Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » 2006 » Azaroa

Azaroa, 2006 hilabeteko artxiboa

Munduko hizkuntzen gaineko dokumental interesgarria Mundo.Hoy saioan

Mlabri.orgDokumental zinez interesgarria ikusi nuen igandean ETB2ko Mundo.Hoy saioan. Arriskuan diren hizkuntzen gaineko erreportaia da eta mende honetan munduan diren 6.000 hizkuntzetan 3.000 inguru desagertuko direla dio. Hizkuntzen aniztasunaren aldeko aldarria egiten du dokumentalak, hizkuntza anitz izateak gizateriarentzat nolako aberastasuna dakarren azalduz. Euskaldun askok jada barneratuta dauzkagun kontuak dira, baina uniformizazioa eta mestizaje akulturizantea maite duten munduko hiritar askok kontutan hartzen ez duten gaia da hizkuntzen eta kulturen aniztasuna.

Bioaniztasunak eta hizkuntza aniztasunak bat egiten dute mapan. Hizkuntzak komunikatzeko tresna hutsak baino, euren bitartez interpretatzen den unibertsoa islatzeko modu bereziak dira. Alabaina, sistema ahulak dira, beti indartsuagoa den hizkuntza expansiboren baten mehatxupean. Hori azaltzen digu daniarrek 2005ean egindako In Languages We Live — Voices of the World dokumental eder honek.

Munduan orokorra den joeraren hainbat adibide ematen ditu: hizkuntza indigenak, batez ere ahozko adierazpena baizik ez dutenak, suntsituak izateko arriskurik handiena dutenak dira. Hizkuntza boteretsuak zapaltzaileak dira beti, txikiak gutxiesten dituzte, hiztunak lotsarazten, hizkuntza ahanztarazten… Mundu osoko fenomenoa da euskaldunok ezagutu eta ezagutzen duguna. Mandarina ikasi eta changsa-hua ama-hizkuntza ahaztu nahi duen neska txinatarra aurkezten digute, bere seme-alabei irakatsiko ez diela argi duena…

Gauza bera gertatzen da Mexicoko hizkuntza indigenen hiztunen artean edo Thailandiako Mlabri herrian, besteak beste. Euskararen aipamenik ez dago dokumentalean, baina bai Europako Livonierarena. Azken hiztuna aurkezten digute, inork ulertzen ez dion hizkuntza batean azken berbak egiten dituen gizon zahar eta tristea… Zirraragarria benetan.

Dokumentalaren aipamen bakarra aurkitu dut sarean, tamalez. Berriro noiz emango duten eta satelite edo LTD bidezko kateetan errepikatuko duten begiratzen egon naiz, baina kate horietako programazioetan ez da Mundo.hoy ageri. Nola liteke hain saio interesgarriak ez edukitzea tartetxo bat kate horietan?

Buzzin in my head: Egin Kontu (Ruper Ordorika).

2 iruzkin Azaroak 21, 2006

“Ukan”, “ekin”, eta euskaldun sinpatikoen kanpainia erritualak

ukanLelo konatibo deigarriak hiztegian bezala, euskararen erabileraren arloan ideiak agortuta ditugula ematen du eta horretaz ez ei da inor konturatzen. Kezkatuta nago benetan betiko kanpainiak eta betiko jarrerak ikusteaz, dena konponduko duen azken muñekote sinpatikoa aurkezten diguten bitartean. Gure agintariak euskararekiko erabat sinpatiko ikusten ditut.

Iñaki Martinez de Lunak idatzi du, Atxagak behin egindako herritarren euskararekiko jarrera eta jardunaren araberako sailkapena oinarri hartuta. Patetikoak, sinpatikoak eta antipatikoak deskribatzen zituen hark: patetikoak euskaraz bizi nahi duten euskaldunak direla; militanteak, alegia. Sinpatikoek, aldiz, euskarekiko atxikimendua adierazten badute ere, ez dute inongo ahaleginik egiten euskaraz bizitzeko. Bada, Iñakiren esanetan, patetiko izandako asko sinpatiko bilakatu dira denborarekin. Zera gaineratzen du berak: “Egun, aldiz, herri mugimendua izatetik elite baten ahalegina izatera pasa da, ia erabat, euskararen aldeko lana; patetikoak, une honetan, lau euskaltzale eta euskararen inteligentzia baino ez dira”.

Euskararen promozioaren inguruan errituak sortu dira eta horretan dena da antzekoa patetikoen artean ere: ezdakitzer eguna, ikastolen herrialdekako jaiak, Korrika, egizu! gisako agindu-leloa, abesti ofiziala eta merchandising-a, egun bateko jaia, diru bilketa…

Eta testuinguru horretan, mamiak baino, gero eta garrantzi handiagoa hartzen du azalak, itxurak, montajeak eta erritualak, ondo gera gaitezen. Gure instituzioek berehala ikasi dute arlo horretan hori dela errentagarriena, zerbait egiten duzun irudia ematea. Horretarako, noizean behin kanpainia bat egin behar da: maskota sinpatiko bat egin diezaguten enpresa bat kontratatu, aurpegi ezagun batzuk bildu, prentsaurrekoa egin… Eta derrigorrezko lunch-aren ostean denok etxera, lasai-lasai, euskararen alde ahal genuena egin dugu-eta.

Nire iritziz bistan da bertoko agintariek euskara galdutzat ematen dutela, erabileraren eremu serioan duten ikuspegiaren benetako neurria damaigu Osakidetzan langileak euskaldunak izateari uko egin dioten bitartean gure arreta birus sinpatiko batengana desbideratu nahi izateak. Ironikoa benetan munstroaren ondoan ematen duten irudia patetikoa izatea…

Itxuraz helduoi zuzendutako kanpainia da azkeneko Ukan hori, baina zer joera inozoa jendea umemoko moduan tratatzea! Honelako kanpainiak kontraproduzenteak diren susmoa daukat (eta erabileraren birusa ez da inolaz ere hedatzen ari, hori errealitatea da). Kezkatzen nau Jaurlaritzaren sinpatia inozoak, baina patetikoon indar eta ideia berri faltak ere kezkatzen nau, noski.

P.D. Laster Euskararen Nazioarteko Eguna datorkigu, beste kanpainia erabat sinpatiko bat.

14 iruzkin Azaroak 18, 2006

“Memoriaren Mapan”, badator Ruperren azkena

AzalaAzkenaldion disko berria prestatzen egon da Ruper Ordorika -mugalariekiko azken kontzertuen parentesia tarteko-. Gaur aurrerapen singlea bidali dute Elkarrekoek, mp3 formatoan, testu honekin:

Memoriaren Mapan Ruper Ordorikaren lan berria dugu. Oroimen eta larruan itsasitako kantu biluzi eta zainduen sorta koloretsu, fresko eta sendoa. Diskoak, Ruper Ordorikaren karreran bide berri bat zabaltzen du, proposamen hurbil eta biluziaren parean, erronka zintzoa bezain bizigarria bereganatzen duelarik. Ruper Ordorikak doinu guztiak eta Joseba Sarrionandiak letra guztiak (oraino argitaratu gabeak) sinaturik dator honako lana”.

Bakarrago eta akustikoago dator Ruper, Mugalariei momentuz agur esan ostean, eta zuzenean ere bakarrago arituko da, beste formato xaloago batekin. Aurrerapenak Hiriak izenburua du eta HEMEN aurki daiteke.

Buzzin in my head: Hiriak, noski.

2 iruzkin Azaroak 10, 2006

New York-eko argazki sorta osaturik

Azkenik osatu dut Flickr-en nire New Yorkeko argazki sorta. Aurtengo argazkiak dira bakarrik, otsailekoak, eta hiri handiko hainbat bazter islatzen saiatu naiz. Kostatu zait aukeraketa eta prestaketa egitea, badakizue kamara digitalekin argazki asko egin baina gero galbahetik pasatu behar… Tira, etxeorratzak, zubiak, Brooklyn, CBGB (azkenean itxi dute), Coney Island, Times Square, gure familiaren lorratzak eta inoizko elurterik handiena… Bakoitzaren gaineko azalpenak Flickr-en bertan, argazkiekin batera. Zuen gustokoak izatea espero dut, baita blogeko goiko mantxetak eguneratzeko erabili ditudanak ere.

Buzzin in my head: The Buckinghams - Hey Baby (They’re Playing Our Song)

Iruzkina gehitu Azaroak 9, 2006

Buzzin’ in my head head head Like a bum-dum

Mano NegraAurreko batean buruan bueltaka geratzen zaizkigun doinuez jardun nuen. Mano Negrak ere honela zioen: “Beat beat of the song song Buzzin’ in my head head head Like a bum-dum”. Eta hainbat blogek aspalditik meme modukoa jarraitzen dute, unean unean entzuten ari diren abestia edo, aipatuz. Aurrerantzean testuinguru informazio hori ere gehituko dut post baten amaieran, oroitzen baldin banaiz eta buruan musikaren bat badaukat bederen.

Buzzin’ in my head: The Passenger (Iggy Pop).

Iruzkina gehitu Azaroak 3, 2006


sarean.com

Calendar

Azaroa 2006
A A A O O L I
« Urr   Abe »
 12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
27282930  

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak