Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » 2006 » Uztaila

Uztaila, 2006 hilabeteko artxiboa

Iruña-Veleian bisitan

Iruna-VeleiaAraban egunpasa egin genuen barikuan, Silicon Lautadan. Azken aurkikuntzen oihartzunak animatuta, Iruña-Veleiara joan ginen, bisita gidatua hartuta. Adeitasunez eta xehetasunez, Rebecak den-dena erakutsi eta azaldu zigun euskarazko bisita gidatuan. Erabat gomendagarria da bisita, ondoko bideoan ikusiko duzuenez. Informazio gehiago nahi izanez gero, veleia.com webgunean aurkituko duzue, baita hitzordua egiteko telefonoak ere. Asko dago oraindik aztertzeko, zati txiki bat baino ez baitago eginda. Falta zaie babesa eta babesleak, lantalde handiagoa osatzeko. Zenbat eta jende gehiagok bisitatu, uste dut babes horren falta nabariagoa egingo zaie erakunde publikoei.
Egun ruinosoarekin jarraitzeko, Gasteizera joan ginen gero, bertako katedral zaharreko lanak bisitatzera. Bertan ere bisita gidatua izan genuen, gaztelaniaz baina, eta xehetasun guztiekin erakutsi eta azaldu zizkiguten jausteko zorian zegoen katedrala aztertzeko eta artezteko lanak. Argazkiak egitearen debekua ulergaitza egin zitzaidan, ez baitago bertan egile eskubiderik indarrean duen lanik, baina… Gomendagarriak dira bisita biak, inondik inora.


Iruzkina gehitu Uztailak 18, 2006

Syd Barrett hil da

Syd BarrettEgunero, ia-ia eguneko une bakoitzean musika bat izaten dugu buruan bueltaka. Batzuetan melodia kutreak izan ohi dira eta, Vaya semanita-n esaten zuten moduan, alukeria izaten da PPren sintonia, Koalaren Opá edo Amo a Laura modukoak eskapatzen zaizkigunean, burutik ahorako bidea eginda.

Beste batzuetan, ordea, musika onak izan ohi dira, musikari ona aipatu digutelako edo ikusi dugulako. Bart, Donostiatik bueltan, ezagutzen zailak ziren Dylan-en kantu desitxuratuak baino, Mikel Laboaren Orduan izan nuen buruan, etxerako bidean… Andonik furgonetako loroan Led Zeppelin jarri zuen arte. Izan ere, kanta batek beste bat behar du buruko tokadiskoan ordezkatua izateko. Gaur jakin dut Syd Barrett hil dela eta berehala Bike kantak hartu du bere lekua buru barruko tocatan. Hemen entzun (eskumako jogailuan) eta irakur dezakezue psikodelia hutseko pieza bikaina…

I’ve got a bike,
You can ride it if you like
It’s got a basket, a bell that rings
And things to make it look good
I’d give it to you if I could, but I borrowed it

You’re the kind of girl that fits in with my world
I’ll give you anything, everything if you want things

I’ve got a cloak it’s a bit of a joke
There’s a tear up the front it’s red and black
I’ve had it for months
If you think it could look good then I guess it should

You’re the kind of girl that fits in with my world
I’ll give you anything, everything if you want things

I know a mouse and he hasn’t got a house
I don’t know why I call him Gerald
He’s getting rather old but he’s a good mouse

You’re the kind of girl that fits in with my world
I’ll give you anything, everything if you want things

I’ve got a clan of gingerbread men
Here a man, there a man, lots of gingerbread men
Take a couple if you wish, they’re on the dish

You’re the kind of girl that fits in with my world
I’ll give you anything, everything if you want things

I know a room of musical tunes
Some rhyme, some ching, most of them are clockwork

Let’s go into the other room and make them work

Syd Barrett-ek idatzia 1967an, The Piper at the Gates of Dawn diskoan argitaratua.

Iruzkin 1 Uztailak 13, 2006

Euskal weben ranking-ak: oker gabiltza berriro

Jakinmin naturala, alferreko obsesioa ala bestelako interesak? Ba ote dago sailkapen fidagarririk? Gure diskurtsoa norbaitek jasotzen duen jakin nahi izaten dugu web editoreok eta blogariok eta, egia esan, hedabide tradizionalen ondoan askoz errezagoa da Interneteko webgune bateko bisitarien gaineko datu zehatzak eskuratzea. Mezua heltzen den ikustea gauza bat da, baina besteekiko gure kokapenak gehiegi kezkatzen bagaitu gure egoa elikatzeko joera adikzio obsesibo modukoa bilaka daiteke, helburu terrenalagorik egon ezik.

Duela bi urte salatu nuen Alexaren sailkapena fidagaitza zela euskal webgune bisitatuenen, aipatuenen… sailkapena egiteko. Iaz berriro salatu nuen munduko txorakeriarik handiena zela Alexaren sailkapenarekin euskal webguneen rankina osatzea. Are, haren datuetatik Cybereuskadik eskuz eta gainetik egindako web baskoen sailkapena hartu eta, eskuz eta gainetik euskal webgune (elebakarren) sailkapena egiteak batere funtsik ez zuela argudiatu nuen iruzkin batean. Alabaina, ez didate kasurik egin, berriro aipatu baitute aurten erabili.com-en sailkapenaren kontua.

Oraingoan ezin nuen sinetsi sekula entzun barik neukan Ondopasabizkaian bezalako webgune erabat ezezagun batek 387. lekua erdiestea euskal webguneen inongo sailkapenetan. Hainbat datu oker zeudela egiaztatu nituen (Zapaterok bezala). Adibide hurbil-hurbila jartzeko, webgune hauxe ez zegoen zerrenda horretan, zabaldu.com eta beste hainbat bezalaxe. Baina zerrenda, euskaldunen agerpenari dagokionez ondo balego ere, Alexan oinarrituta dago eta Alexa, euskal webguneen sailkapen bat egiteko erabati fidagaitza dela errepikatzen dut, joño!

Oraintsu (obsesioa?) beste sailkapen sistema bat aipatu dute, Mikel Iturriak egin baitu bloglines zerbitzuak duen harpide kopuruaren araberako sailkapena. Alexarena baino fidagarriagoa ei da Bloglinesen harpidedunen arabera webgune baten estimazioa neurtzea, baina hori ere ez da webgune baten bizitzaren adierazpen partziala baino

Bloglinesek arazoak ematen ditu nire feed-arekin, feed-a ondo dagoen arren, eta agian horregatik ez dute kontutan hartu. Baina feeda ondo egonda ere, ez da hain erraza blog baten bloglineseko harpidedun kopurua neurtzea. Nire blogak hainbat feed edo bertsio ematen ditu: Atom, RSS2… Baina eragozpenak ez dira hor amaitzen: Bloglines ez da perfektoa teknikoki eta, kasurako, nire rss feed bat hainbat kontutan banatzen du: hemen eta hemen.

Technoratin oinarritutako beste sailkapen hau aurkitu dut eta Sarean.com nahiko goian ageri da. Technoratik emandako datuak erabiltzen ditu honek. Eta ez al da sinesgarriagoa? Beste blogetan dauden loturek eta aipamenek zehazten dute webgune baten garrantzia. Gorka Juliok egindako Bloginfluence are tresna egokiagoa iruditzen zait sailkapen bat ezartzeko. Zure blogaren URLa sartu eta hainbat sailkapenetan daukan tokia erakutsiko dizu. Nirea ez dago bertan oso ondo kokaturik, baina printzipioz beste sailkapenak baino fidagarriagoa zait.

Cybereuskadik Alexarena erabiltzen zuen, baina hori egiten zuten lagunek (Alianzo enpresak) orain beste batzuen konbinazioa erabiltzen du EAEko webguneen (euskaldunak zein erdaldunak) sailkapena egiteko. Konbinazio hori Alexa baino fidagarriagoa delako izango da agian, baina oraingoz zehaztasun onargarririk gabeak iruditzen zaizkit denak.

Nola eta zertarako manipulatu sailkapenak?
Zer fidagarritasun dauka Alexaren sailkapen horrek? Bat ere ez, esan dut, esanen eta esango. Alexaren nabigazio barra Euskal Herrian ia inork ez duela kontutan hartzea nahikoa izan beharko litzateke hori esateko. Hala ere, esperimentua egingo dut datozen asteotan, Alexaren barra pare bat ordenagailutan instalatuta, besterik gabe. Itxaron egingo dut gero eta ikusiko dugu emaitzak aldatzen diren. Beste batzuk ere konturatu dira Alexarena manipulagarria dela.
Baina oraindik Alexari atarramendua atera nahian dabiltza batzuk, euren prentsa oharretan web baskoen enegarren lekuan daudela iragarriz. Bistan da batzuek interes bizia dutela hori egiteko, zergatik? Dirulaguntzak, esaterako, izan daitezke manipulatutako sailkapenen (eta bisita kopuruen estatistika puztuen) helburua. Susmatia banintz pentsatuko nuke akaso bertoko instituzioek zenbait proiektu fantasmagoriko diruz ederto lagunduta, euskalgintzafuntzionariadoak eta talde editorial indartsu zenbaitek sareko proiektuetan aurkitu dutela bere burua finantziatzeko bide berri bat eta Alexak ematen diela behar duten justifikazio hori.

ETAren su-etena aldarrikatu zen egunetan bertoko webguneek izandako bisita gorakada aztertzen ikusi zen argiro askok nabarmendu nahi zutela igoera eta baten batek datu okerra ere zabaldu zuen. Haritz Rodriguezek GARAko bere erreportaian zioenez, norberari bere webguneko log-ak ematen dio bisiten benetako kopurua. Baina kanpoko kontrol baten faltan bisita horiek puztea oso erraza da.

Duela aste asko hasi nintzen testu hau zirriborratzen eta, bitartean, sailkapenen fidagarritasunagatiko kezka hori islatzen duten testu batzuk aurkitu ditut. Lehengo egunean Mutilmediako Arkaitzek eta Patxi Gaztelumendik estatistiken fidagarritasun ezaz jardun zuten, Patxik ranking-ekiko obsesio horri edukien gaineko kezka falta kontrajartzen zion bitartean.

4 iruzkin Uztailak 12, 2006

Espainiarren jokabidea, mundiala

ZidaneOnartu behar dut ez zaidala futbola batere interesatzen. Munduko txapelketa hasi baino aste bi izan nuen mundialaren berri. Egunotan, hala ere, kezkatu nau jende askoren atxekimenduak Espainiako selekzioarekiko. Ez nabil Xabi Alonsori buruz, Bilboko kaleko jendeari buruz baino. Estraineko partida irabazi zuenean entzun nituen gool! batzuk eta bukaeran urruneko bolandera batzuk entzun nituen. Lehengoan ez nengoen partida ikusten eta algarak entzun nituenean Espainiaren garaipenagatik zela irudikatu nuen. Aitzitik, oraindik jende jatorra geratzen da zazpi kaleetan eta espainiarren porrota ospatzen ari ziren algarak.

Partida galdu zuenean frantziar zaletuen adierazpenak: “Zidane jubilatu nahi zutela? Toma!” Baina zeinek jubilatu nahi zuen ikertzen jarrita, Marcaren azal hau aurkitu dut. Hori bai kazetaritza garbia! Zaletuen jarduna ere maila horretakoa izan zen: beltzak zirela eta irain arrazistak botaz, marseillaise-a entzuten zen bitartean txistuak, Frantziarren aurkako topiko eta aurreiritzi españolazo horiek guztiak
espainiaHorrek frantziarrak euren handikerian puztu egin zituen eta espainiarrek jipoia hartu zuten. Eta errematerako, Domenech entrenatzaileak, Kataluniako erbesteratu baten semea bera, espainiarra baino, katalana sentitzen dela esan zuen. Bitxia da baina adierazpen horiek ez dute oihartzunik izan Espainiako prentsan, blog honen egilea (katalana) ohartu denez. Dena dela, kanariar batek gogorarazi digunez, Zidane amazigh jokalariaren golei esker irabazi zuen Frantziak. Berriro kolonizatu baten lana inperio errepublikarraren loriaren alde. Hau guztia irakurtzean, ez dakit zergatik, baina Trainspotting filmeko berba hauek gogoratu nituen, protagonista eskoziarrak esana:

“Some people hate the English, but I don’t. They’re just wankers. We, on the other hand, are colonized by wankers. We can’t even pick a decent culture to be colonized by. We are ruled by effete arseholes”

Gu berriz bi nazio loriatsuk inguratuta gaude, ez nazionalistez beterikoak biak. Zorionekoak gu.

2 iruzkin Uztailak 5, 2006

MacGyverrez beste, euskaldunak Hollywood-eko zineman

Euskaldunak Hollywood-eko zineanDuela urte bi, eMulen aurkitutako MacGyverren serieko atal baten zatia webgune honetara igo eta hemen komentatu nuen euskaldunak zelako modu bitxian atera gaituzten zinean. Western zahar bat ere aipatzen nuen, orain dela urte mordoa ikusi bainuen telebistan Thunder in the Sun filma: euskaldunak Far West-era bidean, indioen kontra borrokan, harriak jaurtitzeko xisterak erabiltzen, irrintzien bidez komunikatzen, flamenco dantzari eta frantsez izenekin… Benetako nahaste borrastea. Handik aste batzutara, MacGyverren bideoa agertu zen Felix Linaresen ETB2ko programan. Ez nuen saioa ikusi, baina konturatu orduko nire hostingaren mugak gainditzeko zorian izan nintzen, Lagun mordoa ari baizen, interneten bilatuta, bideoa hemendik deskargatzen. Orduan ez zegoen youtuberik eta zaila zen bideoak webgunean erakustea.

Baina geroago Linaresek erreportaia osoagoa egin zuen, arrakastak bultzatuta. Oso ona izan zen hura eta Holywoodek filmetan euskaldunak nola islatu dituen agertzen zuen. Orain Youtuben eskegi dute eta ikusi behar duzue, benetan. Film hura eta McGyverrena ageri dira, baina baita beste adibide barregari asko ere: gezurrezko Bilbo batean moto lasterketa bat, Gernikako bonbardaketa erridikulu bat eta onena: Titanic-en gaineko film batean euskaldunak ustez euskara zen berbeta ulergaitzean. A zelako barreak, andreak tukutu esaten duenean!

Iruzkin 1 Uztailak 3, 2006


sarean.com

Calendar

Uztaila 2006
A A A O O L I
« Eka   Ira »
 12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930
31  

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak