Gabonetan ez naizenez inora joango, bada, benetako bidaien ordezko merkea izan daiteke Google Maps zerbitzuarekin mundua ikustea, edo Google Earth programarekin. Esaterako, Egipton amazigh jendea, hizkuntza eta kultura bizirik diren leku bakarra, Siwa oasia ikus dezakegu Googlen, Libanon bonbardatutako Tiro hiria, Mendebaldeko Saharan Dakhla hiria, Hego Afrikako Capetown, Indiako Taj Mahal Casablancako meskita erraldoia, Argentinan Iguazuko ur-jauziak edo Chicagoko Sears Dorrea. Gogoko lekuak Tagzaniarekin markatu ditzakegu gero, nahi izanez gero. Lekuak Google Maps-ekin aurkitzeko zerbitzuak sortu dira, han eta hemen. Baina nik badakit nora nahi nukeen joan: basamortuaren erdian, ezerezaren hareazko itsasoak inguratuta ageri den argazkiko puntu ttipi honetara. Ia ez da ezer ikusten, baina han dago nire beste familia, duela ia bi urte ikusterik izan ez dudana, Auserd kanpamenduan.
Abenduak 16, 2006
Lehengo egunean Txakurkalearen aurkezpena izan genuen Kafe Antzokian. 5×8 kolektiboak ideia sortu eta hainbat lagunek esku hartu dute proiektu multimediatiko honetan. Zazpikaleetako txakurren gaineko DVDa egin dute, bertan bizi diren edo ibiltzen diren hainbat txakurren ibilerak islatzen. Honi loturik, dokumentalaren irudiak lagunduz, soinu banda bitxia osatu dute bertoko hainbat artistaren kolaborazioekin eta haren CDa argitaratu du Gotzon Uribe lankideak. Besteak beste diskoan The Uski’s, Argi, TK Project, Atom Rhumba, The Cherry Boppers, Basin Street Cafe, Makala… Eta Pascual Molongua bera ere ageri da.
Ezagutzen ez dutenentzat (tira Bilbotik sarri ez dabiltzanentzat): Pascual Bidebarrietan edo Correon kantari jarri ohi den gizona dugu, oso ospetsua eta estimatua. Karaoke moduko musika baten gainean kantari aritzen aritzen da: Nino Bravo, Benito Lertxundi… Edozer. Ahots apala du, bera bezain beltza, irribarre zabala eta, tarteka, agur potxolaaa! batekin agurtzen du paseatzen dabilena edo txanponen bat botatzen diona.
Urtero Baltsar erregeak Pascualen aurpegia eramaten du Bilboko kabalgatan. Gurean 30 urte daramatza Pascualek eta, behin entzun nionez, bera Ekuatore Gineatik etorri zelarik beltz familia bakarra zegoen Bilbon, Jones futbolariarena…
Dokumentala luzetxoa egin zitzaigun, zutunik ikusteko behintzat, baina ondo egon zen, huts nabarmen bi kenduta: gure Gasi, Barrenkaleko erregina eta Jazin, Txakurto tabernako txakurttoa ez ziren ageri… Baina proiekzioaren ostean zuzeneko emanaldia heldu zen.
The Cherry Boppers hasi ziren, zinez Maceo Parker estiloan; Argi & The Uski’s geroago, rock dantzagarria egiten; Basin Street Cafe swingeroak azkenik… Eta orduan haiekin igo zen Pascual oholtzara. Diskoan agertzen den Mannish Boy blues famatuaren bertsio basatia kantatu zuen, bere ahotsik urratuena ateraz. Benetako frontman moduan jardun zuen, natural, kalean egiten duen moduan.
Ikusi nahi?
Buzzin in my head: Txuma, Rafa, Petti - Gaua eta kea (Hauxe)
Abenduak 9, 2006
Agertu zenean azaldu nuen hemen zer zen Chris Andersonek proposaturiko buztan luzearen teoria, baita euskarazko edukiak buztan luze eta mehe horretan kokatzen direla azaldu ere. Poxpolin zinta agertu zenetik, ordea, oso gutxi aurreratu da gure ondarea sareko buztan luze horretan jartzeko bidean eta beste adibide bitxi batekin nator gaur, ea jendea animatzen den.
Euskaldunok sareko buztan luzean kokatuta gaude berez, (eskaera gutxiko eduki minoritarioen marra fin eta luze horretan gaude), baina badugu dagoeneko gure ondarearen baitako buztan luzea ere. Aho Bete Kanta proiektuak erakutsi duenez, gure kantagintzaren azken 40 urteotako ondarea oparoa da baina ezezagun xamarra guretzako ere eta ekoizpen zaharrak ez direnez jada zabaltzen geuk ere ez ditugu ezagutzen. Musikan bezala, zinean ere gertatzen zaigu. Lehengoan Mezu hau jaso nuen:
I am desperately looking to buy the documentary Ama Lur (1968). Do you have any ideas on how I can find it?
Thank You,
Michelle
Ez dakit zer erantzun Michelle honi, eta horrexek moskeatzen nau gehien. Izan ere, neuk ere onartu behar dut, ez dudala Ama Lur ikusi, eta ez da gogo faltagatik, berariaz ikusteko ez dakit nongo jardunaldietara edo filmategira joan ez naizelako baizik. Zaila da eduki horiek eskuratzea. Zaila DA? Internet eta, batez ere, eMule moduko tresnak daudenetik ez litzateke batere zaila izan beharko.
Esan dudan moduan, definizioari erreparatuta, gurean egin eta egiten den guztia dago buztan luzearen baitan, baina euskaldunok ere badugu gure buztan luzea. Durangoko urteko nobedade dizdiratsu eta ez hain arrakastatsuez gain, eskaria hutsaren hurrengo edo erabateko zerotik hurbil dauden ehunka erreferentzia ditu euskarak, batez ere eskaintzarik ez dagoelako, ondare hori digitalizaturik eta eskuragarri ez dagoelako inon, balizko bezeriak erreferentziak ezagutzen ez dituelako eta ahanzturaren putzura kondenaturik daudelako. Topagaitzak diren eduki franko badira: Labegerieren kantu aitzindariak, Estitxu, Argoitia neba-arreben ondarea… Non daude? Dendetan ez, noski (agian ale solte eta deskatalogaturen bat aurki dezakegu txiripaz, denda zaharren batean), baina Interneten ere ez daude, oraingoz.
AKELARREaren adibidea
Duela pare bat urte izan zen, udako gau batez. MeƱakoz hondartzako txiringitoan izan ginen Sound System batean. Eta une batean, dancehall eta roots doinu gozo eta bedar usain artean MCak bestelako musika bat ipini zuen jogailuan: funky doinua zen, 70ko blacksploitation garaikoa erabat, Starsky & Hutch-en estiloko wah-wah, baina hammond-aren melodiak, berriz, euskal doinuak ziren. Ze ona! pentsatu eta tipoari galdetu nion ea zer demontre zen musika hura. Diskoa erakutsi zidan berak, AKELARRE zioen azalean eta amerikar beltz batek 1972an egina zen, gure herria bisitatu ostean. Diskoa bera eta tipo hari buruzko informazio gehiago lortu behar nuela pentsatu nuen, baina alferrekoa izan zen nire ahalegina Googlen; Pedro Elias Igartuari galdetu nion orduan eta ez zekien ezer horretaz; Pablo Cabezari eta Oihukako Aizpuru jaunari geroago… Ezer ez.
Esperantza galduta eta kontua ia ahaztuta nuela, gure bulegoan bertan dauzkagun disko zaharren artean begiratzen ari nintzela aurkitu nuen egun batez, dizdiratsu, estreinatu gabe ia. Buelta piloa eman ostean bertan neukan eta ironikoa iruditu zitzaidan erabat, ironikoa eta zerbaiten adierazgarria ere bai.
Orain lagun batek diskoa digitalizatu eta eMulen ezarri du eskuragarri (hemen ed2k lotura). Poxpolin metodoa esaten diodana aplikatu beharko litzaieke euskal ondare oparoa osatzen duten ehunka izenburu ahaztu eta deskatalogatuei, sareko buztan luzean egon daitezen. Animatuko gara euskal internautak erreferentzia gehiago digitalizatu eta sareratzen? Baten batek emango digu laster Ama Lur dokumentalaren eMuleko lotura?
Buzzin in my head: William S. Fischer - Euskaldunak gara.
Abenduak 4, 2006