izan dudanero Cervantesen hizkuntza erabiltzen amaitu behar izan dut Zamudioko baskoekin.
Errematerako, gabonen aurretik dei bat jaso nuen:
Señor Zabala? Soy Ainara de Euskaltel, y le llamo para decirle que ho hagan caso a los mensajes que está mandando Orange, una compañia francesa (zergatik hainbeste insistzentzia besteak frantziarrak direla? Telefonicakoak Espainiarrak direla ez dute inoiz argudio moduan erabili). Jakinminak jota ea Euskaltelek behin-behineko kontratuan hartua zen galdetu nion, Orangeri aurre egiteko antolatutako migralarien superkanpainia garestiaz zerbait entzuna nuen.
“Yo eso no se lo puedo decir, solo le digo que soy Ainara de Euskaltel”, haren arrapostua. Orduan esan nik Euskaltelekiko tratu guztia euskaraz egiten nuela esan nion. Bere erantzuna zakarra izan zen:
“Ez dakit euskaraz hitz egitea (sic). Agur” (eskegi zidan).
Bada, nik ere eskegitzen diot telefonoa Euzkalteli. 18 hilabete emango dizkiot ganorazko zerbait eskaintzeko. Bitartean: Agur, Euzkaltel. Un saludo en JEL…
Buzzin in my head: Tximeleta maitea (Joselu Anaiak).
Urtarrilak 11, 2007
Azken urteotan ETAren erabaki eta ekintza bakarrarekin bat etorri naiz: su-etenarekin. Gainerakoan bere estrategia eta ekintza gehienak ulertezinak iruditu zaizkit, teorian erdietsi nahi diren helburuen kontrakoak, burubako batzuek gidaturikoak. PP goratu zuten botereraino, haren propagandista nagusia izan dira politikariak, enpresariak, sukaldariak, trenaren edo autobusaren zain zeuden langileak eta zibil errugabeak garbituz, gero eta ekintza dorpeagoak eta zatarragoak eginez. ETAren zuzendaritzan PPko satorrak zeuden susmoa burutik pasatu zait hainbatetan azken urteotan.
Orain, bake prozesuak aurrera egiten ez zuela ikusita, mahai gainean ukabilkada eman nahi izan dute miliek (edo haietako batzuek?), IRAk 1996ko otsailaren 9an Londreseko City-an eragindako zartakoa fotokopiatuz. Su-etena indarrean zuen orduan IRAk, eta Downing Street-eko akordioan zehaztutako promesak ez zituen betetzen gobernu britainiarrak, Sinn Fein-ekin hitz egin behar zuen baina elkarrizketa behin eta berriro atzeratzen zuten, errepublikarrek ondorio larriez ohartarazten zuten bitartean. Ondorioa otsailaren 9an etorri zen, IRAk sekulako bonba jarri zuen Londreseko negozio gunean, su-etena derrepentean hautsita, bi lagun akatuz eta kalte handiak eraginez. Ohi baino askoz dinamita kilo gehiago zituen bonbak, eta apurketaren oihartzuna biderkatu zuen kristal hautsien irudiak nazioarteko prentsan.
Orain haren fotokopia egin nahi izan du ETAk, bere abilezia gehituz. Ustegabekoa izanagatik eta eragindako kalte itzelak gorabehera, ez da ia ezer nabarmendu munduan bezperatik iragarrita zegoen Sadam Hussein-en exekuzioak lausotuta. Ondorioak: euskal gizartea harrituta, atsekabetuta eta PPkoak pozarren, gauzak euren gustoko “normaltasunera” datozela ikusita. Gainera, bi ekuadortar hil ditu bonbak, seguraski urrundik ere ezagutzen ez zuten euskal gatazkaren kalte kolaterala. Hori bai gatazka nazioartekotzea!
Nor kaltetu du Barajasekoak?
Besteak beste, eta hildako etorkin biez gain: aireportuko erabiltzaileak eta kotxedunak, Arrasateko hainbat biztanle, Iñaki de Juana, gainerako presoak, berriro frustrazioak jotako herri oso bat… Baina ondorioak bazter askotara zabalduko dira, denboran ere, bonba honek hasierako laukira garamatzalako. Esaterako, beste hainbat herritakoak bezalaxe, neure herrian ezker abertzaleko hautagaitza osatzeko eta aurkeztu ahal izateko lanean dabiltza. Aurreko su-etena apurtu zenetik burua jaso ezinik dabil ezker abertzalea eta ezkerreko oposizio kritikorik gabe PNVkoek nahi dutena egin ahal izan dute azken urteotan…
Nor onuratu du?
Zer lortu dute ETAren izenean bonba jarri duten horiek? presoen hurbilketarik, ezker abertzalearen legalizaziorik? ETAk bestela ikusi nahi ez duen arren, Espainia ez da erakunde uniforme eta bakarra, horrelako ekintzen aurrean monolitikoki eta ETAren logikak espero duen arabera erreakzionatuko duena. PP eta PSOE mokoka dabiltza, euskal gatazkaren inguruan gehienbat. Asko dago aldatzeko Espainiako gizartean, apurka-apurka egin beharreko lana da urteotako antiterrorismoaren pozoia garbitzea eta argi dago prozesuak bakarrik PSOE boterean egonik izan dezakeela aukerarik. Bien arteko aldea ttikia eta mugikorra da, inkestek erakusten duten moduan. Gainera, alde hori ETAren ekintzen arabera mugitzen da alderdi batera edo bestera.
Bestalde, prozesua posible izan dadin, Espainian prozesuaren aldeko mintzakidea egon beharko da ezinbestez. PSOEk ez du ezertxo ere egin, eta ETA ezeren truke konforme geratuko zela pentsatzeari komunikazio arazo deritzo Blancok… Baina honelako ekintzekin PP onuratu baizik ez da egiten, edonork ikus dezakeen moduan. Daborduko inkestek buelta eman dute eta Barajasekoaz gero PPk puntu erdiko aldea aterako lioke PSOEri Espainian oraintxe hauteskundeak egitekotan… Akaso bonba jarri dutenek uste dute Madrilen PP gobernuan jarrita prozesuak aukerarik nimiñoena izango duela? Mariano Rajoy ez da inondik inora John Major-en fotokopia izango.
Demokrazia eskatzen dugu abertzaleok Euskal Herriarentzat, eta Espainiako gobernuari dagokio hainbat urrats ematea, garrantzitsuena herritarren hitza eta erabakia errespetatuko duela adieraztea. Baina eskaera horrekin ez da bateragarria lau lagunen artean, izkutuan eta abertzale gehienen asmoak aintzat hartu gabe gure herriaren etorkizuna baldintzatuko duten erabaki garrantzitsu eta lazgarriak hartzeak. IRAren fotokopiak egitera mugatzen badira, jarraituko ahal dute horrela azken bururaino, baina nik ETAri su-etenarekin jarraitzeko eskatzen diot argi eta ozen, besteak beste Arnaldo Otegik edo Fermin Muguruzak egin duten bezala. Gizarte zibilaren garaia da, eta ezker abertzale zibilarena.
A! Eta urte berri on, oztopoak gorabehera.
Buzzin’ in my head: Zaindu maite duzun hori (Ruper).
Urtarrilak 8, 2007