Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » 2006 » Urtarrila

Urtarrila, 2006 hilabeteko artxiboa

Bestaldeko blogariak Le Journal-en… y ¿Que?

Technoratin nenbilen ego-surfing pixkat egiten Baionako blog bat aurkitu dudanean. Erdarazko blog horretan euskal blogosferari buruzko informazio bat ageri zen Le Journaletik hartua. Kontua da ezaguna egiten zitzaidala testua, beste nonbait ikusia nuela. Bai, hitz berberekin aipatu gintuzten ¿Que? Bilbao doako egunkarian. Blogosfera baskoaren inguruko erreportaia atera zuten irailaren 5ean. Papel Continuok bere Flickr-eko kontuan jaso du errekorte bat. Bitxia egin zait Le Journalek testu hura fusilatu duela ikustea.

Bilboko metroan goizero banatzen duten doako egunkari mehe, sentsazionalista, arina eta arrunt espainola da ¿Que? hori. Gehiena Madrilen egiten da, Opus Deik kontrolatzen duen Recoletos taldeak argitaratzen du eta ikuspegia ez da batere euskaldunen aldekoa. Euskararen presentzia, zer esanik ez, hutsaren hurrengo da Que Bilbao horretan, ezta %0,7 ere eta gaiak benetan horiak baino lotsagarriak izan ohi dira. Erdaldunen artean ere duen irudi eskasaren ondorioz, oso arrakasta gutxi izan du bere lehiakide El Nervion (Vocento) eta 20 minutos etorri berriaren ondoan.

2 iruzkin Urtarrilak 22, 2006

Lisboa-Dakar eta Mendebaldeko Sahara

Atzo amaitu zen urteroko Lisboa-Dakar rally nazkagarri pijoa. Telezaborrak idatzi duen moduan, nik ez dut ikuskizun lotsagarri hori jarraitzen duen inor ezagutzen. Aurten ere, Lisboatik abiatu den arren, frantziarren etnozentrismoaren erakusgarri ederra izan da urteroko pelmada hori, bere rollito exotikoa, kolonialista, eta zapaltzailearekin. Euren motor zaratatsu eta hipergarestiak gidatuz, GPSak lagunduta eta helikopteroek jarraituta agertu dira ustezko abenturazaleak, basamortuko zein Afrika beltzeko lurraldeak eta jendeak zapaltzen, Allan Quatermain modernoak bailiran.

Bidean, akaso beste planeta batekoak edo gutxienez beste dimentsio batekoak irudituko zitzaizkien artzain analfabeto txiro batzuk edo Kamerundik etorritako etorkin gosekil batzuk ikusi dituzte orduko 150 kilometroko abiadan, baina ez dira eurekin berba egiteko jaitsi. Ez, enpresa babesleek jarritako oheak eta catering-a izan dituzte zain eguneko helmugan. Antolakuntzako batzuk eta espainiar soldadu zenbait ibili dira euren izenean ONGarena egiten, bolidoek akatu ez dituzten umeei jostailuak oparitzen, Cristobal Colonek indigenak liluratzeko eramandako bisuteria banatzen zuen izpiritu berberarekin.

etorkinakDiotenez, sekulako karabana erraldoia osatzen du lasterketak, Atilaren armada moderno modukoa. Bertako batentzat zinez ikusgarria izan behar du marabunta heltzen ikustea. Kristolako azpiegitura da, ehunka milioi eurokoa, bere Elf, Renault, Total eta enparauen publizitatearekin zarataka heldu eta alde egiten dute, bertakoak aho zabalik, lehen bezain pobre baina beldurtuta eta akonplejatuago utziz.

Liboa-Dakar rallyak Mendebaldeko Sahara zapaldu zuen urtarrilaren 6an. Maroko hegoaldeko Tan-Tan hiritik abiatu eta Zueratt-en (Mauritania) amaitzen zen etapan lurralde okupatuak eta askatuak zeharkatu eta lotsaren harresia igaro zuen, kontrolatutako leku batean eta MINURSOko kasko urdinen zaintzapean.

rallyaSaharauien gobernuak bere informazio ofizialetan iradokitzen du aurretik, bere baimena eskatu eta jaso dutela antolatzaileek bertatik pasatzeko, saharauien izaera errespetatuko zutelakoan. Komunikabideetan, ordea, etapa horrek ez du aparteko islarik. Izan ere, biharamuneko kronikak gaztelaniazko Google News-en bilatuta, gehienen arabera (338 emaitza), Marokotik Mauritaniara igaro da rallya, besterik gabe. Mendebaldeko Sahara aipatzen duten informazioak oso gutxi dira (4 aipamen) eta haien artean AS egunkariko kronika nahasi hau dago. Enpin. Baina nondik dator nahaspila hau? Badakigu rallyaren kronikak egiten dituzten kazetariak ez direla nazioartean adituak, baina informazio ofizialen eragina egon behar da argi eta garbi isla kaxkar honen atzean. Lasterketaren aurreko informazio gehienetan (El Pais eta El Mundo tartean) errepikatu dute zazpi herrialde zeharkatuko dituela. Soilik bi izan dira zortzi (Mendebaldeko Sahara ere) kontatu dituzten informazioak. Antolakuntzaren aurretiazko prentsa informazioetan egon behar du derrigorrez herrialde baten ezkutatze argi eta garbi hau…

Lisboa-Dakar lasterketaren webgune ofizialean, ibilbidearen mapan Mendebaldeko Sahara agertzen den arren, ez da inon idatziz aipatzen: egutegiak ez du kontutan hartzen, ezta zeharkatutako herrialdeen zerrendak ere: Marokotik zuzenean Mauritaniara egiten omen du salto rallyak. Egun horretako ibilbidearen azalpenean eta kronikan ere aipamenik txikiena ere ez.

Funeral Hamdi LembarkiOkupatutako Mendebaldeko Saharatik igaro dira baina ez dira motorretik jaitsi, saharaui bakar batekin ez dute hitz egin. Hala egitera hark seguru kontatuko zien hura Maroko ez zela esango zien, eta eurei bost, edo aurkeztuko zizkien egunotan poliziek eta militarrek inpunitate osoarekin jipoitutako beste saharaui batzuk, eta eurek ez zieten argazkirik egingo, are gutxiago munduari Flickr-en bidez erakutsiko. Ez zuten menturaz poliziak hildako Hamdi Lembarkiren funeralarekin topo egingo.

Aurten Lisboatik abiatu den arren, rally frantziarra izaten jarraitzen du, erabat Marokoren aldekoa, beraz. Antolatzaileak eta babesle gehienak multinazional frantziarrak dira, baina egon pixkat: Bai horixe, Frantziako tourra antolatzen duten berberak dira! Amaury Sport Organisation agurgarriak. Bai, ez duzu gogoratzen? Besteak beste, Batasunarekin eta EHErekin uste dut bildu zirela eta zalaparta dexente izan zen horren inguruan… Euskal Herria errespetatuko zutela, hizlari euskaldunak erabiliko zituztela megafonian eta hainbeste promesaren ostean hutsaren hurrengo izan zen euskararen presentzia Ipar Euskal Herriko etapan, ederra adar jotzea! Bienvenido Mr. Marshall-en bezala igaro zen Tourra Baionatik eta horrelaxe pasa dira orain Mendebaldeko Saharatik, “Maroko eta Mauritaniaren arteko muga” aipatuz, (ez dira mugakideak, Mendebaldeko Sahara baitago tartean).

Muino ostean lasai-lasai bizi zen saharaui familiaren jaima osoa ez dutenean euren todoterrenoekin zapaldu! Koittaduek erreferenduma behingoz antolatzen zetorren Nazio Batuen karabana bat zela pentsatu dute segundu batez… Babeslearen logoa ikusi duten arte.

Iruzkina gehitu Urtarrilak 16, 2006

Militarra Bertendonako alferren defentsan

militarraEspainiako general batek esana:

El hecho de que en una autonomía sea exigible el conocimiento de su lengua particular es una aspiración desmesurada que obligaría en las Fuerzas Armadas a regular los destinos a esa autonomía de la misma forma que se regulan los destinos en el extranjero.

Euskaratuta:

Hizkuntza eskakizunetan euskara derrigorrezkoa jarriz gero, tankeak aterako ditugu EAEko kaleetara, Bushek Irak inbaditu behar izan zuen legetxe.

Bertendonako irakasle (baina ez ikasle) alfer koadrillaren defentsa ministerioa osatu nahi omen dute, oraingoan manu militari.

Iruzkin 1 Urtarrilak 7, 2006

Air Bites probatzen

fon.esIraila hasieran Bilbora mugitu nintzenean argi neukan ez nuela ADSLrik jarriko edo, behintzat ez nuela Telefonicarekin gastatzen egon naizen dirutza gastatuko. Inguruan Wi-Fi sare librerik ez dut baina, gaitzerdi, nire etxean Air Bites enpresaren seinalea sartzen da. Modan dagoen Fon berriaren antzera, honek aspalditxotik eskaintzen du Internet zerbitzua kablerik gabe eta Bilbon nodo dexente ditu. Probatzen hasi naiz eta, leku eta momentu honetan, aukerarik onena da niretzat.

Haririk gabeko teknologia gurera heldu zenetik hasi ziren internautak pentsatzen teknologia honen zabalkundeak telefono enpresen Internet sarbide negozioa arriskuan jar zezakeela. Gure etxeko hormek ezarritako mugak gainditzen ditu Wi-Fi konexio batek. Konfiguratzeko errazak direnez, oraingo ordenagailu eramangarri gehienak horretarako prestatuta datozenez eta konexioak hainbat erabiltzaileren artean elkarbanatzeko aukera ematen dutenez, ADSL zerbitzu komertzialen alternatiba libre edo behintzat merkea izan daitezke wireless sareak.

Niretzat, adibidez. Lehengo bizilekuan, lehenengo, telefonoa ipini behar izan nuen ADSLa jartzeko (linea jartzeagatik 110 euro). Gero, telefono finkoa erabili ez arren, hileroko 13 euro ordaindu behar da “linea individual” edukita (Linea Basica esaten diotena 17 euro da) + 39 euro ADSL + BEZ. Total, 65 euro ordaindu behar dira Telefonicarekin ADSL arrunta edukitzeko.

Bilbon, berriz, gastu hori kendu behar nuela erabaki nuen. Ez dakit noiz arte egongo naizen alokairuzko pisu honetan eta ez dut linea bat denbora gutxirako kontratatuko. Telefonoa badaukat, mugikorra, eta lokalizatu nahi nauenak ez du gehiagorik behar. Interneti dagokionez, berriz, aukerak aztertzen hasi nintzen:

Euskaltelen dendan esan zidaten zazpi kaleetan ez daukatela kable zerbitzurik… Kaka! Bizilagunen bati bere telefonoan ADSLa engantxatzeko proposatzea pentsatzen ari nintzen, nik ordainduta. Jazztel-ek ditu, nire iritziz, ADSLetan eskaintzarik onenak, baina Bilboko alde zaharrean euren sarea hedatuta ez daukate eta ezin dituzte Abando aldean eskaintzen dituzten 20 megak-eta eskaini.

Han nengoen, zer egin ez nekiela eta egun batean nire eramangarriak haririk gabeko sarea detektatu zuen: “Air Bites” nodo berri-berria etxe ondoan (lehenago ere alferreko hainbat ahalegin eginda nengoen etxetik sareren bat aurkitzeko). Joño! Gogoratu nuen sarbidea Wi-Fi bidez eskaintzen duen enpresa dela. Konektatzen saiatu nintzen eta ederto sartzen zen. Estaldura neukan etxe osoan baina ez da librea, noski. Bere hasierako orrialdera eramaten zaitu nabigatzaileak eta hilean 20 euro ordaindu behar da Interneten nabigatu nahi izanez gero. Astebetez doan probatzeko aukera eman zidaten eta geroztik hura erabiltzen ari naiz.

Air Bites-ek ez dauka ADSL baten egonkortasuna, seinaleak tarteka indarra galdu edo deskonektatzen delako. Ezin eMule eta horrelakorik erabili, beraz. Gainerakoan ondo ematen dit zerbitzua nabigatzeko eta e-postarako. Momentuz ez dut besterik behar.

Azken asteotan lehiakide gogorra atera zaio, Martin Varsavskyren Fon berria, antzeko ereduarekin. Publizitate asko egin dute, Varsavsky argentinar negozio gizon arrakastatsuaren indarra dute atzean eta irudi modernoa: Bloga daukate eta laguntzaile ezagunak gurean, Eibarko CodeSyntaxek eta Alianzok berarentzat garatu baitute sarbide puntuen mapa.

Komunitate erabat libreak eta ez komertzialak ere badira, baina ez dira espero zen eran eta abiaduran hedatu. Fon-ek hiru konexio eredu ditu:

  • Linus. Konpartitzen duzu zure ADSLa besteekin eta besteenak ere erabil ditzakezu.
  • Bills. Zure sarbide puntuan konektatzen direnengatik sortzen diren irabazien %50 eskuratzen duzu zuk, eurek beste erdia.
  • Aliens. Bezero hutsa zara, ez daukazu konexio punturik eta besteenak erabiltzen dituzu. Hilean 40 euro kostatzen da Aliens izatea.

Air Bites-entzat ni Aliens naiz, baina Fon-en prezioaren erdia ordainduta. Ez dakit Fonek arrakasta izango duen, ezta ilegalizatuko duten, baina ideia ona da, batez ere etxeetan dagoeneko zenbat ADSL dauden kontutan hartuta. Horien guztien jabeengana heltzea eta animatzea da gakoa. Air Bitesek ordea, publizitaterako diru askorik gabe, bere ahalegina Bilbon kontzentratu du eta, pentsatzen dut, Fon-en antzera, Telefonica, Euskaltel edo bestelako ADSLa duen jende arrunta konbentzitu duela Wireless sarbide puntu bat jartzeko, Bills-en antzera komisioren bat eskainita.

Aurrekariak ikusita, hau guztia guztiz legala den edo ilegalizatuko duten zalantzak ditut. Zer gertatuko da Air Bites-ekin eta bere negozio ereduarekin? Onartuko dute telekoek Wireless iraultza, edo Fon mugimendua bederen?

2 iruzkin Urtarrilak 5, 2006

Madrilek badaki hizkuntzak “errespatzen”

Iragarkiaren euskarazko lehenengo bertsioaKerik gabeko “kuneak” seinalatzeko kanpainia berria abian jarri du Espainiako Osasun Ministerioak. Sustatuk eman zuen horren berri, argazkien atalean. Baina Vilaweben ageri zen Espainiako ministerioaren webgunerako lotura oker zegoen. Akatsaz konturatu eta aldatuko zuten agian webgunea… Bai, katalanezko eta euskarazko testuak zuzenduta zeuden. Lehengo eta geroko irudiak Flickr-en eskegi ditut, denok ikusteko moduan. Sustatukoek idatzi dutenez:

Iruzkin 1 Urtarrilak 3, 2006


sarean.com

Calendar

Urtarrila 2006
A A A O O L I
« Abe   Ots »
 1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031  

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak