Martxoa, 2005 hilabeteko artxiboa
Gero eta lagun gehiagok bilatzen ditu Interneten eduki libreak. Horrelako bideoak, testuak, audio artxiboak eta irudiak legezko eran parteka daitezke arazorik gabe eta aurrerantzean errazagoa izango zaigu horiek aurkitzea eta besteen esku jartzea: Googleri kontraeraso gogorra egiten ari zaion Yahook, horiei dedikatutako bilatzaile berezia jarri du martxan; Flickr-ek argazki libreak topatzeko eta erabiltzeko aukera ematen du, inoiz horrelako materialekin egin den agiritegirik handiena osatuz; Ourmedia proiektuak edonori bere banaketa libreko bideoak bertan eskegitzeko zerbitzua ematen dio doan…
Nor bere sorkuntza lanaren (irudiak, testuak, bideoak, audio artxiboak) kopiatzeko baldintzak ezartzeko gai da, bera baita jabea. Eskubide guztiak gorderik daudela adierazten duen betiko Copyright-etik hasi eta erabateko banaketa eta eraldaketa librea baimentzen duen GNU Free Documentation License (GFDL) copyleft lizentziaraino, nor bere lanen banaketarako eskubideak ezartzeko gai da, tartean dauden some rights reserved erako lizentzien bidez. Azken hauen artean kokatzen dira arrakasta handiz hedatzen ari diren Creative Commons lizentzia moldagarriak. Banaketa libreko lizentziak dituzten materialak gero eta gehiago dira eta gero eta jende gehiago jakitun da Interneten jakintza eta sorkuntza lanak elkarbanatzeak dituen abantailez.
Creative Commons lizentziak Copyright-ak ezartzen dituen muga estuak gainditzeko sortu ziren, ez diote gure lanari erabateko askatasuna ematen, gurea izaten jarraituko du eta hala aitortu beharko dute erabiltzen dutenek, baina edonori guk sortutakoa erabiltzeko aukera ematen dio, erabilpen horretarako baldintzak ezarriz. CC hizkiekin identifikatzen da Creative Commons lizentziak dituen materiala, Copyright-aren C bakarraren ondoan. CC irabazi asmorik gabeko abokatu taldea da, lizentzia horiek erabil ditzagun sortu dituena. Lizentzia horien arabera materiala kopia daiteke, baina egileak bere sorkuntza lan digitalekin jendeak zer egiteko eskubidea edukiko duen ezartzen du, aukera ezberdinen artean. Esaterako, gure lizentzietan zehaztu dezakegu inork ezin izango duela gure lana berregin, beste bat egiteko gurearen zatiak erabiliz, edo erabateko baimena duela nahi duena egiteko, erabilera komertziala barne, jatorrizkoaren egiletza aitortzen duen bitartean… Neurrira eginiko lizentzia mordoa aurkituko dugu CCren webgunean.
Banaketa libreko gaiak aurkitzeko bilatzailea ezarri dute CCren webgunean, lan horiek guztiak legerik hautsi gabe erabil ditzagun. Horrelako lizentziak dituen materialen garrantzia eta kopurua gero eta handiagoa da, horregatik Yahook bilatzaile berezia zabaldu du CC lizentziak dituzten lanen artean bilaketak egiteko. Iragan astean aipatu genuen Flickr zerbitzuak ere horrelako lizentziekin markatutako argazkien artean bilaketa egiteko aukera ematen du, inoizko argazkien artxibo librerik handiena osatuz. Bestalde, Interneteko gordailu digitala egiteko asmoa duen archive.org proeiktuari lotutako ourmedia.org zerbitzuak internauten sorkuntza lanak ostatatzeko doako aukera ematen du, bideoklip handiak barne. Proiektuko partaideen artean CC eta Wikipedia ere badira, lanok banaketa librekoak izan daitezen bultzatu nahi baitute.
Bitxia eta interesgarria da Yahook azken hilabeteotan hartu duen norabidea, Google lehiakidearen aurkako kontraerasoan eta bere azken urratsak estrategia orokorrago baten baitan kokatzen direla dirudi. Flickr erosi du, egunotan bilatzaile hau atera dute eta, asteon, itxuraz zerbitzu horiek eta beste batzuk uztartuko dituen Yahoo 360 zerbitzu berriaren beta fasea atera dute dagoeneko.
ADSL 2+ azkarragoa dator
ADSL zerbitzua izan da azken urteotan banda zabala bulego eta etxe askotara hedatzea ahalbidetu duen teknologia miragarria. Kablea baino eraginkorragoa izan daitekeela frogatu du, lubakirik eta instalazio berezirik egin gabe, betiko telefono linearen kobrezko hari parea erabiliz. Azken bost urteotan izugarri emendatu da ADSL konexioen kopurua eta dagoeneko modem bidez egiten direnei aurrea hartu diete.
Hala ere, teknologia honek azken urteotan egin du aurrerapausorik eta laster somatuko dugu gure konexioetan. Egungo ADSL zerbitzuak baino abiadura handiagoak hartzen dituen komunikazio protokoloak onartu berri dituzte, ADSL 2 eta ADSL 2+ izenekoak. Aurreko komunikazio protokoloaren hobekuntzak dira, ez teknologia berriak, horregatik batzuetan ez dute eskatuko aparailu berririk erabiltzea, egungoei protokolo berria ezartzea baino. Abiadura segunduko 20 Megabit-eraino igotzea ahalbidetzen du ADSL 2+ protokoloak, egungoak 8 Megabit-eko muga duen bitartean.
ADSL konexioen abiaduran gorabehera asko izaten dira, telefono zentralarekiko distantziak ezartzen baitu muga. Hiri barneetan muga horietatik hurbilago ibiltzen dira konexioak, baina herrietan eta nekazal eremuetan distantziak handiagoak izan ohi direnez, ez dira 512 Kbps-etik gorakoak izaten eta zentralitatik 5 kilometro baino gehiagora ezin da ADSLrik ezarri. Protokolo berriek muga horiek %10 luzatuko dituzte, konexioa leku urrunagoetara helaraziz.
Baina indarrean dauden konexio arruntak egungo muga teorikoen azpitik dabiltza, estatuek ezartzen dituztelako eta enpresa gehienek derrigorrez tokian tokiko konexioak kontrolatzen dituzten lehengo monopolioen sarea erabili behar dutelako. Hegoaldean, esaterako Jazztelek duen Megabit bateko ADSL eskaintzak soilik balio du enpresak berak zentrala duen inguruetarako. Konexioa Telefonicak ematen duen guneetan, gune gehienetan, haren zentraletik igaro behar da seinalea eta haren zerbitzua erabiltzera derrigortuta daude beste telekomunikazio enpresak. Gauza bera gertazen da Frantzian: free.fr enpresak dagoeneko 20 Megabiterainoko abiadura eskaintzen du hilean 30 euroren truke, telebista digitala eta telefono deiak barne duen ADSL 2+ zerbitzua. Iparraldean, hala ere, hegoaldean dagoen arazo bera dute, momentuz hiri handien erdiguneetan zabalduta baitago soilik eta Baionako hiri barnean ere oraindik ez dute ezarri.
Martxoak 31, 2005
Duela egun batzuk bi urte bete dira sarean.com hau plazara atera nuenetik eta urtemuga hori aipatu behar nuela gogoratu naiz gaur. Egunkariaren itxieraren osteko egunetan ordu asko eman nuen, Movable Type instalatzen, haren funtsa ikasten eta artxiborako testuak kopiatzen-pegatzen euskarazko lehen bitakora pertsonala abian jartzeko. Tira, hemen jarraitzen dugu urte bi geroago, apurka-apurka blog hau eta beste proiektu batzuk elikatzen.
Lankide izandakoei eta, Egunkaria edo irratia.com dela eta, harremana izandako hainbat laguni bidalitako gonbidapen mezuan hauxe nioen:
(…)Sareari dagokionez, berriz, sei urteko ibilbidea moztu dute, hainbat euskal
internauta euskarazko informaziorik gabe utziz. Euskaldunon EGUNKARIA Euskal
Herrian argitaratzen diren kazeta guztien artean dekanoa zen Interneten
gaineko informazioa eskaintzen. “Nabigatzen” orrialdea 1996ko urrian agertu
zenetik (Luis Fernandezek sortua), nire azkeneko “Irristatzen” argitaratu
zen 2003ko otsailaren 20a arte katea ez zen eten, guk ez genuen eten
behintzat. Beste horiek eten dutela pentsatuko dute, baina EGUNERO
faxismoaren garaipen hori kioskoetan gezurtatzen ari den bezala, webgune
honen bidez, arlo jakin horretan ere ez gaituztela isildu erakusten saiatuko
naiz.(…)
Oraindik hemen gaude eta berriro eskerrak eman behar dizkiet hau egiteko nire denbora, euren denbora (gehiegi askotan) kentzen diedan lagun, senide eta piztiei. Eurei batez ere, baina baita irakurle internauta euskaldun bakan baina fin horiei ere. Ez dakit noiz arte idatziko dudan hemen, baina pentsatu nahi dut zerbaiterako balio duela hainbeste ordu istorio honi dedikatzeak.
Martxoak 30, 2005
Dirudienez, MacGyver-en bideoaren arrakasta telebistaraino heldu da, irakurle eta lagun batzuek ohartarazi didatenez, lehengo asteko Felix Linaresen La noche de saioan ipini baizuten. Tira, aitortu behar dizuet ustegabeko arrakasta horrek bitakora honen funtsa zalantzan jarri eragin didala, Agit-prop eta dibulgaziotik entertainment arlora pasatu beharko ote naizen. Baina espero ez nuen telebistako agerpen horrek beste eragin bat izan du: bat-bateko trafiko zaparrada itogarria.
Espainierazko hainbat webgunetatik bideorako lotura zuzena jarri duten batzuei esker, eguneko trafikoaren bataz bestekoa 7 Gigabyteraino igo zait. Bideoaren aipamena, besteak beste, hemen, hemen, hemen eta hemen agertu da, telebistan agertuz gero… Eta denak nire artxiboaren lotura zuzenarekin. Hosting indartsua eduki arren, gero eta trafiko gehiago da, aste betean ehun Giga baino gehiago izan dira. Hile bukaerarako 223 Gigabyteko estimazioa erakusten dit kontrol panelak eta nire hileko 120 Gigako topea gainditu behar zuen martxa horretan… Eskerrak konturatu naizen eta izena aldatu diot artxiboari. Inork ikusi nahi badu nire bitakorako sarrera hartatik eskuratu beharko du.
Martxoak 25, 2005
Nork bere argazkiak sarera igo, ordenatu eta galerietan besteek ikusteko moduan jartzea ahalbidetzen duen zerbitzua da Flickr. Askoz gehiago ere egin daiteke Flickr-en: argazkiei pribatutasun maila ezberdinak ezarri, edonork, gure lagunek edo guk bakarrik ikus ditzagun; argazki biltegi pribatu moduan erabili; RSS moduan publikatu… Gureak eta beste inorenak ere, bertan gordeta egonik, gure bitakoran erakusteko erabil ditzakegu. Bere arrakastaren ondorioa heldu da egunotan, Yahook erosi baitu Flickr zerbitzua. Ikuskizun dago zer gertatuko den berarekin aurrerantzean baina bere milaka erabiltzaileak apur bat arduratuta daude…
Argazki galeriak oso aspaldikoak dira, webgune askotan aurkituko ditugu argazki sortak, orrialde batean neurri txikian agertzen dira makina bat argazki eta bakoitzean klikatuz gero handiago ikusiko ditugu. Hala ere, argazki galeria asko orrialde estatikoak dira eta eskuz eginikoak, HTML lengoaia erabiliz. Argazki bitakorak (hemengoa kasu) edo photoblog-ak ere modan dira aspaldion. Hauek aukera gehiago eskaintzen dute, argitalpen sistema erdiautomatizatua eskaintzen baitute baina argazkiak norlmalki banaka moldatu behar dira sarean ezarri aurretik. Phoneblog edo moblog-ak ere badira, telefono mugikorretik ateratako argazkiak bilduz.
Argazki multzoa era automatikoan egokitu, neurri ezberdinetan moldatu eta argazki galeria sortzen duen web zerbitzua aurkeztu zuten iaz. Flickr zerbitzu kanadiarrak, gainera, argazkiok ostatatzeko lekua ematen digu bere zerbitzarietan eta gu ez gara ia ezertaz arduratu behar, argazkiak egiteaz ez bada. Behin behineko beta bertsioan dago oraindik zerbitzua, baina oso ezaugarri interesgarriak gehitu dizkiote eta dagoeneko bonba bilakatu da, erabiltzaileek eurek egin dioten publizitateari esker soilik.
Blogista edo blogger-en kolektiboa izan da Flickr gehien erabili duena hasieran eta haren aldeko iritzia sarean hedatu duena. Izan ere, dagoeneko gure bitakoran argazkiak erakusteko ez da beharrezkoa berauek gure zerbitzarian gordeta edukitzea. Lasai asko gorde daitezke Flickr-en eta gure blogean erakutsi. Horretarako, gainera erraztasunak ematen dizkigu Flickr-ek, blogean jarri beharreko etiketak berak sortuz. Bitakorak egiteko programa ezagun gehienetarako prestatua dago Flickr eta, gainera telefono mugikorra edo posta elektronikoa erabiliz igo ditzakegu gure Flickr kontura, gauden lekuan gaudela. Edonon eskuratzeko moduko argazki bildumak sor ditzakegu eta argazkiak manipulatzeko beste makina bat aukera eskaintzen du Flickr-ek: guk edo bisitariek iruzkinak egin ditzakegu argazkien inguruan, zati bat aukeratu eta horri buruzko iruzkinak egin daitezke…
Argazki bakoitzaren pribatutasun maila guk erabakitzen dugu, baina dagoeneko Flickr-en dauden 5 milioi argazkietatik %80 publikoak dira. Lagun askok, gainera, Creative Commons banaketa libreko lizentziak ezartzen dizkiete euren Flickr-eko argazkiei. Hori, argazki bakoitzak beronen ezaugarriak definitzen dituen tag edo etiketak kontutan hartuz eta RSS bidezko harpidetzak erabiliz ekarri du munduko argazkitegi librerik handiena eta erabilgarriena.
Modan dauden joera bi erabiltzen ditu Flickr-ek, argazkiak gordetzeaz eta argazki galeriak automatikoki sortzeko zerbitzuaz gain: sare sozialak eta RSSak. Interneteko sare sozialak, inoiz aipatu ditugun Orkut eta Friendster zerbitzuak kasu, gure moduko jendea topatzeko zerbitzuak dira, lagunekin kontaktuan egoteko balio dute eta interes jakin batzuen inguruan jendea biltzeko. Baina Orkut-en iazko eztandaren ostean nabarmen geratu da moda hutsa baino askoz gehiago ez zegoela sare horien atzean.
Aldiz, ezaugarriak konbinatzea eta zerbitzu hibridoak, norberaren gustora moldagarriak direla arrakasta dutenak. Irekitasuna eta informazioaren moldagarritasuna ere oso inportanteak dira eta ezaugarri horiek ditu Flickr-ek. Irekia da bere APIa publikoa delako. Nolabait programaren funtzionamendua nolakoa den publiko egin du Flickr-ek, programatzaile askori Flickr-ekin erabiltzeko aplikazioak garatzeko aukera emanez. Horrela, Flickr Rainbow bezalako web zerbitzuak sortu dira, argazki mordoa mosaiko moduan erabiliz koloreen etiketak dituzten argazkiak bilduz ortzadarra sortzen duena.
Aste honetan Flickr-en blog ofizialean ezagutzera eman dutenez, Yahook erosi du Flickr zerbitzua. Yahooren aurrerapauso edo pieza mugimendu moduan uler daiteke Flickr erostea, Googlerekin, Microsoftekin eta beste lehiakideekin jokatzen ari den xake partidan, baina erabiltzaileak oraingo zerbitzuaren ezaugarriak aldatuko diren beldur dira. Lasaitzeko deia egin dute Flickr-ekoek, Yahoon izena ematea beharrezkoa izango ez del esanez. Dagoeneko Yahook erabiltzen duen Yahoo Photos hobetuko ei da honen ondorioz baina Flickr-ena ez da aldatuko. Aspaldion argazkiena blog-ekin eta beste hainbat baliabiderekin uztartuko duen Yahoo 360º izeneko zerbitzuaren probak egiten ari dira eta seguruenik erosketa honek izango du eraginik zerbitzuaren behin-betiko bertsioaren egituratzean.
LABURRAK
Lurrikaren berri izateko
Pubsub zerbitzuak lurrikaren berri RSS bidez ematen duen zerbitzua jarri du abian. Edozein feed irakurgailutan irakur daitezke berehala lurrikaren abisuak, RSS jarioa sismologia zentruekin konektaturik dagoelako. Abisua jaso nahi dugun herrialdea aukeratzen dugu eta automatikoki jasoko dugu lurrikaren berri. Telefono mugikorretan RSSak hedatzen direnean baliabide ona izango da itsasikara arriskua duten eskualdeetan. RSS formatuak izan dezakeen erabilera mordoaren beste adibide bat baino ez da hau, beste batzuk ere aurkituko ditugu hemen, hegaldien atzerapenen informazioa kasu.
Hautagaien blogak
Bi hautagaik AEBetatik datozen joerak bereganatu eta euren hauteskunde kanpainietarako webguneetan bitakorak zabaldu dituzte. Maria San Gilek zabaldu zuen berea iragan astean, Carlos Urquijok idazten duena eta EAJ-EAk atzo aurkeztu zuen ibarretxe.com, bere baitan webmasterrak idatzitako bitakora bi dituena: euskarazkoa eta gaztelaniazkoa. Hauteskundeekin eta sarearekin lotutako kontu asko aurkituko ditugu egunotan eleccionesvascas.com bitakoran.
Postontzi handiagoak
Iaz hasi zen GMail zerbitzua Gigabyte bateko lekua eskaintzen bere postontzietan. Hala ere, izena emateko, dagoeneko erabiltzailea den norbaiten gonbidapena izatea ezinbestekoa izan da orain arte. Apirilaren 1etik aurrera, ordea, edonork eman ahal izango du izena GMail erabiltzeko. Iragarpen horrek Yahoo lehiakidearen erreakzioa ekarri du, apirila amaieratik aurrera bere postontzien ahalmena 250 Megabytetik Giga batera igoko duela iragarri baitu. Momentuz Microsoft-ek ez du arlo honetan inolako mugimendurik egin eta Hotmail kontu arrunten 2 Megabyteko ahalmen eskasa geratzen ari da agerian.
Martxoak 24, 2005
Gaur nabigazio gidatu bat proposatuko dizuet, e-judokoek atera zuten Gida-Nabigazio horren modukoa baina ez gai baten ingurukoa. Guztiz ludikoa izango da nirea. Hasteko, soinu banda ezartzeko proposatuko dizuet. Bai, zoazte Lost Highway Records disketxearen webgunera (Flash behar da) eta sar zaitezte Artist Entrance dioen atetik. Kontzertu aretora sartuko zarete orduan eta, eskumako partean, jukebox edo gramola horietako bat agertuko da…
Automatikoki hasiko da musika jotzen. Oso musikari onak dituzte bertan eta oso kalitate onarekin entzuten da. Gezia makinaren gainean jarriz gero, hala ere, song listing aukera nabarmenduko da eta nahi duguna aukeratu ahal izango dugu. Aukera ezazue The Jayhawks edo Johnny Cash eta gozatu musikarekin.
Zabaldu beste leiho bat nabigatzailean eta, musika entzun bitartean AK 47ren webgunera jo. Argazki aldizkari oso interesgarria eta elegantea da. Bihilabetekaria da eta bertan argazki artistikoen bildumak argitaratzen dituzte. Klikatu Alessandra Sanguinetti-ren The Adventures of Guille and Beli edo Edgar Martins-en Black Holes and Other Inconsistencies. Artxiboak ere baditu eta aurreko zenbakiak ere ikus daitezke… Tira, beste egunen batean beste nabigazio bat proposatuko dizuet, incha allah.
Martxoak 23, 2005
Ordenagailua edo bestelako tramankulu bereziak erabiliz seinalea digitalizatu eta Interneten bidez bidalita komunikatzeko teknologiari IP ahotsa esaten zaio. Oraintsu arte ez da erabiltzaile arrunten artean hedatu, garapen fasean egonik, komunikazio kaxkarra lortzen zelako. Hala ere, berriki agertutako Skype programak kalitate oneko komunikazioa lortu du eta doakoa da. Gainera, berehalako mezularitza programek dituzten ezaugarri batzuk ere baditu: testu bidezko berriketa, solaskideari artxiboak bidaltzeko aukera, uneoro kontaktuak online dauden jakitekoa… Telefono normaletara ere deitzeko aukera damaigu, oso tarifa merkeekin.
Gero eta euskal internauta gehiagok erabiltzen dute Skype programa. Teknofilo eta blogariak izan dira lehenengoak, baina egunetik egunera gero eta gehiago dira programa erabiltzen dutenak, munduan 24 milioi lagun inguru. Horien artean euskaldunak aurkitzea ez da zaila, nahikoa da erabiltzaileen bilaketa formularioan izenik jarri gabe Basque hizkuntza aukeratzea eta euren profilean euskara aukeratuta daukatenak erakutsiko dizkigu programak.
Lagunekin ezezik bezero eta lankideekin ere komunikatzeko primerako tresna izan daiteke Skype. Codesyntax enpresako Eneko Astigarragak Skype erabiliz baieztatu digunez: “Bezero batzuekin komunikatzeko erabiltzen dugu eta primeran dabil. Gure inguruko dendetan agortu dira mikrofonodun kaskoak”. Goienako kazetari batzuek ere erabiltzen dute euren arteko komunikazioetarako. Izan ere, enpresa barruko komunikazioetarako primerako tresna da, delegazioen artean batik bat. Langile bakoitzak bere ordenagailuan Skype ezarrita badauka, Bilboko Urliak Gasteizko Sandiari deitzen dio eta txirrina zuzenean hasten zaio jotzen hari bere makinan. Telefono fakturan diru dexente aurreratu daiteke, komunikazioa erabat doakoa izanik eta, gainera, lankide jakin horrengana doa zuzenean deia, bitartekaririk behar izan gabe. Demagun, gainera, horiek biak hitz egiten ari direla eta nahi dutela Iru�eko Berendia ere solasaldian sartu, haren iritzia jakiteko. Bakoitza dagoen tokitik, bost lagun sar daitezke mahainguru telematiko batean arazorik gabe.
Ordenagailutik telefono arruntetara deitzeko aukera ere ematen du Skypek, Skypeout zerbitzua. Oso tarifa merkeekin egin daitezke deiak kalitate onarekin. Esaterako, AEBetako, Europako edo Australiako telefono batera deitzea 1,7 zentimo kostako zaigu minutuko. Ordenagailutik ordenagailura ere bikain entzuten da, distantziak gorabehera, Lesakarekin eta Melbournerekin eginiko solasaldiek frogatu digutenez. Duela bi aste irratia.com irratsaioan Milwaukeen ikasle dabilen Jon Larrañaga blogista euskaldunarekin Skype bidezko lehenengo elkarrizketa entzun ahal izan zen arazorik gabe.
Egia esan, orain arte, IP bidezko telefono zerbitzuek ez dute lortu masiboak bihurtzea, baina Skypek baliabideen konbinaketa eta publizitate estrategia egokia lortu dituela dirudi oraingoan. Gainera, adituek aurtengoan baietz diote, banda zabalaren ugalketari esker 2005 IP ahotsaren urtea bihur daitekeela. Konexio ona izateak ahotsa garbi eta azkar garraiatzea ahalbidetzen du eta etxebizitza askotan ADSL edo kable zerbitzua dute dagoeneko.
Interesgarriak dira gai honen inguruan Herme Garciak bere bitakoran plazaratzen dituen albisteak eta iritziak, baina ez da ahaztu behar bera IP ahotsa eskaintzen duen enpresa bateko kidea dela. Peoplecall duela urte batzuk agertu zen, indar handiz, baina askoz baliabide gutxiago eskaintzen du bere zerbitzuak, ordainduzkoa da eta, orduan bederen, ez zituen lortzen kalitate eta abiadura onargarriak. Berak dioenez, Skypek ez du aparteko meriturik egin beste Google edo eBay bat bilakatzeko: “P2P trukea Napster-ek asmatu zuen, berehalako mezularitza ICQk eta IP telefonoa Net2Phone-k”. Egia da, baina hiruron ezaugarriak ondo uztartzea eta tramankuluak ondo funtzionatzea da gakoa. Skyperen ezaugarri berri eta interesgarriena, hiru zerbitzuok biltzeaz gain, ahotsa garden eta azkar garraiatzea da, enkriptaturik gainera. Doan eskura daiteke skype.com webgunean eta sistema anitzetan erabil daiteke: Windows, Linux zein Mac OS X.
Dagoeneko sortu dira honen inguruko albistegi eta blog independienteak, skypejournal.com esaterako, gai honek zeresana emango duelako. Ikusiko dugu zein den telekomunikazio enpresen erantzuna, euren negozio eredua zalantzan jarriko baitu honek. Skypeko sortzaile Niklas Zennstr�m-ek Kazaa sortu zuen lehenago eta, berak dioenez, telekoek disketxeen argudio berak ezin izango dituzte erabili haren kontra egiteko: “Kazaarekin egile eskubideak eta jabego intelektuala bortxatzen genituela esaten zuten. Skyperekin, berriz, ez da hori gertatzen. Edonor libre da berba egiteko eta ez dago elkarrizketa baten gaineko jabegorik”.
P.D. Mikel Larreategik Skyperi buruz idatzi zuen atzo bere blogean. Beste aipamen batzuk aurkituko ditugu Faroan, Julen Gabiriaren bitakoran eta Sustatun.
LABURRAK
Orreagatik Bilbora
Iragan astean Orreagan abiatutako Korrika 14 igandean helduko da Bilbora. Azken kilometroen jarraipena egingo du zuzenean Bilbo Hiria irratiak, seinalea Internetetik ere igorriz. Korrikaren webgunean, berriz, lasterketaren inguruko informazio guztia jaso daiteke, ibilbidea, albisteak, kultura agenda, ziberkorrika… Korrikaren kanta eta bideoa ere eskura daitezke bertan. Patxi Gaztelumendi kazetaria ere bitakora egiten ari da Korrikatik, egunean eguneko kronika propio horretarako sortutako bitakora batean idatziz.
Blogak Goienan
Joxe Aranzabalen Faroa bere domeinura mugitu zutenez gero beste blog batzuk zabaldu dira Goiena.net aldizkariak blogak ostatatzeko jarri duen zerbitzuan. Mikel Irizarrek bere Piperrautsa zabaldu du, Leire Kortabarriak Arrosak Latan, Edu Mendibilek Mathiasen kopilotua, Goio Aranak Superbai eta Antonio Zabalak Zinema izenekoa. Momentuz, bertako blogista gehienak kazetariak dira edo Goienako kolaboratzaileak.
Patenteak onartuta
Software patenteen gaineko araudia onartu zuten iragan astean Europar Batasuneko industria eta energia ministroek, eztabaidarik gabe eta parlamentuak eskatutakoari muzin eginez. Erabiltzaileen elkarte askok erabakia legez kontrakotzat hartu dute, arau honek egun indarrean dagoen softwaren erdia pirata bihur lezakeela salatzeaz gain. Atsekabeturik hartu du albistea software librearen inguruko komunitateak, softwarearen hedapenari, hobekuntzari eta erabilpenari mugak jartzeak dakarren atzerapenaz jakitun, patenteak onar ez daitezen ikaragarrizko lana egin baitute linuxzaleek.
Martxoak 17, 2005
Lehengo egunean Luistxok, berak irakurritako albiste baten harira salatu zuenez, albiste hartan hizkuntzak ahaztea ikasketa-erritmo onaren seinale moduan aipatzea “betiko eskola etnozidaren” goraipamena egitea dela. Guztiz ados, bere pentsakera etnozentristak salatzen ditu asko hemen, erdaldunak batez ere, baina baita euskaldun konplexudunen bat ere, tarteka. Hala ere, beste kontu batek ere piztu zuen nire arreta, DJola edo Diola hizkuntza dialektotzat hartzea. Albisteak honela zioen:
El buen ritmo que Mame había logrado alcanzar en el colegio desde su llegada en 2º de Primaria, que le había hecho olvidar casi el francés, el yola (dialecto senegalés) y el poco wolof (lengua oficial que habla el 80% de la población) que sabía…
Kontua da Diola hizkuntza dela, ez dialektoa. Julen Gabiriak ere horri erreparatu dio eta bere bitakoran, Luistxoren aipamena irakurrita, handiak duen txikiaren, ezdeusaren irudiaz gogoeta egin du Galeanoren testu bat ekarrita. Haren arabera ezdeusak, besteak beste, zera dira:
Ez dira, izan arren.
Ez dute hizkuntzarik, dialektoak baizik.
Ez dute erlijiorik, superstizioak baizik.
Ez dute arterik, artisautza baizik.
Ez dute kulturarik, folklorea baizik.(…)
Euskarari ere dialektoa esatearena Espainian guri buruz ezjakinen artean errepikatzen eta transmititzen diren topiko faltsuen multzoko ohikoenetakoa da. Izan ere, aipamen horrek neuri gertatutako pasadizua gogorarazi dit, duela bi urte, Tunisia aldean oporretan ginela. Bidaia antolatu batean ibili ginen, harat-honat, turista-artalde estiloan lekuak bisitatzen. Halako batean berebereak (amazighak) bizi ziren herri batera heldu ginen. Maghreb alde guztian bezala, amazigh kulturak atzera egin du azken mendeetan etengabe, arabizazioaren indarrak zapalduta.
Marokon eta Aljerian oraindik biztanlegoaren zati handiak amazigh kultura eta hizkuntza gordetzen du, baina Tunisian barnealdeko herrixka batzuetan baizik ez da mantentzen. Bertan ere azken urteotan arabizazioak indar handia hartu baitu telebistarekin eta derrigorrezko arabierazko eskolarekin.
Herrixka hartako dendari batek non demontrekoak ginen galdetu zigun, berak menperatzen zituen hizkuntza ofizialen zerrenda luzeak gurekin balio ez zuela ikusi ostean. Nik euskaldunak ginela, “Europako berebereak” azaldu nion frantsesez, eurena bezala gurea ere hizkuntza pre- horietakoa zela, kultura expansiboa etorri aurrekoa. Berak azaldu zigun euren kultura, barnealdeko herri horietan ere beherantz zihoala, gazte gehienak arabieraz mintzatzen zirela, hizkuntza horretan alfabetatuak, telebista ikusten zutela… Zahar analfabetoek soilik erabiltzen zuten tamazigh hizkuntza, ez zuela inolako laguntza publikorik, berau desagertzea zela Tunis hiriburuko gobernu arabezaleen helburua…
…Eta ORDUANTXE sartu behar izan zuen muturra madrildar andreak gure elkarrizketan, geuri zera esanez:
“Dile que lo que hablais vosotros es un dialecto, no un idioma”
Hortxe zapuztu zen txangoa, ezjakintasunaren ahots ozena taularatu zenean, non, noiz eta bere ezjakintasunaren erridikulua ezin agerianago gera zitekeen unean. Beste topiko faltsu eta kontraesan batzuk atera ziren bere kakatua aho mesetariotik: euskara batua asmakizun hutsa zela, baserriko euskara ezin zela idatzi, euskalkion artean komunikazioa ezinezkoa zela… Berak ere bereak entzun behar izan zituen, baina kontua da Frankista Goebbelszaleen ahoek mila aldiz errepikatutako eta milioika espainiar belarrik entzundako gezurra sinistuta errepikatzen ari zen ezjakina (hori bai, dialektodunoi, txikioi min emateko xedea ezin izkutaturik).
Leku askotan errepikatzen diren eskemak dira: Hizkuntza bat dialektoa da inperialista eta ezjakinei hala izatea komeni zaienean. Dialekto bat hizkuntza da hala izatea komeni zaienean (Valentziera). En fin, hizkuntzak hizkuntzalaritzak ikertzen dituela ez zekien moduan, seguru nago Galeano ere ez zuela irakurriko, bere hizkuntza handi eta expansiboan idatzita egon arren.
Martxoak 13, 2005
Aspaldi aurreratu genuen hemen RSS sindikazioaren ahalmena eta etorkizunerako aukera asko zabaltzen zituela. Bada, kontzeptu hau, urak bezala, gainezka egin eta sarean dauden baliabide guztiak hartzen ari da. RSS jarioei esker gure gustoko iturriak bilduz egunkari pertsonalizatua egin dezakegu, webguneak banaka bisitatu gabe, aurki.com berriak erakusten digun moduan. Baina era berean gure irrati pertsonala eta gure bideoklub partikularra sortzeko aukera ematen digute RSS jario hauek, MP3 artxiboekin edo BitTorrent moduko programekin uztartuz gero.
Informazioa webgunean gizakiok irakurtzeko moduan ezezik RSS formatoan ere argitaratzeak informazio hori moldagarria bihurtzen du, beste webguneetan eta beste euskarri batzuetan ere erabilgarria. Automatikoki guk idatzi dugun testua aurki.com-en agertzen den bezala, Bloglines zerbitzuan ere argitaratzen da eta RSS jarioak irakurtzen dituen edozein programa edo aparailutan ager daiteke halaber. Ondorioz, guk idatzitakoa jende gehiagok irakur dezake eta jende gehiagok irakurriko du, dudarik gabe. Hau interesgarria da bere mezua hedatu nahi duen ororentzat. Webgune baten azken goiburuak gure webguneko txoko batean txertatu ditzakegu berak RSS formatu horretan ere argitaratzen duelako. Goiburua edota sarrera irakurri ostean, interesa badugu, klik egin eta jatorrizko webgunera eramango gaitu nabigatzaileak, artikulua osorik irakurtzeko.
Webgune askotan, bitakoretan batez ere, RSS edo XML ikurra ikusiko dugu. Bertan sartzen bagara kode arraroak ikusiko ditugu, ez baitago gizakiok ikuskatzeko egina. Aldiz, Aurkik horixe bisitatuko du, ez webgune normala, gure albisteak bere zerbitzuan txertatzeko. Gure jarioa aldatzen da guk zerbait berri argitaratzen dugunean eta haren bisitariek (Aurki eta beste zerbitzuetako makinek) aldaketa horiek islatuko dituzte, esaterako, euren titularretan gure azken albistea jarriz. RSS jarioak automatikoki sortu ahal izateko gure webguneak XML teknologia erabili behar du edo programazio egokitzapen baten bidez titularrak eta testuak RSS artxibo batera pasatu.
Komunikabide handi asko ere konturatzen hasi dira jario moldagarri hauen garrantziaz eta RSS jarioa eskaintzen hasi dira. AEBetan 142 egunkaritik gora dira dagoeneko, CNN eta BBC kateen webguneek ere aukera ematen dute. Espainian lau egunkarik eskaintzen dute, momentuz, RSS jarioa. Euskal Herrian batek ere ez, baina denbora kontua izango da hemen ere informazio orokorreko hedabideek bitakorek zabaldutako bidea jarraitzea.
RSS argitarapen modu honek beste erabilera batzuk ere izan ditzake. Esaterako, iragan astean Bilboko Euskalduna jauregian administrazio eta gobernu elektronikoei buruzko jardunaldia izan zen eta bertan Yahoo Europako zuzendari ohi Javier Etxebestek administrazioek euren informazioak hedatzeko erabili beharko luketeela esan zuen. Kontzeptua ezagutu berri dute Eusko Jaurlaritzan eta beste administrazio askotan oraindik luze joko du kontuak. Salbuespenen artean, hala ere, hiru.com etengabeko ikaskuntza ataria eta udal batzuk aipa daitezke.
Baina Aurkin edo Bloglines-en gure gustoko blogetako aukera sor dezakegun moduan Podcast emisioak egiten dituztenenak ere bildu ditzakegu edo bestelako edukiak jartzen dituztenena, filmak esaterako. Berriki BitTorrent aztertu genuen, bit uharra euskaraz. Film baten hedapenerako egon daitekeen biderik azkarrena da, pirateatutako estreinaldi guztiekin erakusten duen moduan. Film bat hedatzeko nahikoa da bere bittorrent lotura jartzea. Bada, lotura horiek RSS bidez bilduz gero, dagoeneko ez dago bideoak sarean Googlerekin bilatu beharrik, nahikoa da Videora bezalako programa bat erabiltzea edo gure bilduma sortzea, material ona eta berria jartzen duten iturriak bilduta. Horra gure bideoklub pertsonalizatu eta doakoa!
Wired aldizkariaren urtarrileko zenbakiak, BitTorrent dela eta, edukien industriaren inguruko hausnarketa sakona zekarren, filmak ezezik laster telebista saioak ere programa horren bidez elkarbanatuko direla aurreratuz eta industriak egungo eredua bertan behera utzi beharko duela iragarriz. Produktuen hedapenerako enpresa horiek ez dira ezinbestekoak dagoeneko, gero eta gutxiago izango dira. Produkzioa ere demokratizatzen ari da, egun blogak edonork egin ditzakeen moduan, laster edonoren esku egongo da film txukunak egitea. Podcast-ekin gertatzen ari den bezala, bideo produkzio txikien unibertsoa sortuko da eta onenek ez dute inolako arazorik izango ekoizkina banatzeko. Audio-bideo edukiak rss bidez eskainiz eta bittorrent-ek banaketarako ematen digun ahalmena baliatuz edukiak bitartekaritzarik gabe hedatuko dira, berez ia-ia, interesgarriak baldin badira. Ubidea zabaltzen ari dira bitakorak, laster uholdea izango dira RSS jarioak, baina uharrak bezala, gainezka egiten duenean sare osoa hartuko dute.
Martxoak 10, 2005
Euskal idazle gehienek fideltasunez eusten diote euskaldun teknofoboaren arketipoari. Asko kostatu zitzaien batzuei Olivetti-aren ustezko xarmarena zinemak inposatutako irudi erromantikoa baino ez zela konturatzea eta ordenagailuak eskaintzen dituen abantailak profitatzea. Hala ere, idazleen artean ere islatu beharko da, bada, belaunaldi aldaketa eta ZX Spectrum-aren garaian hazitako batzuk idazten dabiltza egun, euren nobelen gaietan aurrekoen teknofobia gaindituz.
Horietakoa da Julen Gabiria, berriki “deskubritu” dudan idazle interesgarria. Bere bitakora zabaldu du Gabiriak, Zapiainek eta Mendiguren Elizegik bezala, bere idatziak eta gogoetak bilduz eta martxa onean ari da idazten bertan. Irakurri berri dut bere lehenengo nobela, Connemara gure bihotzetan eta asko guztatu zait. Oso iruzkin onak entzun ditut Han goitik itsasoa ikusten da bere azken eleberriaren gainean eta laster irakurriko dut, dudarik gabe.
Oso hurbila suertatzen zait Gabiria, ez bakarrik ikuspegi gazte eta urbanoa eskaintzen duelako. Belaunaldi berekoak gara eta, gainera, ez da Gipuzkoa urrunekoa, Bilbo aldekoa baizik, bertokoa. Hala ere, orain dela zazpi egun arte ez dut berarekin inoiz topo egin (Likinianon, berak antolatu zuen Joxe Aranzabalen liburuaren aurkezpenean), baina bere bitakoran azaltzen diren lekuak eta giroak ezagunak ditut, Connemarako gaiak eta lekuak ere bai. Horrek berarekiko nahikoa enpatia eragiten dit. Baina gainera blogari sinestuna da, baliabide honen ahalmen ikaragarriaz jakitun, eta bere bitakora zabaldu berrian testu mordoa idazten du, ia egunero. Gomendagarria.
Martxoak 9, 2005
Lehengo egunean aurkeztu zen Aukera Guztiak izeneko ekimena. Batasunaren ilegalizazioaren ondorioz bistan da ezker abertzaleko aukera jakin bateko boto emaileek ezin izango dutela eurena bozkatu. Horregatik aurkeztu dute hautagaitza hau, horren defentsa egiteko, eta horretara mugatuko ei dira, aukera guztiak Gasteizko legebiltzarrean egon daitezen aldarrikatzera. Ez dira politikako jendeak, ezta aukera jakin bati lotutakoak, baina euren helburua demokrazia falta hori salatzea da. Euren hautagaitza onartua izan dadin, hala ere, sinadurak bildu behar dituzte martxoaren 11 baino lehen. Notario aurrean eman behar dituzte sinadurok herritarrek eta sinatzeko lekuak honako hauek dira Bizkaian:
NOTARIAK
BILBO:
Indautxu: J. R. Rodríguez Manzano, Rodríguez Arias 6, 3º dpto.1 | 9:00-13:30 larunbata barne / 16:00-18:30 astelehenetik barikura.
Deustu: Alfonso Batalla. Lehendakari Agirre 9-5º |9:00-14:00 astelehenetik barikura./ 16:00-18:30 astelehenetik eguenera.
Zirkular: Javier Mota. Gran Vía 2-8º Plta | 9:30-13:30 larunbata barne / 16:00-19:00 astelehenetik barikura.
Santutxu: J.C. del Valle. Carmelo 7 | 11:00-13:30 lun/mier/viern. / 17:00-18:30 martitzenetik eguenera.
GETXO:
Algorta: Amesti. Amesti, 6 |10:00-13:30 / 16:30-18:45 astelehena, eguastena, eguena.
Areeta: Malpecer Fuente Reina Mª Cristina 10 | 9:15-13:15 astelehenetik barikura. / 16:15-18:30 astelehenetik eguenera.
BARAKALDO:
Mª Jose Basterra San Juan, 5 entreplanta | 9:30-13:30 astelehenetik barikura./ 17:00-18:30 asteartetik eguenera.
Fdez. y Valenzuela Juan Sebastián Elcano 22 | 9:30-13:30 astelehenetik barikura./ 14:00-19:00 astelehenetik eguenera.
Mahiques y Ramallo. Paseo de los Fueros, 10 1ºD | 9:00-14:00 astelehenetik barikura./ 16:30-19:00 astelehenetik eguenera.
DURANGO:
Durango. Durangoko Plateruen Pl.,7 | 11:00-13:00 astelehenetik barikura. / 16:30-18:30 astelehenetik eguenera.
ZORNOTZA:
Angel Mª Martínez. San Miguel 9,2 | 10:00-14:00 larunbata barne / 16:30-18:30 astelehenetik barikura.
Matxoaren 11 sinatzeko azken eguna izango da
Martxoak 7, 2005
Aurreko idatziak