Maiatza, 2005 hilabeteko artxiboa
Astebete da Saharatik bueltatu ginela baina, harresiaren kontrako manifestazioaz gero, azken egunotan berriro izan dugu saharauien berri. Oraingoan lurralde okupatuetatik dator intifada berriaren oihartzuna, saharauiak egunotan marokoar okupatzaileen aurka altxatzen ari dira, era baketsuan, zapalduak izateaz nazkatuta daudela esateko. Errepresioaren salaketak are errepresio gehiago ekarri du: atxiloketak, torturak, bortxaketak, etxe hondatuak eta izua. Baina lehen ez zeuden bi gauza badira egun Sahara okupatuan: Internet eta kamara digitalak. Nola edo hala moldatu dira barnealdeko saharauiak errepresioaren argazkiak kanpora ateratzeko eta egunotan hainbat webgunetan jasotako irudiak ikusteko aukera dugu.
OHARRA: Bizkaiko SEADen lagunen elkarteak deituta, kontzentrazioa izango da barikuan, ekainaren 3an, Bilbon espainiar gobernuak duen ordezkaritzaren aurrean (Moyua plazan), 19:30etan.
Izugarrizko errepresioa ari da pairatzen gizarte zibila, armarik gabe eta inolako bermerik gabe, MINURSOko soldaduen inoperantziak lagunduta. Argazkiak ikus daitezke hainbat webgunetan. Esaterako, saharauien aldeko ARSO elkarteak atal berezia sortu du, informazio eguneratua jarriz. Desagertu eta preso saharauien senideen AFAPREDESA elkartea ia minutuz minutuko informazioa ematen ari da.
Bestelako argazkiak aurkitzea ere ez da erraza izaten. Futuro Saharaui aldizkariak lurralde okupatuetako argazkiak erakusten ditu: Paisaiak, natura eta bertako batzuen bilkurak eta txangoak agertzen dira. Intifadaren aurreko argazki batzuk ere ikus daitezke.
Telebistetan ere ikusi ahal izan ditugu irudi batzuk, Rabateko unibertsitatean (Windows media) ere izan diren istiluenak (RealPlayer) kasu. Marokoko prentsa eta blogari kritiko apurrek ere eman dute informazioa egunotan.
P.D. Iragan asteko harresiaren aurkako martxako argazkiak ikus daitezke Flickr-en zabaldu dudan helbidean.
Maiatzak 30, 2005
Behin baino gehiagotan aipatu dugu egungo webguneak ez direla dagoeneko HTML orrialde estatikoz eginikoak, batzuk sartzen garen unean sortzen dira, une horretan osatuz eta datu baseetatik edukiak hartuz. Beste inoiz etiketak ere aipatu ditugu, testuei edo irudiei beraiek deskribatzen dituzten tag edo etiketa batzuk esleituz web semantikoa osatzen da eta etiketa horien bidez gauza bitxi asko egin daitezke.
Wikipediako definizioak dioenez, web semantikoa zera da: sareko dokumentuei esanahia (horregatik esaten zaio semantikoa) makinek ulertzeko moduan emanez, informazio trukerako bide unibertsala sortu nahi duen proiektua da. Hori lortzen da idazten diren gauzei eta era guztietako dokumentuei etiketak jarriz eta etiketa horiek elkartzeko modua emanez, dokumentuak batzuk besteekin etiketa horien araberako multzoetan erakusteko moduan.
Esaterako, technorati.com bezalako zerbitzuetan tag horien araberako bilaketa egiten badugu, etiketa hori duten blogetako artikuluak agertuko zaizkigu. Etiketa jakin bat hainbat lekutan bilatu eta emaitzak orrialde bakarrean erakutsiko dizkiguten zerbitzuak ere badira, Flickr-eko argazkiak eta beste gauza asko erakusten dituztenak kasu.
Baina are konbinaketa korapilotsuagoak ere egin daitezke oraindik, Google Maps zerbitzu moldagarria erabiliz batzuek egin duten moduan. Luis Fernandezek idatzi du honi buruz ingelesez bere bitakoran eta bere lankide Gari Araolazak euskaraz eta sakonago azaldu du gaia berean. Esaterako, bada etxebizitzen alokairuen gaineko informazioa RSS bidez ematen duen Craigslist famatua, hiri bakoitzeko eskaintzak jario bat du eta edozein irakurgailuren bidez jakin dezakegu Chicagon une honetan zeintzuk diren eskaintzen diren etxeak eta zein salneurritan. RSS bidez, eguneratuta eta modu moldagarrian ematen den informazio hori Google Maps zerbitzuarekin konbinatuz etxebizitzak non eskaintzen diren erakusten digun HousingMaps zerbitzua sortu da. Aukeratzen dugun eremuko eskaintzak ikusiko ditugu.
Antzekoa da Chicagocrime.org webguneak eskaintzen duen erabilera, hiri horretan delituak non egin diren kontutan hartuz, auzo bakoitzeko kriminalitate tasak era ikusgarrian erakusten dizkigun zerbitzua da hori, Googleren mapa zerbitzua ere erabiltzen duena.
HousingMaps eta Chicagocrime konbinatuz aldera ditzakegu mapan etxebizitza eskaintzak eta inguruaren kriminalitate mailak, auzune jakin batean alokairu merkea alokatzeak merezi duen ala arriskutsuegia izango den jakiteko. Beste aplikazio mordoa izan dezake web semantikoak.
Google xaloaren amaiera
Yahoo, Google eta Microsoften arteko hiruko lehia horretan nabarmentzen ari da Yahoo eta Googleren artekoa. Orain arte Yahoo zen Googleren imitatzailea, hainbat urrats eman baititu haren atzetik, baina badirudi Googlek ere Yahooren ezaugarri jakin bat kopiatu nahi duela. Gero eta zerbitzu gehiago biltzen ditu Googlek, baina orain arte eutsi dio bere ikurra den xalotasunari. Baina egunotan Google pertsonalizatua osatzeko proiektua aurkeztu berri dute, Gmail, Google News, Google Movies eta hainbat informazio iturri bilduko dituena. Momentuz proba fasean dago baina. Bitxikeri moduan aipa daiteke “eguneko hitza” ere ikusi ahal izango dugula hemen. RSS irakurgailu zerbitzua ere izango du, Bloglines-en estiloan, eta etorkizunean Google Groups, irudi bilatzailea, Google Maps eta beste hainbat ezaugarri ere bilduko ditu seguruenik.
Bitartean, Yahook bere Messenger 7 atera du, IP bidezko telefonoa duena, Skype programari aurre egin nahian. Gauza bera egin nahi du MSNk bere Messenger-arekin, baina ikuskizun dago Skypek lortutako kalitatea erdiesten duten.
LABURRAK
Goxoki eta Bost axola
Goxoki du izena Atseginez elkarteak sexuari buruz gazteei informazioa emateko sortu duen webguneak. Flash hutsean egina dago webgunea, ez da batere nabigagarria eta eskuragarria baina informazio batzuk behintzat ageri dira bertan. Sexualitatearekin ere lotua dugu Donostiako Bost Axola gay taldearen webgunea. Gay eta lesbianak dira, Gehituren magaletik sortutako gazte taldea eta, diotenez, webgunearen bidez albisteak eta internauten ekarpenak bildu nahi dituzte. Izan ere, Mambo izeneko kudeaketa sistema dinamikoarekin egina dago webgunea. Kode irekiko edizio sistema indartsua omen da Mambo, baina oraindik webgunearen zati batzuk euskaratu gabe ditu Bost Axolak.
Lurra ikusgai
MSNren azken urratsa Google Earth izango denaren aurkakoa dugu, bere MSN Virtual Earth iragarri baitu. Googlerena bezala, Microsoft-enak mapatik abiatuta neurri handiko irudiak erakusteraino helduko da baina 45 graduko angelutik hartuta. Albiste nagusian aipatutako Google Maps-en ikusten den moduan kokapen geografikoko sistemak dira etorkizuneko joera eta laster, telefono mugikorrean sartzen direnean ez gara berriz hiri batean galduko.
Dokumentazioa, mesedez
SGAEko abokatu Pedro Farrek proposamen bitxia egin du saretik izengabetasuna behingoz ezabatzeko xedez: sartzeko ezinbestekoa izatea gure nortasuna egiaztatzea. Hala, sarean egiten ditugun mugimenduak erregistratuta geratuko lirateke. Halako Anaia Handia moduko batek, hortaz, gure mugimenduen berri izango luke, zein webgunetan sartzen garen, zer idatzi, erosi eta bisitatzen dugun… Saretik kanpo horrek zer nolako kontrol orwelltarra ekarriko lukeen pentsatzea zaila dirudien arren, Interneten errazagoa litzateke proposamena gauzatzea.
Maiatzak 26, 2005
Euskal kazetari, musikari eta sahararen aldeko elkarteetako kide batzuk Mendebaldeko Saharan izan gara asteburuan, haien lurraldea banatzen duen harresiaren aurkako nazioarteko manifestazioan. Ostegunean Madrilen abioia hartu eta Tindufera heldu ginen, handik hurbil, Aljeriako lurretan SEADi utzitako eremuan saharaui zibilak bizi baitira errefuxiatuen kanpamenduetan. Bertatik abiatuta, Mendebaldeko Saharan barneratu eta askatutako guneetatik ibili gara bi egunez. Sekulako astindua hartu dugu, ehunka kilometro desertuan eginda, eta denetarik egon da bidaia honetan. Gatazkaren blokeo egoera honetaz nazkatuta egon arren saharauien indarra eta fedea egiaztatzeko balio izan du expedizioak.
Madrilera Iñaki lagunarekin joan nintzen eta Bertatik Bertarako Agustin Ezenarrorekin egin genuen topo Barajasen. Berari sherpa eta, Iñakiren kasuan, kameralari lanak egiten ibili gara bidaian, gauzak azaltzen, jendea aurkezten… Gasteiztik etorritako lagunak han aurkeztu ziren, Parral-eko Iñaki eta, Josuk ekarrita, Zaharregia Txikiegia Agian talde osoa. Andoaingo, Berrizko eta Donostiako jendeaz gain, Deiako kazetari bat, Txomin Aurrekoetxea eta Gurutze Irizar ere han ziren. Estatu osoko elkartasun taldeetako ordezkariak ere baziren eta komunikabide zein agentzia askotako kazetariak.
Gorabeherarik gabeko hegaldi baten ostean, ostegun gauean 27 de febrero izeneko kanpamendura heldu eta bertako familietan banatu gintuzten, biharamun goizean abiatu behar baikinen askatutako lurralderantz, harresiaren aurrean elgarretaratzea egiteko. Kanpamenduetarako bosgarren bisita zen niretzat, baina hau Mendebaldeko Saharako gune liberatuetara egin dudan lehendabizikoa izan da eta desertuan benetan barneratu naizen lehenengo aldia. Orain arte beti La Guerako gure familian hartu dugu ostatu, baina egitaraua hain estua izanik ez dugu bertaratzeko aukerarik izan.
Jadiyak eta bere amak oso ondo hartu gintuzten eta afalostean ordubiak arte egon ginen hizketan. Kanpoan egin genuen lo, ilargipean lehenengo, izarpean geroago, baina bostetarako esnatu gintuen muezinaren otoitzerako deiadarrak. Seietan altxatu eta zazpietan abiatu ginen harresirantz. Pare bat ordu geroago heldu ginen harresiaren ondora, Mahbes okupatutik hurbil. Marokoar soldaduak ikusten ziren urrunean, gure mugimenduak zelatatzen. Hasieran antolakuntzakoek proposatu zuten denok eskutik oratuta lerro zabal bat egitea eta, segurtasunak markatutako lekura helduta (gehiago hurbilduz gero minaren bat zapaltzeko arriskua dago), denok batera eskuak askatzea, horma suntsituko bagenu legez…
Baina orduan saharauiz betetako bederatzi bat kamioi heldu ziren eta laster asmo hori gainditu zuen marabunta abertzale batek: gazte, helduak, baina batez ere emakumeak. Irrintzika, atertu gabe kontsignak oihukatuz eta ukabila astinduz gainditu gintuzten eta manifestazioaren jabe egin ziren segundu batzuetan. Kaos hura izan zitekeen armoniarik ederrena baino manifestazio politagoa iruditu zitzaidan, hunkigarria. Megafonoa eskuetan prentsaren aurrean hizlari ari zirenen berbak ez ziren ia entzuten irrintzi zaparradapean.
Berehala segizioa harresirantz abiatu zen. Gu emakume haien atzetik, noski, hain nabarmena baizen euren indarra. Gu, azken finean nazareno solidario batzuk baino ez ginen, baina eurak beraien lurraldean ziren eta marokoar soldaduei aurrez aurre gauza batzuk esateko gogoa nabarmentzen zitzaien. Bertan, harresitik 600 bat metrora geratu ginen eta minutu batzuk eman ostean ekitaldia amaitu zen.
Ibilgailuetara bueltatu eta Bir Lehluraino jarraitu genuen, beste pare bat orduko bidea izan zen. Bertan ura eta bazkaria zain genituen eta, siesta labur baten ostean Tifaritirantz jarraitu genuen. Bost orduko bidea zen eta, Toyotan joan arren, zorabiatzen hasi nintzen. Lo faltak, berotasunak eta atzekaldeko mugimenduak ez zioten onik egin aurretik kili-kolo nuen urdailari eta gelditzeko eskatu nion Bil Naser gidariari. Hortik aurrera dena izan zen botaka eta beherakoa eta ez nuen urik onartzen. Tifaritira heldu ordurako nahiko makal nengoen eta berehala ospitalera eraman ninduen Gurutzek, nire-gure-euren aingeru guardakoak. Sueroa jarri zidan Che Guevarak berak. Beno, Jatri zuen izena saharaui mediku gazteak, baina kubatar azentuak eta Che-ren kamisetak salatzen zuten nondikoa zuen jakituria. Bisita ugari jaso nuen, denak nigatik arduratuta, baina gaua bertan eman behar izan nuen eta kontzertua galdu.
Afaldu eta ostean jaia izan zen areto handi batean. Hasieran estatuko artista ospetsu batzuk etortzekoak ziren baina azkenean kale egin zuten eta “ospetsu” bakarra Tontxu bilbotarra zen, Espainiako telebistan reality show batean agertu delako, noski. Sopa de Cabrako kantaria eta beste neska batzuk ere aritu ziren, baina Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal izan ei ziren ondoen aritu zirenak.
Goizean ospitalean erabat bakarrik esnatu nintzen, osatuta baina makal. Dutxatu eta gosaltzera joan nintzen. Handik hurbil dagoen eremu batera joan ginen, militarren erakustaldia ikusi eta presidentearen mintzaldia entzuteko. Laburbilduta, itxaroteaz nazkaturik daudela eta kasu egiten ez bazaie zerbait gertatu behar dela mehatxatu zuen Abdelazizek. NBEren eskakizun eta baldintza guztiak bete arren kasurik ez zaiela egin eta atzera tiroka hastea beste erremediorik ez zaiela geratuko esan zuen argi eta garbi.
Berriro Tifaritira bueltatu eta bazkalostean abiatu ginen berriro kanpamenduetarantz. Zortzi orduko bidaiaren ostean heldu ginen 27ra, leher eginda. Jadiyaren etxean afaldu, lo-kuluxka egin eta atzera Tinduferantz, aireportura. Seiak aldera hegazkina hartu eta hamarretarako Barajasen geunden atzera, bazkarirako etxean.
Oso intentsuak izan dira lau egun hauek eta seguru nago bertan egondako guztiengan geratu dela inpresioa. Hammadan bizitzea oso gogorra da, basamortuaren baitako basamortua baita, baina herrira bueltatzeko esperantzak eman die indarra 30 urtez bizitzari eusteko. Marokoren eta “nazioarteko komunitatearen” asmoa zein den gero eta argiago dago: saharauien morala hondatzea, herri bezala desintegratzea eta diasporara jo dezaten, independentzia proiektua bertan behera utziz. Zainetan odola duen edozeinek ezin du hori gertatzen utzi, egoerari aurre egin gabe.
Euskaldunok bereziki, ezin diegu herri txiki bat desagertarazten utzi, hurrengoa desagertaraztea askoz errazagoa izango baizaie indartsuei, indartsuak ez duelako arrazoia, arrazoia gaildendu behar delako, arrazoia besterik ez dutelako, han daudelako, basamortuan eta euren suntsipena telebistan erakutsiko ez duten arren gure kontzientzietan euren aurpegiak agertuko direlako. Espainiaren biktima izan direlako, ondoren Marokoren biktima eta, azkenik, ez direla eta izateko eskubiderik dutela erabaki duen geopolitika izeneko diktadura globalaren biktima direlako. Herri oso bat horrela dagoen artean gure zati bat ere erbestean, okupatuta, preso edo desagertuta egongo delako hammadan, basamortuaren basamortuan.
http://www.arso.org/CEASmuro05.htm
http://www.spsrasd.info/sps-e190505.html
Maiatzak 25, 2005
Konektatuak eta ez konektatuak banatzen zituen lubaki, amildegi edo eten digitala (digital divide ingelesez) geografiaren eta ekonomiaren araberakoa zen orain arte: konektatuek ilustrazio digitala izango dute, trebakuntza eta lanerako aukera franko; besteek ez. Baina Seth Godin-ek beste fenomeno bat somatu berri du konektatu gehienak bizi garen lehen mundu aberats honen baitan: aukera pertsonal librea eginez bere burua teknologian eguneratzea eta azken joeren jakitun egotea erabiltzen dutenak alde batetik. Bestetik, gure artean, sarbidea ukan eta Internet noizean behin erabili arren, mundu digitalagatik interes handirik erakusten ez dutenak. Geografiak edo irabazi ahalmenak inolako eraginik izan gabe, eurek hala erabaki dutelako edo ez dutelako horren beharrik somatzen, atzean geratzen ari ei dira bigarren multzokoak.
Azken asteotan oihartzun handia izan du Godin-en testuak ingelesezko blogosferan eta euskaraz Joxe Aranzabalek aurkeztu digu gaia bere blogean. Joxek dioenez, “Teknofiloei digerati dietzen die Seth Godinek. Digerati hitz konposatua da —digital eta literati—, eta esan nahi du alfabetatua edo jantzia kontu digitaletan. Hor sartzen dira ordenagailu zientzilari ezagunak, teknika idazleak eta blogari ezagunak”. Beste askok ez dituzte sareak eskaintzen dituen aukera eta tresna interesgarrienak ezagutzen, ezagunenak eta inposatuak baino (Explorer, MSN Messenger eta Office). Aukerak eta informazioa lehenengo multzokoen esku dauden bitartean, bigarrenekoak, gutxieneko formakuntza ukan arren, atzean geratzen dira.
Adibideak ere ematen ditu Godinek koadro batean: digeratiak Firefox erabiltzen du, blogaria da, RSSak irakurtzen ditu, Slashdot irakurtzen du, Flickr erabiltzeaz aspertuta dago eta albisteak Google News-en irakurtzen ditu… Atzean geratutakoak, berriz, Explorer erabiltzen du, ez daki zer diren RSSak edo Flickr, albisteak telebistan irakurtzen ditu eta Google bilatzaile soila dela uste du. Batzuek elitismoa leporatu diote Godin-i (how cool we are), baina berak egoera deskribatu baizik ez du egin, Makiavelo moderno baten gisan.
Fenomeno berria azaltzeko Godinek dioenez, duela bost urte geek edo teknofilo sutsuek talde itxiagoa osatzen zuten, itzal gutxikoa. Joera berriak bereganatzen lehenengoak ziren, baina euren eztabaidak eta aurkikuntzak ez ziren aise hedatzen komunitate horietatik at. Egun, berriz, sarea indartsuagoa da eta askoz hedatuago dago eta blogei esker, ahots horiek presentzia eta indar berria hartu dute, kontutan hartu beharreko erreferentzia bilakatu dira, politikari eta kazetarientzat. Ondorioz, sarea komunikabide eta komunitatea denez, digeratiek ideiak heda ditzakete.
Gainera, konektatuen eta ez konektatuen arteko eten edo lubaki digitala ez bezala, amildegi berri hau gero eta handiagoa da, digerati-ek, tresna berri hauek gero eta gehiago erabiltzen dituztelako. Godin-en testua bera nola zabaldu den ikustea besterik ez dago digeratien egungo garrantziaz ohartzeko.
BBCren estrategia irekia Interneten
Bere edukiak internauten esku jartzeko estrategia berria jarri du abian BBC kateak, use our stuff to build your stuff lelopean (erabili gure edukiak zure edukiak sortzeko). Alde batetik, feed edo jarioak argitaratzen hasi da, inork albisteak RSSak irakurtzeko programen bidez irakur ditzan. Bestetik, APIa libre egin du, hau da: programatzaileen ekarpenak jasotzeko bere edukietarako sarbidea ematen duen programaren kodea publiko egin du. Flickr-ek eta Skype-k hori egin dute arrakastaz, internautek programa mordoa sortu baitute, euren zerbitzuak moldagarriak eta are ezagunagoak bihurtuz.
Munduko informazio sarerik handienetako batek bere edukiak inoren esku uzteaz gain, horiek moldatzeko programak egiten uztea sekulako urratsa da. Ben Hammersley kazetari adituaren hitzetan, “hau zerbait handiago baten froga da, erakusten ari baita Interneten nork bere edukia ezkutatzea suizidioa dela. Nork bere eskua zabaldu eta denok elkarrekin loratu edo bere baitan itxi eta bakarrik hil”. BBCren garatzaile sarea eta edukiaren moldaketa erabilgarri batzuk aurkituko ditugu backstage.bbc.co.uk helbidean.
Interneteko estrategia egokia du BBCk internauta askoren aburuz, horregatik azken Webby sarietan 10 izendapen jaso zituen. Estrategia horren beste erakusgarri bat dugu BBC Internet Media Player (IMP). Bere programazioa sarean eskuragarri jartzeko BBCk berak abian jarri duen P2P sarea dugu. Banaketa internauten makinetan ezarriz eMule edo BitTorrent sareen doaiak baliatu nahi ditu kateak, bertako edukiak edonon ikustea edo grabatzea galaraziko duen formatoa izango duten arren.
LABURRAK
Konexioa gas hoditik
Gas naturala banatzen duten hodien bidez banda zabala etxeetara helarazteko modu berria asmatu duela iragarri du Nethercomm izeneko enpresa batek. Azken miliaren arazo famatua konpontzeko ideia honi esker 10 Gigabit-eko abiadurak lor daitezkeela diote Nethercommekoek, oraindik teknologia hau garapen fasean dagoen arren. ADSLak telefono kablean beste frekuentzia altuago batzuk erabiliz egiten duen moduan, hodi barrutik igorriko diren irrati frekuentzia altuko uhinek konexioa gure herrian bertan izango den gune bateraino garraiatuko dute gasaren bidez, haren garraioan eraginik izan gabe.
Okupazioa eta copyleft-a
Okupazio kongresua egin zuten duela bi aste Bilboko Kukutza gaztetxean eta, horren haritik, webgune txukuna osatu zuten: Wordpress-en eginiko bloga eta Okupa Irratia izenekoa eratu zituzten bilkuran esandakoen berri emateko. Gainera, duela aste batzuk sareratu zuten Gobelab, Getxoko hacklab-aren webgunea, Wordpress sistema berarekin eginiko bloga. Bestalde, copyleft-aren inguruan informazioa emateko eta Artelekun ekaina hasieran egingo diren jardunaldiak aurkezteko www.kopyleft.net webgunea agertu da.
Taldeak euskaraz
Plazagunea enpresak abian jarritako taldeak.com zerbitzuan nork bere gustoko eztabaida zerrenda sor dezake, Yahoon egiten den bezala baina euskaraz, eta mezuen banaketa sistema gure hizkuntzan kudeatu. Zerrenako helbidera mezua bidali eta taldekide guztien artean banatuko da. Dagoeneko 192 talde sortu dira, lesbianismotik heavy-raino, denetariko gaien ingurukoak. Jon Mirande, xakea, arkitektura edo sagardoa hizpide dutenak ere aurki ditzakegu bertan.
Maiatzak 19, 2005
Askotan entzun eta errepikatu dugu Internetek AEBetako militarren asmakizun batean duela sorburua. Hala ere, sarea garatu dutenek beti ukatu dute hori, unibertsitateetan eta eremu zibilean lan egin zutela azpimarratuz. Sareko mito askoren artean mitoena dugu hau, sarearen beraren sortzearen ingurukoa. Militarren dirulaguntza edukitzea nahastu dute kondaira epikoagoa-edo egiteko xedez, helburu militarrarena artifizialki puztuz.
Militarren proiektuak defentsa sareko nodoak lotu behar zituen sistema nahi omen zuen, balizko eraso nuklear baten aurrean irauteko eta erantzuteko gai izango zena. Elkarri lotuak baina independienteak izan behar zuten nodo horiek, euretako bat edo batzuk suntsituz gero sistemak erasoari eusteko pentsatuak. Baina sarearen aurrekari ARPANET sortu zutenek ez zuten hori buruan eta urte asko daramatzate hori gezurtatu nahian. Militarrak ez ziren urrun ibili, baina Internet militarren asmakizuna dela esatea erredukzionismoa da, kondaira ikusgarriagoa lortzeko.
ARPA proiektua (Advanced Research Projects Agency) Eisenhower presidenteak defentsarako 1958an sortutako agentzia zen, gerra hotzaren garaian helburu militarretarako erabil zitezkeen unibertsitate ikerketak diruz laguntzen zituena. Testuinguru horretan sortu zen ARPANET 1969an, baina bertan lan egiten zutenek helburu militarrena handitu dela diote. AEBetako armadak ikerketa eta garapen arloko proiektu asko lagundu ditu diruz, goi mailako teknologia eurek lehenengo aplikatu nahi baitute eta ondoren erabilera zibilera igaro dira euren laguntzaz garatutako proiektu asko, mikrouhin labeak esaterako.
Javier Pedreira ikerlariak eta Stanforden bizi den Andreu Vea kataluniarrak bakoitzak bere aldetik nabarmendu dutenez, ARPANET sortu zutenean, zientzialarien eta militarren helburua dirua aurreztea zen, ordenagailuak batzuk besteekin lotuko zituen sare baterako komunikazio protokoloa sortuz. Orduan oso ordenagailu gutxi zeuden munduan, tona eta milioi askoko makina erraldoiak ziren eta atarramendua atera nahi zioten euren kalkulu ahalmenari eta erabilerari, urrunetik erabiliz eta batzuk besteekin bateragarriak bilakatuz.
Langintza horretan MIT institutu famatuko ikerlariak aritu ziren eta militarrek diruz lagundu zuten proiektua, baina lehenengo onuraduna komunitate zientifikoak berak izan behar zuen. Nahasmena eragin duen beste faktore bat sarearen diseinua dugu: akatsen aurrean babestu nahi zutela eta, logikoa den moduan, sarea osatzen duen elementu batek huts eginez gero –egun bezala oso gauza ohikoa orduan– besteek lanean eta elkarren artean arazorik gabe komunikatzen jarraitu ahal izango zuten diseinua lortu nahi zuten. Ikerketaren lehenengo helburuak komunitateak baliabideak profitatu ahal izatea eta gastuak murriztea ziren.
Mitoaren sorburua garai hartako blokeen arteko gerra hotzean eta talde horren lanarekin zerikusirik ez zuen beste ikerlari baten idatzietan aurki dezakegu. Militarrentzat lanean zebilen Baran izeneko ingeniari batek aurrerapen hauek ikertu zuen, balizko eraso nuklearraren erabilera proposatuz, baina bera ez zebilen lantaldean.
Egun sareko komunikazioaren funtsa den paketeen kontzeptua sortu zen orduan. Informazioa pakete txikietan bidaltzea zen helburua, pakete bakoitzak, barruko informazioaz gain, bere osotasunean jaso den ziurtatzeko eta igorleari hori konfirmatzeko informazioa eramanez. Geroago, 1973an, Stanford-eko Vinton Cerf-ek garatu zuen paketeak bidaltzeko egun erabiltzen den TCP/IP protokoloa, IP helbide bakunez identifikatutako makinen artean paketeak igortzeko protokoloa. Egun ezagutzen dugun World Wide Web eta hipertestuen bidezko nabigazioa, berriz, hainbat urte geroago etorri zen.
LABURRAK
Blog teknofiloak
Informazio eta Komunikazio Teknologiak hizpide dituzten euskarazko bi blog berri agertu dira azkenaldion. IKTeroak dugu Jakintza ikastolako irakasle batzuen eskutik agertu dena, Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT) irakaskuntzarekin lotzen dituena. Bertan azaldu dutenez, blog honez gain, bitakorak irakaskuntzan erabiltzeko esperimentu kolektiboa eta partehartzailea prestatu nahi dute beste ikastegi batekin. Bestalde, Gorka Julio kazetaria sarean eskaintzen hasi da berak Gaztetxulo aldizkarirako idatzi ohi dituen erreportaiak. Artxiboak, momentuz, PDF bertsioan daude bakarrik eta banaketa libreko Creative Commons lizentziapean eskura daitezke.
Stallman-en bideoa
Wordpress sistemara aldatu da irratia.com irratsaio-bitakoraren edizio sistema, Movable Type erabiltzeari utzita. Bertan beste gauza berri bat aurki dezakegu, sistema eta itxura berriaz gain: software librearen aita Richard Stallman guru ezagunari eginiko elkarrizketa. Kataluniako telebista batean gaztelaniaz egin zioten elkarrizketa sarean eskuragarri dago euskal irrati digitalaren webgunean. DivX formatoan dago eta 109 Megabyteko neurria du. Informazio gehiago Stallman-i buruz.
Xuxen online
Euskarazko zuzentzaile ortografikoa on-line kontsulta daiteke orain, berau webgune baten bidez erabiltzeko moduan jarri baitu Eleka enpresak. Orain arte, xuxen erabiltzeko saretik eskuratu eta nork bere ordenagailuan ezarri behar zuen, Word edo OpenOffice.org-en gehigarri moduan. Dagoeneko ez da beharrezkoa, webguneari esker edonondik konektatzeko modua baitago eta zuzendu nahi dugun testua Xuxen-en leihoan itsatsita berehala erakutsiko digu ortografia akatsik daukan.
Maiatzak 13, 2005
Orain arte argazki bitakora “eskuz” editatzen ibili naiz hemen, baina duela gutxi Flickr zerbitzuaren doaiak ezagutu nituen. Kontua zabaldu dut bertan eta dagoeneko argazki batzuk igo ditut bertara. Bestalde, orain arte Movable Typen zegoen irratia.com Wordpress sistemara pasatu dut. Moldagarriagoa, doakoa eta irekia da Wordpress, gero eta zaharkituagoa geratzen ari den MTren ondoan. Beharbada laster bitakora hau ere WPra pasatuko dut, denbora daukadanean eta mudantzak sortuko dizkidan (permalink-en) arazoak konpontzen ditudanean.
Maiatzak 9, 2005
Sareko ibilerak, loturak klikatuz eta klikatuz, nahiko kaotikoak izaten dira eta badakizu nondik abiatzen zaren baina ez non amaituko duzun. Gaur aurki.com-en Etiope bat Martitzen blogaren lotura jarraitu dut. Katixa izeneko neska blogari euskaldunak egiten du. Itxura denez, Madrilen dabil gidoilari telebista batean eta bere bitakoran gogoeta bitxi eta interesgarriak idazten ditu, literaturazalea eta gasteiztarra da, beste daturik ez dut. Patxi trapero fan handia du. Bada, gaur gustatu ez zaion telebista saio baten inguruan idatzi du eta bertan agertu den Almudena Montero izeneko hizlari bat jasangaitza iruditu zaio.
Bada, Almudena Montero hori blogger ezaguna da espainiako blogosferan, eguneroko pertsonal inozoen atalean, Antes Muerta Que Sencilla izeneko bloga idatzi baitu eta orain bere blogeko testuak paperean bildu ditu Mi vida perra goiburupean. Katixak liburudendan ikusi du eta ez zaio gustatu: “Bridget Jones kastizo bat zen hura, oso txabakanoa, topikoz beteta. Hogeitamar urte inguruko emakume ezkongabe baten abentura banalak ad infinitum errepikatuak. Gaizki idatziak gainera. Inongo graziarik gabe”, dio.
Bada, Mi vida perra Espainian blog batetik ateratako testuekin argitaratu den lehendabizikoa da, Libertad Digitalen irakurri dugunez. Joxeren liburua ofizialki bost egun beranduago banatzen hasi zela kontutan hartuz gero, zurrunki egiazkoa izan daiteke baieztapena, baina ez Joxerena Espainiako liburutzat hartzen zutelako, Arcadi Espada izeneko bati aurrea hartu ziola nabarmentzen baizuten albistean. Ez zen hori Libertad Digital-en nahia izango, ez horixe, baina de facto, espainiako=gaztelaniazko oinarri horrek onartu egiten du besteok ez garela espainiarrak. Ez kontutan hartu beharrekoen multzokoak bederen, liburu edo disko bat argitaratzen dugunean, soilik bonbaren bat ipintzen dugunean. Salbuespena Athletic-ena da (el único cuyos once jugadores son españoles).
Bestela planteatuta eta Joxeren liburua bost egun lehenago atera balitz, atera zezakeen Libertad Digital horrek albistea “Medikuak esan dit minbizia dudala de Joxe Aranzabal, el primer libro que se edita en España con textos sacados de un blog”. Baina denok dakigu ez zutela aterako. Galdera da, nola enteratuko ziren espainiarrek hala izan balitz? Erantzuna Googlek eman dit: erdaraz erreferentzia bakarra aurkitu dut, (liburu-dendenak kenduta) bertoko egunkari batean gainera. Euskaraz gertatzen den guztia, espainiarrentzat ez da gertatu, y punto pelota.
Euskara bera ez da eta euskal blogosferarik ere ez da. Duela gutxi abian jarri dute Podcast-es.org, domeinuan espainiako podcast-en direktorioa. “Lista de Podcasts en castellano” izenburuarekin. Gero, baten bat gogoratu da estatuan badirela beste hizkuntza batzuk eta, parentesi artean gehitu dute (y en catalá) eta geroago, gure berri izan ondoren (y en catalá y en euskara). Gu ari gara irratia.com-en podcast 2004ko abendutik egiten. Comunicando izenekoa estatuko lehenengoa izan zen, urrian hasi baizen. Gurea izan balitz? Beti daukate “en español” jartzeko aukera edo, ohikoena, euskaraz egiten dena euren estatistiketan kontutan ez hartzea. Azken finean euskaldunak martiztarrak baino ez gara Madrilen edo, hobe esan, etiopeak Marten.
Maiatzak 7, 2005
Bartzelonako epaitegi batek epaia eman zuen 2002ko urtarrilean, CD grabagarriak egiten dituen Traxdata enpresaren aurka. Enpresak eginiko CD bakoitzeko SGAE elkarteari diru bat ordaintzera behartzen zuen epaiak eta, atzeraeraginkortasuna aplikatuz, 1997tik aurrera eginiko disko guztiengatik ordaindu behar zuen Traxdatak. Geroago, 2003ko uztailean, Espainiako CD eta DVD fabrikatzaileen ASIMELEC elkarteak SGAE eta beste egile elkarte zenbaitekin akordioa sinatu behar izan zuen, kanona ezarriz.
Orduz gero, dendan erosten diren CDengatik 17 zentimo gehiago egon gara ordaintzen, baina aurten, bizitzaren garestitzearen ondorioz, 22 zentimora igo da kanona. Top manta delakoaren eraginez diskoen salmenta baxuengatik kexu ageri den SGAEk, horren ondorioz, 2004an inoiz baino diru gehiago irabazi zuen EAEn, cybereuskadi.com aldizkariak argitaratu berri duenez. SGAEk berak emandako datuen arabera 2004an bere irabaziek %10 egin zuten gora kanonari esker, aurreko urtean baino 1,6 milioi euro gehiago. Diskoen salmentagatiko sarrerek 7,3 egin zuten behera eta 65.000 CD eta DVD pirata atzeman zituen poliziak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.
Baina SGAEk CD guztiengatik dirua kobratzeak –Top mantakoak barne– ez du esan nahi kanona ordaintzeagatik kopia piratak legeztatuko direnik. Kanonaren funtsa juridikoak CDari erabilera jakin bat emango zaiola ematen du aurretik, baina horrek ez du logikaren arrazoibidea jarraitzen, aldez aurretik CD huts batek izan ditzakeen erabilera posible guztiak baztertzen dituelako.
CD guztiak musika ilegalki grabatzeko erabiliko direla esatea azti edo igarle lana egitea bezalakoa da, gaizkileak aurretik egingo duena jakintzat ematea. Antzeko arlo batera eramanda, idazleen elkarte pribatu batek edonori paperezko orri bategatik edo, argudioa muturreraino eramanda, arkatz batengatik kobratzea bezalakoa da, aurrez jabedun testu bat kopiatzeko erabiliko dugula erabakita.
Askorentzat musikaren kopiak egiteko erabiliko ez den CD bategatik ordaintzea ez da zilegi eta, ale bakar baten 17 zentimo ziztrinak berreskuratzeko bada ere, borrokatuko dutela iragarri zuten duela bi urte. Espainiako internauten elkartea izan zen aitzindaria eta bere antisgae.internautas.org webgunean informazio mordoa bildu du epaitegietan eta mobilizazioetan erabakitzen ari den gatazka honen inguruan.
Internauta ekintzaileez gain, software librearen inguruan dabiltzanak dira kanonaren aurkako kanpainian sutsuenak. Izan ere, biziki mingarria zaie jakintza eta tresnak doakoak izan beharko liratekeela esaten dutenei euren programa libreak CD batean grabatu ahal izateko kanona ordaintzea. Horregatik, Hispalinux zerbitzariaren baitan sincanon.hispalinux.es webgunea ipini dute, kanonaren inguruko informazioa bilduz eta euren protestaren funtsa azalduz.
Edukiak libreki banatzea aldarrikatzen duten musikari musikari eta idazleak ere kanonaren aurka azaldu dira, Bartzelonako La Mundial taldea kasu. Azken finean, eztabaida hau baino lehenagokoa edo oinarrizkoagoa planteatzen ari dira sortzaile intelektual hauek, edukiengatik kobratu behar denik ere zalantzagarria baita euren aburuz eta, noski, elkarte pribatu batek artista guztien izenean eta administrazio bat bailitzan jardutea ez dute onartzen.
Musika copyleft eran banatu nahi duten artistentzat CDak garestiago egotea beste oztopo bat da, horregatik ageri da kanonaren aurkako aldarrikapena nosoypirata.com webgunean. Duela gutxi SGAEren defendatzaile sutsua den Miguel Riosek eginiko adierazpenek eta Zapateroren gobernuak prestatutako pirateriaren aurkako planak eragin dute musika sarean elkarbanatzen duten internatuta askoren erantzuna. Riosek esan zuenez, pirateriaren aurkako borrokan beharrezko ministerio bakarra barnekoa dela, polizia gehiago eskatuz. Espainiako gobernuaren planak, berrriz, zigor handiagoak eta tresna gehiago proposatzen ditu Top Manta-ren kontra. Batez ere, MP3 artxiboak elkartrukatzen dutenak piratatzat joz, komunikabideetan islatzen den irudia salatzen dute internautek hemen.
Kanonaren kontu hau CD eta DVDetara mugatzen da momentuz, baina beste euskarrietara ere zabaltzeko ustea iragarri du SGAEk dagoeneko. Izan ere, gero eta gehiago erabiltzen dira disko gogor eramangarriak, flash memoriak eta beste. Ordenagailuen barruko disko gogorrei ere kanona ezarri nahi diete eta CDak edo DVDak grabatzeko erabiltzen diren aparailuei ere, noski.
Abokatu batzuk bildu dira kanonaren aurkako borroka epaitegietara eramanez. Enpresei erabiltzaile batzuek kanonaren dirua itzultzeko eskatzen diete, musika grabatzeko erabili ez dutela frogatuz. Berriki, horietako batean nahi gabe sartuta ikusi zuen bere burua Gasteizko Ikusnet enpresak, bezero batek kanonagatiko dirua ordaintzea eskatu baizien. Baina dirua itzuli behar duena berau eskuratu duena da eta horretarako derecho-internet.org domeinuan bilduta dauden abokatuak demandak aurkezten ari dira epaitegi askotan.
Kopuruak ere axola du, batez ere sekulako CD mordoa erabiltzen duten informatikari eta irakasleentzat. Disko horiek softwarea grabatzeko erabiltzen baditugu, argazki digitalak lagunei emateko edo gure laneko artxiboak gordetzeko erabiltzen baditugu, dirutza ederra bilakatzen da bidegabeki SGAE poltsikora eramaten ari dena: ehun diskoko 17 euro.
Maiatzak 5, 2005
Internetek, nahi duguna idazteko aukera damaigun bezala, nahi duguna esateko aukera ere emango digu, besteei gure ahotsa, hitzak eta musika entzunarazteko. Audio artxiboak etxean grabatu eta sarean eskegiz besteek nahiko erraza izango dute eskuratzea, guk MP3 formatoan grabatutakoa entzunez.
Gure irratsaio moduko grabaketak egiteko eta sarean besteen esku jartzeko moda sortu da azkenaldian, Podcast izenarekin. Amerikarrek gauza guztiei izena ematen dietenez eta, hemengook, izen horiek berehala hartzen ditugunez, Podcast izendapenarekin geratu dira grabaketa horiek. Gaur egun mp3 artxiboak entzungailu eramangarrietan entzuten direnez, edozein leku edo momentutan entzun daitezke. Horietatik ezagunena Appleren iPod da eta hortik atera dute Podcast izena.
Soinua, mezua hedatzeko beste modu bat dugu podcast-a, zuzeneko irratsaioen alternatiba. Azken finean, zuzenean seinalea Interneten igortzea zailxeagoa da eta irratsaioa zuzenean entzule gutxik jarraituko dute. Aldiz, podcast gehienak entzuteko bitakoraren batean dagoen lotura jarraitu beharko dugu eta, bitakoretako albisteak RSS sistemaren bidez eskura daitezkeen bezala, podcast grabaketak ere automatikoki ekar ditzakegu gure ordenagailura.
Ingelesez milaka dira eskura daitezkeen podcast-ak, batzuk ia profesionalak, gainera, iragarkiak eta guzti. Gaztelaniaz eta katalanez dozena batzuk aurki daitezke dagoeneko eta euskaraz, momentuz, irratia.com irratsaio-bitakorak egiten dituenak entzun daitezke.
Nork bere podcast-a egitea oso erraza da, esateko zerbait duen bitartean. Grabaketa hauen gaia edozein izan daiteke: musika, Internet, gogoetak eta bidaiak izaten dira gairik ohikoenak, baina bakoitzak nahi duena esan dezake. Nahikoa da ordenagailuan soinua grabatzeko programa arrunt bat edukitzea eta mikrofonoa beharko dugu esaten duguna grabatzeko. Ondoren, Audacity edo horrelako programa baten bidez soinuak MP3 formatora pasatuko ditugu eta gure webgunean eskegi beharko dugu artxibo hori. Gero, gure bitakoran artxibo horrekiko lotura ipini eta eginda dago.
Lauaxeta sarean
Bizkaian sortutako olerkari Estepan Urkiaga Laukizen jaio zenetik ehun urte beteko dira aurten, abuztuaren 3an. Lauaxeta gudari ibili zen gerra zibilean eta, bonbardaketaren ostean, Gernikaren hondakinak atzerriko kazetari batzuei erakusten ari zela harrapatu zuten frankistek. Handik gutxira Gasteizen afusilatu zuten. Haren omenez Mungiako Udalak eta beste hainbat erakundek, elkartek eta artistek omenaldiak prestatu dituzte. Horien artean Zura taldeak argitaratu berri duen diskoa dugu, gerran hildako hiru artista omenduz: Lauaxeta, Nikolas Lekuona eta Federico Garcia Lorca. Bere lana hobeto ezagutzeko Bide-barrijak (1931), Arrats beran (1935) edo XX.mendeko poesia kaierak irakur ditzakegu sarean. Klasikoen Gordailuan ere, berak itzulitako hainbat olerki aurkituko ditugu.
Gizakiaren mendekua
Nori ez dio inoiz ordenagailuak alukeriren bat egin? Ez du aparailu berriren bat ezagutzen edo ez dugu programek funtzionatzea lortzen. Kasurik larrienetan, hainbat lan orduren buruan, bat-batean makina eskegita geratzen da edo errakuntza mezuren bat erakusten du… Eta gure lana gorde barik zegoen! Horrelakoetan ordenagailua ostikadaka eta ukabilkadaka jotzeko gogoa etortzen zaigu baina, ezin dugu guk bera baino irrazionalagoak garela erakutsi. Gogoa askatzeko sortu dute Interneten bidez ordenagailuari sekulako astindua emateko aukera “birtuala”.
Ordenagailu zaharren museoa
Duela 20 urte Euskal Herriko etxeetan erabiltzen hasi ziren ordenagailuak ez ziren egungoen modukoak, noski. Gehienbat jolasteko erabili ohi ziren 8 bit-eko makinak, Spectrum, Commodore edota MSX motakoak. Telebistara konektatzen ziren, ez baizeukaten pantailarik, eta audio cassette-ak erabiliz kargatzen ziren programak, bost bat minuturen buruan. Bideojolasak oso sinpleak baina bizi-biziak ziren, 16 kolore eta “makina soinu” polifoniko basikoak. Horien museo birtuala dago Interneten, modelo mordoa biltzen duena. Egun mitikoak bilakatu dira Hyper Sports, Kung-Fu, Pac-Man, Asteroids eta “martiztarren” jokoak (Galaga, Phoenix, Space Invaders eta Galaxian). Haiek bezalako joko klasiko haien emulazioa egiten duten programak ere eskura daitezke sarean. Ezagunena Mame dugu, makina haien lana egiten duen softwarea.
Maiatzak 3, 2005