Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » 2006 » Otsaila

Otsaila, 2006 hilabeteko artxiboa

SEADek 30 urte

SEADek 30 urte / 30 años de RASD

Gaur betetzen dira 30 urte Bir Lehlun (Mendebaldeko Sahara), 1976ko otsailaren 27an Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zela. Erbesteko errefuxiatuen kanpamenduetan (Tindouf inguruan Aljeria) eta askatutako guneetan errealitatea da saharauien errepublika, diplomatikoki hainbat estatuk ezagutua eta Afrikar Batasuneko kide. Hemendik bat egiten dut saharaui neba-arreben aldarrikapenarekin eta gogoratu nahi dut, saharatik webgunean irakur daitekeenez, gaur arratsaldean kontzentrazioak izango direla EAEko hainbat lekutan: Gasteizen, Bilbon, Bergaran eta Donostian.

Iruzkin 1 Otsailak 27, 2006

New York: milurteko elurtea

Etxetik irtetenHauxe bai zoriona nirea! Sagar handian eman ditut egun batzuk, negu gorritik ihesi, eta negu zuriarekin egin dut topo New Yorken. Beldur pixkat ematen zidan neguan hara joateak, benetan hotza eta ezatsegina izaten baita hango negua. Horregatik ondo hornituta abiatu nintzen harantz. Hala ere, inondik inora ere ez nuen imaginatu halako elurterik topatuko nuenik… Inoiz New Yorken jausi den elurterik handiena tokatu zaigu, 1869an Central Parken neurtzen hasi zirenetik bederen… Argazkiak lekuko.

Larunbat arratsaldean heldu ginenerako maluta txiki batzuk ari ziren jausten, baina asfaltoa oraindik garbi zegoen. Gau osoan sekulako elurtea bota eta goizaldearekin ez zuen atertu. Brooklyn-en, Jonen etxeko ataria zabaldu eta sekulako panorama aurkitu genuen… Telebista piztu genuen. Albistegiek amerikarrei hainbeste gustatzen zaizkien alerta egoera kolektibo horietako batean geundela adierazten ziguten, etxetik ez irteteko esanez. Eskerrak igandea zen, bestela hildakoak ere izango ziren, 1947an bezala! Historiako bigarren elurtea zela adierazten zuten eguerdirako, 1947an 26,4 hazbete neurtu baizituzten. Igande arratsaldean atertu zuen, baina ordurako marka hori eta beste guztiak hautsita zeuden: 68.33 zentimetro (26.9 hazbete).

Elurra BrooklynenEz genuen hainbeste itxaron, ordea. Gosaltzeko etxetik 300 metrora dagoen Madison tabernara joan nahi genuen eta, gainera, espaloia garbitu behar genuen. Elurra egiten duenean, herritar bakoitzak bere etxe aurreko espaloi zatia garbitu behar du derrigorrez. Bestela multa jaso lezake, inor laban eginda jausi eta mina hartuko balu, udalari jarriko bailioke seguruenik salaketa. Hemen dena da demandak eta salaketak… Abokatuen bufeteek hemen telebistan langileentzako iragarkiak egiten dituzte, jausiz gero eurengana jotzeko esanez, dirutza ederraren promesarekin.

Tira, palak hartu eta bidea zabaltzen hasi ginen. Espaloia garbitzea kostatu zitzaigun eta kaltzioa bota genuen, gatzaren antzeko eragina du baina ez da hain urragarria. Errepide erditik joan behar izan genuen, espaloi gehienak erabat estalita baizeuden oraindik. Hiriko zaborrak bildu ohi dituzten 2.200 kamioi elurra kentzeko makinak bihurtuta zeuden, baina lehentasuna autopista eta kale nagusiak izaten dira horrelakoetan. Elur gainean ibiliz heldu ginen Madisonera…

Iruzkin 1 Otsailak 23, 2006

Sarean-en eta blogarion eraginaz

DebekuakBeste webmaster eta blogari askoren antzera, askotan pentsatu dut zein izango ote den nire idatzien eragina gizartean. Euskal blogosfera gero eta indartsuago baina sakabanatuago dagoen honetan zaila da neurtzen baina nire irudipena da begi askok jarraitzen dutela, uste baino gehiago, iruzkinetan islatzen dena baino gehiago ere, gure oinezko internauton adierazpide libre honetan idazten dena. Hala ere, zaila da neurtzen eragina, eragin zehazgabea izaten delako.
Abenduan hemen idatzi nuen Bilboko metroan argazkiak egitea debekatzen zuen arau absurdoaren kontra argudiatuz. Handik gutxira heldu zitzaidan offline eta off the record informazioa: Nire idatzia Julio Ibarraren mahai gainean zegoen eta gaia aztertzen ari ziren… Dagoeneko hura ia ahaztuta neukan, baina atzo, gaia ondo ezagutzen duen Mitxelek iruzkin batean Julio Ibarrak debeku hori altxatu duela jakinarazi zidan.


Onartu behar dut biziki pozten nauela, erabakiak bezalaxe, agian nire testuak eta bertan botatako argudioek erabakian eraginen bat izango zutela pentsatzeak. Ez naiz bosgarren botereaz hitz egiten ausartuko, ez dut esango euskal blogosferak sekulako eragina duenik esango, baina hemen indarra dago. Hau anekdotikoa izan liteke eta erabakiari guztiz zentzuzkoa deritzot. Baina hamar urteren buruan orain hartu badute argi dago Ibarrak kargua hartu eta feedback-a funtzionatzen hasi dela. Hor dago arrazoia. Ez daukat gehiago esateko.

Besterik gabe, euskal blogariak eta Flickr-eroak animatu nahi ditut hemendik, idazten dutenak gizartean eragina izan dezakeelako. Badakit sentipen hori dela blogariaren oinarrizko motibazioa, baina orain horren froga etorri zaigu. Zorionak argazkilarioi ere, gehiago ez direlako-garelako ezkutuan ibili beharko metroan, klandestinitatean. (Argazkia: Digital Owl).

2 iruzkin Otsailak 10, 2006

Algarabia ederra profetaren inguruan

IroniaArgazkiko kartelak ondo adierazten duenez (Moztu burua Islama bortitza dela pentsatzen duten horiei), mundua erabat aztoratuta eta zoratuta dago, marrazki hauen inguruan sortu den iskanbilarekin.

Askotan pentsatu dut, Espainian dagoen fatxerio harroaren portaerak eta nola hemengo guztiari nolako punta ateratzen dioten ikusita, miraria dela TMEO oraindik kalean egotea… Baina taliban hauek karikatura xinple batzuen aurrean nola erreakzionatu duten ikusita, eskerrak eman nahi dizkiot Allah-ri (bihozbera eta errukitsua) zenbait herrialdetan nire aldizkari gogokoena irakurtzen ez delako.

Maltzurki pentsaturik bururatzen zait TMEOn bertan agertzeko moduko istorio bat: Espainiari kalte egin nahi dion euskaldun independentista batek profetaren irudi benetan iraingarri bat publikatu eta, nazioartean espainiar bezala erroldatuta gaudenez, biharamunean Espainiako enbaxada piloa sutan… Mundua benetan zoratuta dago.

Islama praktikatzen dutenei errespetu guztiarekin nire iritzia eman nahi dut erlijio horri buruz: erlijio atzeratua dela uste dut, ertarorako guztiz normala baina XXI. menderako erabat atzeratua. Gaindituta filosofikoki, erabat dogmatikoa delako eta, saiakera batzuk izan diren arren, ez du orokorrean aurrera egin bere hainbat planteamentu berraztertuz eta dogma horietako batzuk bertan behera utziz. Kristautasuna ere dogmatikoa da bere funtsan, katolizismoa erabat erridikulua egun bere planteamendu magikoekin-eta (santuak, mirariak). Baina mendebaldeko gizartean izan dira dogma horiek botatzeko beste indarra izan duten hainbat pentsalari eta korronte, elizaren indar erreakzionarioari gailentzeko bestekoak.

Bidenabar, ditxosozko marrazkiok duela hilabete asko kaleratu ziren eta ez zen ezer gertatu harik eta Europako imam batek herrialde islamikoetan horren berri eman arte, euskaldunoi tarteka AVT eta gainerako talibanekin gertatzen zaigun moduan. Egia da hainbat faktore pilatu direla azken erreakzio hau eragiteko: palestina, neokolonialismoa, Irak eta petroleoaren lapurreta, (zibilizazio talka esaten dioten horren testuinguruan), Gorka Sastrakaren gerra global gurutzatua, bla, bla… Eta herrialde arabiarretan gazte gehienek maite dutena ez da meskitara joatea, diskotekara baino. Kontuz, ez sinetsi telebistak dioen guztia! Batzuentzat adierazpen askatasunak ez du babesten komiki inuxente bat argitaratzea baina bai Europako kale batean marrazkilariak urkatu behar direla aldarrikatzea.

France SoirEta orduan, ateratzen dira frantziarrak, euren burua munduko ilustratuenak eta librepentsalari bakarrak diren uste ere erabat dogmatiko horrekin, fanatiko piloaren erreakzio bortitza euren-gure nagusitasun intelektualaren frogatzat aurkeztuz. Munduko hiritarrak bai, baina Paris hiriburu bakarra eta frantsesa hizkuntza bakarra duen mundu batekoak, bestela ez e! Laizismoaren diktadura inposatzea erabaki duten horiek gandor punky-a bai, baina hijab-a ez dute onartzen eskola barruan…

Kristauak ere, eta zehazkiago espainiarrak, ez dira izan historian lagun hurkoa ulertzeko ahalegin handia egin duen jendea. Ikusi besterik ez dago algarabia hitzaren jatorria. Kastiliarrek galdetuko zieten:

-Zer da hitz egiten duzuen hori? -Eta eurek erantzun:

-Al arabiya.

kastillanoek algarabia moduan apuntatu eta Oskan (Huesca) 1349ko ordenantzetan argi adierazi zuten debekatuta geratzen zela azokan algarabia, basquenç edo abraych hizkuntzak erabiltzea (arabiera, euskara edo hebraiera), azokan kristaueraz bakarrik mintzo zitezkeela alegia. Hauxe dio egungo DRAE hiztegiak:

algarabía1.
(Del ár. hisp. al‘arabíyya, y este del ár. clás. ‘arabiyyah).
1. f. Lengua árabe.
2. f. coloq. Lengua o escritura ininteligible.
3. f. coloq. Gritería confusa de varias personas que hablan a un tiempo.
4. f. coloq. p. us. Manera de hablar atropelladamente y pronunciando mal las palabras.
5. f. p. us. Enredo, maraña.

Noski, ezberdin hitz egitea gaizki hitz egitea da etnozentristentzat.

Iruzkina gehitu Otsailak 7, 2006

Jade, txinatarrak bertan Bilbon

Atzo txinatarren urte berria ospatu zen eta, urtero bezala, haien ohitura bitxien eta bizimodu arrotzaren berri eman zigun telebistak. Esan ohi da ez duzula txinatar ikusiko futbol partidan, paseoan edo zinetik irteten, bere baitan itxitako komunitatea dira, orohar, ingurune arrotz batean arrotzak direlako eta lanetik etxera, etxetik lanera ibili ohi dira. Neurri batean egia da eta ulergarria ere bada. Guri ere arrotza egiten zaigu haien izaera eta horregatik gure imaginazioak era guztietako istorioak asmatzen ditu haien inguruan: ez omen dituztela hildakoak lurperatzen, auskalo zer egiten duten eurekin, arratoia, janari ustela edo auskalo zer ematen digutela jateko, makina txanponjaleetan iruzurra egiten badakitela, mafia batek kontrolatzen dituela… Normalean euren zirkulo itxian mugitzen dira eta asko ez dira gaztelaniaz ongi moldatzen, euskara zer den ere ez dakite gehienek… Baina denean da salbuespenik eta, txinatarren kasuan, Bilboko Jade taberna dugu…

Tira, beste leku batera ere joan ohi dira txinatar asko: kasinora. Behin lagun batzuekin sartu nintzen Gran Nervion horretan eta ezusteko handia izan zen niretzat hainbeste txinatar jokoan ikustea. Ludopatak batzuk, seguru. Eta ez dute tranparik egiten hor, kristauak legetxe dirua galdu baino. Ludopatia oso zabalduta omen dago haien artean, agian integrazio faltagatik, ez dakit. Kontua da hain bezero onak direla ezen horregatik egin ohi dute kasinoan urte berriko bazkaria.

Baina beste gauza bat nabarmendu nahi nuke orain. Julenen Bertan Bilbo ataleko kontaketa interesgarriei gehituko nieke Somera kaleko Jaderen fenomeno bitxia, fenomeno soziologiko bakana gurean. Ezaguna da txinatarrak beharginak baina itxiak direla, hori dio estereotipoak. Egun osoa jatetxean edo etxean egoten dira, ez dira moldatzen hainbat gairen gainean berba egiteko gaztelaniaz, are gutxiago euskaraz. Bada, Jaden estereotipo hori gainditzen dute aspaldion. Jatxetxe txinatarra da eta barrukoak ere txinatarrak. Horraino ohikoa.

Baina txikiteo taberna ere bada Jade, barruko jendetzaren zaratek eta barrako pintxoek adierazten duten moduan. Dekorazioan osagarri txinatarrak eta Athletic-en posterra. Berria barra gainean eta hormetan Kafe Antzokiko afitxak. Soinu banda ere bertokoa da gehienbat: Benito Lertxundi, Hertzainak, Gozategi… Jateko, udaberriko kiribilak ezeze, txibi erroak eta makailaoa piperrekin eska ditzake bezeroak. Menuak ere hango eta hemengo platerak nahasteko aukera ematen du… Euskaraz eskatzea besterik ez dago. Bai, euskaraz ederto moldatzen da barrako tipoa (AEKn ei dabil ikasle) eta gainontzekoek ere arazorik gabe aterako dizute ongi ahoskatutako erronda.

Ez duzu sinisten? Nahi duzunean Jadera hurbiltzea besterik ez duzu…

Iruzkin 1 Otsailak 3, 2006


sarean.com

Calendar

Otsaila 2006
A A A O O L I
« Urt   Mar »
 12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728  

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak