Uztaila, 2005 hilabeteko artxiboa
Duela hilabete aurreratu nuenez, proiektu berriekin ibili naiz azkenaldion. Bada, horietako bat duela bi aste aurkeztu nuen beste leku batzuetan baina hemen ez. Beraz, aipatu beharko dut azkenik saharatik.com webgunea. Mendebaldeko Sahara du hizpide informaziogune honek eta espero dut ekarpen interesgarria izatea arlo horretan. Lagun batzuren artean sortu dugu eta ari gara informazioz hornitzen. Noski, Wordpressen egina dago, horrek ahalbidetzen baitu, besteak beste, hainbat egile egotea eta La Jaima irratsaioen podcasting-a. Elebiduna da saharatik.com, baina RSS jarioa ere badu eta, horri esker, euskarazko albisteak soilik irakurri nahi izanez gero harpidetza egin dezakegu. Beste edozein atalekin ere egin dezakegu atalkako harpidetza hori WPri esker.
Aiba Sustatun ateratako oharra:
Ohar honen bidez saharatik.com webgunea aurkeztu nahi dizuegu. Mendebaldeko Saharako gatazkaren inguruko online informazio gunea da, saharauien alde Euskal Herrian dagoen elkartasun mugimendua ere islatuko duena.
Proiektu honen abiapuntua sarean gai honen inguruko euskal informazio erreferentzia baten falta izan zen, saharauien aldeko elkartasun mugimendua gero eta biziagoa denean. Horrek ekarri du saharatik.com informazio webgunea, gaiaren gaurkotasuna euskal erreferentzia batetik islatzeaz gain, berton hainbat elkartek eta instituziok saharauien alde antolatzen dituzten ekimenen berri emateko. Webgune dinamikoa izango da, elkarteen partaidetzara irekia izango den tresna.
Bertan web aldizkari eguneratua aurkituko duzue, hainbat gairen inguruko azken ordua bilduko duena. Bi gai nagusi dira bertan:
ELKARTASUNA, hemendik saharauiei laguntza emateko egiten denaren inguruko informazioa jasoko dugu, errefuxiatuen kanpamenduei laguntza (karabana, elkartasun proiektuak eta bestelako ekimenak), salaketa, sentzibilizazio eta mobiliziazio ekimenak.
LURRALDE OKUPATUAK: Marokok okupatutako lurraldean bizi diren saharauiek jasaten duten errepresioaren inguruko azken albisteak.
Aurkituko ditugu, halaber, NAZIOARTEA edo IRITZIA bezalako atalak, edo AGENDA, gure herri eta auzoetan antolatuko diren ekitaldien informazioa bildu nahi duen atala. Baina saharatik.com webgunearen izaera multimediatikoa nabarmendu beharra dago, testu eta irudiez gain bestelako dokumentuak ere eskura baitaitezke bertan. Esaterako, LA JAIMA irratsaioa, ostegunero SEADen lagunen Bizkaiko elkarteak Tas-Tas irrati librean egin ohi duen irratsaio honen saioak MP3 formatoan eskuragarri daude LA JAIMA atalean.
Gainera, MULTIMEDIA dokumentuen atalean bideo interesgarriak eskura ditzakegu erreportaia eta dokumentalekin. Adibidez, Al Jazeera kateak intifadaren inguruan egindakoa, baita beste telebista batzuetan agertutako irudiak eta geuk sorturiko bideoak ere. Dokumental interesgarriak ere eskuratu ahal izango ditugu bertatik eta aurki saharauien musika ere izango da eskuragarri.
Webgune berri honen aurkezpena gaia gurean pil-pilean dagoen unean suertatu da: lurralde okupatuetan manifestazioak egiten ari dira saharauiak askatasuna aldarrikatzeko eta Marokoko erregimena sekulako errepresioaren bidez erantzuten ari da; euskal parlamentari, kazetari eta behatzaileek osatutako ordezkaritza bat egotzi zuten marokoarrek Aaiunetik asteazkenean eta iragan astean “Oporrak Bakean” planeko haurrak heldu ziren Loiura, gurean uda pasatzeko. Honen inguruan saharatik.com webgunean aurkituko duzue informazio guztia, baita uztailaren 17an Arrasaten izango den “Oporrak Bakean” jaiaren inguruko jakingarriak ere.
Uztailak 31, 2005

Tamalez gaur amaitu zait oporraldia. Hor daukazue lekukotza Polaroid itxuran.
Uztailak 26, 2005
Lehengo egunean Iruñean izan nintzen, aurreko bidalketan (sarreran, albistean…) idatzitakoak hornidura pixkatekin botatzeko. Ez nuen ordenagailurik ez diskete edo pendrive-rik eraman, testua hemen zirriborro moduan bainuen. Sartu, argitaratu eta hor hasi nuen jarduna Larraona ikastetxeko ordenagailu gelan. Bitakorak edo CMS sistemek duten beste abantaila bat duzu zirriborroena.
Garik azaldu zigun Aurkiren ibilbidea eta arratsaldeko atelierrean Wordpress euskaraz nola kudeatu erakutsi zigun Xabierrek. Bide batez, nik aurrekoan adierazitako zalantza argitu zuen berak, WP nola euskaratu azaldu baizigun. Gaztetxuloko lankide Gorka Julio lankidea ere ezagutu nuen bertan eta berak prestatu du azalpen eta xehetasun guztiak dituen tutoriala, laster argitaratuko ei duena. Baina, funtsean, oso erraza da prozedura, informatikari batentzat oso zaila azaltzen beraz.
Patxik aipatu duen moduan Diario de Noticias-en ageri da gaur sarean UEUk paperean baizik argitaratu ez duen testua. Kazetaritzaren paradoxa bikoitza agertzeko adibidetzat jartzen du Patxik UEUk blogei buruzko testua paperean bakarrik argitaratzea eta, bestalde, UEUkoek testua egitea eta beste komunikabide batek (ohikoa baina online edizioa duena) prentsa oharra datorren moduan hartu eta berea bezala argitaratzea, ikuturik ere egin barik. Horren inguruan ere jardun genuen ikastaroan, edukiaren inguruan hain zuzen, Bloga abian jarri aurretik komeni baita planteamendua zehaztea: zeren inguruan idatziko dugun, zein registrorekin, zein hizkuntzarekin… Blogak kazetaritza diren ala denetarikoak diren, euskaldunon teknofobia eta teknofilia, blogosferaren egoera eta beste hamaika konturen inguruan mintzatu ginen Iruñean.
Eta bueltatu ostean praktikan jarri nuen bertan ikasitakoa. Minutu gutxian Wordpress euskaratu ahal izan nuen, eu.mo fitxategia eskuratuta. Rosettan dagoena instalatu dut, Librezalen dagoena baino gehiago baitauka euskaraz. Wordpress-en instalazioko wp-includes karpetan languages izeneko beste bat sortu eta hara igo behar da ditxosozko eu.mo hura. Ondoren, gure instalazioko wp-config.php artxiboa jaitsi eta editatu behar da. Bertan, define (’WPLANG’, ”) dioen lekua aurkitu eta eu bat sartu behar zaio, honela: define (’WPLANG’, ‘eu’) berak itzulpena irakurri behar duela jakin dezan.
Itxura moldatzeari ere ekin diot, lehengo goiko irudietako batzuk sartu dizkiot eta nahiko ondo geratzen dira, ezta? Orrialdeetako loturak sartu ditut eta gauza batzuk euskaratu ditut. Zuen gustokoak izatea espero dut.
Uztailak 24, 2005
Gaur UEUren Iruñeko ikastaldian, Patxik prestatu duen Blogen inguruko ikastaroan azalduko dudana.
Googlen euskal blogosfera bilatuta aurkitu dudan erreferentzia batek ondo azaltzen du, erdaraz, azken urteko euskarazko blogosferaren panorama eta bilakaera.
Erdarazko testua da, bai, baina ondo ematen du euskarazko blogosferaren berri. Blog komunitateak aipatzen ditu gehienbat, baina nik uste dut komunitate horietatik kanpo gabiltzanak ere osoki gaudela euskal blogosferan. Egia da garrantzitsuak direla horrelako doako aukerak, baita blogger erraz baina mugatua ere, printzipioz idatzi nahi duenak ez baitaki WP edo MT instalatzen (eta ez du zertan jakin, bestela informatikarekiko betiko identifikazio okerrarekin topo egiten dugu berriro). Duela urtebeteko Eibar.org-en blog komunitatearen sorreran jartzen du, (jar daiteke?) euskal blogen esferaren hastapena.
Tira, Eibar.org eta Aurki planet-a baino lehen bazen euskal blogosferarik. Bai, apurka-apurka sortu baita, inaugurazio data ofizialik gabe. Egia da etengabeko bilakaeran ari dela eta gero eta gorputz handiagoa duela, gero eta blogosferago da.
Eibarko komunitatea sortu baino urtebete lehenago zer zegoen? Gauza gutxi. Bitakoren iraultza (2) testuan aipatzen nituen 2003ko urrian ziren euskarazko bitakorak eta blogosferak ere aipatzen nituen, beste hizkuntzetakoak, noski. oraindik euskarazko blogintzan ez baizegoen komunitaterik. Gaztelaniaz blogosferaren beraren inguruko gogoetak biltzeko metablog-a zegoen jada, bitacoras.org topagunea.
Erreferentzia gutxi batzuk ematen nituen. Pertsonalak: Lanbroute, Barnemuinetan, nire Sarean eta Taxi galduak, bost blog pertsonal duela bi urte. Kolektiboak ere badira blogosfera, noski, eta Sustatu aitzindariaz gain Kamiyoplanet absurdua, erabili.com, atxukale.com eta uztarria.com…
Baina burutik ez zitzaidan pasatzen komunitate bati buruz hitz egitea. Gainera, orduan euskaldunon artean oso-oso jarrera frikia zirudien (agian berria izateagatik) nork bere kontuak lau haizetara zabaltzen hastea. Agian horregatik ezizenez sinatzen ziren lehenengo bitakora pertsonal haiek (nirea kenduta).
Gaur, berriz, ez dakit zenbat blog pertsonal izango diren euskaraz. Berrehun? Aurkiko Garik jakingo du hobeto akaso. Blogen sorkuntza erritmoa hain da azkarra egun ezen kosta egiten zaigu erreferentzia berri denak bereganatzea. Telefono mugikorrarekin gertatu zen moduan, jada ez digu lotsarik ematen gure izen-abizenekin sinatutako bitakora edukitzeak.
Azken urtean blogosfera sortzen joan da, komunitatea. Aurkik zeregin garrantzitsua izan du komunitate hori egituratzen, Sustatuk ere bai, eztabaidagune kolektiboa emanez.
Baina era berean aparte bizi gara, ez gaituzte kontutan hartzen leihaketetan (ezta Gipuzkoan bertan ere) eta sentsazio arraroa sortzen zaigu egunero bisitatzen ditugun erdarazko erreferentzia nagusiekin topo egiten dugunean, eurek ez baikaituzte ezagutzen, askok ez dakite euskarazko blog komunitaterik dagoenik ere.
Bestalde, Igor Leturiak bere bitakoran eginiko hausnarketa baten haritik (monoblog-arena), onartu behar dugu gutxi garela, atomizazioa dugula eta ia kopuru berdina direla irakurle eta idazleak (berberak dira ia). Baina kontsolatu behar gara jakinik euskaldunontzat kopurua ez dela garrantzitsuena eta, Josu Landak zioena hemen aplikatuz agian zerbait inportantea sortuko dela lau katuren artean eginiko bilera batetik. Bada, jada ez gara lau katu, bakoitzak irakurle gutxi izango du baina gero eta gehiago gara komunitate eta horrek ematen digu potentzialidadea. Laster euskal blogosferaren eguneroko idazketaren karaktere kopuruak gaindituko du Berria edo EITBko euskarazko komunikabideena. Hedapena momentuz ez du izango, baina Joxe Aranzabalek frogatu duenez, kanpainiak egiteko eta lobbygintzarako aurki izan daiteke kontutan hartzekoa (blogak gipuzkoa, Telendro…).
Elebidunak izanik euskaraz idatziz aukeratu dugu pottongo txiki honetan bainatzea eta ez gaztelaniazko bitakoren ozeanoan ttanta bat izatea, bere abantailak ere baditu komunitate txikian egoteak, herri txiki batean bizitzeak dituenen parekoak (eta denok desabantailetan pentsatzen). Beste aukera bat izan daiteke blog eleanitza egitea. Hori egiten du Luistxok, esaterako, bere Ingelesen hilerrian.
Honaino euskal blogosferaren bilakaera, gainerakoan beste blogosferek izan dutenaren antzekoa, hazkuntzari eta joerei dagokienean. Euskal Interneten panoraman non kokatzen da blogosfera? Bada, esfera nagusia, dudarik gabe. Besteak ez dira esferak, nahiko autistak dira eta irakurlego handia dute gutxi batzuek, baina eredu zaharkituak jarraitzen dituzte edo zalantzan daudenak, (aldizkariak, eitb24, Berria). Batzuetan ez gara garaiz heltzen, baina bitakora batek, multimediatikoa eta norabide anitzekoa izanik, horiek baino aukera gehiago eskaintzen ditu komunikaziorako. Esfera oso batek, berriz, plaza handia eskaintzen du, hiriko (euskal sareko) beste kaleetako biztanleek elkar ezagutu ere egiten ez duten bitartean.
Uztailak 21, 2005
Kitto. Egin dut, asko kostata eta nagikeria gaindituta egin dut aldaketa Movable Type zaharra bazter utzi eta Wordpress berrira egin dut saltoa. Azken bertsioa instalatu dut (1.5.1.3) eta egin dudan lehenengo gauza spam iruzkinak garbitzea izan da. 2500 pasatxo ziren baina gehienak detektatu ditu WPek eta bistatik kendu ditu minutu gutxian. Orain nahiko xaloa ageri da bitakora baina gauzez betetzen joango naiz, ez baita erraza izango lehen nituen gauza guztiak agertzea. Txantiloietan sartu eta itxura euskaratzen hasiko naiz.
Hurrengo urratsa interfazea euskaratzea izango da baina horretan uste dut momentuz ez dudala laguntza handirik aurkituko…
Wordpress euskaraz nola instalatu azaltzen duen testu baten bila ibili naiz, Sustatuko albiste-eztabaida hau aurkitu dut, baina bertan ez dute NOLA egin behar den azaltzen. Itzulpena Urliak ala Berendiak egin duen, Rosetta, Ubuntu edo Txumatxarekin egin behar den (erabat galduta nabil) eta po edo mo nondik eskuratu behar diren (ez da argi geratzen non den azken bertsioa) eta polyglot-ek errakuntza ematen duen… Barka baina ez dut piperrik ere ulertzen eta uste dut WP instalatzera ozta-ozta heldu diren beste asko ere nire moduan galdurik ibiliko direla.
Tira, Librezaleren barruan sortu da Wordpressen euskaratzearen inguruko bitakora bat, Wordpress-en, noski. Hala ere, bertan ere ez dut aurkitu NOLA egin behar den, sartu orduko galdu bainaiz xehetasun artean. Informatikariei askotan ahazten zaie hasieratik abiatuta neofitoentzako azalpenak ematea.
Azkenean aurkitu dut NOLA egin azaltzen duen orrialde bat Gorkaren bitakoran. Baina, noski, hau bertsio zaharrago baterako zen eta, funtzionatuko du nirearekin ala prozedura aldatu da? Ingelesez aurkituko nuke, seguruenik, informazioa, baina itxarongo dut, momentuz bestelako zereginik ere badaukadalako.
Uztailak 19, 2005
Oporretan astebete eman ostean ostegunean jarri nintzen atzera pantaila aurrean. Ustekabe eta atsekabea hartu dut ikustean nire sarean hau comment spam-ez beteta. Iruzkinetako spam-a azkenaldiko izurriteetakoa da eta, MT-Blacklist-ekin babestua nengoela uste nuen arren, zerbaitek ez du ondo funtzionatzen software horretan edo desaktibatu didate aluok! Total, sartu dizkidaten 2800 inguru zabor-iruzkin kentzeko zerbait pentsatu beharko dut. Movable Type-tik Wordpressera aldatzea pentsatu dut baina orain ez daukat horretan jartzeko gogorik. Onena MT bera eguneratzea izango da, iruzkinetako spam-aren aurkako konponbidea ei dakar-eta. Ikusiko dugu. Momentuz, iruzkinak egiteko aukera itxi dut (edo hala uste dut behintzat).
Uztailak 16, 2005
Egungo gizartean diseinuak sekulako garrantzia du, eguneroko tresna guztiak erabilgarriak izateko eta, aldi berean, erakargarriak izateko diseinatu behar dira arrakastatsuak izango badira. Webguneak ere, noski, bi irizpide horiekin diseinatu behar dira komunikazio eraginkorra lortzeko. Baina denek ez dute oreka hori mantentzen eta webgune oso ikusgarriak egin arren baliagarritasun gutxikoak izan ohi dira.
Webguneak ikusteko bitartekari batzuk ditugu, nabigatzaileak, eta webguneak lengoaia batean idazten dira diseinatzen ditugunean. Oinarrizkoa HTML lengoaia dugu, 1993an Mosaic izeneko lehenengo nabigatzaileak testuak, irudiak, koloreak eta beste orrialde batzuetarako loturak orrialdeetan maketatuta erakusteko erabiltzen hasi zena. Baina HTML lengoaiak bilakaera gutxi izan du azken urteotan eta gero eta funtzionaltasun gehiago eransten zaizkie webguneei, beste kode batzuetan idatzitako plug-in edo programa gehigarrien bidez (Flash formatokoak, Java Applet-ak edo Javascript kodeak, besteak beste). Webguneetan estetika eta erabilgarritasunaz gain, eskuragarritasuna ere hartzen da kontutan.
Duela lau edo bost urte irizpide nagusia ikusgarritasuna zen, enpresak webgune polita eskatzen zion diseinugileari, animazioak eta koloreak. Bestalde, estandarrak betetzen ez zituen Explorer nabigatzailea eta Windows sistema konbinazioa nagusi zenez gero, diseinugile askok Explorer-erako egiten zituzten webguneak, estandarrak baztertuz. Ondorioz, estandarrak betetzen dituzten nabigatzaileetan ez ziren ondo ikuskatzen webgune horiek, Explorer-en kodeak eta ActiveX kontrolak zituztelako. Oraindik badira horrelakoak baina estandarrak betetzearen aldeko joera zabalduz doa azkenaldion, Jakob Nielsen bezalako guru-en lanari esker, Explorer-en segurtasun akats famatuei esker, Mozilla bezalako nabigatzaile libreei esker eta instituzio batzuek estandarren alde egindako hautuari esker.
Estandarren arabera diseinatzeak garrantzia hartu du azken urteotan, Microsoft Explorer nabigatzailearen nagusitasuna zalantzan dagoelako. Gero eta lagun gehiagok erabiltzen ditu sistema eragile libreak (Linux dugu ezagunena) edo bestelako nabigatzaileak (Mozilla, Firefox edo Opera kasu). Enpresak ere hasi dira kezkatzen, webgune irisgarriak eta erabilgarriak eskatzen.
Irisgarritasuna (atzigarritasuna edo eskuragarritasuna ere esaten diote batzuek)
bisitariek arazorik gabe, estandarrak errespetatzen dituen edozein nabigatzailerekin informazio guztia eskuratzea, informazio elementuak behar den moduan ikuskatzea eta elementu horiek behar den moduan etiketak eramatea, ikusmen arazoak dituztenek arazorik gabe atzeman ditzaten (webgunea irakurtzen dien ahots baten bidez nabigatuz, esaterako).
Erabilgarritasuna, berriz, informazio guztiak era hierarkiko eta intuitiboan ondo ordenatuta egonez, eta webgunearen diseinuak lagunduta, bere helburu informatiboa ondo betetzen duenean esaten zaio. Webgune batean bila gabiltzana aise aurkitzen badugu, webgune erabilgarria dela esan daiteke, elementuen kokapenak eta neurriek ere helburu hori lortzen laguntzen dute.
Gero eta diseinugile gehiagok eskaintzen dute estandarrak errespetatzen dituzten webguneen diseinua. Metro Bilbao bezalako webgune publikoek bertsio eskuragarria dute. Frogatuta dago informazioa emateko xede duen webguneak bere helburua lortzeko kontzeptu biak kontutan hartu behar dituela eta, gainera, webgune estetikoki txukunak egin daitezkeela alferreko animazio ikusgarriak sartu gabe.
Diseinugile euskaldunen bloga
Hainbat diseinugile euskaldunek jarri dute abian Zerrenda Blog izeneko bitakora. Euren helburua esperientziak elkarbanatzea da Wordpress sisteman ezarri duten blog honen bidez. Batzuek besteei sarean aurkitutako gauza interesgarrien berri emanez osatzen dute bitakora hau. Esaterako, saguan klik egin gabe bisitatu daitekeen webgunea edo 2005eko diseinurik onenen sariak biltzen dituena.
Zerrenda blog hau egiten dutenen artean Urdaibai etorri berri baten begietatik ikusi duen Joseba Barrenetxea web diseinugile eta argazkilaria dugu. Bere webgunean inguru horretako argazki interesgarriak eskaintzen dizkigu, Bermeotik Muxikara eta Mendatatik Elantxobera ateratakoak.
Tourra blog baten bidez jarraitzeko
Uztailaren 2an hasi den Frantziako Tourra jarraitzeko euskarazko bloga zabaldu dute, Txirrindularitza bloga izenekoa. Bertan, etapaz etapako ibilbidea eta gorabehera guztiak izango dituzte hizpide Jone Muxikak (txirrindulari ohia), Juan Martin Elexpuruk (txirrindulari zalea), Joxe Aranzabalek (irakaslea eta blogaria) Xabier Urzelaik, Gorka Etxabek eta beste hainbat zalek. Kronika eta eztabaida bitxiak irakur daitezke bertan, baina ez da hau txirrindularitzari buruz jarduten duen blog bakarra, Julen Gabiriak ere horren gainean idazten baitu berean. Bada, bestalde, txirrindularitza zale teknofilo batzuek sarean jarritako Tropela.net ekimena, apostu edo porra telematikoan esku hartzea ahalbidetzen duena. Doakoa da, izena ematea besterik ez baita eskatzen babesleek emandako sariak jaso ahal izateko. Frantziako Tourrerako 3057 lagunek eman dute izena, baina egongo da aurrerantzean buelta gehiagotan esku hartzeko aukerarik.
Uztailak 6, 2005