AKELARREa euskal buztan luzean
Agertu zenean azaldu nuen hemen zer zen Chris Andersonek proposaturiko buztan luzearen teoria, baita euskarazko edukiak buztan luze eta mehe horretan kokatzen direla azaldu ere. Poxpolin zinta agertu zenetik, ordea, oso gutxi aurreratu da gure ondarea sareko buztan luze horretan jartzeko bidean eta beste adibide bitxi batekin nator gaur, ea jendea animatzen den.
Euskaldunok sareko buztan luzean kokatuta gaude berez, (eskaera gutxiko eduki minoritarioen marra fin eta luze horretan gaude), baina badugu dagoeneko gure ondarearen baitako buztan luzea ere. Aho Bete Kanta proiektuak erakutsi duenez, gure kantagintzaren azken 40 urteotako ondarea oparoa da baina ezezagun xamarra guretzako ere eta ekoizpen zaharrak ez direnez jada zabaltzen geuk ere ez ditugu ezagutzen. Musikan bezala, zinean ere gertatzen zaigu. Lehengoan Mezu hau jaso nuen:
I am desperately looking to buy the documentary Ama Lur (1968). Do you have any ideas on how I can find it?
Thank You,
Michelle
Ez dakit zer erantzun Michelle honi, eta horrexek moskeatzen nau gehien. Izan ere, neuk ere onartu behar dut, ez dudala Ama Lur ikusi, eta ez da gogo faltagatik, berariaz ikusteko ez dakit nongo jardunaldietara edo filmategira joan ez naizelako baizik. Zaila da eduki horiek eskuratzea. Zaila DA? Internet eta, batez ere, eMule moduko tresnak daudenetik ez litzateke batere zaila izan beharko.
Esan dudan moduan, definizioari erreparatuta, gurean egin eta egiten den guztia dago buztan luzearen baitan, baina euskaldunok ere badugu gure buztan luzea. Durangoko urteko nobedade dizdiratsu eta ez hain arrakastatsuez gain, eskaria hutsaren hurrengo edo erabateko zerotik hurbil dauden ehunka erreferentzia ditu euskarak, batez ere eskaintzarik ez dagoelako, ondare hori digitalizaturik eta eskuragarri ez dagoelako inon, balizko bezeriak erreferentziak ezagutzen ez dituelako eta ahanzturaren putzura kondenaturik daudelako. Topagaitzak diren eduki franko badira: Labegerieren kantu aitzindariak, Estitxu, Argoitia neba-arreben ondarea… Non daude? Dendetan ez, noski (agian ale solte eta deskatalogaturen bat aurki dezakegu txiripaz, denda zaharren batean), baina Interneten ere ez daude, oraingoz.
AKELARREaren adibidea
Duela pare bat urte izan zen, udako gau batez. MeƱakoz hondartzako txiringitoan izan ginen Sound System batean. Eta une batean, dancehall eta roots doinu gozo eta bedar usain artean MCak bestelako musika bat ipini zuen jogailuan: funky doinua zen, 70ko blacksploitation garaikoa erabat, Starsky & Hutch-en estiloko wah-wah, baina hammond-aren melodiak, berriz, euskal doinuak ziren. Ze ona! pentsatu eta tipoari galdetu nion ea zer demontre zen musika hura. Diskoa erakutsi zidan berak, AKELARRE zioen azalean eta amerikar beltz batek 1972an egina zen, gure herria bisitatu ostean. Diskoa bera eta tipo hari buruzko informazio gehiago lortu behar nuela pentsatu nuen, baina alferrekoa izan zen nire ahalegina Googlen; Pedro Elias Igartuari galdetu nion orduan eta ez zekien ezer horretaz; Pablo Cabezari eta Oihukako Aizpuru jaunari geroago… Ezer ez.
Esperantza galduta eta kontua ia ahaztuta nuela, gure bulegoan bertan dauzkagun disko zaharren artean begiratzen ari nintzela aurkitu nuen egun batez, dizdiratsu, estreinatu gabe ia. Buelta piloa eman ostean bertan neukan eta ironikoa iruditu zitzaidan erabat, ironikoa eta zerbaiten adierazgarria ere bai.
Orain lagun batek diskoa digitalizatu eta eMulen ezarri du eskuragarri (hemen ed2k lotura). Poxpolin metodoa esaten diodana aplikatu beharko litzaieke euskal ondare oparoa osatzen duten ehunka izenburu ahaztu eta deskatalogatuei, sareko buztan luzean egon daitezen. Animatuko gara euskal internautak erreferentzia gehiago digitalizatu eta sareratzen? Baten batek emango digu laster Ama Lur dokumentalaren eMuleko lotura?
Buzzin in my head: William S. Fischer - Euskaldunak gara.
13 iruzkin Abenduak 4, 2006


