Apirila, 2006 hilabeteko artxiboa
Euskaldunon betiko ikurtzat hartua dugu txapela, gure izaerari eta irudiari erabat atxikia, baina egiazki ez ei da sortzez euskaldunona ezta betikoa ere. Xamarrek beti esaten du XIX. mendekoa dela, azkar hedatutako moda berria. Atzo ETBn txapelaren inguruko erreportaia interesgarria eman zuten, frantziar batzuek hemengo batzuekin batera egina. Txapela Biarnotik gurera pasa eta berehala hedatu zela kontatzen zuten… Ez dakit non sortua den, Biarnon beharbada, baina artzainen artean izango zela irudikatzen dut. Berehala, pobreen buruak babesteko primerakoa zela frogatu zuenez, konnotazio sozial eta politikoak hartu zituen: hiritarrek eta aberatsek kapela erabiltzen zuten bitartean, baserritarrek eta proletarioek txapela.
Laster zabaldu zen militarren artean (egun militarrentzako asko ekoizten du Elosegik), txapela soldaduen sinbolo bihurtuz. Txapeldun ezagun asko izan dira munduan azken ehun urteotan: Zumalakarregi jenerala, Borotra tenista, txapelgorriak, milizianoak eta pantera beltzak, Malraux, Hemingway, Che Guevara, Marlene Dietrich, Bonnie and Clyde… Baina munduan gehienek ez dute txapela euskaldunekin lotzen, askoz gehiago dira frantziarrekin lotzen direnak… Tira, egia da ere askok ez dakitelako zer den euskaldun bat. Behin, Brooklyneko antiguedade denda bateko erakuslehioan txapel bat ikusi nuen eta ezin izan nion nongoa ote zen jakiteko gogoari eutsi. Baionan eginikoa zen.
Kubako Santa Clara hirian izan nintzen beste batean, Che Guevararen omenezko mausoleoan. Azpian museoa dago eta Cheren bizitza kontatzen duen hainbat testu, argazki eta oroigarri. Han zegoen, kristalezko urna baten barruan, Che Guevararen txapela, txapel iraultzailea, fotogenikoa, ikonikoa… Euskalduna ote zen, barruko zigiluren batek agertuko zuen agian… Makurtuta, burua lurrean ipinita ia, barrenean zigilu moduko zerbait zegoen, oso hondatua. Ezin izan nuen ezer ulergarririk irakurri baina akaso bai, nire subjetibotasunetik pentsatu nahi dut-pentsatzen dut txapel euskalduna zela.
Apirilak 27, 2006
Californian mexikar etorkinak bat-batean desagertuko balira zer nolako hondamena gertatuko litzatekeen irudikatu nahi zuen Un dia sin mexicanos filmeko zuzendari Sergio Arauk 2004an. Orain, bi urte geroago, film hartako hipotesia egiazko protesta bihurtzeko deia egin dute. Maiatzaren lehenean latinoen greba orokorra dago deituta AEBetan. Deialdiaren arabera egun horretan mexikoko etorkinek ez dute lanik egingo eta mexikoko biztanleek ez dute AEBetako inolako produkiturik erosiko. Iragarpen guztien arabera, eta Arauren film hartan ere, etxeak garbitzen, uztak biltzen eta lanik zikinenak egiten dituztenak etorkinak dira. Asko ilegal moduan dabiltza, eskubiderik gabe gehienak. Baina AEBetako gobernuak dena ukatzen die eta horregatik euren haserrea adierazten ari dira azkenaldion manifestazioen bidez. Ea jendeak nola erantzuten dion deialdiari… Momentuz, filmaren eskaerak biderkatu dira eta lagun asko ari dira sarean deskargatzen.
Apirilak 24, 2006
Tregua edo su-etena dugu, ETAk duela hogei egun aldarrikatua. Eta lehenengo ondorioa espainiarren inbasioa izan da. Bai, bakerako deia egin eta Espainiako tropa zibilek euren martxa berdea egin dute gurera. Lehen, basko biolentoen mamuarekin etortzeko adorerik ez zuten espainiarrak izan dira, Bilboko mapamundiak eskuan, hau kolonizatzera etorri diren lehenengoak. Esaterako, lehengoan Cayetana G.C. izeneko aktore mesetarioarekin egin nuen topo, basko maltzurrez sekulakoak esandakoa bera, zazpi kaleetako taberna batean. Onartu behar dut amorru pixkat ematen didala hainbeste espainiar lehen ez eta orain bai ikustea. Baina noski, orain basko jatorrak gara, Nikok zioen moduan Euskadi jator, goxo eta puta huntan.. Y que bien se come, y los pinchos, y que bonito…
Egia esan, ez nau oraindik gogaitu hainbeste laguni tabernak eta pintxoak (euskal sukaldaritzaren adierazpen gorena orain pintxoak ei dira) nondik diren esan behar izateak. Bai ordea Bilboko ditxosozko Aste Santuak. Gauza funebreagorik!
Inbasioarena aparte utzita, egunotan Lanzarotera, Castrora edo Saloura alde egin ez dugunok aldaketa bitxia sumatu ohi dugu Bilboko kaleetan. Aspaldiko asteotan abisatzen ari ziren Jerikoko tronpetak, nazarenoen entseguak, alegia. Aste Santuan Ku-klux klanen itxura iluneko morroi piloa, danbor eta tronpetak musika horrendoa jotzen, batzuetan corridetako bandarena ematen duena, besteetan koarteleroa erabat, martxa erritmo militarrak bezalaxe. Tristea eta iluna da horko giroa eta euskaldun gehienoi arrotza egiten zaigu.
Ihes egiteko alde egin nuen botxotik ostiralean, nora eta Bakiora. Jendez gainezka hau ere. Bermeorantz abiatu ginen orduan, lagun bati bisita egiteko. Gaztelugatxetik pasa eta zer zen hura! Noski, turismo gida guztietan dator espainiarren bihotzeko presentadora ezkondu zen lekua.
Bermeora heldu eta bertan ere, bariku santue zanez gero, prozesinue. Hemen turista bakarrak gu. Saetarik ez, eskerrak, baina Bilbokoa bezain tristea ere bazen. Edo are gehiago, seguruenik. Herritar sinistunek hartzen dute parte segizioan, baina gazterik ez inguruan. Bataz besteko adina: 70 urte.
Buelta Bilbora eta sorpresa: ez nuen lehenago pentsatu Aste Santu betean Bilbon aparkatzeko tokia topa ezinik ibiliko nintzenik. Lehengo normaltasunarekin ez zen horrelakorik gertatzen! Hurrengo Aste Santuan, ahal badut, Espainiara noa, Conil edo Noja inbaditzera, ea grazia egiten dien 
Apirilak 17, 2006
Sarritan izan ohi da EITB euskaltzaleon hizpide, ETB1en programazio pobreagatik gehiegitan, beste hainbat konturengatik ere sarri. Berak autobonbo iragarkiak besterik egiten ez duen bitartean kritika asko egiten zaizkio prentsan, blogetan… Baina ez da elkarrizketarik sortzen eta feedback-a nekez heltzen den irudia nahiko barneratuta daukagu, tamalez. Sarean duen eitb24.com-ek ere jaso du kritikarik azkenaldion, dela estatistikak lotsarik gabe puzteagatik edo euskara traketsagatik. Baina nik eitb24 aztertu nahi dut gaurkoan, euskal sarearekin, blogosferarekin dituen-ez dituen harremanak, 2.0 kazetaritzarekin dituen-ez dituen harremanak, betiere asmo eraikitzailearekin (begiratu eraikitzaile hiztegian) baina loturak (links) eraikitzeko asmoarekin.
Lehengo eguneko Patxiren eta Lontzoren arteko eztabaidaren haritik hainbat hausnarketa egin behar dela uste dut eta ez naiz euskaldunon arteko gatazkarako joera naturalaz ari. Uste dut EITBk barneratu beharko lukeela sarean egotea zer den, 2.0 joera eta filosofia ulertuta. Zergatik eskatzen diot hori EITBri, Olentzero edo Zapatero balitz bezala? Bada, EITB ez delako Urliaren edo Berendiaren web partikularra, erakunde publiko batek diru publikoz ordaindua, zerbitzu publikoa izan nahi duen eta izan behar duen komunikazio talde publikoa baino. Res publica denez gero, denon ardura delako eskatzen diot hobetzea, nik hobea nahi dudalako.
Aurkeztu zuten egunetik susmati begiratu diot eitb24ri, erabat hedabide tradizionalen ikuspegiarekin sareratzen zela sumatu bainion orduan. Albisteak biltzeko, hedabideen iturri tradizionaletatik (agentzietatik eta prentsa oharretatik) soilik edaten duela egiaztatu nuen geroago, blogosferan adibide moduan jarri nuen gaia (Kike Turmix-en heriotza) askoz gehiago eta hobeto jorratzen zuten bitartean. Norberak e-postaz bidalitako informazioak ere nekez ageriko dira eitb24n (hainbatetan saiatu naiz, ez pentsa). Feedback eta elikadura anitzaren faltak ez dute komunikabide bizi eta sendoa egiten. Kontuz! Ez da hori eitbren kontua bakarrik. Bertoko beste hedabide tradizionaletan ere somatzen da Papera-digitala dikotomia eta sarearen ezagutza falta erabat adierazgarria Interneteko gaien aukeraketan eta tratamenduan. Bertsio digitala edukitzeak arazoa konpontzen duelakoan…
Luistxok papera-digitala hartan Berriari buruz zioenez, “ez duzu ikusiko informazio orokorreko albisterik euskal blogen ingurukorik edo euskarazko blogetan sorburua duenik (ezta orohar, Interneten inguruko ezer: Kultura Sailak konbokatoria estandar baten bidez web baten bidez berri ematen badu, bai, orduan irteten da). Ez Wordpress euskaratu dela, ez komunitate bat han edo hemen bizi-bizi dabilela, ez Foru Aldundiak adarra jotzen diela blogista euskaldunei… Txinako blogarien gorabeherak, berriz, albiste dira”.
Izan ere, sarean ez daude gure hedabideak. Sareko Argia salbuespena da, baina Gara, Berria, Deia, EITB… ez dira elikatzen egun euskarazko talde editorialik handiena den baina informazioa doan eskaintzen duen euskal blogosferatik (ezta erdarazko blogosfera baskotik ere, noski) eta ez dute loturarik eskaintzen euskal sareko beste guneetara. Hori oso adierazgarria da. Adibidez, Googlen Sustatuk eitb24 zenbat aldiz aipatu duen begiratzen badugu 22 aipamen agertuko zaizkigu; alderantziz eginez gero 0 aipamen aurkituko ditu. Ez da erabat zientifikoa baina bai adierazgarria. Ikerketarekin jarraituz, bila ezazue blogak hitza eitb24n… Voilá! Ondo identifikatutako salbuespena agertuko zaizue: zabaldu.com aipatzen duen albistea! Hobe berandu ezen ez… Ezin esan emaitza positiborik ez zuenik izan lehengo egunekoak e? Gainerakoan, bada, blogak 2.0ren prebioa, Web 2.0 aplikazioari (sic) buruzko jardunaldia iragartzen duena, Txinako bitxikeriren bat eta beste askorik ez… A, bai, hara zer daukagun hemen! Hauek ere fusilatu zuten Que Bilbao egunkaritik 500 blogen albiste hura. Ene! Que Bilbao bai dute albiste iturri (jatorriaren aipamenik gabe baina iturri). Inbidiaz begiratuko diogu blogariok Recoletosen doakoari, prentsa serio eta interesgarriaren paradigmari.
Baina ez dezagun gatz gehiago bota zaurian. Osteguneko eztabaidara bueltatuz, proaktiboa izatea eskatzen zion Lontxok Patxiri, berak EITBri sarean ez egotea (harremanik ez edukitzea, loturarik ez eskaintzea, saretik ez elikatzea…) leporatu zionean. Hiztegira jo nuen etxean, proaktiboa zer ote zen… Proaktiboa (of a policy or person or action) controlling a situation by causing something to happen rather than waiting to respond to it after it happens. OK. Fenomenoei edo arazoei aurrea hartzea, gertatu arte itxaron beharrean…
Bada, zentzu horretan eitb24k proaktiboa izateko denbora dexente izan du sarean ezarri zenetik, euskal blogosferarekiko eta web esferarekiko loturak egiteko, bere burua sare horretan txertatzeko. Ordea, bere mainstream media baten web bertsioaren rolean ikusten du bere burua. Ez da batere 2.0 eta ez du bere burua sarearen baitan ikusten, agian ez duelako bere burua sare horretako beste kide bat bezala ikusi nahi. Gehiago maite du hedabide tradizionalaren paradigma, mendiaren puntatik seinalea goitik behera bidaltzen duen antena unidirekzionalarena. Esan beharra dago komunikabide tradizionalen web bertsio gehienek ere ikuspegi bera dutela, ez da horretan EITB salbuespena, baina komunitate txiki baterako izanik seguru errazago izango lukeela bere burua egokitzea, aitzindari izatea.
Dagoeneko ezin dakioke proaktiboa izateko eskatu eitb24ri euskal sarearekiko, orain arte egindakoa, hobe esan, ez egindakoa hor dagoelako. Baina konponbidea jartzea, feedback hau hartzea, onartzea eta joera aldatzea eskatzen diot nik, euskal internautok gure komunitateko kide senti dezagun, gure jarduna, albisteak, eztabaidagaiak, ekarpen berriak isla ditzan. Interneten mugitzen diren eta kriterioa duten irakurle internautek ez dute agentzien refritorik nahi. Mesedez, ez hainbeste EFE edo Europa Press eta gehiago Aurki edo Technorati, teletipo eta fax gutxiago, RSS harpidetza gehiago.
Sarean mugitu beharko du, aktiboa izan, harremanak sortu blogariekin (bai, oinezko internauta horiekin). Baina horretarako bolizko dorretik jaitsi beharko du, antenatik nodora txipa aldatu, bertikaltasunetik horizontaltasunera aldatu, hedabidetik komunikabidera, norabide bakarretik elkarrizketara, sareko bertsio izatetik saretarra eta sarerako izatera.. Telebistako parakaidisten iragarkia polita zen, baina sarean ez dugu parakaidistarik behar, lankideak eta solaskide eskuragarriak baino… Flash animazio ikusgarriak ondo daude (Itoizekoa eta beste asko), baina sareak eskaintzen dituen aukerarik ikusgarrienak 2.0 izatean daude. Galdera da: prest dago eitb24 horretarako ala gurago du eskema zaharkituko beste bat gehiago izaten jarraitu?
Apirilak 12, 2006
Duela urte batzuk Interneti buruzko topaketa batean lau euskaldun izango ginen -izan ohi ginen- 1.0 aroan. Ostegunean, berriz, euskaldun talde esanguratsua zegoen Deustuko Unibertsitatean, Blogak 2.0 jardunaldian. Euskaldunak 2.0 gara? Ez nintzateke horrelakorik esatera ausartuko. Hala ere, euskaldun mordoa ikusi nuen atzoko topaketan, babestuta sentitu nintzen, gazteak eta ez hain gazteak ordenagailuekin batzuk, PDArekin besteak… Homologatzen ari ote gara teknologia berrien arloan? Beharko dugu, bihar-etzi munduan nazio moduan agertzea asmo badugu, gure hizkuntza bizirik egonik (Argazkia Julenena da) .
Amaitutakoan, backchannell edo chat berriketan esaldi hau irakurri nion bati, Bartzelonako gazte haiek al estilo First Tuesday aurkeztu zutela euren eyeos ekimena, web bidezko idazmahai itxuraz polita eta interesgarria. Bilbon Foro Bilbao izaten ziren puntucom garaiko bilera haiek, baina, zibernegozioen gainbeherarekin ahanzturaren putzuan geratu dira. Une batez gogoratu dut, hala ere, nola kezkatzen gintuen 1.0 aroan foro hartako e-posta banaketa zerrendako kudeatzailearen pribatizazio ahalegin ilunak (gaurko ikuspegitik ikusita, nahiko barregarria). Jose Del Moral ere bazegoen orduan antolakuntzan eta baten batek alukeria egin nahi izan zion, urrearen txin-txina usaintzen zielako topaketa haiei. Azkenean urrerik ez… foro hura desegin zen joint venture abentura gehienak bezala. Baina haria galtzen ari naiz.
Sapientia melior auro dio, ordea, Deustuko auditorioko leloak. Baina pelotazo 2.0 berri baten esperoan, batzuk babesle, partner edo erosle bila dabiltza (Bartzelonako eyeos-eko gazteak helduagoa zen bertoko batek lagunduta, babestuta etorri ziren, hala ere). Haren eskaintza interesgarria zenn arren kutsu bera somatu nion txapak banatzen ibili zen Linkjako ordezkariari, baina ez diot garrantzirik ematen erosia nahi izate horri, bakoitzak bere bidea aurkitu nahi du eta ideia berriak dituzten gazte batzuek pelotazoa dute gogoan, normala denez.
Loic Le Meur-en mintzaldia interesgarria izan zen bere hitz egiteko eragatik eta eman zituen Frantziako adibide batzuk ezagutzen ez nituenak. Baina, ohartu gabe seguruenik, frantximanta guay arketipikoaren topikoak bota baizik ez zuen egin: oso pozik zegoela Espainian eta oso gustokoa duela espainiako sukaldaritza, harat-honat dabilela munduko hiritarra sentitzen zela eta zerbait esan zuen bere herrialdeko gazte grebalari eta protestalariak gutxietsiz. Aurreko biek ez ninduten harritu, hirugarrena onartezina iruditu zitzaidan.
Aipatzekoa da Alianzoren eta, bereziki, Jose Antonio del Moralen lana eta ahalegina. Garai batean Berrinetek ez zeukan jarrera ona euskaldunekiko eta egun, berriz, euskalduntzen dabil gogotsu. Bilakaera ikusi diot bere jardunari, positiboa inondik inora, eta sentsibilitate aldaketa hori sareko euskaldunekiko harremanetatik datorkiola pentsatzen dut. Euskaraz majo ahalegindu irratia.com-en zen egin genion elkarrizketan. Chapeau!
Gutxitan gertatzen den fenomenoa ikusi nuen topaketan: euskal eta erdal blogosferen arteko topaketa. Irakurrita ezagunak genituen batzuk bertatik bertara ezagutu genituen eta eurek gure berri izan zuten. Batzuk ez nituen ikusi eta ezagutzeko aukera galdu nuen, beraz. MiniD famatua, Unai Goikoetxeta eta Newton misteriotsua kasu (gerora aurpegia ikusi diodan arren). Aspaldi ikusi gabeak ere han ziren: Luistxo Fernandez, Josu Azpillaga, Iban Aranzabal, Joseba Etxebarria, Premine, Dirson… Geroko iruzkinen bidez izan dut batzuen eta besteen berri.
Beste aurkezpenen inguruan ez naiz gehiegi luzatuko. Alvaro Andoin eta Julen Iturbe ondo. Googlekoa ondo, Yahookoa ez hainbeste (gainera, Googlekoak utzi zion makina, aurrekaririk gabeko lankidetza adibidea emanez).
Kazetaritza 2.0 atalera heldu ginen 14:50ean, berez 15:00etan hasi behar zenean. Horretan antolakuntzak huts egin zuen, aurrekoen denboretan zurruna ez izateagatik. Audientzia osoa goseak hilik zegoen ordurako eta askok alde egin zuten atal hori hasi orduko.
Lontzo Sainzek jendeak ETBko eguraldiaABILDUAeitb.com helbidera bidaltzen dituen argazkiei atarramendua ateratzeko galeria batzuk aurkeztu zituen, web 1.0ko kontu bat, besterik gabe. El Correokoak Canal Si aurkeztu zuen, blogak baztertuta bakarrik ohiko hedabideen bertsio digitaletatik eta Vocentoko blog mugatu horietatik edaten duen agregatzailea. Bigarrenak 2.0 aroko teknologia baten (jarioak) moldapena egiten duen arren, uste dut ez dutela beste inongo 2.0 ezaugarririk, ez batak ez besteak. Enpin, tristea da oraindik hedabide tradizionalek zentraltasun eta norabide bakarreko bertikaltasun klabean ulertzen duten sarea, nolako beldurra dioten sarea-nodoak-horizontaltasun-eskuhartze eskemari. Euren paperezko-uhinezko-diruzko babesari esker duten itzala blogekiko (esaterako) lehia librean galtzeari.
Eta ahalegin uzkur horien ostean benetako 2.0 kazetaritzaren txanda heldu zen. Lau sosekin baina mila ideiarekin egindakoarena. Gorka Juliok eta Patxi Gaztelumendik hitza hartu zuten orduan, euskaraz noski. Ordura arte goseari eutsitako beste batzuk altxatu ziren eta baten batek harrituta deskubritu (edo gogoratu) egingo zuen beste hizkuntzaren bat dagoela Espainiako bazter hauetan (Loic-ek ez, alde eginda zegoeneko). Protesta uzkur bakanen bat izan zen, gaztelaniazko eta ingelesezko mintzaldietan egon ez zena, eta. Ordurako lantokirako bidean behar nuen arren, pixkat geratzea erabaki nuen, ea zer zioten, eta ingeleserazko aldi bereko itzulpen azkar eta pobrea inprobisatu nuen backchannell-ean, Ibanen ordenagailuarekin (bidenabar, Loic-ek ingelesez hitz egin zuenean ez zen itzulpenik izan).
Arrapaladan eta ia denborarik gabe ibilbidea egin zuten Gorkak eta Patxik bloginfluence, Teketen, blogari.net, Sustatu, Hala Bedi, Bilbo Hiria… Eguneko euskarazko berbaldi bakarra rifirraferik zaratatsuena bilakatu zen, Patxik eitb24ri blogosferatik eta euskal saretik kanpo bizitzea leporatu zionean (lotura falta, azken finean). Lontzok mikroa hartu zuen orduan zer eta zabaldu.com-en berri orduantxe izan zuela onartzeko. Badirudi euskal sareko kontuak eitb24n ager daitezen faxa armairutik atera eta hautsa kendu beharko diogula. Tira, egondako rifirafeaz beste testu batean jardungo dut, hainbat kontu azaltzeko paradigmatikoa iruditu zitzaidalako, baina aretoan goseari, nekeari eta diglosiari tinko eusten zioten erdaldun bakanek pentsatuko zuten: “Pero estos no estaban de tregua?”
Baten bat mahainguru honetan euskaraz egiteak eta honetaz ez mintzatzeak atsekabetu zuen. Bigarrenarekin ados erabat. Baina internauta bera Gorka eta Patxi blogariak besterik ez izateak atsekabetu zuen… Eta zer? Hori da 2.0 sarea, ezta? Blogak dira 2.0 sare honen zentroa eta elementu nagusia (eta topaketaren goiburua). Bertako gehienok blogariak ginen. Enpresa handi baten ezdakitzer zerbitzu itxi eta jabedun eta komertzial hutsaren aurkezpena nahiago duenak okerreko lekura jo zuen, nire aburuz.
Apirilak 8, 2006