Azaroa, 2005 hilabeteko artxiboa
Googlek bere .es bertsioa abian jarri zuenean erabaki zuen espainiar estatutik google.com-era konektatzen ziren internauta guztiak automatikoki google.es-era desbideratzea. Hori egiteko Googlek zein IP helbide dugun hartzen du kontutan eta Espainiari dagokion IP bat erabiltzen badugu (gure Internet hornitzailea Telefonica, Euskaltel edo Espainiako beste edozein enpresa bada), automatikoki agertuko gara ditxosozko .es horretan, nahi eta nahi ez. Hori espainiar sentitzen ez garen hainbatentzat ez da batere atsegina.
Baina webguneari dagokionez independentzia eman dit Googlek, sarean.com hau ez baitu Espainia estatuko webguneen artean sartzen (gaztelaniaz idatzikoen artean ere ez du sartzen, noski). Soilik agertuko da emaitzetan web osoan arakatzeko eskatuz gero. Bitxia, ezta? Internauta espainiartzat hartzen naute bilaketak egiteko baina gero ez dute nire webgunea Espainian sartzen.
Azaroak 30, 2005

Nire iPod-ean entzuten dudan musika entzuteko webgune hau bisitatzea besterik ez dago. Izan ere, XSPF Player izeneko Flash formatoko aplikazioa ezarri dut eskumaldeko zutabean. Nahi duzun mp3 artxiboa gehitzeko aukera dago, baldin eta mp3 hori sarean nonbait eskegita badago. Boriel-ek eginiko plugin-ari esker player honen edukiak editatzeko Wordpress-en administratzaile interfazean sartu behar zara, haren plugin moduan funtzionatzen baitu. Artxiboaren URI helbidea idatzi eta bestelako datuak sar ditzakezu, podcast saioaren edo abestiaren izena kasu… Eta kitto. Egia esan, offline eta off the record, ez daukat iPod-ik, askoz merkeagoa den Inovix IMP-64 bat baizik.
Azaroak 25, 2005
Seinale honetan irakur daitekeenez, Euskal blogarien 2. topaketa antolatuko du irratia.com irrati-bitakorak bere V. urteurrenaren zuzuan Bilboko Kafe Antzokian. Azaroaren 27an (igandea), arratsaldeko zazpietatik aurrera blogari euskaldunen topaketa informala izango dugu, garagardo batzuk hartu bitartean gure kontuez jarduteko. Xabier Mendiguren Elizegik bertan aurkeztuko du blogeko testuekin osatu duen liburua eta bertan bere bitakora aurkeztuko duen Noizpop DJak girotuko du topaketa.
Elgetan bildu ginen estrainekoz apirilean eta orduz gero blogari euskaldunen kopurua emendatu da nabarmen. Tarte horretan euskal blogosferaren bilakaera eta jarduna nolakoa izan den aztertzeko parada izango dugu. Nork bere proiektuak eta bere blogaren tripak erakusteko aukera izango du eta, nahi izanez gero, ordenagailua eramateko aukera ere izango da, sarerako konexioa izango baitugu (Ethernet eta Wi-Fi).
Euskal blogintzaren inguruan eta bost urte hauetan euskal sarearen bilakaeraz orohar eztabaida planteatu nahi dugu, aurretik gure blogean eta topaketan bertan ere hizpide izango dugu gai hori. Izan ere, ez da 2000ko azaroko egoera bera… Ala bai? Zertan hobetu dira gauzak? Zertan ez? Esan daiteke euskarak teknologiaren trena harrapatu duela?
Gure lehenengo zuzeneko emisioa (RealPlayer) 2000ko domusantu egunez egin genuen. Gero beste hainbat etorri ziren (hemen daude batzuk aipatuta), musika kanalak, bestelako irratsaioak eta elkarrizketa teknofiloak. Geldiunearen ostean iazko abenduan irratsaio-bitakora moduan agertu ginen eta podcast egiten hasi (artean ez genekien horrela esaten zitzaionik).
Webguneari itxura aldatzeaz gain, player bat ere ezarri diogu saioak webetik entzuteko eta aurreko bertsioaren gordailua ere ezarri dugu, kuriositatea duenarentzat.
Eta Blogs & Beers topaketari dagokionez… Bada, gonbidatuta zaudete… Pasa hitza!
Azaroak 21, 2005
Iragan astean Arriaga antzokian izan nintzen Ehungarrenean Hamaika proiektuaren kontzertu-antzezpenean. Rafa Ruedak koordinatu duen diskoaren zuzeneko emanaldia izan zen, aktore baten berbaldiak tartekatzen zituena Edorta Jimenezek atondutako ikuskizunean. Zinez bikaina iruditu zitzaidan emanaldia, txalogarria batez ere Rafak egin duen lana, bertan ikusi ahal izan zenez.
Xabier Montoia, Rafa Rueda, Anje Duhalde, Francis Diez, Gari, Eñaut Elorrieta, Xabi Strubell, Jabier Muguruza, Mikel Urdangarin, Txuma Murugarren eta Petti bildu ditu diskoan, Lauaxetaren letrak kantatzeko baina Rafak berak konposatu ditu doinuak. Berak eta beste lau musikarik (baxua, bateria eta teklatuak) jarri zuten musika eta lehen aipatutako artistek abesti bana kantatu dute.
Buru belarri ibili da Rafa azkenaldion diskoaren prestaketa eta grabaketa lanetan. Ez da lan erraza izan kantari guztiak biltzea eta bakoitzarentzat propio, bakoitzak aukeratutako Lauaxetaren letrak hartuta, hamaika doinuok konposatzea. Baina lan bikaina egin du konposaketan eta, gainera, kantari bakoitzaren estilora ederto moldatu du musika.
Duela hiru aste aurkeztu zuten diskoak baino askoz gehiago komunikatu zidan zuzenekoak. Arriagako akustikak lagundu zuen eta ni nengoen lekutik behintzat oso garbi entzuten zen. Soinu eta argiztapen teknikariek ondo egin zuten eurei zegokiena, baina batez ere laukote trinkoa, arrakalik gabea somatu nuen oholtza gainean. Bikain aritu zen musikari laukotea baina zerbait nabarmentzekotan Mikel Azpirozek teklatuei ateratzen dizkien txinparten dizdira azpimarratuko nuke.
Kantariak ere ondo ibili ziren orokorrean, batzuk besteak baino hobeto, hala ere. Petti itzela iruditu zitzaidan eta Txumarena ere oso gustoko izan nuen, baina ondo ibili ziren denak. Eurak izan ziren, itxuraz, protagonistak, baina nik badakit lana eta meritua Rafarenak direla, bera izan baita, biharamunean lankide batek esan zuenez, “Ry Cooder euskalduna”, Buenavista-rekiko distantziak gorabehera, horrelako lanik gurean egin duen lehenengoa izan baita bera.
Eta hori guztia esanda, egunotan honekin lotuta ageri zaigun afera bat aitatu nahi nuke. Hautsak harrotu zituen offline, nonbait, Patxi Gaztelumendik bere bitakoran idatzitako iritzi batek. Hautsak offline diot ezen diskoari lotutako zenbaitzuen artean iruzkin deskalifikatiboak, batere argumentatiboak ez direnak eta denak sareko eztabaidatik kanpo botatakoak jaso baititut.
Ez nator bat Patxirekin kantariez zirriborratzen duen arketipoarekin, orokortze errazegi eta asimilazio ausartegia, xinpleegia iruditzen zaidan horrekin, bai ordea beste guztiarekin. Baina nonbait asaldatu ditu zeharka aipatuta sentitu diren batzuk. Zergatik?
Denok dakigu oraino gurean, prentsan bederen, benetako kritikarik, kritika zintzo baina zorrotzik izan ez dela eta denok komentatu dugu inoiz gure herria kritika hori garatzeko txikiegia agian delako, edo gure hizkuntzaren betiereko egoera minorizatu eta elbarrian gutxien komeni zaiguna ei delako… Baina ajea nabarmentzetik harago inor ez da ausartzen saiakerarik egiten. Izan dira euskaldunona baino dexente zabalagoa den bertoko erdararen eremuan feedback bortitzeko kasuak, Oscar Cubillorena kasu, egindako kritika zorrotzei zorrotzegiak agian erantzunez, eta inork ez du euskaldunon gimnasioko zakua izateko borondaterik.
Prentsa tradizionalean iritzi, kronika, kritika edo erreseña bat idazten duenak megafonoa du eskuan, kokapen pribilegiatu batetik idazten du idazle pasiboarentzat. Ulergarriagoa da agian horrela iruzkinak, inpotentziaz, offline-koak izatea, tabernazuloan geratzea…
Baina blogen aroan erabat aldatu da eskema: plaza batean gaude denok, nork bere megafonoa eskuan. Hemen edonor da besteek botatakoak entzuteko eta erantzuteko gai, bere argumentazio ahalmena du muga bakarra. Zentsurarik ez dago eta edonork du bere bloga zabaltzeko aukera zein inorenean argudioak botatzekoa. Blog bat irakurtzea erabat librea da eta blogari bakoitzak duen irakurlegoa bere idatzien arrakastaz irabazitakoa da.
Baina noski, musikaria izateak ez dakar, berez, blogen mundua ezagutzea, seguraski erretorika erabiltzen eta argudioak ganoraz aurkeztea zertan ekarri ez duen moduan… Baina tira, hau nire iritzia da eta ziur nork berea izango duela.
Azaroak 18, 2005
Azaroaren 1ean bost urte bete ziren irratia.com-en lehenengo saioa egin genuenetik. Sarean zuzenean emititzen hasi ginen “euskal irrati digitalaren” esperimentuarekin. Hori ospatzeko, webguneari itxura berria eman eta aurreko bertsioaren gordailua jarri dugu sarean. Artxibo gehienak daude (beste batzuk aurkitu beharko ditugu) eta batzuk entzuten egon naiz, lehendabiziko saioa eta jada ahaztuta nituen beste audio interesgarri batzuk ere.
Zuzenean egin genuen 2000ko domusantu egunez eta Fermin Muguruza izan genuen gurean. Chat-aren bidez galderak bidaltzen zizkiguten Ferminentzat, zuzenean ari ginela sinetsi ezinik zeuden entzuleek.
Era guztietako zuzeneko emanaldiak egin genituen gerora: Arestiri omenaldia Kalderapekotik, Basque Electronic Diasporaren kontzertua Kafe Antzokitik. Mexikoko zapatisten mintzaldia DFko kongresuaren aurrean “La Ke huelga” irratiaren zuzeneko seinalearekin bat egin genuen… Korrika 12 ren ibilbidea ere jarraitu genuen zuzeneko konexioak eginez. Emisio piratak eta musikariei eginikoez gain, elkarrizketa teknofiloak ere egin genituen: Javier Etxebeste, Jose Del Moral, Fermin Lazkano, Josu Amezaga, Ignacio Ramonet, Goio Telletxea, Niko Vazquez, Alex Lamikiz, The Balde… Tamalez, musika kanalak jada ezin dira entzun, ezta bertan zeuden artxiboak ere, Ambassah Sound System irratsaioarenak kasu.
Ordutik hona euskal sarearen panoraman bilakaera izan da. Gauza batzuk lehengo moduan daude oraindik, euskalgintzako hainbat sektoretako teknofobia kasu, bertan dauden dinosauroen erruagatik. Baina belaunaldi berriak sartzen diren heinean jarrera horiek aldatuz doaz, apurka-apurka bada ere. Bertsozaleen adibidea oso esanguratsua da, gaztetxeetako hacklab-ena bezala (dena dela, gogoratu beharra dago behinola Bertsolaritza final bat zuzenean emititu genuela guk Euskalduna jauregitik). Tira, gai honen inguruan gauzak behar bezala egiten ari garen ala abiadura handiagoa behar dugun eztabaida planteatu dugu irratia.com-en.
Lehendik bazeuden eskuragarri irratia.com-en artxibo asko, archive.org-en , baina asko desagertuta daude, Archive.org-ek ez baititu denak gordetzen. Zuzeneko konexio batzuk, era berean, grabatu ez genituenez, betirako galdu ziren.
Behin jardun nuen usteltze digitalaren mehatxuaz, ondare digitala zein galkorra den. Askok gauzak digitalizatzearekin dena konponduta dagoela uste badute ere, horrek ez du ziurtatzen iraungo dutenik. Esaterako, webgune asko betirako galdu dira eta egungo asko ere era berean galduko dira, orain dauden lekutik desagertzean. Eta asko desagertzen dira, hosting-a amaitu zaielako, zerbitzaria desagertu delako edo, kasu batzuetan, egilea bera desagertu delako.
Egunotan, urteurrena dela eta, webguneari itxura aldatu diogu eta pixkat atondu: eskumaldean player bat jarri diogu, XML jarioa hartu eta podcast-a unean bertan entzuteko aukera ematen duen Flash prefabrikatu bat.
Gure proiektuaren baliagarritasuna aztertuta, esango nuke emaitzak ez direla antzemateko errazak, baina baikorra naiz. Unean-unean erabat minoritarioa eta txikia izan arren, honelako ekimenek zerbaiterako balio duten esperantza daukat. Irratia.com-en kasuan behintzat argi dago gerora apurka-apurka garatu diren ekimenetarako bizigarria izan dela, Arrosa proiekturako kasu. Orain garatzen ari diren (podcasting-a, blogak) eta garatuko diren beste joera batzuetarako ekarpena egin nahi dugu hurrengo saioetan, gogotsu gabiltza.
Azaroak 7, 2005