Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » 2005 » Abendua

Abendua, 2005 hilabeteko artxiboa

“Gorotzak kalean” gorotz bilduma argazkitan

kakaVienan bada kaletik txakurren gorotzei argazkiak ateratzen ibiltzen den internauta bat. Set bat osatu du Flickr-en Austriako hiriburuan bildutako aleekin. Benetan Viena bisitatzeko gogoa kentzen dizu edo, behintzat, postaletako irudi bukolikoa ezabatzen dute kaka pilo horiek. Mina bat zapalduko ote duzun beldurrez ibiliko zara behintzat hurrengo bisitan. Egia esan, hiri eta herri askotan gertatzen dena gertatuko da han ere (han bere txakurrak ortozik zioen esaerak, han ere gorotzak kalean esango genuke bertsio hiritarrean): erdigunean dena da polita eta txukuna, baina auzoetan ez da hain sarri pasatzen eskobatzeko makina.

Flickr-en badira shit etiketa duten argazki gehiago eta, higuina gorabehera, salaketa itxurosoa egin daiteke, originala behintzat, hirian mokordoen bila abiatuta. Frikia izan behar da, baina, hortik kamararekin kaka bila ibiltzeko!

3 iruzkin Abenduak 28, 2005

Bertsoen Exhibition Centre

OHARRA: Gaur Andoni Egaña izango dugu irratia.com-en zuzenean. Argazkia, ejem: IKEA.

aulkiaBerriki erdaldunen aurrean euskal esfera teknofiloaren erdaldunen arten duen ikusezintasunaren gainean idatzi nuen, denbora eta geografia berean jardun arren ikutzen eta ikusten ez diren esferak baitira euskalduna eta erdalduna. Beste euskaldun batek, iruzkin batean, fenomenoa eremu teknofilora ez zela mugatzen zehaztu zuen. Egia da, nik eremu jakin horren adibideak eman nituen, baina fenomeno orokorra da eta jende asko ari da hori somatzen azkenaldion. Horregatik uste dut erdaldunei gure unibertsoa aurkezteko ahalegina egin behar dela uste dut. Bertsolari txapelketak berriro agerian utzi du ikusezintasunaren fenomenoa, baina beronen aurkako lan handia egin duelako hain zuzen ere.

Ez daukat nire burua bertsozaletzat. Gustatzen zait bertso on bat entzutea, are gehiago sortzea (denbora, arkatza eta papera emanez gero), posible denean. Baina ez dut uste BECera hurbildutako guztiak bertsozale porrokatuak direnik. Txirrindularitzarekin gertatu ohi denez, zale askoko eta gutxiko boladak izaten dira, mass medien eta (Euskaltelen) publizitatearen arabera eragindakoak.

Bada, Bertsozale Elkartean jende gazte eta gogotsua dabil, giro hori sortzen erabat asmatu duena. NBAko saskibaloi partida zirudien Bertsolari Exhibition Centre-ak. Arrakasta izan du Patxik iraila aldera proposatutako izen aldaketak, ETBko aurkezleak beranduago jaso zuen Olariagari egotzi zion arren eta zenbait hedabidek datua zabaldu duten arren.

Internet ederto erabili dute, kanpo eta barne komunikaziorako. Internautei eta irratietara bertsoen grabaketak helarazteko ere erabili dute, Skype bidez telefonoz hitz egiteko… Prentsa arduradun Joseba Kamio elkarrizketatu genuen Skype bidez, txapelketa hasi orduko eta berak azaldu zigun hori guztia.

Ikusezintasunera bueltatuta, horren adibidea eman zigun Espainiako prentsak atzo, txapelketaren biharamunean. Gaztelaniazko Google News-en Andoni Egaña bilatuta, atzokoaren erreferentzia bakarra ageri da Espainiako prentsan: Terran agertutako albiste bat. Betiko kontua da: Getxon paperontzi bat erretzen badute, biharamunean kale terrorismoari buruzko ehunka erreferentzia aurkituko ditugu Espainiako prentsan. Bertso txapelketa ez da notizia, ordea.

Bertoko prentsa erdaldunean, hala ere, izan du islarik txapelketak, inoiz baino gehiago. Adibidez, Radio Euskadiko Mas que palabras saioak, berriro ere, euskaldunon gaiak erdaldunei hurbilarazteko lan ederra egin du Iñaki Aurrekoetxea ohiko gonbidatu bilakatuz. El Correon gaia jorratu dute, finalaren aurretik eta biharamunean testu pedagogikoen bidez azaldu diete euren irakurleei zer den bertsolaritzaren asuntu hori. Javier Armentia bertoko blogari erdaldunak bere irakule erdaldunei bertsoen kontua azaltzen die bere bitakoran. Gainera, Bertsozale elkarteak berak sarean eta gaztelaniaz argitaratutako liburua ere aipa daiteke langintza horren adibide moduan. Erdaldunenganako zubiak eraikitzea jokabide egokia delakoan nago, horregatik nabarmen du nahi izan dut horrek ekarri duen emaitza positiboa, non eta Barakaldon, gainera. Zorionak Bertsozale Elkarteari eta munduko bertsozale guztioi!

Iruzkina gehitu Abenduak 20, 2005

Klandestinoak Metro Bilbaon

bakiotikEz dut inoiz ulertu Bilboko Metroaren barruan argazkiak egitea debekatzen duen arau hori. Segurtasuna? Zerbait atera nahi duenak berdin aterako du eta metroa milioika argazkitan dago aterata. Bizkaitar guztion diruarekin egin dutela kontutan hartuta, zergatik ezin diogu argazkirik atera? Imaginatzen duzu Guggenheim-i argazkiak ateratzea galerazita egotea? Logikoki, zenbat eta turistek argazki gehiago egin, propaganda gehiago izango da Bilborentzat eta metroarentzat. Agian jendeak honelako argazkiak egitea galeraztea da debekuaren helburua. Bai, tren bat graffitiz margotuta Bilboko Matrix metro orbangean.

Flickr-en bada pool edo talde bat, Metro Bilbao izenekoa, jendeak Bilboko Metroan eginiko argazkiak, legalak zein ilegalak, bertan eskegitzeko.

Metro BilbaoOrain Julio Ibarra hasiko omen da Metroko komunikazio bulegoko buru moduan (ez zenekitela? Bada, hamaika mila aldiz entzun behar izan dugu albistea EITBko medioetan). Beraz, aurrerantzean hari eskatu beharko dio baimena metroan argazkirik egin nahi duenak. Agian berak aldatuko du arau absurdo hori, zuek uste duzue? Eta bide batez etzatea galerazten duena, eta jatea debekatzen duena, komunak ipiniko dituzte geltokietan, metrocop zatar horiek kendu… Imaginatu.

Adibide moduan, Tenebrisen beste argazki honetan bi arau hausten dira, argazkiak egitea eta etzanda egotea galerazita baitaude.

9 iruzkin Abenduak 13, 2005

…Ala Arlote en Bilbao?

ArloteLehengo egunekoari segida eta amaiera emateko, gaurkoan gure euskal esfera teknologikoaren aitzinamendua galgatzen duen beste ikuspegi bat aipatu nahi dut. Zenbat kalte egin dion euskaldunari Arloteren pertsonaiak! Ezagutzen ez duenarentzat esango dut iragan mende hasieran asmatutako pertsonaia dela. Bilbo erdaldunduaren mundutik baserritar euskalduna umorez irudikatzeko saioa, topikoz eta etnozentrismoz betea. Pertsonaia honen eta historian bere rol bera bete duten beste batzuen inguruan Jorge Echagüek egindako lan bikaina irakur daiteke, edo beste hau, Arloteren gainekoa soilik. Baserritar xelebrea zen Peru Arloteagabeitia, Arlote, Leioako baserritarra (bai, orduko Leioakoa, egin kontu) eta are xelebreagoa bihurtzen zuen bere gaztelania traketsak, oso barregarria iruditzen baizitzaien erdaldunei. Pasadizu asko bizi izaten zituen Bilbon edo beste leku batzuetan, baserritik kanpo. Martinez Soria edo Cocodrilo Dundee-ren bertsio baskoak erdaldunengan euskaldun=aldeano asoziazioa gehiago errotzeko balio izan zuen.

ArloteErdaldun askok euskaldunak horrela ikusteak kalte egin digu, baina onartu beharra dago kaltea ere ekarri duela euskaldun askok erdaldunen Arlote horrek transmititutako irudiaren barneratzeak. Euskaldun guztiok daukagu gure Arlote alderdia barruan, zenbaitetan azaleratzen ahalegintzen dena.

Seguru teknofobo ezin barregarriagoa izango genukeela Arlote gaur egun, teknologia berriekin harremanetan jartzean hamaika pasadizu sortuko litzateke.

Agian gauzak nahasten egongo naiz, baina egunotan erdaldunen artean euskaldunon ikusgarritasunaren inguruan neuk erdaraz egindako ahaleginak eta ondorengo engantxadak erakutsi didate oso zaila daukagula erdaldunengan dagoen topiko hori gainditzea. Lehendabizi geure komunitate euskaldunaren barruan gainditu beharko genuke eta ondoren, koerentziaz eta indarrez hornituta, erdaldunei zer nolako gauzak egiten ditugun erakutsi (arlo guztietan, ez bakarrik Interneten arloan). Gure mundu modernoak topiko horiek nola apurtzen dituen erdaldunei erakusteko, lehenengo gauza beraz, gure mundua eta gure kontzientzia eraberritu beharko ditugu. Ezin gara sartu erdaldunen burmuinetan eta desprogramatu, egin dezakeguna zera da: lehenengo txipa aldatuta (teknofobia gaindituta) gauza asko, gauza on eta txukunak egin eta, ondoren, gure ondoan dagoen baina askotan ikusten ez gaituen erdararen esfera horren aurrean aurkeztu (Arlote lurperatu). Hurrenkera horretan egin beharko dugu, nik uste, lehenengo etxeko lanak egin eta gero autoritate gehiago izango dugu Arlote hil dela sinistarazteko.

2 iruzkin Abenduak 6, 2005

Martiztarrak Obaban…

martiztarraAzken urteotan sarri kexatu gara gure komunitatean (euskaldunon artean) dagoen teknofobiaz. Nire gurutzada partikular horretan maiz saiatu naiz ohiko nahaste bat argitzen tresna eta edukiak ezberdintzen ez direnean, (informatika eta Internet), beste hizkuntza komunitateen atzean geratzen ari ginela eta abar. Baina diskurtso hau jendartean zabaltzea kostatzen zaigu. Askorentzat teknofilo kantsagarri batzuk baino ez gara eta gure diskurtsoa marzianada bat. Azkenaldion bildu zaizkigu paperetik datozen idazle batzuk, sarearen botereaz eta aukerez jabetu eta diskurtso honen defendatzaile zintzo bihurtu direnak. Batzuetan argi bat ikusten dugu tunelaren amaieran, baina gero beti agertzen zaigu euskaldun jatorren bat bere borondaterik onenarekin gure finlandiar amets modernotik iratzar gaitezen eta gurea, suomiera barik, Aitorren hizkuntz zarra dela konturatu gaitezen.

Batzuen ustez genetikoa ei den euskaldunon teknofobiaren mila adibide jarri ditugu 1998an Luistxok Etxepare Porno liburuan lehendabiziko adibideak eman zituenetik. Arketipoak aipatzen zituen orduan, hainbat adibide barregarri eskainiz: telefono mugikorrak, idazleak eta Olivetti-aren ustezko xarma ordenagailuaren aurrean… Hedatutako pentsamolde horren arabera mendizaletasuna, txoko gastronomikoak eta txikiteoa euskaldunon berezko izaeraren zati dira, ordenagailuak eta Internet ez. Are, horiekin harremanetan hasten denak bere euskalduntasunaren zati bat galtzen omen du.

Geroztik beste internauta batzuek ere salatu dute kontzeptuen asoziazio maltzur eta kaltegarri hori: euskaldun batzuentzat harro egoteko arrazoia omen dela ordenagailu bat sekula ikutu ez izana eta horrelako txotxolokeriak. Kuriosoa da baina supereuskaldun hiperjator horiexetako batzuri harri bat sekula altxatu ez izanak, dantzan edo bertsotan ez jakiteak ez die punturik kentzen euskal puntukako karnetean.

Egunotan, euskal blogak direla eta, berpiztu da euskaldunon teknofobiaren inguruko eztabaida. Oraingoan nire irratikide Patxik hartu du ipurterre rola eta teknofobia erakustaldiak salatzen dabil.

Esaterako, lehengoan Euskadi Irratiko saio batean, marzianada bat balitz moduan, teknofobia isurtzen zuten galdera inozoak egin omen zizkioten blogei buruzkoa izan behar zuen saioan, gaixoa burumakur eta nahiko pesimista ibili zen ondorengo egunetan. Beste adibide batzuk ere bilatu ditu Patxik, esaterako iragan astean Aritz Gorrotxategik zutabe batean idatzitakoen haritik. Garia eta garoa nahasten zituen Gorrotxategik eta benetan adibide moduan jar daiteke testu hura euskaldun batzuek, lehen aipatutako arketipoen zama gainetik kendu ezinik, ezagutzen ez dutenaz egiten dituzten interpretazio okerren gainean.

Herenegun eguerdian Ikusgela ikusi nuen ETB1en, eta ohiko teknofobia zantzuak igarri nituen gaiak enfokatzean. Messenger-en (MSNrenean, noski) ibili ohi diren gazteez jarduten zuten “lagun birtualak” goiburupean. Noiz arte jarraituko dute telematikoa eta birtuala nahasten? Eta gazteei bere burua ezkajin baten rolean jarrita (zergatik Internetez jardutean beti hartu behar da jarrera hori) galderak egiten zizkien aurkezleak: engantxatzen duen, benetako lagunen ondoan ez al den harreman hotz eta artifiziala? Gazteek, berriz, naturaltasun osoz erantzuten zuten, jarrera hori gezurtatuz eta alde onak nabarmenduz: lotsatientzako sekulako tresna dela, aurrezten dela, geratzeko baliagarria… Aurkezleak, berriz, beldurrak, arriskuak nabarmenduz… Gazteak tinko, naturaltasunez, hortik sortutako harreman berriak tribializatuz… Etsigarria da batzuetan.

Baina tira, zantzu positiboak ere badira. Esaterako, gero eta blogari gehiago gara eta lehengo eguneko Blogs & Beers topaketak isla izan du euskal prentsan zein irratian. Adibidez, Igandean bertan Berrian agertu zen, luze eta zabal.

Barikua arratsaldean bertako kazetariak telefonoz deitu zidan testu nagusia osatzeko. Blog bat zer den azaltzeko eskatu zidanean malo pentsatu nuen, baina azaldu egin nion. Geroago, blogen inguruko gogoeten loturak eta informazio gehigarria bidaltzean bloga zer den azaltzen gehiegi ez luzatzeko aholkatu nion, etapa hori gaindituta geneukalakoan (blogak dauzkate eurek ere Berrian).

Atariko Blog & Bears (sic) kartela bezala, umorez hartu genuen blogariok erreportaiako CTP eta gainontzeko “nabarmenkeri eta topikoak”, lankide Imanol Muruak ere erreparatu duenez.

Eskerrak lehengoan Anjel Lertxundik fenomenoaren azterketa eta iragarpen intuitiboak egin zituen eta, berak idatzitakoak, statusa duen idazlea dugunez, eragin handiagoa izango ahal du paperezko irakurle euskaldun arruntarentzat… Baina hori berehala errealitateak ezabatu beharreko espejismoa zen.

Igandean Kafe Antzokiko hitzordua aurretiaz prestatzeko azaldu nintzen ordu eta erdi lehenago. Umeen ikuskizuna amaitu zenean hasi ginen txiringitoa montatzen gu. Orduan, nola ez, aurreko txotxongilo saioko artistei azaldu behar izan nien zer zen B&B eta, noski, zer den blog bat.

Hasi eta berehala Aizurako ekitaldiaren argazkiak egiten agertu zen argazkilaria bere kamara digitalarekin, aldizkariak aginduta. Heldu bezain laster galdera: “Aizu Jabi, ze demontre da blog bat?”.

Iruzkin 1 Abenduak 3, 2005


sarean.com

Calendar

Abendua 2005
A A A O O L I
« Aza   Urt »
 1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031  

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak