Basque Electronic Shepherds' Meeting sarean.com » 2005 » Urtarrila

Urtarrila, 2005 hilabeteko artxiboa

Eguraldia eta elurra sarean

Eguraldia bihurtu da azken egunotako hizpide nagusia. Batzuentzat etxean geratu eta lanera ez joateko arrazoi edo aitzakia da elurtea. Beste batzuentzat, ordea, etxetik atera eta eskiatzera irtenaldia prestatzeko zioa da. Gaur, eguraldiari buruzko informazioguneak aipatzeaz gain, elurraz gozatzeko sareak eskaintzen digun laguntza aipatuko dugu.

Irrati eta telebistetan ezbehar handi eta ezustekoa gogora ekartzen duen urduritasunez ari dira jarraitzen frontearen ibilera, gerra frontea bailitzan eta errepideak horren isla dira, beste leku batzuetan aparteko arazorik sortuko ez luketeen lauzpabost elur malutek sekulako kaltea egiten dute hemen, batik bat kostaldean guztiz ezohikoa baita elurra. Etxetik irten aurretik gure ibilbidean oztoporik izango dugun begira dezakegu Interneten.

Esaterako, EAEko trafikoari eta errepiden egoerari buruzko informazioa dago Eusko Jaurlaritzaren euskadi.net berrituan, hasieran agertuko zaigun erdarazko orrialdean euskarazkora pasatzeko eu dioen lekuan sakatu ostean. Nafarroako gobernuaren cfnavarra.es webgunean berriz, are zailagoa izango dugu euskarazko informaziorik aurkitzea, gogoz saiatuta ere, baina gaztelaniaz eguraldiaren eta errepideen gaineko informazioa aurkituko dugu.

EITBn gure inguruko hainbat estazioren webguneetarako lotura zuzenak aurkituko ditugu. Estazio bakoitzaren gaineko informazioa ere badago baina ostiraletan eguneratzen da soilik. Aldiz, skiinfo.fr webgunean, Frantziako ski estazioen egoerari buruzko informazio eguneratua dago: bakoitza irekita dagoen, zenbat elur dagoen, zenbat kilometrotan eskiatu daitekeen eta elurra nolakoa den. Antzeko informazioak eta beste asko aurkituko ditugu Espainiako soloski.net domeinuan.

Munduko edozein bazterretan eskiatzeko prest bagaude, berriz, nahiko interesgarriak dira nevasport.com webgunea gaztelaniaz eta goski.com ingelesez. Nevasport-en, bestalde, hasiberrientzako erreportaiak aurkituko ditugu eta forfait-ak, erremonteak eta bestelako kontzeptuak azalduko dizkigute. Eski mota ezberdinen informazioa eta gure ezaugarrien arabera beharko dugun ekipamenduaz aholku batzuk emango dizkigute eta galderak egiteko eztabaidaguneak ere aurkituko ditugu, gure zalantzak beste internautek argi diezazkiguten.

Baina eski estazio bakoitzak bere webgunea ere izaten du eta hor aurkituko ditugu, inon baino zehaztasun handiagoarekin, bertako egoeraren informazioa. Gure inguruan, esaterako, la-pierre-saint-martin.com edo valdezcaray.es webguneek estazioen gaineko jakingarri guztiak eskaintzen dituzte. Arettekoak, gainera, unean uneko egoera erakusten duen webcam bat du.

Zuzeneko irudiak ikus ditzakegu, halaber, herrialde osokoak eskaintzen dituen andorraonline.ad domeinuan edo mundu osokoak eskaintzen dituen snowpipe.com atarian. Bestalde, soloski.com-en bezala, bidaiak, ikastaroak, egonaldiak eta bestelako produktu asko aurki ditzakegu mundoski.com webgunean. Hala ere, akaso nahiago dugu aldez aurretik leku bat aukeratzea eta ondoren oporraldi osoa biltzen duen duen eskaintzaren bat bilatzea, bidaia, egonaldia eta pistetarako sarbidea bere baitan hartzen duena. Horretarako pirineos.com, guiasesqui.com edo esquinieve.net erabili ditzakegu. Lekua hain garrantzitsua ez bada, hobe izango dugu ohiko bidaia agentzietan dauden eskaintzetako bat hartzea, viajeseroski.com webgunekoak kasu.

Denda moduan hasi eta Interneteko negoziorik arrakastatsuenetakoa dugu aspalditik Barrabes denda. Bere barrabes.com domeinuan, ekipoa erosteaz gain, dagoeneko informazio mordoa aurki dezakegu mundu osoko estazioei buruz. Neguko kirol guztiak kontutan hartzen dituen albistegi txukuna du webgune honek, baita erreportaiak eta aholkuak ere.

Ez da elurrik faltako egunotan, akaso sobera ere izango da. Beraz, bidea ezagutzen ez badugu hobe izango dugu guiacampsa.com edo viamichelin.com erabiltzea. Ondoren, arestian aipatutako helbideetan begiratu, errepidean arazorik dagoen ikusteko eta ez ahaztu kateak eta gainerakoak eramatea.

LABURRAK

Wireless jardunaldia gaur
Haririk gabeko konexioen gaineko jardunaldia antolatu du Araba Enpresa Digitala ekimenak gaur arratsalderako, Miñaoko teknologia parkean. Wi-Fi konexioen funtsa ezagutzeaz gain, bere aplikazioak, abantailak eta arazoak ezagutzea da jardunaldion helburua. Halaber, teknologia hori arautzen duten legeak eta lege horiek aplikatzeko orduan sortzen ari diren arazoen inguruan jardungo dute bertan; izan ere, telekomunikazio enpresei konpetentzia egiten diela argudiatuta, Espainiako CMT erakundea hainbat herri eta hiritako Wi-Fi sare publikoak debekatzen ari da azkenaldion. Trafikoaren kontrola eta enkriptazioa ere izango dute hizpide bertan. Doako hitzaldia izango da baina entzule kopuru mugatukoa.

Doako egunkarien gerra
Aspaldi iragarrita zegoen doako egunkarien gerra heldu da Bilbo aldera. Orain arte webgunerik ez duen El Nervion jaun eta jabe bazen ere, iragan astean Que egunkari espainiarraren Bilboko edizioa agertu zen. Aurrekoan bezala euskararen presentzia hutsaren hurrengoa den Que Bilbao-k zabaldu duen webgunean izena emandako irakurleek idazteko aukera dute, Ohmynews korearraren bertsio mugatuan. Ondoren egunkariak albiste horietako batzuk argitaratzen ditu paperezko edizioaren orrialde batean.

Estatistika interesgarriak
Euskal Herriari buruzko datuak aurkituko ditugu Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak sarean ezarri duen Datu Talaia izeneko webgunean. KAM enpresaren webgunean ostatu hartuta dagoen webgune honek demografia, ekonomia, gizartea, euskara eta hezkuntza arloko hainbat estatistika, herriz herrikoak, herrialdeka eta Euskal Herri osokoak biltzen ditu. Datutegi honen aurkezpena bere burua ere aurkezteko baliatu du Gaindegia sortu berriak. Gure herriaren sozio ekonomia esparru zabala biziberritzea du helburu eta gaindegia.org izango da elkarte honen webgunea.

Iruzkina gehitu Urtarrilak 27, 2005

Macintosh-ek hogeita bat urte (eta egun bi)

Ordenagailuekin lan egiten dudan azken aldion (kazetari, diseinatzaile, irratigile eta komunikatzaile guztien moduan), ezagutzen ez nauten batzuek informatikaria ote naizen galdetzen didate. Nire eguneroko borroka da Interneti komunikazio eremu moduan aurkeztea, azken finean irrati esatari bat edo diseinatzaile bat baino askoz gehiago ez dezaten nahastu bidea eta edukia teknika eta teknologiarekin. Uste dut ordenagailuak arrotz eta fidagaitz moduan hartzeko joera hori herritarren artean hain zabaldua izatearen errua, zati handia bederen, ez dela Eniac-ena edo abakoarena, Bill Gatesena baino. Windows sistema kaxkarrak oraintsu arte izan du mezpretxuz begiratzen zion iluminatu talde txikia baina harroa: Mac-eroak.

Ni neu luzaro izan naiz maczale amorratua eta oraino ere banaiz, jada konbertitu berriaren indarraz ez bada ere. Duela bederatzi urte, 1995eko bukaeran, Performa 630 CD izeneko neskatoa aurkeztu zidatenean liluratuta geratu nintzen berarekin. Orduko dirutza kostatu zen, baina, zenbat gauza egiteko gai zen! Ordurako bazegoen Windows 3.1 sistema, baina Macintoshen kopia eskasa zen. Mac-a eta Stylewriter txiki bat erabiliz tipografia eta maketazio txukuneko testuak, panfletoak, aldizkariak eta kartelak egin nitzakeen, PCetako tipografia eta maketazio kutreak baino mila bider hobeak.

Denetarik sartzen zitzaion: Freehand 4.5, QuarkXpress 3.0, Photoshop 2.0 eta beste. Lagun batek utzitako zuri-beltzeko eskaner bakanetakoarekin Me, the Media sentitzen nintzen. Handik urtebetera sarera konektatu nuen eta, are liluratuago utzi ninduen mundua zabaldu zen, komunikazio esparru globala nire eskuetan! Performa zahar harekin euskal sarearen mugarri ezagun eta izengabeetako batzuk ezarri ziren, dudarik gabe. 1998ko azaroan iMac berria erosi nuen eta 2000ko abenduan orain hau idazten ari naizen iBook-a, bere bost urteekin azken Mac OS X motorra motel baina osasuntsu duena.

Onartu behar dut duela bi urte Windowsdun PC bat erosi nuela, baina sorkuntza lan gehienetarako, postarako eta paperarekin lotutako edozertarako mac-a erabiltzen dut eta mac guztiek baino buruko min gehiago eman dit PCak denbora gutxian.

Baina Mac-a, ezagutu nuenerako, dagoeneko ia 12 urte zeramatzan martxan. Steve Jobsek 1984ko urtarrilaren 24an aurkeztu zuen zinema batean, ikusle multzo liluratuaren txalo artean. Macintosh hura izan zen ordenagailuen erabilera informatikaren mundu kriptiko eta itxitik aldentzeko lehendabiziko urratsa, “ordenagailuak lan egin dezan guretzat, ez alderantziz”: leihoak eta karpetak, klik-klik eta sagua, arrastaka eraman, ikonoak, zaborrontzia… Kazetariak, diseinatzaileak eta komunikazio arloko jendearen lana eta irudimena gauzatzeko ezinbesteko tresna izan da Mac-a bi hamarkada hauetan.

Gero dago prezio altuen kontua, jabedun sistema izatea, dagoeneko Windows-ekiko hain alde handia ez egotea… Baina behintzat Applek makina ere fabrikatzen zuen eta inoiz ez du praktika monopolistikorik egin (bestela sistema liberalizatuko zuen aspaldi eta Windowsek egin duena egin). Kalitatea eta problemarik ez ematea ere eskertzen diren kontuak dira, haren originaltasuna estimatzen dudan era berean.

Eduardo Arcos-ek aurkezpen haren bideoa eskuratu eta bere bitakoran ezarri du. Oso bitxia da imaginatzea orduko konpetentziari (Windows ez zegoen, noski) zelako aldea ateratzen zion makina hark (ordenagailuak aurkezpenean txiste bat kontatzen du IBM makina bati buruz: “never trust a computer you can’t lift”, esaten du). Merezi du ikusteak, 20 megako bideoa bada ere, jendearen harridura aurpegiak makinak berak zer egiteko gai den erakusten duenean.

Iruzkina gehitu Urtarrilak 26, 2005

Filmen Bit zaparrada geldiezina

Filmak doan eskuratzeko biderik azkarrena da egun BitTorrent programa librea eta dagoeneko Hollywood-eko film gehienak estreinaldia baino lehen eskura daitezke bertan. Egungo Zinearen eta bihar-etziko telebistaren bidea zein izango den zehazten ari da, ikusi nahi duenarentzat bederen. Erezu zaharkituari eutsi nahi dion industriak ezin du zaparrada gelditu eta ez du oraindik beste negozio eredurik proposatu.

Musikaren industriak mehatxatuta ikusi genuen Napster librearen amaiera eta geroago Audiogalaxy sarearena. Napsterrek puntu ahula zuen, zerbitzari zentral batzuek koordinatzen baizuten trafikoa. Audiogalaxyren ahulezia artxiboen bilaketak webgune baten bidez egitea zen. Baina BitTorrent-en eredua zentsuragaitza da itxuraz, ez baitauka zerbitzari zentralik. Programa, berriz, guztiz legala den bestelako fitxategien trukerako sortua da. Zentrorik gabeko sare horiek gero eta zentsuragaitzagoak dira, hobekuntzak norabide horretan baitoaz.

Duela bi hilabete argitaratutako ikerketa baten arabera, sareko trafiko osoaren %35 BitTorrent truke sareen artekoa da. Arrakasta horren gakoa programaren funtzionatzeko eran dago. Kazaa edo Morpheus sareetan artxiboak osorik eskuratzen dira baina hemen, eMulen bezala, filma zatitu egiten da hasieran. Ondoren, zatiok beste erabiltzaile batzuen ordenagailuetan sakabanatzen dira, horrela bakoitzak badu elkarbanatzeko zatiren bat. Orduan hasten da hedapen masiboa, iturri bakarra barik hainbat daudenean. Minutu edo ordu batzuren buruan iturriak milaka izan daitezke eta horregatik deskargak izugarri azkartzen dira. Deskargatzen ari garenean beste bat ari da gure makinatik hartzen. Beraz, film jakin bat zenbat eta lagun gehiago hartzen egon, azkarrago eskuratuko dugu film osoa, zati guztiak bilduta.

Beraz, eMuleren antzekoa da baina azkarrago doa ez daukalako itxaron ilararik. Hala ere, eMule edozein motatako artxiboak elkarri emateko erabiltzen den bitartean, BitTorrent film atera berriak trukatzeko erabiltzen da gehienbat, modan dauden une horietan jende askok baititu zatiok eta errazagoa da milaka erabiltzaile horietako baten makinatik artxibo zatiren bat eskuratzea. Gainera, eMulek aldi berean hainbat artxibo eskuratzen ditu, banda zabalera horien artean banatuz eta bakoitzaren deskarga egunak edo asteak atzeratuz. BitTorrent-ek berriz eskatutako artxiboak banaka eskuratzen ditu, nahiz eta zatiok makina ezberdinetatik hartu, bakoitzaren deskarga azkartuz. ADSL arrunt bat edukita, ordu gutxiren buruan izango dugu gure makinan 700 Megabyte okupatzen dituen DivX filma.

Kode irekiko programa da BitTorrent, eMule bezala, beste internauten ekarpen eta hobekuntzei irekia eta ez komertziala. Bere sortzaile Bram Cohen-ek esker oneko erabiltzaileek borondatez ematen dioten dirua baino ez baitu jasotzen eta programa doan eskura daiteke bittorrent.com webgunean. Kode irekikoa izanik, badira beste batzuek eginiko bertsioak edo bestelako itxura grafikoa dutenak, baina funtsean programa bera dira.

Filmak eskuratu eta digitalizatzen duen geek koadrilla horren baitako lehia dago, zeinek lehenago film berria eskuratu, digitalizatu eta truke sareetan ezarri. DVD formatoan ateratako guztia dago sare horietan baina, nork baino nork 700 Megabyteko DivX artxiboa kalitate hobearekin jarri ez bada, hor ez dago lehia nagusia. Aretoetan estreinatu eta berehala sarean dira filmak, DVD formatoan atera baino lehen. Gehienak zine aretoetan bertan ikusleren batek grabatuak dira baina halamoduzkoak dira: zaratak eta eztulak entzuten dira, kamara mugitzen da eta soinua oso eskasa da. Baina badira irudia zein soinua primerakoa duten screener batzuk. Ongi grabatuak dira, kamara on batekin eta tripodeak erabiliz, soinua zuzenean proiektagailutik hartua dute eta bistan da proiekzio pribatu batean grabatuak direla. Susmagarriak, noski, zine aretoetako langileak dira.

Baina dagoeneko estreinaldia baino lehen agertu ohi dira film asko. Nola demontre lortzen dituzte pirata horiek filmak estreinatu baino lehen? Industriaren baitako satorrak. Zinemagintzan sartuta dauden gileak edo zinema kritikariak dira susmagarriak, industriak eta FBIk lehenengo harrapatu nahi dituztenak.

Wired aldizkariaren urtarrileko zenbakiak erreportaia bitxi xamarra dakar honen gainean. Gakoa banaketaren lehenengo urratsean dagoela dio bertan ikerketa lana egin duen Jeff Howek. Cyberpunk nobeletako erresistenteenak baino sare ilun eta itxiago baten deskribapena egiten du Howek, sentsazionalista eman zezakeen deskribapenean, baina kontutan hartu behar da film garrantzitsu bakoitzarekin ehunka milioi dolar daudela jokoan. Talde itxi horietan banatzen da lehendabizi filma eta geroago pasatzen da BitTorrent edo eMule sareetara, Howek dioenez.

Zentsuratu nahian errepresioaren bidetik jo nahi duen Hollywoodek jai dauka, P2P sareak emendatuko baitira datozen urteotan. Are, telebistak ere igarriko du laster truke sareen eragina. Dagoeneko telebista saio asko BitTorrent-en daude, bitxiak zirelako edo zati jakin batzuk dira. Baina laster sarea horien bidezko telebista programen aukera izugarria izango da, gero eta jende gehiagok banda zabalera handiagoa eta merkeagoa baitu etxean. Mahainguru zenbaitetan industriakoekin eztabaidatu ostean, Bram Cohen-ek argi dakusa: “edukien mundukoek ez dute ideiarik”. Baina negozio eredu berria aurkitzeko garunak estutu beharko dituzte, zaharrarenak egin baitu.

Adibidez, Cybersky zerbitzuak P2P streaming erabiliz telebista eskaintzen digu. Beste eredu bat izango da sarean eskuragarri aurkituko ditugun milioika artxiboen artean onenak aukeratuko digun zerbitzua, Amazonek liburuekin egiten duen moduan filmak eta telebista saioak gaiaren eta gure gustuen arabera eskainiz, edukietarako aholkulari gisa. Hori da gutxi gora behera egun eMuleko filmen loturak eskaintzen dituzten webgune horiek egiten dutena baina publizitatea gabe eta bahe lanagatik ordainduta. Beste bat filmen deskargak industriak berak eskaintzea, material onaren berme gisa, baina internautentzat onargarriak izango diren oso prezio baxuetan.

BitTorrent
bittorrent.com
Cybersky
www.tvoon.de/ctv

Iruzkin 1 Urtarrilak 20, 2005

Etorkizuneko gizarte teknologiko posibleak

Aurreko asteotan 2004ak emandakoa eta 2005ean zeresana emango duten joera batzuk aipatu ditugu. Iragarpen teknologikoek, ordea, askoz urrunagora begira egin daitezke eta, somaketari zein bilakaeraren proiekzio zientifikoari imaginazioa gehituz, etorkizun posibleak proposatu daitezke. Prospektiba iragarpenaren eta proposamenaren arteko nahasketa da, bihar-etziko gizartean aukerarik onenak gailentzea helburu duena. Balizko gizarte horretarako proposamen gehienak arrunt interesgarriak dira.

Gurean Eneko Astigarraga dugu teknologia gizartearen arloaren gaineko prospektiba egiten duten bakanetakoa, euskaraz gainera. Deustuko unibertsitateak Donostian duen Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean prospektiba irakasten du berak. Baina zer da prospektiba? Astigarragak berak bere bitakoran euskaratu du OECD erakundeak ematen duen definizioa: “epe luzera zientzia, teknologia, ekonomia eta gizartearen etorkizuna aurreikusteko saiakera sistematikoen multzoa da, helburutzat onura ekonomiko eta sozial handienak eragingo dituzten teknologiak identifikatzea duena”. Haren bilakaera ikusita, garapen teknologikoak nora eramango gaituen aurreratzea da prospektiba, baina era berean beronen norabidean eraginez, norabide egokirantz bideratzen saiatuz.

Batzuetan, gehienetan, prospektiba nork bere nahiarekin nahastuz egiten da, Gipuzkoa 15 urte barru nolakoa izango den eta izan beharko lukeen aurreratu nahi duen g2020.net webgunean kasu. Gaian zeresanik duen eragile ororen arteko hausnarketatik etor daiteke iragarpenik zehatzena. Horregatik bitakorek egiten duten datuen liseriketa kolektiboak ganorazko iragarpena egiten laguntzen du. Gureari besteen somaketak gehituta, basoa hobeto ikuskatzeko aukera izango dugu, nork bere inguruko zuhaitzen berri eman beharrean. Azken finean, Eneko Astigarragak Ibarretxe lehendakariak azken aldian asko errepikatzen duen esaldia aipatuz dioenez, “etorkizuna gure eskuetan dago”. Kennedyren ahotan jartzen du kontzeptu hori newyork2050.org webguneak, ground zero-n zer egin behar zen erabakitzeko ekimen arrakastatsutik abiatuta, hausnarketa kolektiboaren bidez hiriaren etorkizuna zirriborratzeko ahalegina denak.

Prospektiba ez da zientzia bat sensu estricto, baina iragarpenak egiteko somaketa eta metodo zientifikoa erabiltzen ahalegintzen da, ahal den neurrian, bere iragarpenak oinarritzeko, azti lan hutsa egin barik. Baina joera txarrak sumatzen badira horiek aipatu behar dira, noski. Esaterako, 2014. urtean komunikabideen panorama zein izango den aurreratzen duen EPIC 2014 proiektua ikus dezakegu, banaketa libreko Flash film baten bidez 1984 eta 2014 bitarteko bilakaera kontatzen duen alegi modukoa. Egundaino gertatutakoaren kontaketan, noski, benetan sarean eta informazioan eman diren urrats batzuk aitatzen dira, 2004 “dena hasi zen urtea” bezala nabarmenduz. Bitakorak eta Sony-k asmatutako lehendabiziko paper elektronikoa dira garrantzitsuenak. Ordutik aurrera kiromantzia: Googlek Amazon erosiko du, Googlezon sortuz, Microsoft-ek Friendster erosiko du… Hainbat mugimenduren ondoren Googlezonek EPIC sortuko du, Evolving Personalized Information Construct, informazioa gure profil zehaz baten arabera aukeratu eta zerbitzatuko diguna. Norbera ere freelance kazetaria da EPICentzat eta bitakora, kamaradun telefono-ordenagailu mugikorrarekin hartutako bideoak eta idatzitako artikuluak idatzi ditzake. Astigarragak euskaratu du istorio osoa eta bere bitakoran irakur daiteke.

Imaginazioa eta errealitatearen oinarria konbinatzen duten neurrian, Orwell, Bradbury eta Huxley idazleak ere prospektibaren aitzindaritzat har daitezke, etorkizuneko gizartea imaginatzen zutelako. Noski, teknologiari gehiago erreparatzen dioten ondorengo William Gibson eta beste ziberpunk idazleek ere prospektiba egiten dute. Azken finean oreka kontua da, ziberpunk idazleek imaginazioak emandakotik gehiago sar dezakete eta sumaketan oinarritutako bilakaera bigarren mailan utzi. Hala ere, inork ezin zezakeen 50ko hamarkadan ziurtatu Orwellek 1984rako proposatzen zuen egoeran egongo ez ginenik, egun, urte batzuk barru EPIC sortuko ez denik ezin ziurta dezakegun moduan. Imaginazioa zientzialarien ezinbesteko motorra izan da beti eta hura gabe ezin izango genuen asmakizun asko erdietsi. Esaterako, Jules Verneren nobeletan oinarritu dira gerora gauzatu diren hainbat ekimen, ilargirako bidaiak kasu.

Baina zientziari eta egungo errealitateari garrantzi gehiago emanez, badira prospektiba egiten duten beste ekimen batzuk, kasurako, The Pew Internet & American Life Project, datozen 10 urteotarako joeren iragarpena egin duena edo Futuribles aldizkari frantziarra. Administrazioentzat ere funtsezkoa da etorkizuna aurrikustea. Horregatik Frantziako senatuan prospektiba taldea sortu da, Gipuzkoan g2020.net sortu du aldundiak eta newyork2050.org webguneak etorkizunean metropolia nolakoa izango den aurreratzen saiatzen da. Zergatik? Etorkizuna, Kennedyk zioenez, “ez dagoelako gure kontroletik kanpo, gure eskuen lanaren emaitza delako”.

LABURRAK

Mac txikia eta merkea
Inoizko Macintosh ordenagailurik txikiena eta merkeena aurkeztu berri du Applek, Mac mini izenekoa. Kutxa txiki batean trinkotuta G4 prozesagailua, Gigabyte bateko RAM memoria, txartel grafikoa, CD irakurgailua eta, atzeko aldean, pantailak, sarea, telefonoa eta gailuak konektatzeko ohiko konexioak ditu. Modelorik oinarrizkoenak 489 euroko salneurria du, BEZ barne, eta eramangarria da, poltsa txiki batean sartu baitaiteke.

Mac Mini
www.apple.com

Linux banaketa gipuzkoarra
Cybereuskadi buletinak argitaratu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere Linux instalazio edo banaketa propioa sortu nahi du eta horretarako lehiaketa deitu du, euskarazko instalazioa bilduko duen CDa sortzeko. Beste administrazio publikoentzat ere aukera ona litzateke bere banaketa sortzea, Extremadurako gobernuak hasitako bideari jarraituz. Eusko Jaurlaritzak ere, software librearen aldeko aldarrikapenak gorabehera jabedun softwarea sustatzen eta ordaintzen jarraitzen du baina, Cybereuskadiren arabera, Debianen oinarritutako banaketa ari da garatzen.

Albistea
www.cybereuskadi.com

Opari ezegokia Stallmanentzat
Abenduaren 15ean Euskalduna jauregian hitzaldia eman zuen GNU mugimenduaren sortzaile eta software librearen aldeko guru Richard Stallman ospetsuak, Enpresa Digitala ekimenak gonbidatuta. Antolatzaileek bertoko produktu sorta eman zioten baina oparietako bat ez zen aukerarik egokiena izan. Bere bitakoran dioenez, Kepa Junkeraren diskoa zabaltzerakoan ohartu zen Linux-en aurkako babesa zuela, soilik jabedun sistemak erabiliz zabal zitekeela. Zabaldu gabe itzuli zien diskoa Eusko Jaurlaritzakoei, zera esanez: “Etsaiaren aurpegia ikus dezakezue hemen. Mesedez, bueltatu diskoa dendara eta berreskuratu ordaindutako dirua, honetatik onura ez daitezen eta, arren, ez erosi disko ustel gehiagorik”.

Stallmanen bitakora
agia.fsf.org/rms-blog

Iruzkina gehitu Urtarrilak 13, 2005

MacGyver eta euskaldunak

irudi bat

Bere garaian ez nuen ikusi, aipatu zidaten arren. McGyver “vasco” batzuen kontra borrokatzen zen kapitulua eskaini zuten behinola. Bertan euskaldunak guztiz desitxuratuta ageri ei ziren. Orain, eMandoari esker dokumentu paregabe hori eskuratzeko aukera izan dut, Euskal Herriari buruzko gauzen bila ari nintzela aurkitu bainuen. Ikusi dut jada eta benetan barregarria (eta negargarria) da. Zuek ere ikus dezakezue, HEMENDIK eskuratuta. 63 Megako bideoa da, DivX formatokoa. Beraz, pazientzia eta banda zabalera pixkat eskatzen du.

Sasoi batean bere abenturak ikusi ahal izan genituen Espainiako telebistan. Mertzenarioa zen, edozein atakatik irteten zekien tipo azkarra. Milioika tiro bota eta sekula inor balaz jotzen ez zuen Equipo A haren antzeko abentura inozoak izaten zituen McGiver honek, baina bere berezitasuna gai xume batzurekin sekulako asmakizun ikusgarriak eta xelebreak egitea zen. Quimicefa oparituko zioten gaztetan-edo, ez dakit, baina esaten zutenez txikle bat eta soka bat emanda bonba atomikoa egiteko gai zen tipoa.

Euskaldunoi buruz atzerriko zinean eta serieetan era guztietako itxuraz agertu izan gara euskaldunok, ezjakintasunaren ondorioz. Estereotipo bat hartu, gainera desitxuratu eta elementu arrotz (eta gure ikuspegitik erridikulo) batzuk gehituta aurkeztu gaituzte. McGiverrek dioenez bascoak (erakunderik ez dute aipatzen) pirineoetan bizi dira, “aspaldi frantsesen eta espainolen kontra borrokan bizi dira eta, noizean behin AEBetako hiritar bat bahitzen dute. Horrelakoetan telefono deia jasotzen dut”.

Barregarriena bertan ageri diren euskaldunon aurpegiak, mendialdeko eremu liberatuko entrenamendu kanpalekuan, banano artean (bai) itxura maya edo azteka duen baskoak entrenatzen ikusteak ez du preziorik, kanutoarekin edo kanutorik gabe barrez lehertzeko modukoa.

Baina euskaldunok aurkezteko era bitxi honek badu aurrekari antologikoa: Thunder In The Sun edo El desfiladero de la muerte (gaztelaniaz) goiburuko western bat, 1959koa. Bertan euskaldunak karromatoetan zebiltzan karabanan mendebalderantz, izen euskaldunak zituzten, jantziak berriz andaluziarrak, itxura eta musika bezala eta ohitura benetan bitxiak: sua gordetzen zuten Euskal Herritik ekarria amatatu gabe. Benetan beherako antropologikoa, gazpacho kulturala, ez dakit nola definitu… Uste dut nazioartean gure izenez herri bezala ezin agertzearen ondorioa dela gutaz dauden datu gutxi horiek desitxuratuta agertzea. Edozein modutan, barre edo negar egiteko aukera ematen digu eta aukera hori geuk bakarrik daukagu, giri batek besterik gabe sinetsi ere egingo du eta.

Bide batez, nire hosting berriaren banda zabalera probatu nahi dut, itxuraz oso ona baita Dreamhost-en zerbitzua. Hori bai, inoiz bertan ostatatzea kontratatzen baduzue, jarraitu lotura hau eta ez ahaztu Jabi izeneko batek esan zizuela, horrela hurrengoan gutxiago kobratuko didate eta.

P.D. Geroztik aurkitu dut Sareko ARGIAN Thunder In The Sun filmaren aipamen hau.

13 iruzkin Urtarrilak 11, 2005

2005erako iragarpen teknologikoak

Iragan asteko bilanaren ostean, urte berriak zer ekarriko digun iragartzea egokitu zaigu oraingoan. Teknologia berrien arloan eta Interneten garatuko diren joerak aipatuko ditugu, interesgarrienak nabarmenduz. Abenduaren 28an irratia.com irrati saioan prospektiban aditua den Eneko Astigarragari eginiko elkarrizketan aipatutako batzuk ekarriko ditugu mahai gainera: software soziala, eredu partehartzaileak, informazio moldagarria, haririk gabeko konexioak, gailu berriak…

Bitakorak, noski, aipatu beharko ditugu lehendabizi. Gaztelaniazko eta frantsesezko blogosferetan bitakora indibidual batzuk hain arrakastatsuak bilakatuko dira ezen etekin ekonomikoa emango diete euren egileei, baina euskarazkoa hain txikia izanik ez dugu lortuko minid.net modukorik gurean.

Bitakoren eredu automatizatu eta partehartzailearen gainean eraikiko diren beste forma batzuk ere izango dira arrakastatsuak 2005ean. Bitakoren inguruko zerbitzu komertzialak sortuko dira ere, baina batez ere Wiki eredua izango da arrakastatsua urte honetan, gero eta gehiago aipatzen baita, saretik kanpo ere. Informazioa eskuratzeko gero eta gehiago erabiliko da Wikipedia eta Wikinews sortu berriak arrakasta izango du, baina eredua bera nabarmenduko da, informazioa ekarpenen bidez osatzeko balio duen neurrian.

Software soziala esan dakioke, orohar, blogak, feed-ak, wikiak eta eredu partehartzaile automatizatuak bultzatzen dituzten teknologiei eta aurten goranzko joerari eutsiko dio, dudarik gabe. Zerbitzu hauetako asko informazioa moldagarri egiten duen XML-an oinarrituta daudenez, baliabideen nahasketa ikusiko dugu aurten: bitakora askotan inoren titularrak, haren sare sozialaren datu batzuk ikusteko modua, del.icio.us edo bloglines-etik hartutako lotura eta titularrak… Dena integratu daiteke, dagoeneko informazioa ez baitago aurkezpen jakin batean kaiolatuta.

Googlek jarraituko du bere baliabideak era egokian gehitzen, Google Answers, Google Scholar eta Google News arrakastatsuen bidean. Tokian tokiko informazioa du hurrengo jomuga, baina lana erraztuko dio informazioa gero eta moldagarriagoa izateak. Orohar, bilatzaile bertikalek izango dute arrakasta, gai jakin baten gaineko jakintza biltzen saiatuko direnak, baina Googleren aurrean zaila izango dute nabarmentzea.

IP bidezko telefonia aurten garatuko dela diote batzuek, baina aurreko urteotan errepikatu den iragarpena da eta oraino ez du masa fenomenoa bilakatzeko indarrik bildu. Bestalde, Wi-Fi eta Bluetooth teknologiak daude, euren garapenerako oztopoak pairatzen. 2004. urtea haririk gabeko komunikazioena izango zela zioten batzuek, baina wireless teknologia ez da duela bi urte pentsatzekoa zen bezain azkar hedatu. Haririk gabe doan sareratzea ahalbidetzen duten komunitate libreak eta udalak alde batetik, doan hitz egiteko aukera ematen digun Skype bezalako programak bestetik, Wi-Fi konexioa eta IP gaineko ahotsa biltzen baditugu, telekomunikazio enpresenak egin du. Horregatik, euren esku dagoen neurrian bere garapena oztopatzen ari dira.

Offshoring fenomenoak jarraituko du teknologia berrien arloko lanpostuak Asiara eramaten. Dagoeneko hemen ondo ordainduta zeuden goi mailako lanpostuak Indiara, Txinara eta beste herrialde batzuetara eramaten ari dira enpresa handi eta ertainak, oraintsu arte lan esku ez kualifikatuari zegokion joera. Microsoft eta beste batzuk ari dira enpresaren atal osoak hara eramaten, dagoeneko ez da errusiar freelance programatzaile batzuen kontua, joera orokorra baino.

P2P edo truke libreko sareek hortxe jarraituko dute, geldiezin ugaritzen. Diskogintzaren eta zinemagintzaren industriek desesperatuta ikusiko dute euren lege ekimenak alferrekoak direla, zentsura modu berriak agertu arren, protokoloak gero eta deszentralizatuagoak eta zentsuragaitzak direlako, bittorrent ordezkatu nahi duen eXeem kasu. Negozio eredua egokitu beharko dute.

Aparailuetan, hardwarean ere izango dira aldaketak. Azken urteotan etengabe hazten ikusi dugun ordenagailuen abiaduraren hazkundea motelduko da, baina garapena erabilgarritasunera bideratuko da, makinak gero eta eramangarriagoak, txikiagoak eta moldagarriagoak izango dira, informazioa ere moldagarriagoa den bezala. Konexio inalambrikoak eta sinkronizazioa izango dugu gadget guztien artean: musika aparailuak, giltzero-ordenagailuak, PDAk, sukaldeko tresnak, telebista… AEBetan arrakasta izan duen TiVo ordenagailu-bideo grabagailuaren eredua helduko zaigu, lur gaineko telebista digitala heltzearekin batera.

Red Herring argitalpen berezituak urtero egiten dituen iragarpenen artean pertsonen identifikazio teknologia digitalen garapena aipatzen du, datu pertsonalen datu baseak eta haien erabilera ilunak egoteko arriskua emendatuko dira eta, pribatutasuna babesteko legeak gorabehera, honek ez du etorkizun onik izango 2005ean.

Berriro puntucom burbuilaren itzulera iragartzen dute guru askok, oraingoan ekonomia tradizionalren arauen arabera haziko dena, batere birtuala izango ez dena eta etekin ekonomikoan oinarrituko dena. Publizitatean baino, zerbitzu teknologikoetan mugituko da dirua, XML teknologien aplikazioak eta enpresentzako zerbitzuak sortuz. Pelotazorik ez da egongo momentuz, negozioen hazkunde orekatu eta lasaia baino.

Webguneen diseinuan CSS estiloen erabilerak nagusitzen jarraituko du, bitakoren eta XML objetuen teknologiari itxura emateko bidea baita. Webgune xaloak, nabigagarriak eta intuitiboak hobetsiko dira ikusgarriak eta nabigagaitzak baztertuz.

Birusen hedapenak jarraituko du, seguruenik, posta bidezkoak zein nabigazioaren edo truke sareen bidezkoak. Hala ere, 2004ko hasieran izandako oldarraren ostean, birusdun mezuen kopuruan beherakada nabarmendu da azken aldion. Spamak ere berdin jarraituko du, nazioarteko arazoa izaki, tokian tokiko legeei trufa eginez. Babes neurririk hartzen ez duten internauten eskuetan egongo da postaren bidezko birusek eta spamak hedatzeari uztea. Bitartean, arazo horien ondorioz, posta elektronikoak hainbat kontutarako baliabide nagusia izateari utziko dio eta bestelako batzuk erabiliko dira, RSS jarioak kasu.

Software libreak aurrera egiten jarraituko du aurten, Firefoxen arrakastak bultzatuta, gero eta jende gehiagok ezagutuko du kontzeptua eta ia edozein gauza egiteko dauden programa libreak onenak direla. Gasteizko Legebiltzarrak software librearen alde hartutako erabakiari muzin eginez Eusko Jaurlaritzak bere webgunea jabedun softwarearekin egitea edo Microsoft-en hainbat lizentzia ordaintzea atzera pauso tamalgarriak dira autodeterminazio teknologikoaren bidean.

Iruzkinak eta galderak
www.sarean.com

2 iruzkin Urtarrilak 6, 2005

Kontuz iruzurrekin

Sarean nabigatzeak edo posta elektronikoa erabiltzeak arriskuak ditu, adi ibili ezik iruzurle bihozgabeen hatzaparretan jausi gaitezkeelako. Bide ezberdinak erabili ohi dituzte guri ziria sartzeko, baina euren trikimailuak zeintzuk diren jakiteak babestuko gaitu. Ondoren, sarean iruzurleek erabiltzen dituzten biderik ohikoenak aipatuko ditugu.

Negozio borobilen proposamenak
Taktikarik landuenen artean nigeriar iruzurra esaten zaiona dago. Ingelesez eta itxuraz soilik guri bidalitako oso mezu luze eta dotorean kontatuko digute Nigeriako goi kargudun batek sekulako dirutza utzi duela herrialde hartan eta berau berreskuratzeko dirua utziz gero, dirutza horren %20 edo 30 guretzat izango dela. Horrelakoetan jaustea ezinezkoa irudituko zaigu, baina mezua jasotako milaka lagunen artean baten bat nahikoa inuzentea izango da dirua ipintzeko. Sarearen bidezko erosketetan eta enkanteetan ere izaten dira iruzurrak, sarri, ordaindu ostean hitzartutakoa ez baita jasotzen.

Uste oneko gutunak
Hauen helburua jendeak mezua ahalik eta lagun gehienei berriro bidaltzea izaten da, denek mezua aldi berean helbide jakin batera bidali dezaten. Gaixorik dagoen ume bati elkartasuna adierazteko edo birus berri baten arriskuaz ohartarazteko, enpresa batek telefono eramangarriak ematen dituelako edo Bill Gatesek 5.000 dolar zozketatuko dituela. Iragarritakoa ez da egia izaten, gezur hauen helburua norbaitek gure helbide elektronikoak eskuratzea da, ondoren bere datubasera gehitzeko eta guri spam-a bidaltzeko edo spammerrei gure helbidea eta beste milioi bat helbide pertsonal saltzeko. Gezurrezko mezuei hoax esaten zaie, baina spam-arekin lotuta datozenean scam hitz zehatzagoa erabiltzen da horiek izendatzeko.

Dialerrak
Dialer programak gure ordenagailuan instalatzen dira, 906 edo ordainduzko telefono berezi eta garesti horietara dei dezan konfiguratuz. Guk webgune batean klik egin dugu, akaso OK sakatu dutu eta ez dakigu besterik. Telefono faktura heltzean konturatuko gara programa instalatu genuela eta hark deitu eragin diola gure makinari. Ez instalatu aurretik guztiz fidagarritzat jotzen ez duzun programarik eta kontuz, Explorer programako abisu guztiei OK ez eman aurretik irakurri gabe. Erabili Mozilla edo Firefox, programek instalatzea zailagoa baitute nabigatzaile horiekin.

Birusak
birusak ere iruzurrak dira normalean, tranpan jausi beharra baitago berauek aktibatzeko. Orain asko ari da hedatzen gabonetarako apropos atera duten birus bat Zafi.D izenekoa, gabonetako postal elektronikoaren itxurarekin datorrena. Kontuz horrelako zorion postalekin, gure lagun batek bidalia badirudi ere, birusak jasotzailearen arabera hizkuntzaz eta itxuraz aldatzen baitu postala. Euskaraz jasotzea seinale ona izan daiteke, birus horrek ez duelako seguruenik gure hizkuntza jakingo, baina mezuaren goiburuan dioena koherentea ez bada hobe izango dugu lagun horrekin bere egiletza telefonoz frogatzea.

Spam-a
Ingelesezko spam izenagatik ere ezagunak diren zabor-mezuak posta elektronikoz heltzen zaizkigu, bidaltzaile gehienek ez gaituzte ezagutzen, era ilegalean eskuratu dute gure helbidea eta pentsatzekoa da ez digutela ezer fidagarririk salduko. Sarearen historia eginez, dokumentatuta dagoen lehenengo “Make money fast” mezua 1989koa da eta oraindik web nabigaziorik ez zegoen, soilik posta elektronikoa erabiltzen zen unibertsitate eta ikerketa arloko leku bakan batzuetan.

Ordutik hona asko garatu dira spamerren teknikak, gauzak saltzeko. Gehienek benetako gauzak saldu nahi dituzte eta horren bidez dirua irabazi, baina ez dira gauza fidagarriak izaten: zakila luzatzeko tratamendu miragarriak, inprimagailurako tinta berezia, Viagraren estiloko pilulak… Sexua da mezu horien gai nagusia, azken finean Interneteko ekonomiaren motorretakoa ei da hori, baina badira saltzaile horiek guri saltzeko prest dauden beste ehunka artikulu kaxkar. Hala ere, mezu horietako batzuk iruzur hutsak dira, pasahitzak edo gure bankuko gakoak emateko eskatzen dutenak kasu. Gogoratu gure bankuak, ganorazkoa bada, inoiz ez digu posta elektronikoz horrelako daturik eskatuko.

Azkenean, gure helbidea horien eskuetan jausi bada, gero eta zabor-mezu gehiago jasoko ditugu eta spam-aren kontrako hesi edo bahe bat ipini beharko dugu gure posta programan. Gure mezuak ordenagailura jaisten baditugu, Outlook Expressen estiloko programa bat erabiliz, oso gomendagarria izango da Thunderbird programara aldatzea. Programa librea da Thunderbird eta mezu molestagarriak zeintzuk diren ikasten du, inteligentea baita. Berak ezberdinduko dizkigu guretzako diren mezuak, mezu inportanteak, eta zabor-mezuak.

Nabigatzailearen bidezko posta zerbitzua erabiltzen badugu (Yahoo edo Hotmail kasu) ez ditugu mezuak gure ordenagailura jaisten eta, gainera, zerbitzu horiek bahe sistema edukitzen dute guk eskatu gabeko mezuak baztertzeko.

Iruzkina gehitu Urtarrilak 1, 2005


sarean.com

Calendar

Urtarrila 2005
A A A O O L I
« Abe   Ots »
 12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930
31  

Idatziak hileka

Idatziak atalka


Subscribe with Bloglines

Gomendatuak