“Ukan”, “ekin”, eta euskaldun sinpatikoen kanpainia erritualak
Lelo konatibo deigarriak hiztegian bezala, euskararen erabileraren arloan ideiak agortuta ditugula ematen du eta horretaz ez ei da inor konturatzen. Kezkatuta nago benetan betiko kanpainiak eta betiko jarrerak ikusteaz, dena konponduko duen azken muñekote sinpatikoa aurkezten diguten bitartean. Gure agintariak euskararekiko erabat sinpatiko ikusten ditut.
Iñaki Martinez de Lunak idatzi du, Atxagak behin egindako herritarren euskararekiko jarrera eta jardunaren araberako sailkapena oinarri hartuta. Patetikoak, sinpatikoak eta antipatikoak deskribatzen zituen hark: patetikoak euskaraz bizi nahi duten euskaldunak direla; militanteak, alegia. Sinpatikoek, aldiz, euskarekiko atxikimendua adierazten badute ere, ez dute inongo ahaleginik egiten euskaraz bizitzeko. Bada, Iñakiren esanetan, patetiko izandako asko sinpatiko bilakatu dira denborarekin. Zera gaineratzen du berak: “Egun, aldiz, herri mugimendua izatetik elite baten ahalegina izatera pasa da, ia erabat, euskararen aldeko lana; patetikoak, une honetan, lau euskaltzale eta euskararen inteligentzia baino ez dira”.
Euskararen promozioaren inguruan errituak sortu dira eta horretan dena da antzekoa patetikoen artean ere: ezdakitzer eguna, ikastolen herrialdekako jaiak, Korrika, egizu! gisako agindu-leloa, abesti ofiziala eta merchandising-a, egun bateko jaia, diru bilketa…
Eta testuinguru horretan, mamiak baino, gero eta garrantzi handiagoa hartzen du azalak, itxurak, montajeak eta erritualak, ondo gera gaitezen. Gure instituzioek berehala ikasi dute arlo horretan hori dela errentagarriena, zerbait egiten duzun irudia ematea. Horretarako, noizean behin kanpainia bat egin behar da: maskota sinpatiko bat egin diezaguten enpresa bat kontratatu, aurpegi ezagun batzuk bildu, prentsaurrekoa egin… Eta derrigorrezko lunch-aren ostean denok etxera, lasai-lasai, euskararen alde ahal genuena egin dugu-eta.
Nire iritziz bistan da bertoko agintariek euskara galdutzat ematen dutela, erabileraren eremu serioan duten ikuspegiaren benetako neurria damaigu Osakidetzan langileak euskaldunak izateari uko egin dioten bitartean gure arreta birus sinpatiko batengana desbideratu nahi izateak. Ironikoa benetan munstroaren ondoan ematen duten irudia patetikoa izatea…
Itxuraz helduoi zuzendutako kanpainia da azkeneko Ukan hori, baina zer joera inozoa jendea umemoko moduan tratatzea! Honelako kanpainiak kontraproduzenteak diren susmoa daukat (eta erabileraren birusa ez da inolaz ere hedatzen ari, hori errealitatea da). Kezkatzen nau Jaurlaritzaren sinpatia inozoak, baina patetikoon indar eta ideia berri faltak ere kezkatzen nau, noski.
P.D. Laster Euskararen Nazioarteko Eguna datorkigu, beste kanpainia erabat sinpatiko bat.
14 iruzkin Azaroak 18, 2006


