Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » 2006 » Urtarrila » 05

Archive for Urtarrila 5th, 2006

Air Bites probatzen

fon.esIraila hasieran Bilbora mugitu nintzenean argi neukan ez nuela ADSLrik jarriko edo, behintzat ez nuela Telefonicarekin gastatzen egon naizen dirutza gastatuko. Inguruan Wi-Fi sare librerik ez dut baina, gaitzerdi, nire etxean Air Bites enpresaren seinalea sartzen da. Modan dagoen Fon berriaren antzera, honek aspalditxotik eskaintzen du Internet zerbitzua kablerik gabe eta Bilbon nodo dexente ditu. Probatzen hasi naiz eta, leku eta momentu honetan, aukerarik onena da niretzat.

Haririk gabeko teknologia gurera heldu zenetik hasi ziren internautak pentsatzen teknologia honen zabalkundeak telefono enpresen Internet sarbide negozioa arriskuan jar zezakeela. Gure etxeko hormek ezarritako mugak gainditzen ditu Wi-Fi konexio batek. Konfiguratzeko errazak direnez, oraingo ordenagailu eramangarri gehienak horretarako prestatuta datozenez eta konexioak hainbat erabiltzaileren artean elkarbanatzeko aukera ematen dutenez, ADSL zerbitzu komertzialen alternatiba libre edo behintzat merkea izan daitezke wireless sareak.

Niretzat, adibidez. Lehengo bizilekuan, lehenengo, telefonoa ipini behar izan nuen ADSLa jartzeko (linea jartzeagatik 110 euro). Gero, telefono finkoa erabili ez arren, hileroko 13 euro ordaindu behar da “linea individual” edukita (Linea Basica esaten diotena 17 euro da) + 39 euro ADSL + BEZ. Total, 65 euro ordaindu behar dira Telefonicarekin ADSL arrunta edukitzeko.

Bilbon, berriz, gastu hori kendu behar nuela erabaki nuen. Ez dakit noiz arte egongo naizen alokairuzko pisu honetan eta ez dut linea bat denbora gutxirako kontratatuko. Telefonoa badaukat, mugikorra, eta lokalizatu nahi nauenak ez du gehiagorik behar. Interneti dagokionez, berriz, aukerak aztertzen hasi nintzen:

Euskaltelen dendan esan zidaten zazpi kaleetan ez daukatela kable zerbitzurik… Kaka! Bizilagunen bati bere telefonoan ADSLa engantxatzeko proposatzea pentsatzen ari nintzen, nik ordainduta. Jazztel-ek ditu, nire iritziz, ADSLetan eskaintzarik onenak, baina Bilboko alde zaharrean euren sarea hedatuta ez daukate eta ezin dituzte Abando aldean eskaintzen dituzten 20 megak-eta eskaini.

Han nengoen, zer egin ez nekiela eta egun batean nire eramangarriak haririk gabeko sarea detektatu zuen: “Air Bites” nodo berri-berria etxe ondoan (lehenago ere alferreko hainbat ahalegin eginda nengoen etxetik sareren bat aurkitzeko). Joño! Gogoratu nuen sarbidea Wi-Fi bidez eskaintzen duen enpresa dela. Konektatzen saiatu nintzen eta ederto sartzen zen. Estaldura neukan etxe osoan baina ez da librea, noski. Bere hasierako orrialdera eramaten zaitu nabigatzaileak eta hilean 20 euro ordaindu behar da Interneten nabigatu nahi izanez gero. Astebetez doan probatzeko aukera eman zidaten eta geroztik hura erabiltzen ari naiz.

Air Bites-ek ez dauka ADSL baten egonkortasuna, seinaleak tarteka indarra galdu edo deskonektatzen delako. Ezin eMule eta horrelakorik erabili, beraz. Gainerakoan ondo ematen dit zerbitzua nabigatzeko eta e-postarako. Momentuz ez dut besterik behar.

Azken asteotan lehiakide gogorra atera zaio, Martin Varsavskyren Fon berria, antzeko ereduarekin. Publizitate asko egin dute, Varsavsky argentinar negozio gizon arrakastatsuaren indarra dute atzean eta irudi modernoa: Bloga daukate eta laguntzaile ezagunak gurean, Eibarko CodeSyntaxek eta Alianzok berarentzat garatu baitute sarbide puntuen mapa.

Komunitate erabat libreak eta ez komertzialak ere badira, baina ez dira espero zen eran eta abiaduran hedatu. Fon-ek hiru konexio eredu ditu:

  • Linus. Konpartitzen duzu zure ADSLa besteekin eta besteenak ere erabil ditzakezu.
  • Bills. Zure sarbide puntuan konektatzen direnengatik sortzen diren irabazien %50 eskuratzen duzu zuk, eurek beste erdia.
  • Aliens. Bezero hutsa zara, ez daukazu konexio punturik eta besteenak erabiltzen dituzu. Hilean 40 euro kostatzen da Aliens izatea.

Air Bites-entzat ni Aliens naiz, baina Fon-en prezioaren erdia ordainduta. Ez dakit Fonek arrakasta izango duen, ezta ilegalizatuko duten, baina ideia ona da, batez ere etxeetan dagoeneko zenbat ADSL dauden kontutan hartuta. Horien guztien jabeengana heltzea eta animatzea da gakoa. Air Bitesek ordea, publizitaterako diru askorik gabe, bere ahalegina Bilbon kontzentratu du eta, pentsatzen dut, Fon-en antzera, Telefonica, Euskaltel edo bestelako ADSLa duen jende arrunta konbentzitu duela Wireless sarbide puntu bat jartzeko, Bills-en antzera komisioren bat eskainita.

Aurrekariak ikusita, hau guztia guztiz legala den edo ilegalizatuko duten zalantzak ditut. Zer gertatuko da Air Bites-ekin eta bere negozio ereduarekin? Onartuko dute telekoek Wireless iraultza, edo Fon mugimendua bederen?

2 iruzkin Urtarrilak 5, 2006


sarean.com

Calendar

Urtarrila 2006
A A A O O L I
« Abe   Ots »
 1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031  

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak