Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » 2005 » Iraila

Iraila, 2005 hilabeteko artxiboa

Autorik gabeko eguna Vs. Hiru minutu, hogeita hiru segundu

semaforoa bilbonHori da Bilboko semaforo honetan oinezkoek geldi egon behar duten denbora, zain, semaforoa berde noiz jarriko. Hala ere, adi ibili beharko dute, beronek pasatzeko hamabi segundu baino ez baitie emango. Ez, oinezkoak hutsaren hurrengo moduan tratatzen dituen semaforo hau ez dago autobia galdu batean, Bilbo erdi-erdian baino, plaza biribilean.

Oinezkoak aspertu egiten dira eta, hiru minutu horietan asko dira, gogaituta, gorri egon arren pasatzen direnak. Somatua nuen jendearen haserrea, kexuak entzuten dira sarri: “Lotsagarria da, ez dakit nola jarraitzen duen honek honela”… Baina ez dute konpondu oraino. Gaur, semaforoa igaro eta kronometratzea erabaki dut. Emaitza segundutan: autoak 203, oinezkoak 12. Egunen batean tranbiak edo autobusen batek gogaitutako oinezko horietakoren bat harrapatuko du eta, gainetik, errua berea izango ei da.

Iragan astea autorik gabekoa izan ei zen. Kale batzuetako trafiko mozketengatik eta udalak kontratatutako kale animazioengatik ez balitz ez genuen somatuko, gainerako kaleak lepo egon baiziren. Ezagutzen ditut pertsona batzuk oraindik metroan sartu ez direnak. Txoferrak gidatutako auto ofizialetan doazenak ere alfonbra gorriraino ez dira autotik jaisten.

Herenegun oinezko bikotea eta euren txakurra harrapatu zituen zoro batek Etxebarria parkearen parean. Gizona larri, txakurra hilik. Semaforo hori programatu duten instituzioek garrantzia eman nahi omen diote oinezkoari (eta bizikleta gainekoari). Benetan damaioten garrantziaren kuantifikazioa hor dago: 203/12

Iruzkina gehitu Irailak 29, 2005

CBGB ixtear, Save CBGB!

save cbgbIrakurri dut CBGB aretoa arrisku larrian dagoela. Litekeena da laster ateak betirako itxi behar izatea eta horrek benetan pena handia eman dit. Boweryko 315.ean dago, Little Italy-tik oso hurbil, New York-eko punk musikaren habia izan zen kontzertu areto mitikoa. Ramones etortzen zaigu gogora CBGB aipatzean, baita New York Dolls, Jonny Thunders, Patti Smith edo Dictators, bertan izan baizuten abiapuntu eta erdigunea. Hala ere, zabalik daramatzan 32 urteotan lotu barik ibili dira kontzertuak antolatzen eta hiriaren musika giroa sustatzen. Baina egungo Manhattan-en ez ei dago horrelako ekimenentzako lekurik, dirua eta espekulazioa dira nagusi eta, errenta izugarri igota, CBGB ito nahi dute diruzaleek. Hainbat musikazale eta musikari bildu dira hori ekiditeko asmoz eta webgunea ere egin dute, Save CBGB.

Gogoan dut 16 urterekin izan nuela estrainekoz CBGBren berri eta ordurako bazen leku mitikoa.

Basetxe batean sortu eta hazitako, Hilly Kristal-ek Country Bluegrass and Blues (CBGB) moduan ireki zuen aretoa, gehienbat musika mota hori zuzenean eskaintzeko asmoa baizuen. Baina disco musika nagusi zen garai hartan, sagar handian zuzeneko musikaren eta sortzaileen bilgune modukoa bilakatu zen berehala, ez baizegoen horrelako toki irekirik inguruetan. Hortik etorri zitzaion & OMFUG atzizkia: & Other Music For Uplifting Gormandizers, euskaraz eta bestelako musikak tripazagien lilurarako.

Duela hiru urte doi-doi, iraileko egun batez, Hilly Kristal berarekin solasteko aukera izan nuen eta horixe aipatu zidan berak, (han ere) rokanrolak ez duela dirurik ematen eta lokalaren errenta altua ordaintzeko gorriak pasatzen zituztela, sos gehienak kamisetak eta bestelako parafernalia saltzen poltsikoratzen zituztela.

Urte hauetan guztietan zuzenekoekin dirurik ez dutela irabazi azaldu nahi zidan: Leku mitikoa izan arren, sarrerako diruekin gastuak, teknikariak, alokairua… Zertaz ari zen banekiela argitu nion, baina berak biharamuneko kontzertuetara joateko gonbita egin zidan. Nire begiekin ikusita, hura oso familiarra nuen, hango diskoteken-eta oso bestelakoa: sarrera merkea eta barruan hiru bat talderen emanaldia, hemengo rock areto xumeetan moduan. Izan ere, lokal xumea da CBGB, estua, goiak eta beheak egurrezkoak eta itxura zaharrekoak. Kontzertu eta parranda asko iragandakoa, hori bai, horma guztiak estaltzen dituzten pegatinek salatzen dutenez. Bisitatu nuenean komuna ere, bere zikinean xarmagarria zen, punk xarma duen lokal batena. Eskenatoki txikia, kea eta garagardoa nagusi… Giroa hurbilekoa egin zitzaidan, familiarra.

Hiru hamarkadotan milaka musikari gazterentzako plataforma izan da CBGB eta orain diru zikinaren legeak behera bota nahi du, Newton-en sagarra bailitzan: merkatariak tenpluan sartu nahian dabiltza. Lower East Sideko Bowery inguru horretan beti izan dira homeless mozkortientzako hotel merkeak eta horrelakoei ostatu ematen dien erakunde batena ei da lokala. Azken urteotako espekulazioak eta lurraren garestitzeak (han ere) errenta garestitzea ekarri diote kontzertu aretoari. Neurririk eta aldez aurreko oharrik gabeko igoera batek ekarri dio egungo krisi larria eta rockzaleen elkartasuna.

Bere azken ahaleginak egiten ari da Kristal, esaterako, lehengo egunean Washington Square Park-en antolatu zuen elkartasun kontzertua. Besteak beste, Bad Brains, Blondie eta Public Enemy izan ziren bertan eta euren aliatuak etengabe ari dira aretoan kontzertuak eskaintzen: Dead Boys, Anti Nowhere League, The Offspring, Misfits… Johnny Ramone bezalako defendatzaile sutsuak dituzte eta blog bat zabaldu dute ekimenak iragartzeko.

Egungo Bilbo ezin izango nuke Kafe Antzokirik gabe imaginatu. Ezberdintasunak gorabehera eta errespetu guztiarekin, niretzat dorre bikiak baino esanguratsuagoa da CBGB. New York-era joaten naizen hurrengoan tragua eta kontzertua bertan, bai horixe. Save CBGB eta Gabba gabba hey!

Iruzkin 1 Irailak 20, 2005

Kontaizuko kolaborazioak bilduta

Abuztua arte Kontaizu.net web aldizkarian ibili naiz kolaboratzaile, bertako informatika (sic) arlorako Interneti buruzko testuak idazten. Aurrerantzean Gorka Julio lankide eta adiskidea arituko da zeregin horretan. Ziur nago testu interesgarriak idatziko dituela Gorkak. Aurretik inoiz aipatu dut Kontaizu eta bere edukiak indexatzeko ezintasuna. Behin-behineko konponbidea asmatu nuen orduan, baina batzuetan zerbitzariak errakuntza mezua erakusten du, hala ere. Testu horiek hemen ere irakur daitezke orain, Kontaizu atalean sailkatuta.

Bertan jorratu ditudan gaiak, (jatorrizko testurako lotura jarrita) hauek izan dira: Interneteko irratiak, sareko aktibismoa, seguru nabigatzeko aholkuak, sare sozialak, weblog pertsonalak, posta elektronikoa ganoraz erabiltzeko aholkuak, Literatura, Berehalako mezularitza, Flash animazioak, Gozatuz sarean ikasteko aukerak, Saharako gatazka, sareak hizkuntzak ikasteko ematen dituen aukerak, musikari berriei ematen dizkienak, Interneteko utopia posibleak, iruzurrak, euskarazko software librea, doako IP telefonia, euskal blogosferaren aurrerapausuak, podcast-a, hegaldi merkeen zoramena, web diseinuaren garrantzia eta Google mapak eta Tagzania euskalduna.

Iruzkina gehitu Irailak 17, 2005


sarean.com

Calendar

Iraila 2005
A A A O O L I
« Abu   Urr »
 1234
567891011
12131415161718
19202122232425
2627282930  

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak