Otsaila, 2005 hilabeteko artxiboa
Googleren Gmail zerbitzua erabiltzeko 50 gonbidapen ditut, nahi duenari emateko. Beraz, Gmail erabili nahi duenak niri mezua bidaltzea besterik ez du (gonbidapena bidaltzeko e-posta helbide bat emanez) eta gonbidapena bidaliko diot ahal bezain arin.
Otsailak 27, 2005
Unibertsitateak dira, edo izan beharko lukete, beren eremuan erabilgarriak suerta daitezkeen aurrerapenak eta joerak egokitzen aitzindariak. Horregatik, ikastegi batzuetan konturatu dira bitakorek ezagutza hedatzeko eta ikasleentzako tresna baliagarriak direla. Irakasleak agindutako lanak idaztea eta inprimatuta ematea iragan milurteko kontua da. Orain bitakorak dira ikasle bakoitzak irakasleekin eta komunitate osoarekin harremanak izateko tresna. Gero eta unibertsitate gehiagotan erabiltzen dira eta gero eta erabilera gehiago dituzte blog-ek; gure ikastegietan ere hasi dira erabiltzen eta emaitzak erakusten.
Scott Leslie ikerleak bitakorek irakaskuntzan izan ditzaketeen erabilera batzuen eskema egin zuen 2003an, baina eremu partehartzailea dela gehitu daiteke eta RSS formatoan argitaratzeak zabaltzen dituen aukera guztiak ere hor daude. Erabilera berriak agertzen ari dira eta ikerleen gogoeta franko (1, 2, 3, PDF) aurki ditzakegu sarean gai honen inguruan. Besteen bitakorak irakurtzeak ematen digu informazioa, klaseko eztabaidak egiteko modu berria dira, irakasleak lanak egiteko emandako irizpideak, testu interesgarriak eta loturak haren bitakoran aurki ditzakegu. Nork berea idazteak ikaslea trebatzen du, portafolio pertsonal moduan balio du, bere idazkera fintzeko eta besteen laguntza jasotzeko aukera damaio…
Helburu akademikoa blog-en izaera publikoarekin uztartzea arazoa izan daiteke ikaslearentzat. Izan ere, ikasleen idatziak jada ez dituzte irakaslearen bi begiek aztertuko, irakurle-blogari-iruzkingileen multzo kritiko batek baizik… Eta multzo horrek bere iruzkinak egingo dizkie testu horiei. Izaera publiko horrek agian ikaslea bere lanak egokitzera behartuko du, orain irakaslearentzat ezezik, ikaskideentzat eta sare osoarentzat ere idatziko baitu.
Nazioartean Harvard edo Dartmouth aipa daitezke, besteak beste, ikasleentzako blog zerbitzua martxan dituzten ehunka ikastegien aurrean, baina gurean ere badira adibide batzuk. Esaterako, Nafarroako unibertsitate pribatuan Jose Luis Orihuela irakaslea aitzindaria izan dugu, 2002an hasi baizen komunikazio fakultateko ikasleekin weblogek eremu honetan eman dezaketena aztertzen. Blog-en erabilera akademikoaren (PDF) gai hau sakon aztertu du Orihuelak bere bitakoran eta gaztelaniazko blogosferan erreferentzia nagusia dugu berau arlo honetan. Egun, ikasleei bitakoren funtsa azaltzen die klasean eta ondoren bakoitzak jorratu nahi duen esparrua zehaztu behar du. Bitakora editatzeko tresnak erabiltzen irakasten die geroago eta bakoitza bere idatziak argitaratzen hasten da. Kazetarigaiak dira bereak, horregatik irakasleak kazeta pertsonal horietako testuen kalitatea, interesa, testuen egitura eta emandako lotura gehigarriak hartzen ditu kontutan. Era berean, bitakora bakoitzaren diseinua, irudien erabilera egokia, informazioaren antolaketa, testuen kopurua eta maiztasuna garrantzitsuak dira, berak klasean agindutako ariketez gain.
Baina bertoko beste unibertsitateetan ere hasi dira tresna hau erabiltzen, euskarazko ikasketetan lehenengo eta emaitza interesgarriekin. Horren erakusgarri, ziberkazetaritzaren inguruko Data 2005 jardunaldiak izan ziren iragan astean Leioako gizarte komunikazio fakultatean. Bertan, bitakorak eta haien funtsa teknologikoa aztertu zuten bereziki. Bitakorak oso tresna interesgarriak dira kazetarigaien trebakuntzarako, idazkera garatzeko eta euren burua ezagutzera emateko. Horregatik berriemaile.com zerbitzua jarri du abian Gorka Palazio irakasleak, ikasle bakoitzari bere bitakora abian jartzeko aukera emanez. Dagoeneko ehunka ikaslek zabaldu dute bakoitzak bere bitakora doako ostatatze zerbitzu honetan eta komunitate txikia ari da sortzen apurka-apurka. Ideia bera izan zuen Deustuko unibertsitateko Joseba Abaituak, ikasle bakoitzak bere idazkera, teknologia berriekiko interesa eta trebetasuna erakusteko modu egokia baita ikasle bakoitza bere zibertxokoaren jabe izatea. Gainera, taldekako lanak egiteko gaiak eta dokumentu lagungarriak sarean bertan eskaintzen dituzte irakasleek, ikasle bakoitzak ondoren, Interneten laguntzaz lanerako informazioak bilatu ditzan.
Wordpress plataforma librea erabiltzen dute berriemaile.com ostatatzean dauden bitakora guztiek, zerbitzuaren arduradunek aurrez instalatuta. Ikasleek prest izaten dute erabiltzen hasteko eta aldaketa estetikoak egiteko aukera dute, bitakora euren gustoko estiloan itxuraldatzeko. Gainontzean, blog-ak egiteko beste edozein sistemaren antzera, editatzeko interfazea du sistemak, editoreak bakarrik ikus dezakeena, testuak, titularrak, loturak eta estiloak ezartzeko. Bisitariak ikusten duena, berriz, webgunea da, sistema automatizatu horrek testuak eta gainontzeko elementuak bakoitza bere lekuan ezartzen baititu. Deustukoek, berriz, Zope kudeaketa sisteman oinarritutako edizio interfazea darabilte, ez hain intuitiboa eta moldagarria.
Bistan da ikasle guztien artean ez dagoela komunikatzeko gogo bera eta, batzuentzat klaseko lan aspergarrietako bat baizik ez da bitakora. Ez dute blogen filosofia barneratu eta emaitza bitakora pobrea da, sareko beste txoko batzuetatik lapurtutako testu batzuk agian eta berezko informazio berririk ez. Beste batzuengan, berriz, idazteko grina bizkortzen du baliabide hau eskura izateak eta bitakorak komunikatzeko ematen duen aukera aparta profitatzen dute. Horregatik berriemaile.com komunitateko blogistarik onenak nabarmendu nahi izan zituzten Leioako jardunaldietan: Iker Aranberri, Inhar Mutiozabal eta Jon Antolin. Bestalde, bitakoren inguruko gogoetez gain, Data 2005 jardunaldietan Wordpress plataformaren funtsa, erabilera eta haren euskaratzea izan zituzten hizpide. Azkenaldion asko hobetu da Wordpress eta Movable Type sistema jabedunari aurrea hartzen ari zaio, kode irekiko softwarea izanik gero eta hobea baita komunitatearen ekarpenei esker.
Baina blogen erabilera irakaskuntzan hedatzen hasi baino ez da egin. Irakaskuntza ertainetako irakasle askoren interesa pizten ari da, aula21.net egiten duen Francisco Muņozena kasu. Avaluo webgunean hausnarketa egiten du Mario Nuņezek, ertarotik hona irakaskuntza egiten den eran aldaketa handirik izan ez dela salatuz. Egiaztapen horrek kendu zizkion irakasteko gogoa eta orain berreskuratu du, teknologia berriek irakaskuntzari eskaintzen dizkioten aukerak ezagutu ostean. Arazo nagusia, egun, irakasleen prestakuntza falta da, arloa honetan ikasle askok baino gutxiago dakite-eta. Motibaziorik gabe eta arlo horretarako plangintza teknofilo orokor baten faltan, momentuz aurrerapena irakasle batzuen ekimen pertsonalen esku egongo da.
Loturak iruzkinak eta galderak
www.sarean.com
Gaiari buruz
www.ecuaderno.com
Otsailak 24, 2005
2,4 GBko espazioa eta hiru domeinu ostatazeko lekua, hilean 6 euro ordainduta
Azkenik nire hosting zerbitzuarekin pozik eta lasai bizitzea lortu dut. Urte hauetan hainbat ostatatze zerbitzu probatu ditut, Euskaltelena barne (denetan eskasena, dudarik gabe), eta denetarikoak ikusi ditut. Hosting bat aukeratzeko hiru alderdi eduki behar dira kontutan: eskaintzen duten zerbitzua (Mega kopurua), trafiko kopurua (zenbat Gigabyte hilero) eta zerbitzuaren kalitatea (abiadura, etenik ez egotea, postaren funtzionamendua, arreta zerbitzuarena…).
Nire diruekin zuhurra naiz eta beti aztertzen ditut eskaintza guztiak bat aukeratu aurretik: ematen duten mega kopurua, trafikoa, cgi, php, mysql eta beste aukerak… Azken urteotan your-site-rekin ibili naiz, bere garaian aukera ona zen eta urteko 60 dolarren truke zerbitzu ona ematen zuten ordurako: 50 Megako hosting-a, 6 gigako trafikoa (mysql nahi izanez gero beste $40 ordaindu behar zen)…
Baina denborarekin atzeratuta geratu dira horiek: banda zabalera eta diskoetako espazioa merkeagoa eta azkarragoak dira egun… Azken aldion postarekin izandako arazoek bultzatu ninduten alternatibak bilatzera. Asko eta asko begiratu eta konparatu ostean Dreamhost aurkitu nuen. Erreferentziak bilatu nituen Googlen ere eta denak onak. Diru bera ordainduta (urteko $95,4 ) hau ematen dizute, besteak beste:
- 3 Domeinu osorik eta independienteki ostatatzeko aukera
- 2,4 Giga zure domeinu horiek ipintzeko, zeuk nahi duzun moduan banatuz
- Hileko 120 GBko trafikoa
- Nahi beste MySQL Datu base
- 600 e-posta kontu (POP / IMAP)
- 75 Shell / FTP kontu
Azkenik, urrian, euren zerbitzua kontratatzea erabaki nuen, irratia.com-ekin berriro hasi behar baikinen. Ederto zebilela egiaztatu ostean sarean.com ere bertan ipintzea erabaki dut eta bestean baja eman dut, iragan asteburuan mudantza egin ostean. Gutxiago ordaintzen dut orain eta pozik nago. Ez ditut Dreamhostekoak ezagutzen, yankiak dira eta akaso Bushen aldekoak izango dira, baina hemen zerbitzu txarrak ere kritikatzen ditugun bezala, gauza onak aurkitzen direnean aipatu beharra dago: benetan gomendagarria da egun Dreamhostekoek ematen duten zerbitzua (bihar-etzikoa ez du inork ziurtatzerik).
Aukera gehiago eskaintzen dituzte, klik bateko instalazioak kasu: minutu gutxian gure Wordpress bloga, phpBB foroak, osCommerce denda telematikoa, eta MediaWiki instalazio propiak eduki ditzakegu martxan. Plan garestiagoetan (ikus konparaketa) aukera gehiago ere badira (15 domeinu osorik eta zazpi GBko espazioa, hileko 19 dolarrengatik). Apache zerbitzari indartsuak dituzte eta oraingoz ez didate inolako arazorik eman. Abiadurak bikainak dira eta orain, nahi izanez gero, ehunka megako bideoak eskegi ditzaket FTP bidez inolako arazorik gabe. Lehen mysql-dun domeinu bakar bategatik ordaintzen nuenagatik hiru domeinu dauzkat orain, espazio eta baliabide askoz gehiagorekin. Kontrol panelarekin dena konfiguratu dezake norberak eta azalpen guztiak oso onak dira.
Inoiz Dreamhost kontratatzea bururatzen bazaizue, esaiezue jabi izeneko baten partez zoaztela, horrela hurrengo ordainketan errebaja egingo didate (badakizue nirea dirulaguntzarik gabeko ekimena dela eta gastuak arintzen lagunduko didazue, ya tu zabe lo que e el cubaneo ;-)). A, eta domeinu izenen bat erregistratzeko Directnic erabiltzen dut (urteko $15 domeinu bakoitza, trukean 11 euro).
EGUNERAKETA (2006/9/18a): Prezioak mantenduta, askoz banda zabalera eta hosting-eko leku gehiago eskaintzen ditu orain Dreamhostek. Gainera, 45 dolarreko deskontua lortuko dugu edozein hosting plan kontratatzean merke45 promo kodearekin. Informazio gehiago.
Otsailak 23, 2005
Francoren denboran pare bat erreferendum antzeko izan ziren. Kontatu didatenez, bere erregimenari demokrazia itxura emateko xedez antolatu zuen erreferenduma. Familia buruek soilik zuten bozkatzeko aukera eta aldez aurretik jendeari bai bozkatzera bultzatzeko kanpainia egin zuen administrazioak. Aukerarik onena, logikoena, modernoena, BAKARRA “bai” esatea zen eta herritarrek amen egin zuten. Gehiengoz, Francoren alde bozkatu zuten, beraz, Francorekin jarraitzea demokratikoki erabaki zuen Espainiak.
Orain, demokrazian gaudela frogatzeko eta aldea ikus dezagun, garai hartako terminoetan aurkeztu digute Europako konstituzioaren inguruan “erabakitzeko” erreferenduma edo, hobe esan, “konstituzioa onartzeko erreferenduma”, definizio zehatzago batekin adierazteko. Onartu onartuko dute berdin-berdin, baina hemen herritarren legitimazioa bilatu nahi izan dute, aldez aurretik berau lortuko zutela bermatu ondoren.
Ondo zekien hark masak manipulatzea oso erraza dela eta ondo zekiten espainiar agintariek lortuko zutela BAI = Europa bai / EZ = Europa ez ekuazio maltzurra inposatzea.
Gero dago gurean EAJk hartu duen baiezkoaren aldeko jarrera hori. Bere publizitatean ustezko sardiniar bat, galestar neska bat eta bretoi bat aurkezten dizkigute. Denek baietz bozkatuko ei dute Europak euskaldunak eta estaturik gabeko beste herri horiek ezertarako kontutan hartuko ez dituen arren. Bai, izango dira konstituzioaren aldeko galestarrak, ingelesez mintzo direnak eta eurena naziotzat hartzen ez dutenak ere badirelako herrialde horietan.
Eskuindarrek agintzen dute Europan eta euren ekimenez sortutako konstituzio proiektu honek ezin du ezer onik ekarri, eskuinak ez baitu ezer egiten herrien eta jendeen alde. Baina gainera, zera nazionala dago: Herrien aniztasuna estatuetara laburtzen du proiektuak, herri eta kultura txikietako edozein indigenak edo kultura aniztasunaren alde dagoen edonork argi eduki beharko luke ezezkoa, zeresanik ez, euskaldunok. Beraz, printzipioz harrigarria dirudi EAJk hartu duen jarrera: harrigarria baina logikoa bere alderdikerian.
Erreferenduma botereak planteatuta dagoen moduan, ezetz dioenak Europari ezetz diotso eta EAJk ez du antieuropar moduan agertu nahi. Baina badira arrazoi argiagoak, Ibarretxek bere planarekiko herritarren babesa eskatu du eta hauteskundeen aurrerapena estrategia horren barruan kokatzen da. Tartean sartzen da erreferenduma eta EAJk ez du nahi bere aukera korrontearen aurkakotzat hartzea. Demagun EAJk ezezkoaren alde egiten duela. Bada, baiezkoak irabaziz gero, haren asmoek ez dute babesik EAEn eta bere burua Europatik kanpo kokatzeaz gain, Europarekin ez bateragarritzat aurkezten diguten Ibarretxe plana ere babesik gabe geratzen da. Bere logika berekoian baiezkoa defendatzea este erremediorik ez du izan, beraz, EAJk.
Eurek jakingo dute zergatik makurtzen diren pragmatismoaren miserietara, baina aurrekari honekin erakusten du, nire aburuz, burujabetzaren bidean bere berba zer neurritan dagoen koerentziaz defendatzeko prest. Etorriko dira, gainera, espainiar nazionalistek konstituzio hau gure asmoetarako muga moduan gogoraraziko diguten garaiak.
Otsailak 20, 2005
Azkenaldion sarri entzuten den hitza dugu podcast, sareko azkenaurreko joera. Bitakoren inguruan sortua, testuak ezezik etxean eginiko audio grabaketak sarean eskuragarri jartzean datza podcasting-a. Saio bakoitza, bitakoretako albisteen antzera, RSS formatu moldagarrian argitaratzen denez, aukera asko ematen ditu podcasting-ak. Adibidez, MP3 entzungailu pertsonalak erabiliz internauta-entzule bakoitzak sor dezake bere irrati pertsonal modukoa, grabaketen aukera pertsonalizatua eginez.
Amerikarrek asmatutako kontzeptu berriak berba arrotzen bidez honaino heldu orduko, bilerara berandu heltzearen sentsazioa sortarazten digute, zer izango ote da podcasting delako hori? Irrati saioen grabaketak egin eta sarean eskegitzea baino zerbait gehiago izango den susmoa sortzen zaigu orduan.
Audio grabaketak sarean besteek eskuratzeko moduan jartzea ez da asmakizun berria. Izan ere, gurean ere aspaldikoa da: Egin Irratiko albistegi batzuk agertu ziren jada 1998an eta urte berean hasi ziren euskonews.com webgunean irratsaio interesgarriak entzungai jartzen. Gerora irratia.com-en zuzenekoak nahiz grabatutakoak eskuratu ahal izan dira… Baina moda edo eztanda berri hau kontzeptu berriei lotuta dator: RSS argitarapen modu moldagarriari eta MP3 entzungailu eramangarriei.
Iragan astean aipatutako aurki.com berria, Bloglines zerbitzua edo gure makinan ezar dezakegun beste edozein RSS irakurgailuk formatu moldagarri horretan argitaratutako informazioak bilduta erakusten dizkigute, gure gustoko webgune eta bitakorak banaka bisitatu barik. Albisterik berrienak ikus ditzakegu begiratu bakarrean edo iturri bakoitzarenak aukeratu.
Podcast-en funtzionamendua berdina da, baina testu berriak ordenagailuaren pantailan ikusteaz gain, berari lotuta datorren audio grabaketa ere eskura dezakegu, ondoren ordenagailuan bertan edo entzungailu eramangarri baten bidez entzuteko.
Izena gorabehera, jarduera hau ez dago halabeharrez Appleren iPod aparailuei lotua. Hala ere, iTunes programarekin primeran konbinatzen diren programak badira, iPodder kasu, grabaketa berriak automatikoki ordenagailura ekarri eta gure entzungailuan ezarriko duena.
Orain arte sarean aurki genitzakeen grabaketen ondoan funtsezko beste ezberdintasun bat badu fenomeno honek: irrati saioak baino, funtsean, etxean eginiko grabaketak dira, irrati saioen modukoak baina xaloagoak eta xumeagoak. Askotan ez dute musikarik eta soinuaren kalitatea ez da oso ona, baina audioblogger askorentzat hitzok entzutea da garrantzitsuena, ediziorik gabe eta musikarik gabe bada ere.
Teknologiak bidea errazteak ekarri ohi ditu komunikazioaren arloko fenomenoak: bere garaian autoedizioaren ondorioz herri aldizkariak sortu ziren, kamara eramangarriei esker herri telebistak. Egun, edizio sistema automatizatuek bitakoren fenomenoa ekarri duten moduan, MP3 grabaketak egitea eta sarean eskegitzea gero eta errazagoa izateak ekarri du internauta askok audio grabaketak egitea. Ondorioz, kolektiboa den neurrian bilakatu da moda eta izena ezarri zaio: podcast. Hemen arazo nagusia hosting edo ostatatze zerbitzuen ahalmen falta izaten da, espazio asko eta banda zabalera asko behar baita MP3 grabaketak eskegitzeko eta horiek internauta bakoitzaren ordenagailura jaisteko.
Ingelesez denetariko podcast-ak aurki daitezke, gai anitzen ingurukoak: laburrak, luzeak, gaizki grabatuak, musika dutenak… Askok teknologia berriak dituzte berbagai, Australiako gdayworld.com edo AEBetako geeknewscentral.com kasu. Beste batzuek politikaz jarduten dute, radioproject.org-en Making Contact saioan edo radio.indymedia.org-en kasu. Bloglines zerbitzuan, audio.weblogs.com edo dopplerradio.net helbideetan audioblogosfera ezagutzeko lotura mordoa aurkituko dugu.
Gaztelaniazko blogosferan badira adibide esanguratsu batzuk. Esaterako, Diego Martin blogari ezaguna hasi da bere minid.net bitakoran grabaketak ezartzen. Hasierako grabaketa horietan podcast fenomenoa bera du hizpide eta ahots grabaketa sinpleen defentsa egiten du. Beste bat pjorge.com dugu eta bertan egileak telefono mugikorraren bidez kalean grabatutako gogoetak eta elkarrizketaren bat entzun daiteke. Irrati saio txukun baten forma duen podcast-a dugu informediario.com helbidean aurki dezakeguComunicando izenekoak. Jaime Batiz mexikarrak bere batiz.org webgunean Hablemos izeneko podcast saioa egiten du, ingelesez eta gaztelaniaz, teknologiaz ezezik Mexikoren inguruan jardunez.
Katalanez pof.eslack.org helbidean aurkituko ditugu podcast batzuk. Baina euskaraz oraindik ez da podcast-ik sortu, ez bederen propio izen horrekin. Izan ere, Comunicando bezalaxe, abenduan abiatu zen irratia.com-en aro berriko saioak grabatu eta sarean jartzeaz gain, saio bakoitzaren laburpena egiten da irrati-bitakora honetan eta, MP3 grabaketarako loturarekin argitaratzen da RSS formatoan. Podcast interesgarri batzuen bilduma ikus daiteke sarean.com-en Bloglines bilduman, podcasts izeneko karpetan.
Podcast gehiago
www.bloglines.com/public/sarean
LABURRAK
Aranzabalen liburua
Joxe Aranzabalek blogosfera astindu zuen 2002ko irailaren 15ean Sustatun Medikuak esan dit minbizia dudala mezua idatziz. Bere gaixotasunaren berri eman zion mezu horren bidez bere komunitate telematikoari eta, ondoren etorri ziren beste 16 mezuen bidez, gaitzarekiko bere gorabeheren kontakizuna egin zuen. Askoren iritziz horrek euskarazko kazetaritzan mugarria ezarri zuen, gai tabu bat normaltasunez eta jende aurrean jorratzeagatik. Mezu horiek, horien inguruan sortutako iruzkinek eta hari horrek euskal sarean eragindako erreakzioak bilduz liburua osatu du Aranzabalek, Elkar argitaletxearen eskutik egunotan argia ikusi duena. Dendetan banatzen hasi da jada eta aurki aurkezpenak izango dira hainbat lekutan.
Joxe Aranzabal
faroa.blogspot.com
Itsasikarak kaltetuak
Iragan abenduko itsasikarak hondatutako hainbat guneren artean Sri Lankako Batticaloa eskualde behartsua dugu gehien erasandakoa. Bertan olatuek 2.800 lagun hil zituzten eta bizirik geratu zirenak egoera tamalgarrian daude, kanpoko laguntzarik gabe burua altxatu ezinik. Horregatik, bertako egoeraren berri emateko eta laguntza horri bideratzeko xedez webgunea egin dute Gasteizko eta Munich-eko udaletako Lagundu Batticaloari lankidetza proiektuan. Munich eta Gasteiz hiriek loturak zituzten Batticaloarekin, elkarlanean ari baitziren Europar Batasunak lagundutako MILES proiektuaren baitan. Orain, berriz, berreraikitze lanak eta premiazko laguntza dira proiektu honen xedeak. Webgunea egin dute, besteak beste euskaraz, proiektuaren berri emateko.
Webgunea
batticaloa.geo.ar.tum.de
Otsailak 17, 2005
ARGIA aldizkariaren aste honetako zenbakian bitakorei buruzko erreportaia argitaratu da. Interesgarria, blogen fenomenoa ezagutzera emateko egiten den guztia bezala. Jon Tornerrek idatzi du, aurreko egunean bidali zizkidan galderen erantzunak tartekatuz eta, neure sarean.com aipatzeaz gain, beste euskarazko bitakora batzuen pantailazoak agertzen dira (ederragoak aterako ziren euskarazko Mozillarekin atera balituzte). Zehaztapen garrantzitsua egin behar diot, hala ere, Tornerri…
Erreportaian dioenez, nire helburua “internautei informatikari buruzko aholkuak ematea (…)” da. Sekula ez du inork nire ahotik horrelakorik entzungo, ordea. Izan ere, nire gurutzada pertsonala da jendeak Internet eta informatika bereiztea, hain zuzen ere. Mila bider nabarmendu dut informatikaz ez dakidala gauza handirik, ez da nire arloa eta ez zait gehiegi interesatzen. Komunikazioa da nire kezka eta grina eta, horretarako baliagarri diren heinean, ordenagailuek teknologiek eskaintzen dituzten aukerek liluratuta naukate, bai.
Ez galdetu niri, ordea, programazioari buruz, Windows erabiltzen orain dela gutxi hasi nintzen (beti erabili izan ditudan Mac-ak erabiltzeari utzi gabe), agian horregatik daukat hain argi Internet ezagutu daitekeela ditxosozko Inicio hori zer den jakin barik. Ordenagailuak erabiltzen ikasteak ez gaitu informatikari bilakatzen, informatikari bat webgune bat nola egiten den ikasteak komunikatzaile aditua bihurtzen ez duen moduan… Gero dago teknika-teknologia eta bidea nahastearena, hasieran Marconiri gertatuko zitzaion baina egun inori ez zaio bururatzen esatea irrati esatariak elektronikaz dakienik esatea… Autoedizioa etorri zenetik herri aldizkari batean Mac-arekin maketatzen duen bat ez da tipografo bilakatu… Tira, nire betiko adibideekin txapa ematen hasi naiz, baina benetan, euskaldunak (berez teknofoboak asko) makinetatik urrun mantenduko dira asoziazio maltzur hau behingoz apurtzen ez badugu. Benetan baliabideak ganoraz erabiltzeko ez da ezinbestekoa barruko funtzionamendua erabat ezagutzea… Ala Word-en txostenak idazten dabilen idazkaria informatikaz aditutzat jo beharko dugu?
Bon, detalle ttiki hori kenduta, oso ekarpen ona e! Bitakorak aipatzea (norberarena denean areago, noski) oso ondo dago. Elkarrizketa editatua izan denez, ondoren Argiakoek bidalitako galderak eta nire erantzunak doaz, txapa jan nahi duenarentzat:
Zer da zuretzako blog bat?
Adierazpidea edo kanpora begirako nire ordezkaritza ofiziala. Azken finean, bertan neu jaun eta jabe izanik, nahi dudana adierazi eta zabaltzeko aukera ematen didan argitalpen berehalako, erraz eta merkea.
Zeintzuk dira blog batek hedabide tradizionalen edo beste web gune batzuen aldean dituen abantailak? (Adituek diote -batez ere gai sozio-politikoei dagokienez- blogek ikuspegi kritikoagoa eskaintzen dutela, errealitatea bere osotasunean ulertzeko ezinbestekoak bilakatu direla, eurei esker edonor bilaka daitekeela kazetari, editorerik ez egotean hedabide handietan dagoen kontrolik ez dagoela…)
Abian jartzeko eta editatzeko erraztasuna, berehalakotasuna, iruzkinak jasotzeko ahalmena, dena automatizatua eta merkea izatea… Gainera, zurea blogosfera izeneko multzoan integratzen da, bitakorek loturei, iruzkinei eta RSS jarioei esker harreman handia dutelako euren artean. Blogosfera horrek errealitatearen liseriketa kolektiboa eskaintzen du, arlo bakoitzeko informazioak hartzeko bitakora multzo jakin bat aukeratuta, kalitatezko erreferentzia subjetibo askok prozesatutakoaren emaitza jaso baitezakegu.
Zure ustez, kazetaritza egiteko moduan aldaketarik ekarri(ko) dute?
Dudarik gabe, bai. Begira, autoedizioaren eta Macintoshen agerpenak herri aldizkariak ahalbidetu zituen 90ko urteen hasieran. Aurretik grina bazegoen, baina muga ekonomikoa eta teknikoa zen, agerkari baten maketazioa ez baizegoen edonoren esku. Bitakorekin antzekoa gertatzen da: edizioa erraztuta, dagoeneko ez da beharrezkoa HTML orriak maketatzen jakitea nork bere agerkaria egiteko.
Askotan jorratu dut gai hori eta, egia esan, liluratuta nauka, idazten dakien edonork agerkari txukuna egin baitezake. Kazetarioi, berriz, komunikabideko zuzendaritzak zer esango duen beldurrik gabe idazteko aukera ematen digu bitakora batek, nahi dugun gaia aukeratuta eta nahi dugun beste luzatuz. Hasi berriei, gainera, trebatzeko eta euren buruak ezagutzera emateko aukera aparta eskaintzen die.
Igor Leturiak esan berri du bere blogean mezu askorik jasotzeko itxaropenik ez duela, eta monobloga bihur daitekeela. Blogger batzuk diote euskaraz nabigatzen duen Internauta gutxi dagoela, eta are gutxiago direla blogak irakurtzen dituztenak. Eta zer esanik ez parte hartzera animatzen direnen kopuruaz. Hala ere, aurrera egin behar dela diote. Euskaraz gero eta blog gehiago ari da sortzen, baina zure ustez euskarazko blogek badute etorkizunik? Merezi du euskarazko blog bat sortzeak? Irakurleak parte hartzera animatuko direla uste duzu? Monoblog bilakatuko ote dira?
Antzeko gogoeta darabilkit buruan azken hilabeteotan. Aspaldion internauta euskaldunen topaleku bilakatutako Sustatun horren eragina igarri duten irudipena dut, artikulugile eta iruzkingile fin batzuk buru-belarri dabiltzalako orain, nor bere bitakoran. Bestalde, bitakora horiek guztiak monologo bilakatzen direla dirudi, bakoitzak irakurle eta iruzkin gutxiago dutelako.
Izan ere, euskaraz irakurtzeaz gain idazten dugun internautak hain gutxi izanik atomizazioak, itxuraz, desintegraziora darama. Baina blogosfera, azken finean elkarrizketa handi bat da. Zuk idatzitakoa berria, polemikoa edo bitxia bada, hori irakurriko dute batzuek, idatzi horretarako lotura jarriko dute, jendeak hori irakurriko du eta feedback-a somatuko da iruzkinetan. Badira testu serioago batzuk, nire iritziz inportanteagoak, gutxiagok irakurtzen dituztenak. Baina zer egingo diogu? Irakurleak erabakitzen du zer irakurri eta zer ez.
Bestalde, Josu Landak euskarazko kazetaritza kongresuan esandakoarekin bat nator: euskarazko hitzaldi batean agian lau entzule baino ez dira agertuko baina nork daki, agian hor gerora garrantzitsua bilakatuko den beste zerbaiten hazia egon daiteke. Hemen ezin dugu zenbaki hutsetan pentsatu, erdaldunentzat erridikuluak liratekeen kopuruetan mugitzen garelako, baina gure hizkuntzarentzat ezinbestekoa da besteetan sortzen diren joera garrantzitsu horiek gurean ere isla edukitzea, kopuruz xumea bada ere. Euskarazko bitakorak sortzeak merezi ez duela pentsatzen duenak, finean, euskara galdutzat ematen du.
Zein da blogger bezala zuk daukazun helburua?: Gai baten inguruko irirtziak plazaratzea, eguneroko gauzak kontatzea, eztabaida piztea, informazioa eskaintzea…
Nire kasuan internautei aholkuak ematea, helbide, joera eta fenomeno interesgarriak nabarmentzea. Azken finean internauta euskaldunen sareko ibilerak ganorazkoak eta baliagarriak izan daitezen laguntzea da ekarpen honekin daukadan helburua. Edukiak inportanteak dira eta uste dut edukiz, testu interesgarriz bete behar dugula euskarazko sarea, bakoitzak ahal duen neurrian. Helburu bakarra bisita eta iruzkin asko jasotzea izango banu, bitxikeriak eta testu tribialagoak idatziko nituzke.
Labur azalduta, zeintzuk dira ARGIAren irakurle batek blog bat sortu nahi badu jarraitu behar dituen urratsak?
Bada, biderik errazena Blogger zerbitzuan alta ematea da, minutu batzuren buruan bitakora abian izango baitugu. Itxura moldatu eta aukera berriak gehitzeko, berriz, WordPress, Plone edo Movable Type moduko kudeaketa sistema bat instalatu beharko dugu, baina hori korapilotsuagoa da. Badira instalazioa eginda eskainiko diguten beste zerbitzu batzuk, blogthing.com edo berriemaile.com kasu.
Zer da Bloglines? Zer aurkituko dugu www.bloglines.com/public/euskaraz helbidean?
Bitakorak banaka bisitatu barik horietan dauden azken albisteak webgune bakarrean biltzen dituen zerbitzua da Bloglines, baina badira antzeko gehiago. Bitakorek RSS feed edo jarioak izeneko formatoan ere argitaratzen dute informazioa. Nolabait esateko, formato hori bateragarria eta moldagarria da eta titular horiek beste webgune eta euskarri batzuetan automatikoki publikatzea ahalbidetzen dute.
Helbide horretan norbaitek egindako bilduma dago, RSS feed-a duten euskarazko argitalpenen bilduma. Nik nirea dut, niretzat interesgarriak diren erreferentzia batzuen bilduma, baina edonork berea sor dezake, doako zerbitzua baita.
Otsailak 14, 2005
Aste honetan gurean teknologia arloko albiste nagusia aurki.com bilatzaileak izan duen birmoldaketa dugu, itxura aldaketarekin batera bi zerbitzu berri eta aitzindari jarri baititu abian: alde batetik Google News-en gisako albiste biltzailea da eta bestetik nork bere argitalpenik gogokoenen titularrak bildurik irakurtzeko zerbitzua, Bloglines-en antzekoa. Euskal sarean, bitakora berrien sorreraren ondorioz nabaritzen hasi garen atomizazioari aurre egiteko modua. Gainera, lehengo aurkibide eta bilatzaile zerbitzua ematen jarraituko du Aurkik, diseinu berrian txertatuta.
Euskarazko aurkibide moduan abiatu zen Aurki bilatzailea, bere direktorioa sortu beharrean dmoz.org aurkibidearena erabiliz, euskarazko interfaze batekin bere diseinu propioarekin eta aurki.com domeinuan ezarrita. Garai hartan nagusi zen Yahoo! aurkibide jabedunaren alternatiba irekia zen Open Directory Project (ODP) proiektu interesgarria eta eibar.org elkarteko lagunek, haren egokitzapena egiteaz gain, mundu osorako proiektu horren baitan euskarazko webguneen atala editatzearen ardura hartu zuten.
Hautu egokia eta arrakastatsua izan zen ordukoa: egun ODPtik elikatzen dira Googleren bilaketak eta Googleren aurkibidea Dmoz-en berbera da. Azkenaldion, hala ere, euskarazko webguneen atala zaharkitu xamar gelditzen ari dela soma daiteke, gero eta euskarazko webgune gehiago baitaude eta editoreek agian ez dute nahikoa asti librerik horiek sailkatu eta aurkibidera gehitzeko. Hala ere, sareko azken joeren jakitun dira eibarnautak, euren azken mugimendu honekin ederto erakutsi dutenez.
Alde batetik, webgune bakar batean web eta bitakora askoren azken albisteak ikusteko aukera daukagu, Aurkiren zerbitzu berriak era automatizatuan euskarazko informazioak argitaratzen dituzten hainbat webgune nolabait eskaneatzen baititu, albiste berrien bila. Hasierako orrialdean titularrik berrienak erakusten dizkigu, iturriak gaiaren arabera banatuta eta berrienak goikaldean. Albiste edo artikulu bakoitza duela zenbat minutu edo ordu argitaratua izan den adierazten digu goiburuaren ondoan.
Zerbitzu honen aurrekari ezaguna dugu news.google.com albiste bilgune automatizatua. Horrek 4.500 iturritatik edaten du eta haren gaztelaniazko bertsioak 700 inguru arakatzen ditu etengabe. Aurki.com-en jario honek informazio iturri gutxiago izango ditu, baina dagoeneko nahikotxo dira euskarazko albiste iturriak eta ekimena zentzuzkoa da: webgune bakar batean azken albisteak bildurik ikusteko aukera paregabea.
Bestetik, nork bere gustoko bitakora eta informaziogune euskaldunetako titularrak eta albisteak leku bakar batean bilduta ikusteko aukera ematen du. Aukera pertsonalizatua egin dezakegu, gure kontu pertsonala sortuta, soilik gure interesekoak diren bitakora eta webguneetako azken informazioak jasoz. Gainera, sartu ginen azken alditik guk aukeratutako iturri sorta horretan agertu diren testu berriak soilik erakusteko agindu diezaiokegu Aurkiri. RSS feed-ak edo jarioak bilduz lortzen du informazio hori bitakoretatik zurrupatzea eta guri eskaintzea, argitalpen formato estandar eta moldagarria baita RSS. Bitakora gehienek eta albistegi batzuek dute RSS formatoan argitaratzeko ahalmena eta, ondorioz, horien informazio berriak aurki.com-en ere aurkituko ditugu.
Azkenaldion euskal blogosfera loratzen ari da, gero eta bitakora gehiago sortzen dira euskaraz, baina gorakada horren ondorioz informazioa gero eta sakabanatuago dago. Aniztasun horrek sustatu.com bitakora kolektiboaren zentraltasuna urratu du, bertan gehiago idazten zuten askok orain bitakora pertsonala daukatelako. Komunitatea trinkotzeko balio dute honelako zerbitzuek, internauton nabigazio ohituretan ez baita ohikoa gure gogoko bitakora guztiak banaka bisitatzea.
Gaztelaniaz Feedmania zerbitzua dago eta ingelesez ezagunena Bloglines dugu, baina internauta euskaldun askok ez dute oraindik feed bilguneak erabiltzeko ohitura hartu, honelako zerbitzuak ez baizeuden euskaraz eta euskal blogosferari begira eginda. Aurrerantzean, ordea, gero eta uholde handiagoa dakarren euskal blogosferaren jarioa bilduz, haren eguneroko pultsua islatuta ikusiko dugu Aurkin, begiratu bakarrean.
LABURRAK
Microsoft-en Google-a
Aspaldi iragarrita zegoen baina iragan astean zabaldu zuen Microsoftek ofizialki bere bilatzailea. MSN Search du izena Googleren itxura xaloa eta hainbat ezaugarri kopiatzen dituen bilatzaileak. Helburu argia du Bill Gatesek bilaketa robot honekin: Googleri bilaketen nagusitasuna kentzea. Horretarako, lehenago Explorer nabigatzailearekin, MSN messenger mezularitza sistemarekin, Windows Media Player multimedia programarekin eta beste baliabide askorekin egin duen moduan, erabiltzaileari bere programa inposatzen saiatuko da. Horretarako sisteman txertatuko du eta mahaigaineko bertsioa ere instalatuko du Windows sistemarekin batera. Kostatuko zaio, baina, Googleren abantailei aurrea hartzea.
Aizkolaria eta teknosexua
Hemen askotan nabarmendu dugunez, ez du zertan inkonpatiblea izan euskaldun eta teknofiloa izateak, baserritar, aizkolari, sukaldari, muslari, txikitero eta orohar, basko arketipikoaren ezaugarriren bat (edo batzuk) izatea bateragarria baita teknosexuala izatearekin. Gari araolazak berak bere Teknosexua bitakora berrian eman digu adibidea: bitakora itxurako webgunea duen aizkolaria dugu Ernesto Ezpeleta Bihurri eibartarra. Araolaza, berriz, bere teknofilia lotsarik gabe erakusten duen geek moduan ageri da euskaraz teknologia kontuak jorratuz.
Korrikaren bideoa
Korrika 14ren kanta eta haren inguruko bideoklipa egin du Afrika kantari algortarrak. Asteburuan kaleratuko dira biak, prentsaren bidez, baina itxaron nahi ez duenarentzat sarean bertan eskuratzeko aukera dago. Kantua Korrikaren webgunean bertan dago, MP3 formatoan eskuragarri; bideoklipa, berriz, irratia.com irrati-bitakoran eskura daiteke MPEG formatoan.
Otsailak 10, 2005
Euskal Herriko udal batzuk, haririk gabeko Wi-Fi teknologia baliatuz, udalerriotako gune asko estaltzeko sareak egiten hasi dira azken urteotan, herritarrei doan edo oso gutxi ordainduta Internetera sartzeko aukera emateko. Sare horien bidez herritarren Internetera sartzea bultzatu nahi dute, sarbidea unibertsalizatzeko bidean, Wi-Fi teknologiak hori modu erraz eta nahiko merkean egitea ahalbidetzen duela profitatuz. Baina Espainiako administraziotik honelako ekimenak babestu beharrean, CMT erakundea honelako sareak ixten ari da, doako sarbidea emanez telekomunikazio enpresei konpetentzia ez leiala egiten dietela argudiatuta. Jokoan dagoena zera da: sarerako sarbidea ezinbesteko zerbitzu unibertsaltzat hartzen den eta ondorioz, errepideak edo osasuna bezala, administrazio publikoek berau biztanle guztiengana heltzeko ardura hartzen duten.
Sopelan, Donostian, Oņatin eta, duela gutxi Etxebarrin honelako sare publikoak sortzeko proiektuak jarri dira abian eta batzuk dagoeneko martxan daude. Areatza, Artea, Bakio eta Portugaleteko udal eraikuntza batzuetan ere honelako sareak hedatu dituzte eta gehiago etorriko dira ziurrenik. Izan ere, EAEko SPRI erakundeak dirulaguntzak ematen ditu jende asko dabilen leku irekietan honelako sareak ezartzeko, besteak beste, udaletxe, liburutegi, ospitale, geltoki, museo eta hoteletan. Dirulaguntza jasotzeko baldintzetako bat, hala ere, sare horren erabilera edonorentzako irekia eta doakoa izatea da, lehenengo urtean bederen. Beraz, Interneterako sarbidea SPRIren aburuz babestu beharreko interes publikoa den bitartean, Espainiako telekomunikazioen merkatua arautzen duen batzordearen (CMT) iritziz, telekomunikazio enpresen negozio eremua da eta euren interesak babestu behar dira sarbide unibertsalaren gainetik.
Atarfe herriarena kasurik ezagunena bilakatu da Espainian. Granadako herri horretan alkateak hitzeman zuen haririk gabeko sare publikoa zabalduko zuela, herriko 12.000 biztanleei doako sarbidea emateko. Berbatutakoa betez sarea hedatzeari ekin zion udalak baina herriko Internet hornitzaile txiki batek CMTren aurrean udala salatu zuen. Honek, borroka luze baten ostean arrazoia eman zion salatzaileari, egungo telekomunikazioen legearen arabera lehia librea babestu behar baita, ez sarbidearen unibertsalizazioa. Honen ostean Bartzelonako udalaren Sense Fils proiektua itxi du CMTk, dagoeneko hirian 11 sarbide puntu zituena. Pontevedrako Ponterareas herriko udalari ere berea itxiarazi dio, bertako ziberkafe baten salaketaren ostean. Udalek ezarritako beste sare guztiak ere arriskuan daude, nahikoa baita kaltetutako enpresa baten salaketa CMTk espedientea zabaltzeko. Ez da horrela gertatzen, ordea, sarea erabiltzaile talde batek hedatua denean.
Hori ikusita galderak datozkigu burura: sare hauek administrazioak jarri behar ditu? Momentuz jende gutxik erabiliko duen sare publikoa denon diruarekin ordaindu behar da? Aurki aparailu eta leku askotara hedatu eta haziko den komunikabidea da Internet, ezagutzaren gizartea delakora sartzeko bidea. Garapenaren bidean jarraituko badugu erantzunak baiezkoa izan behar duela dirudi beraz. Hala ere, horrek ez du esan nahi herritarrek euren udalak bere sarea ezarri arte itxaron behar dutenik. Badira bestelako ereduak ere, Huescako Altorricon herriarena kasu. Banda zabaleko konexiorik ez zuten herrian eta, Telefonicari ADSL zerbitzua herrira ekartzeko behin eta berriro eskatu ostean, erantzunik jaso ez zutenez, euren kabuz egitea deliberatu zuten. Ondoko herri batean ADSL batzuk alokatu eta seinalea Wi-Fi teknologiaren bidez eraman dute eta gero seinalea etxerik etxe banatzen dute, herri osoa estaltzen duen haririk gabeko sarean. Hor ez dago lehiakortasun librerako aukerarik, banda zabalaren eremuan behintzat, lehiakideek ADSLrik ezin zutelako eskaini. Gainera, udalaren babesa izan arren, bizilagunek osatutako elkarte bat izan da ekimenaren bultzagilea. Hortaz, CMTk ezin izango luke espediente baterako argudio handirik eman.
Administrazioak eman ezin duen lehia libreko zerbitzutzat hartua dago egun Espainian Interneterako sarbidea, horretara dedikatzen diren enpresa lehiakideak (telefonia enpresak egun) kaltetuko lituzkeelako. Gogoratu behar dugu duela urte gutxi batzuk telefonia enpresak ez zirela sarbidea ematen zutenak, hornitzaile pribatu batzuk baizik. Normalki enpresa txikiak edo elkarteak izaten ziren eta batzuek zerbitzuagatik kobratzen zuten baina beste batzuek bazkidetza baizik ez zuten eskatzen. Ondoren, telefonia enpresa berri eta handiak etorri ziren eta hornitzaile txiki gehienek itxi behar izan zuten, horiekin ezin zutelako lehiatu.
Gero eta ugariago dira wireless edo haririk gabeko konexioak, baina ez dira udalak edo hotelak honelako sareak ezartzen dituzten bakarrak. Unibertsitateetako kanpus batzuetan badira honelako sareak eta, adibidez, Leioako kanpus osoa estaliko duen sarea hedatzen ari da EHU. Erabiltzailen komunitateak teknologia honen onurez jabetzen lehenak izan ziren eta, AEBetako adibideak jarraituz, wireless komunitateak sortu dira han-hemenka. Software librearen filosofia bera duten bizilagun taldeak dira, sarerako sarbideak ere unibertsala izan behar duela aldarrikatzen dutenak. Horiek ezagutzeko bilbowireless.net edo arabawireless.net bisitatzea besterik ez dugu eta bertan ikusiko dugu zeintzuk diren uneoro erabilgarri dauden sarbide puntuak. Guztiz alegalak dira sare hauek, gehienetan herritarren etxeetan dauden ADSL konexioetatik bideratzen baitute Interneterako sarbidea eta konexio horiek herritar edo enpresa batek telekomunikazio enpresa batekin hitzartutako zerbitzuak dira. Horien kontratuetan zehazten da zerbitzua ezin dela lantoki edo bizileku horretatik kanpo eman… Baina uhinek ez dituzte bizilekuaren muga fisikoak errespetatzen eta, sarritan, bizilagun batzuren artean konexio bakarra ordaintzen dute.
Otsailak 3, 2005
Gure arteko ordenagailu gehienek Windows sistema eragilea erabiltzen dute, baina, azken finean, hori aukera bat besterik ez da eta badira beste sistema batzuk. Gero eta gehiago entzuten da ordenagailu askok, Windows edo Macintosh sistema erabili barik Linux erabiltzen dutela. Sistema librea da Linux, filosofia iraultzailekoa, doakoa eta ahalmen handikoa. Gainera euskaraz ere badaki, birusen aurrean seguruagoa da eta aurki ikastola eta liburutegi publikoetako ordenagailuetan ikusiko dugu.
Windows jabedun sistema da, Microsoft enpresarena. Berau erabiltzeko lizentzia ordaindu behar zaio Microsoft-i, baina jende askok ordaindu gabe erabiltzen du Windows. Euskal Herrian erabiltzaileen erdiak inguru bertsio pirata du instalatuta bere makinan. Microsoft gero eta traba gehiago ari da jartzen Windows ordaindu gabe erabiltzen dutenei. Laster abian jarriko duen identifikazio programak horiei hobekuntzak ukatuko dizkie. Ondorioz, jende askok Windows ilegal horiek baztertu eta Linux libre eta legezkoa erabiltzen hasiko dela uste dute adituek, lizentziak ordaintzea eskatzen ez duelako.
Datozen urteotan software libreak garapen izugarria izango duela aurreikusten dute adituek. Administrazio publiko asko Linux erabiltzen hasiko dira eta morrontza teknologikotik askatzen. Batez ere herrialde pobreetako zenbait gobernu izan dira konturatzen lehenengoak lizentziak ordaintzeak dakarrenaz. Esaterako, Brasilgo gobernua guztiz sinistuta dago software librea herrialde azpigaratuentzako tresna informatiko bakarra izan behar duela eta bere Linux banaketak garatzen ari da, herrialde osoko administrazio eta eskoletan ezartzeko.
Horretaz konturatu da Microsoft eta, fundazio baten bidez, herrialde horietan Windowsdun ordenagailuak ezarri nahi ditu. Namibiako Schoolnet elkartea, horretaz konturatuta, ezetz erantzun zion Microsoft-en “laguntza” eskariari, enpresak Office programa sortaren 2.000 dolarreko salneurria zuten lizentziak eskaini baizizkion elkarteari, honek Windowsen lizentziak erosiz 9.000 dolarreko gastua egiten bazuen. Windows-ekin jarraitzea dependentzia teknologikoan sakontzeko bidea zela erantzunez.
Garapen bidean dauden herrialdeek ere lizentzien morrontzatik askatzeko bidea ikusi dute software librean, jakintza eta aurrerapena diruaren mende egon ez dadin. Duela gutxi, Linuxen eraginez bere irabaziak kolokan dituen Bill Gatesek, software librea gutxietsi nahian, halako “komunismo modernoa” dela esan du, softwareagatik ordaintzea.
Programa horiek eskuratzeko muga ekonomikoak ezabatuta, oraindik konexioaren arazoa lotzen zaigu, planeta osoak sarerako doako sarbidea izatea. Mundu osoak Interneterako sarbidea duenean, orduan lortuko da entziklopedisten ametsa, jakintzaren unibertsalizazioa.
Non erosi dezaket eta zenbat ordaindu beharko dut sistema hori instalatzeko?
Sistema libreak doakoak dira. Sareko hainbat lekutatik deskargatu daitezke ezer ordaindu gabe. Normalki, CD bat osa dezagun, 700 Megabyteko ISO artxibo handi bat edo bi eskuratu behar izango ditugu, beraz, hobe izango dugu ADSL edo kable konexio indartsua edukitzea artxibo horiek eskuratzeko. Linux sistemaren bihotza bakarra izanik, banaketa izeneko sortetan instalatzen eta banatzen dira. Banaketa bakoitzak, Linux sistemaz gain, makinak funtzionatzeko behar dituen programa guztiak dakartza: nabigatzaileak, idazteko programa, kalkulagailua, jokoak, zientzia aplikazioak, filmak ikustekoak, musika edo sareko irratiak entzutekoak… Geroago ere, nahi izanez gero, programa jakinen bat eskuratzeko aukera izango dugu edozein momentutan. Izan ere, sarean badira Linux sistemarako denetariko programak biltzen dituzten webguneak, Source Forge kasu. Gainera, programa hauek sistema beraren filosofia jarraitzen dute: doakoak dira eta gainera kode irekikoak, hau da, sortzaileak baimena ematen die beste programatzaileei programa aldatu eta hobetzeko, hobekuntzaren emaitza komunitatearen onerako izango delakoan.
Mandrake izeneko banaketa sarean eskura daiteke, doan eta euskaraz. Eusko Jaurlaritzaren Euskarazko softwarea atalean. Bertatik Mandrake Linux 10 Euskaraz jaitsi dezakegu gure ordenagailura (713 Megabyte). Ondoren, ISO artxibo hori CDra pasatu eta handik instalatu dezakegu Mandrake euskaraz. Ez dugu zertan Windows kendu, instalazio programak berak gure diskoa erdibituko baitu, edozein momentutan zein sistemarekin abiatu aukeratu ahal izan dezagun
Beste programa libreak
Sistema eragilea ezezik, badira software libreko beste programa asko, haietako batzuk Windows sisteman ibiltzeko eginak. Esaterako, orain oso ospetsua bihurtu den Firefox nabigatzailea, Explorer baino hobea dena edo bere bertsio osatuagoa den Mozilla sorta. Testuak idazteko, kalkulu orriak egiteko eta datu baseak osatzeko Office programa erabiltzen den bitartean, haren bertsio librea da OpenOffice.org bikaina. Bada, haren euskarazko bertsioa ere aurkituko dugu lehen aipatutako helbidean.
Bestelako banaketak ere badira, zeregin zehatz batzuetarako aplikazioekin, leku jakin batean erabiltzeko konexio datuak eta logotipoak dituztenak. Esaterako, Extremadurako gobernuak bertan banatu duen Linex oso famatua eta eredugarria bihurtu da munduan, instalatzeko CDen banaketa masiboa egin baizuen hango gobernuak biztanleen artean. Badira Andaluziako Guadalinex, Valentziako Lliurex eta Aragoeko Augustusx. Laster Gipuzkoako Foru Aldundiak Ginex banaketa gipuzkoarra herritarren artean banatzea espero du… Dagoeneko badugu gure ordenagailua erabat aldatu eta bide librean abiatzeko aukerarik. Ausartuko zara bide librean lehenengo urratsa ematen?
Otsailak 2, 2005