Apirila, 2005 hilabeteko artxiboa
Iragan astean sareko buztan luzearen printzipioa azaldu genuen. Chris Andersonek azaldutakoaren arabera, Amazonek gehien saltzen diren liburuak baino diru gehiago ateratzen du ezezagunagoak diren milaka goiburuak saltzen. Milioika web orrialdek osatutako sarean, gehien ikusten direnek baino askoz bisita gehiago jasotzen dituzte ozeano erraldoia osatzen dituzten orrialde galduek, denak batuz gero. Buztan luzea Interneteko eduki ez masiboak edo irakurle gutxi duten edukiak dira, web orrialdeak nagusiki baina baita abestiak, argazkiak eta bideoak ere. Dena sartzen da sarean, gero eta bideo, argazki eta testu gehiago baitaude, oso lagun gutxik ikusiko dituztenak barne. Euskaraz dagoen guztia buztan luze horren baitan kokatzen da Interneten. Ez du irakurlego masiboa, baina potentziala badu, mikropublikoak eta denbora, baliagarria bilakatuko dutenak.
Mikropublikoen unibertso txiki honetan, Luistxo Fernandezek bere bitakoran dioenez, “denok izango dugu etorkizunean gure 15 harpidedun” fidelez osatutako irakurlego txikia, denon esku egongo baita sarean zeozer esatea, idaztea. Eredu zaharrean masa hedabideak daude, norabide bakarrekoak eta feedback-erako aukera ttiki bat. Sareko komunikazioa, berriz, gero eta gehiago da elkarrizketa, norabide anitzekoa eta maila berekoa, horizontala. Baina merezi du mikropubliko batentzat idazteak? Galdera hori egiten dute egun sareko hizkuntza nagusietan baina irakurle gutxirentzat idazten duten askok.
Baina galdera hori egin eta erantzun ere egin dugu euskaldunok azken urteotan, sarea sortu aurretik ere. Erantzuna baiezkoa zen orduan eta, zergatik ez, sarearen aroan. Beste hizkuntza batzuetan erabateko garrantzia dute audientziek eta berehalako etekinari erreparatzen zaio gehienbat. Euskararen kasuan, hizkuntza gorpuztea da lehentasuna, sarean edukiak jarriz, ekonomikoki errentagarria izango ez den arren.
Edukiak sartzeari ekin behar diogu euskaldunok sarean, kualitatiboki ezinbestekoa dugu eta oso garrantzitsuak izango dira eduki horiek etorkizunean gure hizkuntza bizia eta gorpuztua izan dadin. Berehala barik, epe ertain edo luzean “amortizatzen” da nolabait euskaraz eginiko testua, Googlen indexatua badago, testu horretxen bila doazenek irakurriko dutelako datozen urteotan, kualitatiboki bere garrantzia frogatuko du denborarekin eduki horrek.
Baina beste hizkuntza batzuetako edukiek ere ikusten dute buztan
luzearen balioa. Lehengoan Elena Cabrera weblogger eta kazetariak, berak grabatutako podcast batean gogoeta egiten zuen: kexu zen berak irrati libre batean irratsaioa zuzenean egiten duenean oso lagun gutxik entzuten zutela, baina ondorengo egunetan irratsaioaren mp3 grabazioa 200 bat lagunek eskuratzen zuten saretik.
Gakoa zera da: edukiei, jendeak profita ditzan behar duten forma ematea. Denborarekin osatuko da saio hori beste une batean entzungo dutenen 15 laguneko taldetxoa. Mikropublikoen baitako mikropublikoez askotxo dakigu euskaldunok, horregatik inportantea izango da geuk ere buztan luzearen arauak aplikatzea: dena eskura jartzea (edukiak), prezioak merketzea eta edukiak aurkitzen laguntzea. Geografiak ez du garrantzirik sarean eta banaketarena konponduta dago… Zer gehiago behar dugu?
Hindien adibidea ematen zuen Andersonek, AEBetan 1,7 milioi diren arren, zine areto batean ez dute Bollywood-eko filmik arrakastatsuena emango, ez bailukete aretoa inguruko hindiekin beteko. Truke sareetatik eta Netflix zerbitzutik, ordea, horiek eta dagoeneko zaharragoak diren beste film asko eskuratzen dituzte internautek. Eta hemen sartzen da, euskarara aplikatuz, hortik ahaztuta dauden euskarazko film eta kanta zaharrekin egin litekeena. Euskadiko Filmategiak bere ondare osoa eMulen jarriko balu banaketaren arazoa konponduta legoke, egin beharreko gauza bakarra digitalizazioa da eta hori edozein modutan egin behar dute agiritegi guztiek.
Gauza bera egin daiteke jada fisikoki berrargitaratuko ez diren milaka abesti eta diskorekin. Esaterako, Xoxoak, IZk eta garai bateko beste hainbat euskal disketxek argitara ateratakoa. Akaso noizean behin, azokaren batean, oraindik gordeta zegoen ale zaharren bat salduko da baina gehiagorik ez. Kasu batzuetan ondare hori digitalizatzeko ere ardurarik ez da hartuko eta betirako galduko da. Digitalizatuta egonda ere, lan gehienak inoiz ez dira CD formatoan berrargitaratuko…
Ahanzturaren putzutik ateratzeko Poxpolin metodoa erabil daiteke: Poxpolin zintan zetozen kantei buruz ari naiz. Norbaitek, internautaren batek, digitalizatu eta sarean jarri zituen orain dela hilabete batzuk. Zer lortu du horrekin? Askok berriro entzun ahal izan zituzten Francoren garaian klandestinitatean grabatutako kanta zahar haiek. Behinola entzungo zuten arren, zinta hura galdu eta aukera berriro izango zutenik espero ez zutenean hor agertu zen, sarean, mp3 formatoan, zintaren karatula eta guzti. Entzunda ez zeukaten askok, berriz, bestela sekula ere ezagutuko ez zuten grabaketa eskuratzeko aukera izan dute. Horrelako grabaketa mordoa dago, oraindik sareratu gabe dagoen euskararen buztan luzea osa lezaketenak.
P.D. Gaia aipatzen du testu hau argitaratu ostean Eneko Astigarragak bere Prospektiba blogean. Bertan aurkitu dut Luistxoren beste testu baten erreferentzia, ezagutzen ez nuena, buztan luzearen soziolinguistikari buruzkoa. Interesgarria, halaber, bertan aipatzen den artikulua.Dave Pollard-ek bertan dioenez, Blog irakurrienak (2000 blog/15 milioi orrialde ikuskatuak egunero) ez dira agian gutxien irakurtzen diren 5 milioi blog aktiboak (beste 15 milioi orrialde eguneko) baino askoz boteretsuagoak.
Apirilak 28, 2005
Alexa bilatzaileak bere nabigazio barra erabiltzen duten internauten nabigazio ohituretatik emandako sailkapenean oinarrituta, orraztapen partikularra egiten du Cybereuskadik, web baskoen ranking-a egiten. Ondoren, batzuek eta besteek aprobetxatu dute nork bere webak sailkapen horretan duen tokia nabarmentzeko. Alexaren sailkapen honek, ordea, ez du inolako fidagarritasunik. Hori esateko, nik ongi ezagutzen ditudan datuetan oinarritzen naiz: editatzen ditudan zerbitzarien estatistikak.
Bataz beste, 200 bisitari (session) hartzen ditu egunero sarean.com domeinuak azkenaldion eta 683.000. tokian dago sailkapen horretan. Bestalde, kafeantzokia.com editatzen ditudan webguneetan bisitatuena da, egunero 600 bat bisitari sartzen baitira. Alexaren arabera, ordea, sarean-en baino askoz gutxiago sartzen dira eta sailkapenean 1.514.937. tokian dago. Ondorioz, Cybereuskadik ateratako rankinean 784. tokian ageri da.
Ondorioa argi eta garbi dago: sailkapen horrek ez du ezertarako ere balio, guztiz azientifikoa eta okerra baita hortik ezer ondorioztatzea. Horri norberak egiten duen liseriketa partikularra gehitzen badiogu (Cybereuskadik baskoak zeintzuk diren kalkulatzeko zer metodo erabili duen edo erabili.com-entzat Argia eta Berria euskara hutsezkoak ez izatea), benetako esperpentoa daukagu sailkapena baino. Uste nuen iaz nahiko argi geratu zela, baina.
Alexa ez du ia inork erabiltzen, are gutxiago gurean. Nahikoa izango litzateke, beraz, erabiltzaile gutxi batzuek barra instalatzea eta webgune bat sarritan bisitatzea berau sailkapenean igoarazteko. Nork bere webgunearen propaganda egiteko arrazoi merkea deritzot ranking horretako kokapena nabarmentzeari. Horretan jausi dira, elkarren arteko lehian, nire eskualdeko ukdigitala eta ukberri.net. Baina, zintzoki informatu nahi izanez gero, nire iritziz, estatistika horien balio oso erlatiboa nabarmendu beharko lukete informazio horietan.
Alexaren sailkapena ez litzateke onargarria izango inolako estatistika seriorik egiteko, gehiegizko errakuntza ematen duelako. Akaso gure webguneetan zenbat amerikar sartzen diren edo… Hori ere ez, zenbat alexaren barradun internauta sartzen diren eta kitto. Hortik Ibarretxek Patxi Lopezen gainean duen aldea ondorioztatzeari gehiegikeria deritzot.
Askoz ere interesgarriagoak izango lirateke benetako zentralitatea duen Googleren sailkapena ikustea (eta haren barrarenak ere, askoz jende gehiagok erabiltzen baitu).
BTW edo bide batez (autobomboa), sarean.com-ek web baskoen sailkapen horretan gora egin du, 654. tokitik 333.era, euskaldunetan 26. tokitik 10.era 
Apirilak 25, 2005
Sarean salmentak ez dira mundu fisikoan bezala arautzen. Liburu eta disko denda tradizionalen salmentetan, esaterako, hit-en kultura dago eta produktuen %20k salmenten %80 dakarrela dioen Paretoren lege famatuak agintzen du. Urtean hainbat ale salduko dituzten tituluak bakarrik aurki daitezke dendetako apalategietan, handienetan ere bai. Interneten, berriz, mikropublikoak eta mikroordainketak daude, stock erraldoia eskura izateko aukera dago eta, gainera, geografiak ez du ia garrantzirik.
Mundu fisikoan, zinema batek film bat erakusteko ziurtatuta eduki behar du aste bitan 1.500 ikuslek sarrera erosiko dutela, bestela ez du etekinik aterako. Edozein dendak ez du disko bat bere apalategietan jarriko urtean gutxienez bi ale salduko dituen esperantzarik ez badu, hori da CDak apaletan okupatuko duen zentimetroa hartzeko eman beharko duen atarramendua. Gauza bera gertatzen da liburu-denda, bideoklub edo kioskoekin. Gainera, balizko bezeroak ingurukoak dira soilik, kilometro batzuren eremuan daudenak zine aretoen kasuan, herrian bertan daudenak bideoklub edo liburudenean.
Merkataritza telematikoan, berriz, lege horiek ez dute balio. Amazonek irabazien gehienak ateratzen ditu urtean oso ale gutxi saltzen dituzten milaka tituloetatik, unean uneko hit nagusietatik baino. Hortik atera da berriki Interneteko buztan luzearen teoria, sareko salmenten balio berezia nabarmendu nahian. Iragan urrian agertu zuen buztan luzearen teoria Chris Andersen-ek, Wired aldizkarian, The long tail izeneko erreportaian eta, geroztik beste hainbat artikulu agertu dira berau indartuz eta sareko beste fenomeno batzuetara egokituz.
Fenomenoa azaltzeko, Joe Simpson mendizaleak 1988an idatzitako Touching the Void liburu xumea hartu zuen adibidetzat Andersenek. Argitaratu zen garaian kritika onak jaso zituen baina ale gutxi saldu ziren, ez zen bereziki ezagutzera eman eta hor amaitu zen bere ospe laburra. Dendetan dagoeneko ez, baina hamar urte beranduago Amazon-en katalogoan geratu ziren ale batzuk, erdi ahazturik. Orduan beste mendizale batek, Jon Krakauer-ek, Into thin air argitaratu zuen, antzeko hizpidea zuen liburu berri eta arrakastatsua. Bat-batean Touching the void hasi zen berriro saltzen, Amazonen softwareak berriarekin batera erostea gomendatzen baizien haren bila zebiltzan internautei. Arrakasta ustekabean etorri zitzaion Simpson-i eta berrargitalpenak egin behar izan ziren. Kritika onak agertu ziren berriro prentsan eta filma ere egin zuten liburuan oinarrituta. Egun, Touching the void askoz ere famatuagoa da berau berpizten lagundu zuena baino.
Amazonen biltegi-apalategi amaigabea eta liburuak batzuk besteekin lotuz gomendioak egiten dituen softwarea izan ziren kasu honetan faktoreak, baina Amazonez gainera, edukien arloko beste negozio eta fenomeno askotara eraman daiteke buztan luzearen teoria hau. Film ez komertzialak edo publiko jakin bati zuzenduak, kasu, ezin dira zine areto batean arrakastaz erakutsi, bere 15 kilometroko inguruan ez baitira nahikoa ikusle izango, hiri handi batean egonda ere. Bideoklub batek ere ez du ekarriko publiko murritz bati zuzendutako filmik, gutxiengo sozial bati zuzendua badago edo –kasu adibideari– bideoklub horren inguruan hiztun gutxi dituen hizkuntza batean badago, zaharregia bada edo, azken finean, gutxieneko atarramendua ateratzea espero ez badu. DVDak Interneten bidez alokatzeko Netflix zerbitzuak, berriz, 40.000 film ditu bere katalogoan. Inongo bideoklubetan aurkituko ez ditugun filmak aurkitu eta eskatu daitezke hemen… Eta askoz gehiago ere izan zitezkeen.
Musikaren aloan adibide argigarria ematen du Andersonek, Ecast enpresak tabernetan nork bere gustoko musika ipintzeko jukebox edo gramolak ezartzen ditu. Horrelakoetan 150.000 abesti baino gehiagoko katalogoan bilatu eta nahi dugun kanta aukera dezakegu. Makina sarearen bidez konektatzen da zerbitzarira eta eskatutako kanta eskuratzen du. Bada, irabazien zati handia azken-azken hit-etatik barik, tropeleko milaka abesti horietatik datorkie, iTunes edo Napster-ekoei bezala. Hau da buztan luzea eta berau sarearen eta egungo merkataritza elektronikoaren ezaugarri bereziei gertatzen da, hainbat faktorek lagunduta.
Mundu fisikoko denda edo bideoklubaren kilometro gutxiko eragin eremua gainditzen dute sarekoek: Amazonek erositako liburua edo Netflix-ek alokatutako DVDa postaz igorriko baitizu. Denden apalategietako eta biltegietako muga fisikoa ere desagertzen da, Amazonek milioika izenburu eskaintzeko aukera baitu.
Irratiak ere, herrialde osokoak edo satelite bidezkoak izanda ere, fisikak mugatuta daude, aldi berean dozenaka edo ehunka kanal jaso baititzakegu, kableen eta espektro radioelektrikoaren mugen ondorioz. Sarean publiko kopuru mugaturik ere ez dago: milioika erosle-bisitari posible daude, munduko edozein bazterrekoak. Etengabe emititzen duten milioika musika kanalerako aukera amaigabea dago, eta P2P sareetan milioika film ezezagun elkarbanatzeko ere bai. Sareari esker bildu eta indarra hartzen duten mikropublikoak badira orain eta agian urtebetean film edo kanta zahar hura soilik hiru lagunek eskuratuko dute, baina bestela batek ere ez zuen eskuratuko, betirako biltegi batean ahaztuta.
Saldu nahi duen negozio bat, hala ere, ezin da bakarrik buztan luzean zentratu, disko edo liburu famatuak baztertuz. Jendeak baztertu egingo du, mp3.com webguneari gertatu zitzaion moduan, bertan soilik produktu marginalak eskaintzen direlako. Erreferentzia ezagunak, berriz, eurak saltzekoak izateaz gain, amuzkia izan daitezke jendea izenburu ezezagunetara hurbilarazteko. Gero dago inteligentziaz produktu batzuk besteekin lotu eta erakusten dizkigun softwarea, Amazon-ena kasu, edo bilaketei lotutako iragarkiak erakusten dizkigun Googlerena.
Googlek berak ere aplikatu du lege hau beste era batean: sareko web orrialde gehienek oso bisita gutxi izaten dute urtean, baina milioika dira eta handik hartzen du bere AdSense iragarkien bidezko irabazien zati handia. Buztan luzearen printzipio hau, bistan denez, sareko hainbat antzeman daiteke. Datorren astean ikusiko dugu, esaterako, euskararen kasuan nola egokitzen den.
Apirilak 21, 2005
Elgetan bildu gara, bertako Kafe Antzokian. Blogak eta birrak (edo BBK, Blogak, Birrak eta Kanutoren bat) topaketan. Hauteskundeak izan dira EAEn eta pantaila honi barik pantaila erraldoiari begira daude blogari guztiak. Hau da blogariek atera eta Flickr-en eskegi dituzten argazkietako bat.
Apirilak 17, 2005
Baskoak ageri diren bideo tonto batzuen ostean, benetan merezi duen agiri historikoa aipatu behar dut: Around The World with Orson Welles seriekoa. Medem-en La Pelota Vasca filmean ikusi genituen honen zati batzuk, baina oso dokumentu interesgarria da, osorik ikustea merezi duena. Around The World osoa 134 minutuko erreportaia sorta da, 1955ean Wellesek Britainia Handiko telebistarentzat zuzendua, eta haren baitan bi kapitulu daude Pays Basque-ri buruz.
Pays Basque I hau bideo astuna da, 216 Megabytekoa, baina merezi du eskuratzeak (ADSL konexioa eta pazientzia edukiz gero). Hala ere, aurrekoan MacGyver-en bideoarekin izandako sustoaren ondoren, egun batzuen buruan kenduko dut seguruenik. Hosting indartsua dudan arren, horrelako bideo batek arrakasta izanez gero edozein zerbitzari behera bota dezake ordu batzuen buruan. Hemen dago deskargatzeko LOTURA (216 Mega).
Honakoa Pays Basque I da, sinopsian ikusten den legez. Beraz, bada Pays Basque II izeneko beste zati bat. Gustatuko litzaidake hura ere eskuratzea baina oraindik ez dut inon aurkitu. Dena dela, hemen dago lehenengo bideo honen eMule/eDonkey lotura: around the world with Orson Welles - le pays basque french subs.avi.
Euskaldunengana hurbiltzeko ahalegina da, kanpotik, Wellesek egiten duena. Ez du ezkutatzen euskaldunenganako miresmena eta muga errespetatzen ez duen herri bakarra bezala tratatzen ditu. Dokumentu etnografiko moduan polita da, emigrazioa, kanpotarrek somatutakoa, iparraldeko nekazari euskaldunen bizimodua eta ohiturak…
Apirilak 17, 2005
Blog eta webguneen anabasa honetan ganoraz nabigatzeko beste modu bat sortu da azkenaldion, etiketen bidez nabigatzea. Ezaguna da gure gogoko helbideak ordenatzeaz gain, etiketekin sailkatzea eta besteen esku jartzea ahalbidetzen digun del.icio.us zerbitzua. Hala ere, tag edo etiketen kontu honek erabilpen gehiago ditu, besteak beste, gure antzeko jendea aurkitzeko, blog-etan gure intereseko artikuluak topatzeko edo e-posta mezuak sailkatzeko balio baitu tag edo etiketen kontu honek.
Memento filmeko protagonistak, burmuineko arazo baten eraginez memoria arazoak ditu: bere izena eta aspaldiko kontuak bizirik dauzka oroimenean, baina aurreko egunean egindako guztia ahaztu egiten zaio berehala eta, zer egin edo nora jo behar duen gogoratzeko nota txikiak idazten ditu, nota mordoa itsasten du leku guztietan. Internautak ere ezinezkoa du helbide interesgarri guztiak gogoratzea. Gero eta webgune gehiago daude eta, batetik bestera saltoka ibili ostean ez dugu oroitzen atzo bisitatutakoaren helbidea, ezta bertara nola heldu ginen ere. Gogoratzen laguntzeko eta besteak ere orientatzeko sortu da etiketa elkarbanatuen del.icio.us zerbitzua.
Nork bere gogoko helbideak nabigatzailearen gogokoetan gordetzeak ez du baliagarritasunik dagoeneko. Guretzako ere, beste ordenagailu batean gaudenean edo nabigatzailez aldatzen badugu, ez dira oso erabilgarriak eta, gainera, gehienetan ez dira ordenatuta egoten. Horrexegatik sortu zuten Yahoo! aurkibidea David Filok eta Jerry Yang-ek. Duela hamar urte sarea oso txikia zen eta euren gogoko helbideak sarean bertan elkarbanatzeko sistema sortu zuten, gaika sailkatutako aurkibide hierarkikoa. Pentsa, gizakiek kudeatutako aurkibidearen eredu hura ere gaindituta dago eta egun Yahoo ere webguneak automatikoki sailkatzen dituen robotaren sistemara pasatu da. Baina del.icio.us zerbitzuko etiketen sistema erabiltzailearen esku geratzen da eta askoz errazagoa da: nabigatzen ari garela, webgune interesgarri bat aurkitu orduko, klik bat egiten dugu gure helbide barran aurrez ezarri dugun del.icio.us zerbitzuaren loturan, bertan gako-hitz edo etiketak jarri eta kitto, nabigatzen segi dezakegu.
Horrelakoetan etiketa jartzen duenak, berak gogoratzeko ezezik lagun hurkoa ere orientatzeko egiten du, helbideak merezi duelako-edo, zeri buruzkoa den adieraziz. Etiketa horiek publikoak dira eta gako-hitz horien bila dabiltzanei guk interesgarritzat jo dugun helbide hori agertuko zaio bilaketak egitean. Esaterako, Sustatuk badu albo batean etengabe berritzen den lotura intersegarrien multzo bat. Euskal internauta batek helbide bat Sustatuko barra horretan nabarmentzeko modukoa dela irizten badio, sustaturako etiketa ezarriko dio del.icio.us-en eta lotura automatikoki agertuko da Sustatun.
Baina tag edo etiketak beste helburuetarako erabil daitezke. Izan ere, del.icio.us zerbitzuak gure nabigazioa eta besteena bideratzeko balio duen moduan, 43things.com zerbitzuak gure asmoak adierazteko balio du eta, besteek ikusteko moduan jarriz, nork bere buruaz datuak emateaz gain, antzeko gustu edo gogoak dituen jendea aurki dezakegu. Bertan bakoitzak egin nahiko lituzkeen gauzen zerrenda idazten du -gehienez 43 gogo aipa ditzakegu- eta adierazitako gogo horiek gako-hitzak bihurtzen dira. Guri gure konpromisoak gogoraraziko dizkigute eta besteentzat ere baliagarria izango da, hitz horiek bilatuta aurkituko baigaitu antzeko asmoak dituen jendeak.
Interneteko sare sozialen ezaugarri batzuk ditu zerbitzu honek baina anarkikoagoa da harremana eta emaitza horizontalagoa edo naturalagoa lortzen da. Izan ere, Orkut edo Friendster sareetan lagunen artean sortzen dira loturak eta hemen etiketaren arabera, besteak ezezagunak izan arren gustoko gaien edo gogoen araberako loturak dira inportantea. Adibidez, 43things.com webgunean Basque bilatzen badugu, ikusiko dugu bi lagunek euskara ikastea dutela helburu (eta beste batek gurean etxea erostea). Oso pertsona ezberdinak dira, leku ezberdinetan baina agian batak besteari laguntza eskatuko dio bilaketaren ondorioz.
Amazon liburudenda dago 43things.com honen atzean, bere salmenten zati handia bezero bakoitzaren wishlist-etik (erostea edo norbaitek oparitzea gustatuko litzaiokeen gogoko liburu edo diskak) ateratzen duena. Gauza bien antzekotasunetik ondorioztatu dezakegu desio horiek publiko egitea sustatzeaz gain horietariko baten bat bere dendaren bidez asetzea nahiko lukeela sareko denda erraldoiak.
Blogistek ere, euren testuak atal batean sailkatzen dute; atal horiek eta idazleak gehitutako beste tag batzuk indexatzen ditu blogosferaren orakulua bilakatutako technorati.com-en bilatzaileak. Blogistak edozein lotura marka dezake rel=”tag” kodea sartuz eta Technoratik helbidea apuntatuko du etiketari loturik. Etiketak argazkietan ere ezar daitezke, adibidez, Flickr zerbitzura igotzen dugun argazki bakoitzean.
Etiketetan oinarrituta sortu da proba fasean dagoen bookswelike.net zerbitzua, jendeak bere gustokoak izan daitezkeen liburuak aurkitzeko. Gauza bera, baina automatikoki, egiten du audioscrobbler.com zerbitzuak abestiekin. Technoratik blogak, Flickr, del.icio.us eta haren antzekoa den Furl erabiliko ditu tag-ak sailkatzeko.
Etiketak jartzearena web posta zerbitzuetara ere igaro da, Googleren Gmail famatuan jaso eta gorde ditzakegun milaka mezuok sailkatzeko dagoeneko ez baititu karpetak erabiltzen, label edo etiketak baino. Mezu bat pertsonala bada, pertsonala etiketa sortu eta horixe esleituko diogu mezuari, blog bateko sarrerak gaika ordenatzen ditugunean bezalaxe.
Etiketek bahe funtzioa egiten dute, bila gabiltzana aurkitzen lagunduz, eta sareko informazioari balio semantikoa ezartzen diote. Oso demokratikoak dira, internautek eurek izendatzen baitute etiketa bakoitza, baina bere gabeziak ere baditu gauzak sailkatzeko modu honek, bere izaera ez hierarkikoari lotuta datozenak. Izan ere, momentuz milaka dira webguneak ikusi edo testuak idatzi eta etiketaren bat jartzen diotenak, baina milioika direnean, egunero milaka helbideri ezarriko dioten New York etiketa zehazgabeak ez du baliorik izanen. Etiketa zehatzagoak beharko dira edo hiztun-internauta gutxiagoko hizkuntzak erabili. Euskarazko etiketekin ez dugu horrelako arazorik izango, oraingoz bederen.
Apirilak 15, 2005
Atzo aipatutako Best-aren haritik adibidea: Googlen ez da agertzen, baina lehengo egunean, kafea hartzen ari nintzela, azukre sobretxoan topatu nuen bilbaoestimula.com helbidea, lehen aipatu dudan Bilboko Best horren helbide ofiziala. Bitxia da oso. Inoiz nabarmendu dudanez, euskal webgune askoren berri (offline, noski) izateko era mordoa ezagutu dugu, sarean bertan inolako iragarpenik edo publizitaterik ezarri ez duten bitartean.
Batez ere erakunde publikoei lotutako webguneetan gertatzen da hori sarrien. Askok ez dute adwords-en edo bannerretan txakur txiki bat ere gastatu sekula, euren webguneak iragartzeko telebista edo errepide bazterretako publivia erraldoi garestiez baliatzen diren bitartean… Baina batzuek ez dute ezta webgunearen alta ematen Googlen, debalde izan arren!
Sarean bertan iragarri ez diren webgune askoren berri izateko offline modu benetan bitxiak izan ditugu, ezta? Anekdotario potoloa idatz genezake, pasadizu bitxiz betea. Horrelakoen adibide batzuk aipatuko zenituzkete?
Apirilak 14, 2005
BST hau ez da Bilbon aurten antolatu duten BEST edo Bilbao Estimula gastronomiko hori, jana eta edana ere izango den arren. Blogak Sagardoa eta Txakolina lelopean euskal blogariok Elgetako Espaloia kafe antzokian egingo dugun topaketa da BST, ingelesezko Blogs & Beers delakoen aldaera euskalduna.
Beste blogarien aurpegiak ikusiko ditugu bertan, Luistxok dioenez, batak besteari bere kontuak komentatu, gure bitakoren tripak erakutsi, eskuartean daukagunaz jardun, egungo panoramaz, bihar-etziko iragarpenez, trago batzuk hartu, bideo bitxiren bat ikusi eta EAEko hauteskundeen jarraipena egin…
Apirilak 13, 2005
Inork tipo urria naizela pentsa ez dezan, MacGyver-en haren gisako beste bideo bi eskainiko dizkizuet, hura bezala hauek ere eMandoan aurkitutakoak. Webgunearen maila intelektuala ez da altxatuko horrelako bideoekin baina behintzat barre batzuk egingo dituzte bitakora honen helburu teknofilo-euskaltzale-ebangelizatzailea profitatu nahi ez dutenek.
Lehenengoa Jeremy Clarkson Meets The Neighbours saioko kapitulu baten zatia da. Ingalaterrako tipo eurofoboa ei da Jeremy eta benetan oso pijoa ematen du herrialdeak bere deskapotablean bisitatzen. Antza, kontinentetik gustatu zaion bakarra basko forzudoak dira. Euskaldunon alde agertzen da erabat, baina guretzat oso gastatuta dauden topikoetan oinarritzen da (herri kirolak, kobazuloak, sukaldaritza…). Ez dakit topiko horiek gure onerako izan diren… Herri ezberdina garela berresten duten datuak dira, bai, baina azken finean herri moderno eta anitzaren irudia izkutatu dute garai modernoetan. Ezberdin moduan ikuskatzen gaituen atzerritarrak askotan nabarmentzen ditu topiko horiek, deigarriak egiten zaizkiolako noski. BIDEOA HEMEN eskura daiteke.
Bestea Jackass serie famatukoa da. Miamiko Jai Alai pilotalekuan sartu, frontis aurrean makurtu eta atzetik puntista batzuek laranjak bota. Hemen dago BIDEOA, no comments.
Apirilak 8, 2005
Gero eta gehiago dira sarean euskaraz euren bitakora edo blog pertsonalak idaztera animatzen direnak. Azken hilabeteotan blog berri mordoa sortu dira gure hizkuntzan, era guztietakoak. Horien inguruan zerbitzu berriak sortu dira, hazten ari den informazio eskaintza berri honi laguntza emateko. Esaterako, Debagoieneko goiena.net atariak nork bere bloga (euskarazkoa bada) jartzeko ostatatze zerbitzua zabaldu du, eibar.org elkarteak bezala, eta Aurki bilatzaileak euskal blogosfera gazte honen albiste berri guztiak biltzen ditu leku bakarrean.
Irakaskuntzan hasi dira erabiltzen bitakorak. Adibidez, Leioako ikasle batzuek Berriemaile plataforma erabiltzen dute eta bertan, besteak beste, Iker, Inhar, Garaxi, Txarroalde eta beste ehunka bitakora topatuko ditugu, batzuk besteak baino eguneratuagoak. Deustuko beste batzuek bertako Littera zerbitzuan idazten dute. Nork bere bloga edukita, euren eskolako lanez gain, nahi dutena esateko bidea dute.
Baina azken hilabeteotako urratsik garrantzitsuena Aurki bilatzaileak eman du, euskarazko albisteen eta bitakoren azken ordua jasotzen duen zerbitzua bilakatuta. Dagoeneko ez ditugu blog guztiak banaka bisitatu behar, bakoitzaren artikulu berriek zer dioten ikusteko.
Blog hauek denetarikoak dira, gaiei, estiloari eta erabiltzen duten edizio sistemari dagokionez. Idazle bezala lehendik ezagunak genituen batzuk hasi dira bakoitza bere bitakoran idazten, Xabier Mendiguren Elizegi edo Julen Gabiria kasu. Blogaren bidez idazteko erraztasuna eta kalitatea dutela erakusten dute beste batzuek, Katixa Agirre gazteak kasu. Blog kolektiboak ere badira, adibidez “Pogmothoin” literatur bandaren Esan ziguten baietz izenekoa. Bere bokazioa aurkitu duenik ere bada, esaterako, ia egunero gogoeta edo iruzkin interesgarriren bat idazten duen Patxi Trapero ezizeneko blogista.
Blog teknofiloak sortu dira, Eneko Astigarragaren Prospektiba, Gari Araolazaren Teknosexua, Igor Leturiarena edo irratia.com irrati-bitakora. Pertsonalak, Etiam, Obabatxue, Gaztelumendi edo Olegario McArrovski izeneko batek idatzitako Bloga, Bloga, Marinela izenburukoa.
Eta zuk zer? Nahi duenak sor dezake blog bat, esaterako, Blogger zerbitzua erabiliz. Errazena da hori hasteko. Aukera gehiago eta diseinu aukera gehiago eskaintzen dute, adibidez, Wordpress sisteman eginikoek, baina Blogger zerbitzua erabiliz hiru minututan gure bitakora egina dago, idazten hastea norberaren esku geratzen da.
MacGyver euskaldunen aurka
Zeresan handia eman du sarean.com webgunean eskegita dagoen MacGyver telesaileko atal baten zatiak, batez ere ETBko La Noche de saioan agertu zenez gero. MacGyver ataka guztietatik onik ateratzen dakien abenturazale ausarta da, mila pasadizotan era guztietako gaiztoen aurka borrokatzen dena. 1985ean grabatutako atal horren hasieran Piriniotan amerikar andre bat bahituta daukaten euskaldun batzuei aurre egitea egokitu zaio… Baina euskaldun arraro xamarrak dira amerikarrek bertan itxuratutakoak: hegoamerikar itxura dute eta bananaz apaindutako “Pirinioek” ez dute ematen kontinente honetakoak. Benetako euskaldunekin antzik ere ez dute gerrilari horiek, baina horren kontura barre batzuk egiteko balio digu behintzat.
Vigalondoren film laburra
Berak sorturiko film labur batekin Hollywood-eko Oscar saria irabaztekotan izan da Nacho Vigalondo, gurean bizi den zinemagile kantabriarra. Webgunea ere badu eta bertan, bere bitakora irakurtzeaz gain, denen ahotan ibili den 7:35 AM izeneko film laburra ikus daiteke. Oso egoera bitxia suertatzen da neska bat goizero gosaltzera joan ohi den taberna batean sartzean. Giro arraroa sumatuko du, jende guztia ixilik dago, baina bat-batean… Tira, hobe norberak ikustea. Quicktime programa eta ADSL edo kablea eduki behar da bideoa ikusteko, 20 Megabyteko pisua baitauka. Horrez gain, Vigalondoren beste labur batzuk ere ikus daitezke bertan.
Soinuaren Hotsa
Euskal Herriko Tritikixa Elkartearen webguneaz gain, elkarteak abian jarri du Soinuaren Hotsa webgune berria trikimailua.com helbidean. Trikitixak dakarren ondarea transmititu nahi dute honen bidez eta horregatik material ugari jarri dute bertan, besteak beste, trikitixak historian pairatu dituen debekuen eta pasadizu barregarrien inguruko testuak. Datuez gain, argazkiak, datu bitxiak eta pieza osoak jarri dituzte mp3 formatoan, hitzekin eta partiturekin. Trikitilariak izan duen eta duen funtzio soziala nabarmendu nahi izan dute didaktikoa eta aldi berean ludikoa izateko sortu duten webgune honetan.
Apirilak 3, 2005
Aurreko idatziak