Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » 2006 » Maiatza » 17

Archive for Maiatza 17th, 2006

Matrako gogoan, Matrako jaialdia

kartela2004 azaroan lagun bat galdu nuen, Joseba Sanchez, Matrako askorentzat. Minbiziak eraman zuen eta lur jota utzi ninduen haren heriotzak, triste eta amorratuta aldi berean, gu utzi baino bi egun arinago bera bisitatu bainuen ospitalean eta oso efektu bortitza eragin zidan aspaldiko laguna, lagun sendoa, alaia, jatorra eta bizia zena hain makalduta ikusteak. Ez nuen hemen ezer aipatu, kontu intimoa iruditzen zitzaidalako eta ni ez nago blogean horrelakoak biluzten ohituta.

Baina kontua da orain Josebaren familiak gure laguntza behar duela, laguntza ekonomikoa, jarraian azalduko dudanez, eta eskerrak Josebak lagun ASKO, asko eta onak zituela han eta hemen. Erromon hazi zen bera, baina aita arrantzalea izanik gurasoak Bermeon bizi dira aspaldi. Horregatik lagun talde ezberdinak zituen Matrakok Erromon, Gorlizen, Plentzian, Bermeon, Portugaleten… Horregatik eta, batez ere, kriston pertsona zelako bera.

Josebaren heriotzak lagun talde horiek biltzeko eta elkarlanean aritzeko bidea eman zuen. Plentziko sanantolinetan eta urte zaharrean txosna antolatu dute eta orain, Erromoko lagunek haren aldeko jaialdia antolatu dute Errekaldeko Kukutza gaztetxean.

Gogoratzen dut nola gustatzen zitzaion indabak jatea. Portugaleten, serbilleta bat bekokian ipinita, plater aurrean izerditan… Zelako bihurria zen, harrotasun puntu baziloia zeukan, beti txisteak egiten, gizonkeriak egiten besteetan, beti alai, beti irribartsu… Militantzian batera ibili ginen herrian, kartelak ipintzen, pintadak egiten… Intsumisioaren aldeko taldetxoa ere montatu genuen Gorlizen, gauzak egin nahi genituen… Ze ondo pasatu genuen koartelaren aurkako martxetan, inbasioak egiten… Oso momentu onak pasarazi zizkigun Josebak bere umorearekin, baita bere epaiketan ere epaileari irribarrea aterarazi ziola gogoratzen dut.

Baina zoritxarrez minbiziak eta Osakidetzaren arduragabekeriak bat egin zuten eta, hainbat hilabetez birus gastrikoa zeukalakoan bueltaka ibilarazi ostean, Osakidetzak minbizia zuela egiaztatu zuenerako ez zuen operatu nahi izan. Denon diruarekin ordaintzen dugun erakunde horrek azterketa ekonomiko hotza eginez erabaki zuen Joseba preszindiblea zela, ez zuela merezi hesteetako ebakuntza arriskutsu batean dirua gastatzeak arrakasta bermatuta ez bazuen. Bistan da ez zutela ezagutzen, oker zirela. Joseba ezinbestekoa zuen familiak eta lagunek. Ez zuen zalantzarik izan eta, euren ondasunak hipotekatuz, klinika pribatu batera eraman zuten, dirutza bilduta, berau salbatzeko ahaleginean. Maite duen edonork egingo lukeen moduan.
Onik atera zen ebakuntzatik, baina hilabete batzuk geroago agertu zen beste konplikazio batek ospitalera eraman zuen berriro. Beste ebakuntza bat egingo ziotela esan zioten orduan Osakidetzakoek… Bai zera! Ebakuntza ez zen inoiz heldu eta amatatzen utzi zuten apurka-apurka. Zergatik ez zioten ebakuntza egin? Eginez gero argi dago aurrekoagatik arrazoia emango ziotela eta, hilez gero, berak emango zien aurreko erabakia defendatzeko argudioa. Hori pentsatzen dugu Josebaren lagunok.

Baina esan dudan moduan, Josebak lagun asko eta onak zituen, eta horietako batzuek antolatu dute asteburu honetarako Matrako jaialdia Kukutza gaztetxean. Euren laguntza eman dute Kukutzakoek, Doctor Deseo, Atom Rhumba, Obligaciones, Bosco el Tosco, Ander Lipusek eta beste hainbat lagunek… Ez ditut ezagutzen Erromoko lagun horiek baina hemendik nire babes guztia eta laguntza eman nahi diet. Jaialdi interesgarria izango da, gainera, eta sarrera 5 euro baizik ez da kostatzen. Nik erosi dut txartela… Eta zuk?

2 iruzkin Maiatzak 17, 2006


sarean.com

Calendar

Maiatza 2006
A A A O O L I
« Api   Eka »
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
293031  

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak