Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » 2006 » Iraila

Iraila, 2006 hilabeteko artxiboa

Nor da terrorista? DAMen bideo ikusgarria


Aurrekoan aipatutako DAM rap talde palestinarraren bideoklip bat nabarmendu nahi dut oraingoan. Meen erhabi? galdetzen dute (youtube), nor da terrorista? Ferminekin batera BECeko jaialdian arituko diren palestinarrek. Bideoa egin dute, bideo ikusgarria, israeldarren errepresioa jasotzen duten irudi gogorrekin, eta Zera galdetzen dute: “Min erhabi, ana erhabi? kayf ‘erhabi wanarash bi bledi?” (Nor da terrorista? Ni naiz terrorista? Nola izango naiz terrorista nire lurra hartu duzuenean?). Oso ona da Jacqueline Salloum-ek eginiko bideoa, eta lagun askok deskargatutakoa youtubera igo dute. Hemen aurkitu dugu bideoklip bat zabaltzeko bide eraginkorra: deskargatzeko moduan jartzen duzu eta jende askok youtubera igota egiten du propaganda.

Bideoklip gehiago ere badituzte, hebraieraz eta arabieraz abestutako Hemen jaioa izenburukoa kasu (NGren Radio Rahim gogorarazi dit). Baina Salloumen ezagutzak bidea eman dit beste bideo interesgarri batzuen bidez Palestinar raperoen mobida ezagutzeko. Jackie Salloumek berak egindako beste bideo batek, Slingshot hip hop goiburuko dokumentalak, ederto jasotzen du Gaza edo Zisjordanian bezala, Israel barruan bizi diren palestinarren egunerokotasuna. Hemen duzue trailerra eskuratzeko modua eta hemen youtuben ikusgai.

Iruzkina gehitu Irailak 23, 2006

Azaroaren 11n jaialdia BECen, 18/98 bidegabekeriari aurre egiteko

afitxa

Gaur izan naiz 18/98+ lan taldeak azaroaren 11rako antolatzen ari den jaialdiaren aurkezpenean. BECen izango den jaialdi handi honetan musikaren bidez bildu nahi dute auzipetuekiko elkartasuna eta salaketa ahots askoren arteko adierazpen masiboa bilakatu. Elkartasuna adierazteaz gain, epaiketari aurre egiteko beharrezkoa duten laguntza ekonomikoa ere bildu nahi dute antolatzaileek. Horretarako Fermin Muguruzaren lankidetza dute, berak oso kontzertu berezia emango baitu jaialdian.

Aspaldi ez du Ferminek kontzerturik egiten eta, norbaitek haren adierazpen batzuetatik erretiroa ondorioztatu bazuen ere, kontrakoa erakustera dator azaroaren 11ko kontzertu hau. Diskoa argitaratu zuen maiatzean, Jamaikan ibili ostean, baina ondoren ez du zuzenekorik eman diskoa aurkezteko. Horregatik oso berezia izango da BECekoa, baita berarekin zuzenean aritzeko ekarriko dituen lagunengatik ere. Euskal Herria Jamaika Clash diskoko kantek osatuko dute emanaldiko errepertorioa, baita BFDrekin entzun ahal izan genituen bere ibilbide osoko doinuek ere.

Zuzenean, ohiko bidaide dituen Mikel Abrego, Sorkun, Xabi Solano eta enparauez gain, Jamaikako gomitatuak izango ditu berarekin, Masta Blasta, Lisa Dainjah edo Franklin Bubbler Waul kasu. Jai Alai Katumbi Express-ekin berton ezagutu ahal izan genuen Gerard perkusio jole fina ere izango da bertan.

Baina beste talde batzuk ere izango dira BECen, 20:00etan hasiko den jaialdian. La Banda del Surdo perkusio eta hankapalu talde katalanak jaia girotuko du. Esperientzia eta ospea dute, Cirque du Soleil edo Comediants-ekin jardun baitute. BAD Sound System irundarrak ere arituko dira euren ahotsak dancehall, ragga eta hip-hop doinuen gainean goratzen.

damBaina dudarik gabe bisitarik bitxiena Dam taldearena izango da. Palestinako lehenengo Rap taldea dugu Dam, arabieraz abesten dute eta hip hop-aren bidez Palestinako erresistentziaren ahotsa zabaldu nahi dute. Euren lehenengo diskoa izango denaren aurrerapena ekarri du Ferminek eta oso soinu ona erritmo eta doinuen nahasketa bitxiak: hip-hop erritmoen oinarrien gainean darbuken dardara eta lauden doinuak, mendebalde eta ekialdearen arteko fusio garbia. Euren webgunean bertan entzun daitezke Dedication disko honetako zenbait kanta eta beste zenbait doinu ere Myspaceko euren txokoan.

Sarreraren salneurria 18,98 eurokoa izango da eta bakarrik ticktackticket-en bidez (Explorer only) eskatu ahal izango da, tamalez (TTT Babylon delako diot), sarrerak batzeko hainbat toki izango diren arren. Laura Mintegik aurkezpenean “auzolan” moduan definitu duen jarrera hartzeko gonbita egin du ekimen honen aurrean, azken finean gutako edozein sartuta egon litekeen burugabekeria honen aurrean enpatiatik elkartasun aktibora pasa gaitezen, gure alde ere balitzan jokatu beharra dugu.

Hainbat hedabide, elkarte eta jenderen babesa bildu dute jaialdiko antolatzaileek, tartean nirea, noski, baita zurea ere, seguru. Animo eta ea 18098 lagun biltzen garen BECen!

2 iruzkin Irailak 21, 2006

Deskontua Dreamhost hosting zerbitzuan

dreamhost bannerDuela urte eta erdi idatzi nuen hemen Dreamhost-en hosting merkea eta ona gomendatuz. Bada, bitarte honetan ez dut aparteko arazorik izan eta orokorrean balantzea erabat positiboa da momentuz. Ordura arte hainbat esperientzia txar sufrituta nengoen hosting zerbitzuekin eta horregatik gomendatu nuen aurkikuntza. Hainbat lagunek egin didate kasu orduz gero eta eskertzen diet, nire izena aipatuz hosting-a hartu duen bakoitzagatik niri deskontua egin didatelako. Eurak ere gustora daude denak, itxura denez.

Iraungo ahal du honela! Insha-allah. Baina uste dut ematen didaten deskontu hori zerbitzua kontratatzen duenarekin ez elkarbanatzea ez dela bidezkoa nire aldetik. Ez da nire helburua aberastea, ahal dela ostatatze eta konexio gastuak estaltzea baino. Horregatik, sortu dut promo kode hau, merke45 izenekoa. Dreamhost hartzen duenak merke45 hori aipatzen badu 45 dolarreko deskontua izango du urtebete, bi urte edo beste edozein hosting mota kontratatzean. Beraz, are merkeago aterako zaio zerbitzu bera: urte bat hartuz gero 58 bat euro kostatuko zaio, bi urte hartuz gero, 115 inguru (5 euro hilean). Lehenago aukera izan banu…

Bada, Dreamhosten eskaintzan hobekuntza nabariak izan dira ordutik hona. Orain oinarrizko plana nahikoa da edonorentzat, egia esan, ez baitu seguruenik gehiagoren beharrik izango. Izan ere, hauxe emango digu Dreamhostek hileko 5 bat euro horien truke (nik Level 1 edo oinarrizko plana hartzea gomendatzen dut, nahiko eta sobera edozertarako):

  • Hosting-erako tokia: 20 GByte, astero 160 MegaByte hazten dena. Gure filmoteka guztia jartzeko beste.
  • Hileko transferentzia: TeraByte bat. (1024 Giga), astero 8 Giga hazten dena. Gure disko osoa konpartituta ere ez genuke gaindituko astakeri hori.
  • Nahi beste domeinu osorik eta independienteki ostatatzeko aukera. Nik, besteak beste, sarean.com, irratia.com eta saharatik.com dauzkat.
  • Nahi beste MySQL Datu base, 3000 e-posta kontu (POP / IMAP), 75 Shell / FTP kontu, PHP4, PHP5, Shell sarbidea, nahi beste cgi, jabber, estatistikak, web kontrol panela…
  • Edozein formato edo neurriko artxiboak jartzeko aukera. Berdin da 700 megako .avi bat jartzen baduzu ere.

Benetan brutala da Dreamhosten eskaintza une honetan. Gainera, one click install batzuk badituzte, hau da, click batekin instalatzen dizute (baita eguneratu ere) Wordpress blog sistema, MediaWiki Wikia, PhPBB foroak, Advanced Poll, osCommerce Store, Joomla (Mambo) CMS, Gallery Image Album eta WebCalendar egutegia. Eurek ere bloga dute Wordpressekin eta eztabaidagunea zein wikia erabiltzen dituzte erabiltzaileei laguntza emateko. Duela bederatzi urte sortu zenetik sendo iraun du bere ikuspegi gaztearekin, etengabe hazten. Diotenez, gehiegizko irabaziak bilatzen dituzten hosting urrietako merkatariak baino ondraduagoak direlako jarri dizkiete prezio merke horiek zerbitzu erraldoi horiei eta, diotenez ez dira euren globoa gehiegi puzten ari, ondo kalkulatuta omen daukate hazkundea eta hari arazorik gabe aurre egiteko gai direla. Amen!

Gustatu ez zaidan kontu bakarra azkenaldion spam-aren kontra borrokatzeko hartu duten neurria da. Mezuen bidalketetan muga berriak ezarri dituzte, helbide jakin batetik ordu bakoitzeko 100 lagun baino gehiagori ezin baizaie mezu bat igorri. Zorrotzegia da agian orduko 100 jasotzaileko muga hori, batzuetan mezu kolektiboak lagun gehiagori bidaltzen baizazikie. Bidalketa kolektiboak egiteko beste alternatiba batzuk badira (yahoogroups, postaria…), baina eurek bat ematen dute: euren banaketa zerrenden sistema erabiltzea. Hori bai, banaketa zerrenda bat sortzen duzularik jasotzaile guztiek beren onespena eman behar dute eta zerrendan egotea onartu behar dute, konfirmazio mezu batean klik eginez.

4 iruzkin Irailak 18, 2006

Deslokalizazioa da multinazionalek hemendik alde egitea?

CalgonitGueñesen dagoen Reckitt Benckiser enpresaren fabrika kenduko dute, seguraski multinazionalak diru gehiago irabaziko duen beste leku barera eramateko. Etxeko garbiketarako produktuak egiten ditu enpresa honek mundu osoan, ez baitira hemengoak Woolite, Calgonit, Colon eta gainerakoak. Laster azaldu dira, Landabenen eta Gasteizko Mercedesen kasuetan bezala deslokalizazioa salatzen duten ahotsak. Jaurlaritzak deslocalización de libro iritzi dio multinazionalak alde egiteari. Badirudi ez dugula ikusten deslokalizazio baten ondorioz etorri direla enpresa horiek hona… Oraingoa ez da deslokalizazioago, ordea, enpresa bera eta erabaki guneak ez baitira bertokoak. Bestela esanda: kanpoko enpresa bat, demagun Alemaniatik etorri zitzaigunean, orduantxe zen deslokalizatu, ezta? Zergatik etorri ziren, bada, euren herrialdea utzita eta nahiz eta ziur aski bertan etekina eman? Enpresak diru gehiago irabazi nahi zuelako.

Hemengo enpresa bat, ondo funtzionatu arren, kendu eta Koreara daramate. Handik denbora batera, han ere etekinak eman arren, Koreatik Indonesiara edo Malaysiara eramango dute, abantaila fiskalak jasotzeaz gain (Europar Batasunaren kontroletik at) soldata oso baxuak ordainduko dituztelako. Onena multinazionalak gurera etortzea dela esaten digu Eusko Jaurlaritzak eta haiei horretarako abantailak eskaintzen dizkie, baina Euskal Herria munduko txokorik ederrena izanagatik ez gara neoliberalismoak dakarren deslokalizazio prozesu horretan pieza bat besterik.

Iruzkina gehitu Irailak 17, 2006

Bukatu dira hondartza egunak (batzuontzat bederen)

espainiarrakOporraldi labur baten ondoren hemen gaude bueltan, betiko lekuan eta jada behar genuen euri zitalak lagunduta. Beste batzuentzat, ordea, hondartzan ahuspez lehorreratzeko ordua heldu da. Espainiar tropen Libanoko entree ikusgarria, mundiala izan da, txo! Bakearen gurutzadako tropa iberiarrak infidelez beteriko lur santuan lehorreratu dira oso ekintza arriskutsuan. Egun argiz eta jendaurrean burutu dute arrakastaz operazioa, erresistentziarik gabe baina indigenen barre algara artean. Baten batek frantsesen moduan zergatik ez diren lehorreratu galdetu du, portuan, alegia, Israelek egun bi arinago jaso baizuen portuen blokeoa. Aitzitik, Espainiak ez du porturik behar lehorreratzeko eta edozein hondartzatan egin dezakeela frogatu du. Hotel bateko hondartza aukeratu dute, etsaia oharkabean harrapatuz. Zenbait blogari eta kazetari maltzurrek barre egin dute, baina Hizbullahko gerrilari gazteak armarik eta arroparik gabe harrapatu ditu maniobra azkarrak. Txiripaz bertatik zebilen nafar familia batek, ordea, naturaltasun osoz agurtu ditu tropak, nezeserrean kasualitatez zeramaten bandera espainiar erraldoia haizatuz. Horiek bai benetako nafar eznazionalistak!

espainiarrak

Ondo prestatuta doaz soldadu espainiarrak bertako jendea tratatzeko. El Mundon irakurri dugu Antonio Navarro sargentuak azaldutakoa:

Llevan un librito con instrucciones sobre cómo tratar a la población local, musulmana chií. Entre las instrucciones está la de no tomar fotografías, no mirar a las mujeres a los ojos, no saludarlas, no tomar alcohol en público y cómo comportarse si son invitados a un domicilio local.

Hemen ageri dira liburuttoa irakurritako soldaduak, bertako emakume xiita arriskutsuekin ikasitakoa praktikatuz: begiratu ere ez, badaezpada!

Iruzkina gehitu Irailak 15, 2006

Txozna Vs. Cayuco

cayucoAste batzuk Txosnapean bizi ostean hartu dut une bat bitakorara bueltatu eta, txosnaren inguruan lerro batzuk idazteko. Lehengo egunean erdarazko blog batean irakurri nuen testu batek errealitate gordin bat ekarri zidan gogora: zein zaila den hedatutako akatsak zuzentzea. Duela 11 urte jakin nuen txosna idatzi behar zela eta ez txozna. Hala ere, nire eragin zirkulo mugatuan txosnaren aldeko kanpainia egin dudan arren, oraindik txozna da nagusi, erdarazko testuetan batik bat. Gure bizkai mendebaldeko euskalkitik euskara batura hedatutako berba da, garai batean etxola bat izendatzeko erabilia.

Baina gaizki idatzitakoek masa komunikabideen laguntza dutenean alferrekoa da haien hedapenaren aurkako gurutzada indibiduala (Euskadi Gaztearen betiereko weborria dut gogoan), komunikabide tradizionalek ez baitute informazioaren ondoan iruzkinik agertzeko aukerarik ematen. Hori da euren aje nagusia egun, blogosferatik ikusita.

Esaterako, inpotentziaz ikusi nuen duela hiru bat urte hasi zela Zorrozaurre hedatzen, Deustuko erriberako Botika zaharreko gunea izendatzeko. Zorroza ibaizabalen kilometro bat beherago egon arren, portuak kanalaren sarreran libre utzitako zabalgunean Aste Nagusiko kontzertuak hasi ziren egiten bertan eta izen berria behar omen zuen dagoeneko izena zuenak. Halako batean, gerra hori galdutzat jotzen nuenean, agertu zen (hedabideetan noski) Botika zaharra eta badirudi apurka-apurka gailentzen ari zaiola Zorrozaurre izendapenari.

Bidenabar, Bilbon gauzak izendatzeko moduaren adibide bereziki iraingarria izan da urte askoan Francesc Macià abertzale katalanaren omenezko kaleari Francisco Macía esatea udalaren agiri eta kaletegi ofizial guztietan. Antiespainiar sutsua zena omentzea bere izena espainiartuta, hori da Bilboko udalaren sentsibilitatea hizkuntzarekiko.

Baina albistegietara bueltatuta, kazetaria euskalduna izatea ez dut uste aitzaki onargarria denik Cervantesen hizkuntzan mintzatzean ETB2an egin ohi diren hankasartzeak onartzeko. Maite dut erdaraz zuzen idaztea eta irakurtzea, horregatik Teleberriko erdarak ere kezkatzen nau.

Oraintsu arte patera ziren Marokotik zetozenak bederen, eta orain zabaldu da cayuco izendapena Mendebaldeko Saharaz hegoaldeko etorkinak ekartzen dituzten egurrezko bateletarako. Cayuco, ordea, Hego Amerikan erabiltzen den hitza da, oso bestelakoak diren ontziak izendatzeko. DRAEk dioenez, zera da cayuco bat:

1. m. Embarcación india de una pieza, más pequeña que la canoa, con el fondo plano y sin quilla, que se gobierna y mueve con el canalete.

Afrikarrak dira, ez indioenak, askoz handiagoak dira, gila daukate, motorrez mugitzen dira eta lemaz gobernatu. Beraz, Mauritaniatik eta Senegaletik 80 lagun ekartzen dituzten batel handi horiek ez dira cayuco-ak.

Lazaro Carreterekin ikasi dugu singladura ez dela bidaia, egun batean (24 ordu) egiten den bidaia zatia baino. Armada batean efectivos ez dela soldadu kopuruaren sinonimo hutsa. Baina alferrekoa da akatsak nabarmentzea kazetariak birziklatzen ez badira. Gogora datorkit orain TVEko Telenorte albistegian egiten zuten euskarazko laburpena. Emakume baten ahotsak eguneko albisteak aipatzen zituen, aurreko urteetan landutako arauak eta irizpideak islatzen ez zituen euskara batean. Azkenik konpondu dute arazoa TVEkoek, laburpena kenduz.

Baina akatsak zein erraz hedatzen diren esan dut lehenago, inork zuzenak diren egiaztatu barik. Lehengo egunean, TVE1 kate espainiarrean sukaldaria ari zen:

Hemos freído esto y luego…
-frito -zuzendu zion aurkezleak
-Si, claro, ya ni se lo que digo…

Aurkezleak ziurtasun osoz esandakoarekin bat egin zuen sukaldari gaixoak, freído ondo esanda egon arren. Izan ere, gizartean oso zabaldua dago aurkezlea edo kazetaria kamara aurrean egoteagatik derrigorrez ondo mintzatuko den ustea. Uste eta estatus ustela, kamarak emandakoa. Aitzitik, zenbat eta entzulego handiagoa izan, erantzukizun handiagoa du hedabideak gizartearekiko.

2 iruzkin Irailak 2, 2006


sarean.com

Calendar

Iraila 2006
A A A O O L I
« Uzt   Urr »
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930  

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak