Ekaina, 2006 hilabeteko artxiboa
AEBetan egun 4 dolar inguru kostatzen da gasolina galoia, euskarara itzulita, 0,84 euro litroa. Noski, eurentzat onartezina da gu orain konformatuko ginatekeen prezioa, baina garestitzeak herritarrei kezka eragin die. Boteretsuek sortutako status quo horren logika maltzurra eta zilegitasuna agerian uzten duen film dokumentala estreinatuko da datorren astean AEBetan: Who killed the electric car? izenburukoa.
1996an auto elektriko berria kaleratu zuen General Motorsek Kalifornian, EV1 izenekoa, abiadura eta autonomia onargarriak zituen beribila. Hamar urte geroago, erabat ahaztuta dago orduan sekulako aurrerapentzat aurkeztu ziguten autoa. Zergatik baztertu zuten? Galdera horren erantzuna ematen digu dokumentalak: General Motors bera (autogintza) eta petrolio enpresa handiek hil zuten proiektua, euren negozio eredua kolokan jarriko lukeelako.
Petrolioaren ekonomian bizitzeaz gain, petrolioaren eredu hori inposatzetik elikatzen den inperioa dugu AEB. Munduarekiko bere harremanetan petrolioaren kudeatzaile eta onuradun nagusia izatea lortu dute AEBek, petrolio hori beste herrialdeetan ateratzen bada ere. Horrek azaltzen du Irakeko inbasioa, adibidez. Fahrenheit 9/11en antzera, atzean dagoena azaleratzen ahalegintzen da dokumentala, hainbat lekukoren testigantzen bidez.
Filmaren trailerra Youtuben eta Appleren webgunean (QuickTime) ikus daiteke.
Ekainak 24, 2006
Ostiraleko Berrian, azkenik, berba horiek (edo batzuk bederen) argitaratu ziren. Baina zergatik ez da Iruña-Veleiako aurkikuntzen gaineko ia ezer azaldu Espainiako komunikabideetan? Nahikoa da gaztelaniazko Google Newsen buelta bat ematea (gaur arteko) ia aipamen guztiak bertoko prentsakoak direla egiaztatzeko. Azken lau egunotan bakarrik Telecincon aipamen bat eta El Paisen gaur beste bat. Hain bitxia da ezen konturatu eta galdera berbera egiten du historiari buruz jarduten duen Kanadako blog batek: Hmmm. Interesting, but why do you suppose that no major news sites have covered this story? Odd, that. Are the other news websites just late to the party?
Ostiralean egin nuen azterketak kontuak nahiko argi uzten zituen: albisteak kanporatzeko bahearena egiten duen Espainiako prentsan agertu ez izanak eragin du ingelesezkoan aipamen bakarrak (3) EITBren ingelesezko bertsiokoak izatea. Kanpoan, beraz, zero patatero (Arabako lautadan gaudenez gero). Ingelesezko blogosferan, hala ere aipamen gehiago ageri dira hedabideetan baino.
Bertoko prentsan ere badira albistearen tratamendu esanguratsuak. Adibidez, Diario de Navarrak nahiago izan du Kalbarioaren aurkikuntza nabarmendu. Beste batzuek euskarazko berbena aitatu (edo atatu agian) ere ez dute egin. Horrek ematen digu akaso pista bat. Qui prodest? galdetzen zuen Hannibal Lecter-ek eta guk galdera bera eginez gero aurkituko dugu erantzuna. Gaztelaniazko testuak izan balira… Baina ez, euskarak gaztelaniari 600 bat urteko aurrera hartu dio honez gero. Erabat maltzurra, bihurria baina horrexegatik esanguratsua eta aipatu beharrekoa, El Mundoren ostiraleko konklusio bihurria: aurkikuntzak “demostraría la poca evolucion del euskera” edo horrelako zerbait (sarean loturarik ez, tamalez). Eta gero esango dute euskara despolitizatu behar dela…
Ekainak 20, 2006
Kasualitateak, bai. Lou Reed aspalditik miresten dudan musikaria da, baina letragile-olerkari bikaina eta argazkilaria ere bada tipoa. Erakusketa egin du berriki honelako argazkiekin (kasualitatez, nik ere motibo berari egin nion behin argazki ez hain ikusgarria). Egunotan irakurtzen ari naiz oparitu didaten Atraviesa el fuego liburua, argazkikoa, berak bere letrekin osatua: letrak ingelesez eta gaztelaniara itzulita. Benetan letra onak dira Reed-enak eta irakurriz hobeto igartzen da horien dimentsioa, musikatik berezita, patxadaz.
Kasualitatez (edo kausalitatez akaso), lehengo egunean idatzi nuen hemen Orhipean liburu bikaina izateaz gain gomendagarria ere badela, euskaldunontzako ezezik, gaztelaniara, frantsesera eta ingelesera egindako itzulpenei esker, gure ezaugarrien eta hizkuntzak euskaldunoi eman digun mundu ikuskeraren berri atzerritarrei emateko.
Kasualitatez ere, asteburuan DVD bat ikusi nuen: A night with Lou Reed (1983). Aspaldiko zuzeneko emanaldi baten grabaketa da eta bertan azaltzen da berarekin Fernando Saunders baxu jotzailea. Duela bi urte Euskaldunan izan zen Reed. Berarekin Saunders, noski, zikiratu ahots bitxia eta harrigarria zuen Antony izeneko kantari bat eta Louren tai-chi irakaslea.
Bada, kasualitatez, Mikelen erdarazko Harrikadak irakurtzen jakin dut lehengo egunean Tolosan izan zela Lou Reed! Fernando Saunders baxu jolearekin eta tai-chi irakaslearekin Fronton jatetxean bazkaltzen, Ruper Ordorikaren anaiak gonbidatuta.

Tolosaldeko Hitzak harrapatu zuen scoop-a, erredaktorea eta argazkilaria bidalita. Berrian ere agertu zen albistea eta Diario Vascon geroago. Hauxe da Hitzan agertzen den argazkia. Baina egon… mahai gainean, ezkerraldeko txokoan dagoen liburua ezaguna egin zait… Orhipean da, ezta?
Orain gogoratu naiz: Aurreko asteko Luigiren liburuaren aurkezpenean Xamar izan zen… Eta Ruper ere bai… Kasualitatea? Agian.
Ekainak 15, 2006
Batzuetan, askotan, arreta euskaraz lortzea arapahoe hizkuntzan eskatuta baino zailagoa da. Telefonoa euskaraz izeneko kanpainia baten bideoa aurkitu dut sarean. Arreta euskaraz eska dezagun animatu nahi gaitu Kontseiluak iragarki tragikomiko honen bidez. Errealitateak, hala ere, fikzioari aurrea hartzen dio sarri, tamalez…
Ekainak 13, 2006
Maczale sinestuna nintzen duela hamar urte. Komunikazioaren arloan lan eginez, autoedizioa, diseinua, segurtasuna… Faktore asko ziren Mac-eroak gutxiengo jaso horretako kide harro sentiarazten gintuztenak. Baina gauzak aldatuz joan dira denboraren podazuz eta aukera ez da lehen bezainbat argia niretzako. Eramangarri berria erosi behar eta, hainbat buelta eman ostean, azkenik PC bat aukeratu nuen duela hilabete. Aukera egokia egin dudala uste dut eta pozik nago makina berriarekin.
Inoiz baino mac gehiago ikusten dira bazter guztietan (blogak 2.0 topaketan baziren iBook eta Powerbook franko). Ipodak sona eman dio Appleri eta bere Mac OS X sistemaren egonkortasuna ere haren aldeko faktorea da. Bistan da Mac OS X oso sistema indartsua dela, baina garai batean ez bezala, egun ez dago Windows XP batean egin ez daitekeenik. Hardwareari dagokionez, berriz, oso indartsuak dira Applek atera berri dituen MacBook berriak, Intel Core Duo prozesagailu bikoitzarekin, baina Centrino motako PC eramangarri berriek ere Core Duo prozesagailuak dakartzate. Faktore erabakigarria, dudarik gabe, dirua da. Goazen, beraz, zer nahi dugun ikustera eta, ondoren, produktuak alderatzera.
Eramangarria nahi nuen, noski, baina pantaila txikikoa ez: web diseinua eta irudien moldaketak egiteko 15,4 hazbetekoa nahi nuen (baita filmak ganoraz ikusteko ere, noski). Prozesagailuak guztiak dira onargarriak, baina badirudi Intel Centrinoek energia hobeto profitatzen dutela AMD eramangarriek baino. Aurten atera berri diren Centrino Core Duo prozesagailu bikoitz horiek interesgarriak dirudite, batez ere gauza bi aldi berean egiten onak direlako. Diskoa ere ona nahi nuen, 60 Gigako SATA bat gutxienez, eta Giga bat RAM. Gainerako ezaugarriak garrantzi gutxiagokoak ziren.
PC ala Mac? Duela bost urte erosi nuen iBook-a, dirutza gastatuta, baina dexente merkeagoak dira orain eramangarriak, PCak batez ere. Orduan ez nekien Windows erabiltzen (Joxek Applerekin jarraitzeko aipatzen duen faktorea), baina azken hiru urteotan XP erabiltzen ikasi dut lantokian, halabeharrez. XP askoz ahaltsuagoa da Windows 98 baino. Mac OS X ere sistema sendoa eta ahaltsua da, baina programa sendoenak egun XPrako ere badira, arazorik gabe. Egia da PCekin kontuz ibili behar dela, birusekin-eta, baina egonkortasuna irabazi du XPk eta babes neurri batzuk jarraituz gero ez da aparteko arazorik izango.
Ezaugarri horietako hainbat makina konparatu nituen eta, 1.100 euroko Acer bat erostekotan nengoela, lagun batek Dell-en webgunean begiratzeko aholkatu zidan. Bertan aurkitu nuen Inspiron 6400 hau, azkenean erosi dudana. Eskatzen nituen ezaugarri guztiak zituen, baina Acerrak ez zituen TV irteera, Firewire eta giga batzuk gehiago bazituen honek. Merkeagoa zen eta gainera Dell-en zerbitzu teknikoaz iruzkin hobeak irakurri ditut Acer-en inguruan baino. Beste lagun batzuek normalean han erosten dute eta arazorik ez dute izan inoiz.
Zenbakiek argi eta garbi hitz egiten dute: Dell Inspiron 6400 guztira 969 euro kostatu zait (BEZ eta entrega barne), dendetan antzeko bat 1.400 inguru kostatzen den bitartean. Dell-en eskaintzak aldatzen dira egun batetik bestera eta une honetan Inspiron 6400 bat eros dezakegu 700 euroan: Centrino duo, nukleo bikoitzeko prozesadorea, 2 giga RAM, 60 GB sata diskoa, 15,4ko pantaila panoramiko dizdiratsua… Kriston pepinoa, nire ustez. Zergatik honelako makina bat kostatzen da bi bider gehiago dendetan? Eta antzeko ezaugarriak dituen Apple bat zergatik kostatzen da ia hiru bider gehiago? (2.429 euro). Sistema da aldea? Hardwareak dituen aukerak profitatzen dituzte sistema biek. Orduan, Zergatik ordaindu beharko nuke diferentzia erraldoi hori?
Guk uste genuen Gatesen inperioari aurre egiten zion gutxiengo kontzientziaduna ginela… Baina monopolioaren aurkari jatorrak ez gara maczaleak, Linuxeroak baino. Egia da orain arte Linux ez dela oso erabilgarria izan informatikaz ez dakiten-dakigunontzako, baina gero eta erabilterreza ere bada. Gu, azken urteotan, beste monopolio txiki edo botere baten mesedetan, enpresa pribatu baten mesedetan aritu gara eta enpresak esker onik ez digu erakutsi. Joxe Rojasek ondo daki hori eta antzeko gogoetak egin zituen apirilean Joxe Aranzabal maczalearen Zergatik Apple? testuaren iruzkin batean. Nik, hala ere, PC ezezik Mac ERE erabiltzen jarraituko dut oraingoz, lanean zein etxean.
Ekainak 13, 2006
Egunotan liburu azoka dugu Bilbon eta haren inguruan egitarau interesgarria osatu dute antolatzaileek. Hala ere, Interneten ez dut ez egitaraua ez azokaren inguruko webgune ofizialik aurkitu. Pena da, baina nago liburu saltzaileek ez dutela oraindik barneratu egitaraua osatzeaz gain, sarean haren berri eman behar dela, editore gehienek, salbuespenak salbuespen, sarea ulertu ez duten bezala. Iragan astean Luigi Anselmi lankidearen Bertzerenak liburuaren aurkezpenean izan nintzen (eskerrik asko liburuagatik, Luigi) eta bertan Xamarrek astelehenean Orhipean liburuaren ingelesezko edizioa aurkeztu behar zuela esan zidan. Arratsaldean izango zelakoan eta ordua konfirmatzeko webgunerik gabe, kale egin nuen, atzo eguerdian izan baizen aurkezpena. Baina esana nion Xamarri zerbait idatziko nuela haren gainean, merezi du-eta.
Orhipean liburuaren ingelesezko edizioa irakurtzen ari naiz egunotan. Duela aste batzuk ekarri zigun Xamarrek ale bat eta benetan kanpotarrei euskaldunen berri emateko oso liburu interesgarria dela konturatu naiz. Duela 14 urte argitaratu zen euskaraz Orhipean, gure buruari gure buruaren berri emateko xedez. Geroago, besteei ere euskararen herria eta euskararen unibertsoa azaltzeko aproposa dela ikusita, gaztelaniazko edizioa agertu zen. Orain, berriz, frantsesezkoa (maiatzean aurkeztu dute) eta ingelesezkoa agertu dira.
Gauza asko jakintzat eman eta beste asko ezkutatzen dituen diskurtso politizatuak gaindituz, naturaltasunez eta ikuspegi humanista batekin euskararen unibertsoa, euskaldunon unibertso hori aurkezteko diskurtso interesgarria osatuz joan da Xamar azken urteotan: euskaldunon jatorria, hizkuntzarena, euskaldunon aintzinako ohiturak, naturarekiko kontaktua… Orhipean honetan Hizkuntzalaritza eta antropologia arloetan mugitzen da Xamar baina dibulgazioaren erregistroarekin, baskoen mundua barik euskararen herria azalduz.
Kanpotarrentzako aproposa da Orhipean, zer esanik ez, baina baita bertoko basko askorentzat eta euskaradunontzako ere, noski, nondik gatozen gogora dezagun. Ez da liburu mardula, ez dugu bertan teoria sasizientifikorik edo gogoeta astunik aurkituko. Ez du gaietan gehiegi sakontzen, ez da hori bere funtzioa: irudiz hornitua, irakurketa arina eta ondo egituratua ahalbidetzen du.
Euskalkultura.com-en agertu da albistea, izan ere, atzerritarrentzat ezeze, diasporako euskaldunentzat biziki interesgarriak dira frantsesezko eta ingelesezko edizio hauek. GARAk berebiziko interesa erakutsi du eta eurek babestu dute ingeleserako itzulpena. Interes horren zergatiagatik galdetuta esan didate GARAk New Yorken euskal zentro edo kulturgune moduko bat egiteko asmoa omen duela. Asko heldu gara konklusio berberera (bertako Eusko Etxekoak ere aspaldi), NYen ganorazko ordezkaritza bat behar dugula euskaldunok, Eusko Etxeaz beste, ikuspegi kulturala, nazionala emango duena, merkataritza harremanak sustatuko dituena, turismoa… Ez dut ulertzen nola Eusko Jaurlaritzak ez duen oraindik ordezkaritzarik bertan, baina edukiz gero, seguruenik ez litzateke oso kulturala, nazionala eta euskalduna. Proiektuak proiektu, nork ipiniko du lehenengo harria? GARAk akaso.. Noiz? Auskalo. Oraingoz enbaxadore ibiltari batzuk ditugu: liburuak.
Ekainak 6, 2006
Benetan haserretu nauen triskantza ikusi dut lehengo asteburuan Larrabasterran. Gerrako Burnizko Gerrikoaren ametrailadora habiak eta bunkerrak suntsitzen ibili dira egunotan, gure ondare historikoa suntsitzen. Epaitegian salaketa jartzeko moduko suntsiketa. Mendi bat OSORIK jan dute makinek, malda osoa, tontorreraino. Triskantza ekologikora ohituta gaude azkenaldion, agintariek tarteka ekologista mozorroa janzten duten arren.
Kontua da aurrerabidearen izenean saldu diguten autobia eraikitzen ari direla Uribe Kostan, Diputazioak eta gure agintariek euren planifikazioekin (PTP) eta pelotazo inmobiliarioak eragindako fenomeno bati (trafikoa) erantzuna eman nahi dion egitura erraldoia. Uribe Kostako korridoreak lur sail asko suntsitu ditu dagoeneko, eta oraindik suntsitzeko gelditzen zaiena ez da gutxi.
Larrabasterran, korridoreak Munarrikolandatik datorren mendiaren magala ebaki behar zuela erabaki zuten diputazioko agintariek. Bertan, Larrabasterra eta Berango banatzen dituen ataka naturala babesteko, bunkerra eta ametrailadora habia eraiki zituzten 1937ko udaberrian, duela 69 urte. Bilboren defentsarako Euzko Jaurlaritzak planifikatu eta herritarrek eraikitako Burnizko Gerrikoaren azken muturra zen. Puntan habi txikia; gorago eta barrurago bunker handiagoa, Larrabasterrako tren geltokia gobernatzen. Urte hauetan guztietan, irek erdi estalita eta bidezidor arten sarbide gaitza edukita, oso ondo kontserbatu dira bata zein bestea. Baina aurrerabidea etorri da eta ez dio erreparatu hormigoizko eraikuntza zaharrari, gure probintziako agintariek ez dute kontutan hartu gure ondarearen parte denik. Inpunitate osoz eraitsi dituzte.

Duela sei hilabete atera nuen goiko argazki hau, ametrailadora habia txikia suntsitu zutenean. Orduan, haserre nengoen arren, pentsatu nuen “gaitzerdi, maldan gorago dagoen bunkerra ez dute ikutu”. Iragan asteburuan, ordea, nire harridurarako, mendia erabat urratuta ikusi nuen, malda osoa tontorreraino. Eta bunkerra? Erabat suntsitu dute. Orrazi erraldoia pasatu balute legez utzi dute malda osoa, askoz beherago pasako den errepidea egiteko. Ederto gabiltza. Eta bitartean, “gure eskualdearen ondare historikoa” goiburuko hitzaldiak antolatzen dizkigute… Martxa honetan, aurki, bost minutuko hitzaldi baterako ere ez dute izango, geratuko den ondarearekin.
Oroimen historikoa ezabatu nahi dutenen, aurrera begiratu behar dela diotenen (PP-UPN) rolean ikusten dut hemen PNV… Iruñeko Gaztelu Plaza datorkit burura, eta galdera bat: nora jo dezakegu herritarrok babes bila horrelako triskantza bat ikusten dugunean?
ahaztuak
Ekainak 1, 2006